84. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

20/2002 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, mendialdeko abeltzaintzako azpiegiturak finantzatzeko 2.614.000 euroko kreditu berezia ematen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak ondoko hau onetsi duela:

FORU LEGEA, MENDIALDEKO ABELTZAINTZAKO AZPIEGITURAK FINANTZATZEKO 2.614.000 EUROKO KREDITU BEREZIA EMATEN DUENA

Herriak ezin dira batera edo berdin garatu Nafarroa osoan. Horregatik abeltzaintza sektorearen sustapenak balio estrategikoa bereganatu du Nafarroako iparraldeko herriak garatzeko. Izan ere, herrialdeko eremu horretan garrantzi ekonomiko handia du lehen sektorean eta abeltzaintzaren barruan mendialdekoak, lurraldeko eguraldiak eta erliebeak eraginiko zailtasunen ondorioz.

Horregatik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen barruan, mendialdea kudeatzen duten toki entitateetarako laguntzen araubide berri eta zabal bat gauzatu da, mendialdeko abeltzaintza hobetu edo handitu beharrez, azpiegitura, hornidura edo zerbitzu publiko batzuen bidez. Horregatik, proposatu da Nafarroako mendialdeko toki entitateetarako dirulaguntza araubide bat sortzea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak Nafarroako herriak garatzeko 2002ko maiatzaren 15ean eman zuen Foru Aginduak biltzen duen Europako Batasuneko arautegiaren arabera, mendialdeko abeltzaintzari zuzenean loturiko titulartasun eta erabilera publikoko azpiegitura eta hornidura bultzatzearren.

Herrilurretan larreak sortu eta hobetzeko uztailaren 2ko 192/2001 Foru Dekretuak izanen du indarra. Foru dekretu horretako dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte toki entitate eskudunek, Nafarroako mendialdean badaude eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren 1998ko martxoaren 2ko Foru Aginduan aipatzen badira, betiere dirulaguntzaren xede diren lur edo eraikinen titularrak badira edo horietan jarduteko legezko agiririk badute.

Horrenbestez, behar horiek asetzeko kreditu berezi bat ematen da, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 44. artikuluan xedaturikoarekin bat.

1. artikulua. 2.614.000 euroko kreditu berezi bat ematen da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak mendialdeko toki entitateen abeltzaintza azpiegituren arloan dituen beharrak asetzeko. Kreditu berezi hau 2002rako luzaturiko 2001eko aurrekontuko "Mendialdeko abeltzaintzako azpiegituretarako laguntzak" izeneko 711001-71310-7600-713200 kontusail berriari aplikatuko zaio.

2. artikulua. 1. artikuluan aipatzen den kreditu berezia 2002rako luzaturiko 2001eko aurrekontuko "Aplikatu gabeko kreditu luzatuak" izeneko 711000-71320-4700-713202 kontusailaren bizkar finantzatuko da (1.514.000 euro) eta "Entzefalopatia espongiforme kutsagarriei loturiko transferentziak" izeneko 711000-71320-7700-713202 kontusailaren bizkar (1.100.000 euro).

AZKEN XEDAPENA

Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0207401