Iragarkia
8. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 18a
III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Mankomunitatea
Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuan, kirol koordinatzaile izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdia
1.-Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Mankomunitatekoaren zerbitzuan, kirol koordinatzaile izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzea.
1.2. Lan-kontratua eginen zaio eta haren iraupena mugagabea izanen da.
Kontratuak hilabeteko proba aldia izanen du, eta hura iraganik, organo eskudunaren iritziz ez bada gai manatu zaizkion egitekoetan aritzeko, kontratua desegintzat joko da.
1.3. Lanpostuak B mailari dagokion lansaria izanen du, eta alta eginen zaio Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean.
1.4. Lanorduen antolamendua zerbitzuen beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute dagokien administrazio erakundeek.
2.-Eginkizunak.
Hauek dira egin beharrekoak:
-Programak eta jarduerak prestatu, sustatu, planifikatu, kudeatu eta ebaluatzea, bai kirol arloan, baita gizarte eta kultur arloan ere.
-Bere alorraren barnean azterlan eta txosten teknikoak egitea eta Mankomunitateari aholku ematea.
-Kirol arloan nahiz gizarte eta kultur arloan programak egiteaz arduratzea eta haien jarraipena eta ebaluazioa egitea. Urtero dagokion memoria eginen du.
-Mankomunitateko herrietako kirol jarduerak koordinatu eta haize ematea.
-Mankomunitatearen eremu geografikoko antolakuntza, talde, erakunde publiko nahiz pribatu, elkarte, aisia eta denbora pasarako zentro eta ikastetxeekin jarduerak koordinatzea, bai kirol arloan, baita gizarte eta kultur arloan ere.
-Beharrezkoa baldin bada, monitore lanak egitea.
-Aholkulari gisa Mankomunitateko Gobernu Batzordearen bileretan parte hartzea, baita mankomunitateburuak eskatzen dion guztietan.
-Mankomunitateak kirol arloan nahiz gizarte eta kultur arloan dituen elementuak kudeatzea.
-Bere maila eta kategoriaren barnean manatzen zaizkion eginkizun guztiak.
3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
A) Espainiako nazionalitatea edo Europako Batasuneko edozein estatutakoa edukitzea eta adinez nagusia izatea.
B) Gutienez ere titulu hauetakoren bat edukitzea: unibertsitateko diplomaduna, ingeniari teknikoa, arkitekto teknikoa edo hirugarren mailako lanbide heziketa.
C) Bere lanpostuak berez dituen egitekoetan aritzeko behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa izatea.
D) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.
E) Gida baimena izatea, gutxienez B motakoa eta ibilgailua izatea.
3.2. Arestiko betebeharrak, izangaiak deialdi honen 9.2 oinarrian xedatutako epean eta eran egiaztatu beharko ditu. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna baino lehenago, eta berdin oposizioaldi osoan izendapena arte.
4.-Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Mankomunitateko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, Tafallako Herriko Etxean baita, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epearen barnean eta azken eguneko arratsaldeko ordu biak baino lehen. Halaber, aurkezten ahalko dira Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeak ezarritako moduetako baten bitartez.
4.2. Ezintasuna dutenek hura zer-nolakoa den adierazi beharko dute eskabidean eta ariketak egiteko denbora nahiz bitartekoen aldetik beharrezko izan ditzaketen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte.
4.3. Eskabideekin batera izangaiek 7.2 oinarrian ezarritako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak aurkeztuko dituzte, lehiaketaldian baloratuko baitira. Dokumentu horiek jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatuak beharko dute izan, bertzenaz ez aurkeztutzat joko dira.
5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.
5.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barnean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsik baldin bada, horiek zuzendu.
5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, Mankomunitateko buruak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko. Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
6.-Epaimahaia.
6.1. Epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:
Mahaiburua: José Luis Ibáñez Ibáñez jauna, Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Mankomunitateko burua.
Ordezkoa: Evaristo Lacasta Espuey jauna, Mankomunitateko buruordea.
Mahaikidea: Tomás Gabari Armendáriz jauna.
Ordezkoa: Raúl Espinal Urriza jauna.
Mahaikidea: Pablo Bolea Goñi jauna, Tafallako Udaleko kirol koordinatzailea.
Ordezkoa: Inés Ocáriz Mauleón andrea, Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Udaleko kirol koordinatzailea.
Mahaikidea: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko ordezkaria eta ordezkoa.
Mahaikide idazkaria: Amanda Acedo Suberbiola andrea, Mankomunitateko idazkaria.
