I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
745/2001 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2002an Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean gazte boluntarioentzako auzolanaldiak egin nahi dituzten udal eta entitateentzako deialdia onesten duena.
E R A N S K I N A
1.-Xedea.
1.1. Deialdi honen xedeak ondokoak dira:
a) 2002ko uztailaren 1etik abuztuaren 31 bitarte, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean gazteentzako auzolanaldiak egin nahi dituzten udal edo entitateek eskabideak aurkezteko bide bat sortzea. Auzolanaldiak udalaren edo toki entitatearen eremuan garatuko dira.
b) Elkarlanerako esparru orokorra ezartzea, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eta dagokion udalak edo toki entitateak aipatutako jarduerak garatu eta burutu ditzaten.
1.2. Deialdi honen arabera, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak aurreikusten du Nafarroako udal edo toki entitateek beren eremuan sustatu eta burututako 4 auzolanalditan hartuko duela parte.
2.-Eskabideak eta agiriak.
2.1. Eskabideak hilabeteko epearen barruan aurkeztu beharko dira, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren erregistroan (Arrieta kalea 25, Iruña).
Eskabide-orri orokorrarekin batera ondorengo agiriak aurkeztu behar dira:
a) Gazteentzako auzolanaldiaren jarduera eta parte- hartzaileek izango dituzten jarduera osagarriak azaltzen dituen proiektu zehatza. Proiektua uztailaren 1etik abuztuaren 31 bitarte burutu beharko da eta haren iraupena helburuaren araberakoa izanen da.
b) Udaleko edo toki entitateko organo eskudunaren ziurtagiria ondorengo azalpenekin:
1.-Azolanaldian egingo den jarduera burutzeko boluntarioen jarduna dela bide bakarra, ez dagoela besterik, eta ez dela aldi baterako lan komunitarioa ordezkatzen. Horretarako idazkariaren edo honen eginkizunak betetzen dituen organoaren ziurtagiria aurkeztuko da, eta bertan baieztatuko da ez dela antzeko jarduerarik egin kontratudun langileez baliatuz.
2.-Udalaren edo toki entitatearen konpromisoa, deialdi honetako 5.1 oinarriko konpromiso eta betebeharrak beteko dituela, baldin eta haren proiektua hautatzen bada institutu autonomo honekin elkarlanean burutua izateko.
3.-Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua toki entitateak sustatu eta burututako gazteentzako auzolanaldian lankide izan dadin, nahitaezkoa da betiere udalak edo toki entitateak aipatutako betebeharrak osoki betetzea. Horretarako erakunde autonomoak betebehar guztien kontratazioa eskatu ahalko dio udal edo toki entitateari.
3.-Ebazpena.
Udal edo toki entitateek sustatutako gazteentzako auzolanaldiak burutzen laguntzeko Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren lankidetza ezartzeko eskabideen ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak erabakiko du, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hilabeteko epean, gehienez ere.
Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, aurkeztutako eskabideak ukatutzat joko dira.
4.-Eskabideen ebazpenerako irizpideak.
4.1. Eskabideen balorazioa egitean ondorengo irizpideak hartuko dira kontuan, 4.2 oinarrian ezarritakoa galarazi gabe.
-Aurkeztutako proiektua konkretua eta bideragarria izatea. Kontuan hartuko da lehen ere gazteentzako auzolanaldiak antolatzen toki entitateak duen esperientzia.
-Proiektua bat etortzea naturaren aldeko jarduera zuzentzaileekin.
-Gazteentzako auzolanaldian garatuko diren ekintzen eta jarduera osagarrien eduki hezigarria.
4.2. Deialdi honen arabera aurkeztutako eskabideei dagokienez, 2002rako lehentasuna izango dute orain arte, udal edo toki entitateekin hartutako konpromisoak direla medio, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren lankidetza izan duten proiektuek. Proiektu horietako lankidetzan betiere ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiko zaio.
4.3. Eskabideak hobeki ebaluatzearren, aurkeztutako edo eskatutako agirietan den informazioa zabaltzea nahiz hobetzea eskatu ahalko die eskatzaileei Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak.
5.-Betebeharrak.
5.1. Beren proiektua aukeratu delako institutu autonomoaren lankidetza izango duten udal edo toki entitateen betebeharrak ondokoak izango dira:
-Gazteentzako auzolanaldian parte hartuko dutenei ostatu emateko beharrezkoak diren instalazioak eta baliabideak uztea, eta haien kostua nahiz izan daitezkeen