Ordezkoa: José Luis Unzué jauna, Erriberriko Udaleko idazkaria.
6.2. Epaimahaia ezin izanen da osatu, ez eta jardun ere, gutxienez ere bere kideen erabateko gehiengoa biltzen ez bada.
6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu, deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.
6.4. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta horiexetan bakarrik lagunduko dute epaimahaia.
7.-Lehiaketaldia.
7.1. Lehiaketaldian gehienez ere 19 puntu lor daitezke.
7.2. 4.3. oinarriaren arabera alegatzen eta frogatzen diren merezimenduak ondoko baremoari jarraikiz puntuatuko dira:
A) Titulazioa.
INEF edo GHEIko goi mailako tituluagatik, 7 puntu.
Gorputz heziketako diplomadun tituluagatik (salbu eta deialdian parte hartzeko baldintza gisa aurkeztu bada edo goi mailako titulazioaren jabe bada), 3 puntu.
Edozein kirol motatan nazio mailako entrenatzailearen titulua izateagatik, gehienez ere 2 puntu.
Edozein kirol motatan herrialde mailako entrenatzailearen titulua izateagatik, gehienez ere puntu 1.
Edozein kirol motatan, kirol monitorearen titulua izateagatik, gehienez ere puntu 1.
B) Esperientzia lanbidean.
Nafarroako udaletan, Foru Komunitateko administrazioan, Nafarroako Mankomunitateetan eta/edo Nafarroako toki entitateen menpeko bertze ente publiko batzuetan kirol koordinatzaile gisa egindako zerbitzuak, urte bakoitzeko puntu 1, eta gehienez ere 3 puntu (lanaldi osoa puntuatuko da eta horren ariora hainbanatuko dira egindako zerbitzuak).
Entitate pribatuetan, lanaldi osoan kirol koordinatzaile gisa egindako zerbitzuak, urte bakoitzeko 0,5 puntu, eta gehienez ere 2 puntu.
C) Prestakuntza osagarria.
Toki entitateen esparruan kirolaren plangintzarekin, kudeaketarekin, kalitatearekin, giza baliabideekin, programazioarekin, antolaketarekin edo abaluazioarekin loturiko jardunaldi, ikastaro edo mintegiengatik, 0,5 puntu 100 ordutik eta gehienez ere 2 puntu (haien iraupena metatzen ahalko da, eta azkenean puntu osoak baizik ez dira kontatuko).
Informatikaren eta kirolari aplikatutako teknologia berrien eta ofimatikaren gaineko ikastaroengatik, 0,10 puntu 30 ordutik, eta gehienez ere puntu 1.
7.3. Lehiaketaldia bukatuta, Mankomunitateko iragarki oholean aditzera emanen dira izangai bakoitzak lortutako puntuazioak. Lehiaketaldian lortutako puntuazioa gehituko zaio oposizioaldian lortzen denari, eta horrela aterako da oposizio-lehiaketako puntuazio osoa.
8.-Oposizioaldia.
8.1. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira probak egiteko tokia, eguna eta ordua.
8.2. Oposizioaldiak ondoko ariketak izanen ditu eta gehienez ere 100 puntu lor daitezke.
a) Lehen ariketa.-Idatzizkoa, I. eranskineko bi gairi buruzkoa, gehienez ere 2 orduz egin beharrekoa. Gai bakoitzeko puntuazioa, gehienez ere 15 puntu izanen da, eta atal honetakoa gehienez ere, 30 puntu. Baztertuak geldituko dira 15 puntu lortzen ez dituztenak edo gai batean 0 puntu eskuratzen dutenak.
b) Bigarren ariketa.-Idatzizkoa, II. eranskineko 10 galdera labur erantzutea, gehienez ere ordu eta erdian. Puntuazioa, gehienez ere 20 puntu izanen da. Baztertuak geldituko dira 10 puntu lortzen ez dituztenak.
c) Hirugarren ariketa.-Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen eskualderako 2002-2006 epealdirako kirol planifikazioari buruzko txosten teknikoa idaztea, gehienez ere lau ordutan prestatu beharrekoa. Izangai bakoitzak, txanda zozketa bidez atera ondotik, bere txostena defendatuko du epaimahaiaren aurrean, eta mahaikideek bidezko galderak egin eta zehaztapenak eska ditzakete. Puntuazioa, gehienez ere, 50 puntu izanen da. Baztertuak geldituko dira 25 puntu lortzen ez dituztenak.
8.4. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan aditzera emanen da Mankomunitateko iragarki oholean ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioarekin batean.
8.5. Hautapen probak egiteko denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak jarriko dira eskabidean horren eskaera egiten duten ezinduentzat.
8.6. Hurrengo probak egiteko toki, egun eta orduei buruzko iragarkiak Mankomunitateko iragarki oholean eginen dira gutxienez probak egin baino 48 ordu lehenago.
8.7. Izangaiek Nortasun Agiria edo legez haren baliokidea den agiria aldean daramatela agertu beharko dute proba guztietara. Probetan iruzurra eginez gero berehala azterketatik kanpo gelditzeko arrazoia izanen da, deusetan ukatu gabe jarduketa penalak, bidezkoak badira.
9.-Gainditzen dutenen zerrenda, epaimahaiaren proposamen eta agirien aurkezpena.
9.1. Azken ariketaren emaitza egindakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Mankomunitateko iragarki oholean, gainditu dutenen zerrenda, atera duten puntuazioaren hurrenkeran, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du. Proposamen hori argitara eman beharko da Mankomunitateko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.
9.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak ondoko agiriak ekarri beharko ditu Mankomunitateko erregistro orokorrera:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.
b) Deialdiko 3. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
c) Osasun ziurtagiria, gaitasun fisiko eta psikikoari buruzkoa.
d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.
Epe horren barrenean eta behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu, eta deusezturik geldituko dira jarduketa guztiak, eskabidean egindako faltsukeriagatik izaten ahal duen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.
Aitzineko lerroaldean aurreikusitako kasuan, gainditu dutenen zerrendan, alegia 9.1. oinarrian aipatzen den horretan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta arestiko ataletan adierazi bezala jokatuko da.
10.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
10.1. Mankomunitateko buruak Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finko izendatuko du arestiko atalean ezarritakoa betetzen duen izangaia, kirol korrdinatzaile lanpostuan ari dadin.
10.2. Izangai izendatuak izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 9.2 atalak ezarritakoari jarraituko zaio.
11.-Errekurtsoak.
Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, hilabeteko epean, Mankomunitatearen Batzar Orokorrari zuzendua. Berriz, horren ebazpenaren zein deialdi honen aurka, baita bertako oinarri eta egintzen aurka ere, hauetariko errekurtso bat:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bertzenaz,
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
I. ERANSKINA
1.-Udalerria eta kirola: egitura eta eskumen orokorrak. Udalaren nondik norakoak kirolaren gainean. Eskaintza eta eskaeren arteko oreka. Udal kirolen antolaketarako osagaiak. Udal kirolen esparruko lege-euskarria.
2.-Udaleko eta eskualdeko kirol zerbitzuaren kudeaketa: kudeaketa ereduak. Zuzeneko kudeaketaren ereduak. Zeharkako kudeaketaren ereduak. Kudeaketa eredu mistoetarantz. Udal kirolaren zuzendaritza-kudeatzailetza.
3.-Zerbitzuaren plangintza: definizioa. Helburuak, xedeak eta helmugak. Motak eta mailak. Planifikazio prozesua.
4.-Lehen maila: diagnostikoa egitea. Egoera aztertu, ikertu eta zehaztea. Aurrekariak bilatzea. Zergatiak zehaztea. Kirol eskaera. Antzemandako arazoen garrantzia.
5.-Bigarren maila: erabakiak hartzea. Lehentasunak zehaztea. Irizpideak. Lehentasunak zehazteko bideak.
6.-Hirugarren maila: metodoaren garapena. Kirol planak. Kirol programak. Kirol proiektuak. Ardurak. Baliabideak. Langileen eginkizunak.
7.-Laugarren maila: betearazpena. Metodoaren garapena. Jarduerak elkarren artean lotzea. Zuzendaritza. Betetzen direla kontrolatzea.
8.-Borzgarren maila: ebaluazioa. Kontzeptua. Ebaluazio motak. Prozesuaren ebaluazioa. Irizpideak. Baldintzak.
9.-Bezero-erabiltzailea: bezero-erabiltzailearen identifikazioa. Beharrak eta eskaerak. Haiek kontuan hartzearen garrantzia. Noren ardura da?. Eskaintzaren ebaluazioa eskaeren arabera. Bezeroaren gogobetetzea.
10.-Kirolak Nafarroan: kirol gertakaria Nafarroan. Azterketa gizarte eta kultur aldetik. Biztanleen sailkapena, eta kirola egiteko duten aukera. Kirolaren eragileak. Kirolaren etorkizuna Nafarroan.
11.-Kirolaren garapenean eragiten duten estamentu publiko eta pribatuak. Administrazio publikoa. Entitate pribatuak.
12.-Toki erakundeen mailako kirol sistema: osagaiak. Haien arteko harremana. Zabaltzeko aukerak.
13.-Kalitatearen kudeaketa antolakuntzan eta ziurtagirietan: kontroletik kalitatera. Normalizazioa, homologazioa eta ziurtagiriak. Kalitate sistemak. Azterketa eta diagnostikoak. Kalitate eta kalitate gabeziaren kostua. Bezeroaren gogobetetzearen azterketa.
14.-Kirolaren gaineko ikerkuntza: ikerkuntzaren esanahia. Udaletan eta mankomunitateetan ikertzeko beharra. Ikerketa, hobera jotzeko bidea. Ikerkuntzako metodoak. Estatistikaren zazpi tresnak.
15.-Araudi interesgarria. Berariazkoa. Orokorra.
16.-Kirol zerbitzuetako marketing-a. Zerbitzuen ezaugarriak. Kirol marketing-aren betebeharrak. Kirol zerbitzuen osagaiak. Marketing-plana.
17.-Gorputz jarduera: xedeak. Betebeharrak. Modaliteak. Sailkapena. Motak.
18.-Gorputz eta kirol jarduera toki erakundeko kirolteknikariaren tresna eta eduki. Kirola eta ekologia.
19.-Kirol federazioen, udalerrien eta gobernuen egitekoa kirola sustatu eta garatzerakoan.
20.-Kirol instalazioak udal, eskualde eta autonomi erkidegoaren esparruan. Plangintza, kudeaketa eta mantentze lanak.
II. ERANSKINA
1.-Udalerria. Kontzeptua eta osagaiak. Mankomunitatea. Kontzeptua, osagaiak eta eskumenak.
2.-Udal administrazioa. Udalaren organoak, nahitaezkoak eta osagarriak. Mankomunitateak. Antolaketa.
3.-Toki administrazioari buruzko ekainaren 2ko 6/1990 Foru Legea. Toki enteen organo nahitaezko eta osagarrien eskumenak.
4.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Administrazio egoerak.
5.-Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko 30/1992 Legea eta geroko aldaketak. Toki enteen erabakien kontrako administrazio errekurtsoak.
6.-Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Mankomunitatea. Estatutuak, organoak eta eskumenak.
7.-Udal aurrekontuak. Dirusarrera eta gastuak. Tasak eta zergak. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea.
8.-Mankomunitateen aurrekontuak. Prestaketa eta onespena. Kontzeptua eta edukia. Egitura.
9.-Aurrekontuen betearazpena eta likidazioa. Betearazpen faseak. Likidazioa. Kontu orokorra.
10.-Zerbitzu publikoak kudeatzeko moduak.
11.-Udalen eskumenak kirol arloan eta aplikatzeko legeak.
12.-Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko 10/1998 Foru Legea.
13.-Kontratu motak. Sistemak eta kontratatzeko prozedurak administrazio publikoetako kontratu mota ezberdinetan.
ESKABIDE EREDUA
Izena: ............, adinez nagusia, NAN zenbakia: ....., jaioteguna: ........., sorterria: .........., probintzia: ......., helbidea: ............., karrika: ......., zenbakia: ...., solairua: .., posta kodea: ......., telefonoa: ..........
Zure aitzinera agertu eta hau diot:
Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Mankomunitateko kirol koordinatzaile lanpostua oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.
Lanpostua betetzeko beharrezko gaitasun fisiko eta psikikoa dudala.
Ez dudala indarrean dauden xedapenetan jasotako ezgaitasunik.
Ez naizela inongo administrazio publikoren zerbitzutik kanpo utzia izan, eta ez nautela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.
Eskabideak aurkezteko aipatzen den epearen amaieran, dei honetan eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.
Horiek horrela,
Erregutzen dut eskabide hau onar dezazula, eta beraz, Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Mankomunitateko kirol koordinatzaile lanpostua oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia dela-eta izanen diren probetara onar nazatela
...........(e)n, 2001eko ........aren ....(e)an.
(Sinadura)
NAFARROAKO ERDIALDEKO KIROL, GIZARTE ETA KULTUR ZERBITZUEN MANKOMUNITATEKO BURUA.
Iragarkiaren kodea: a0112600
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
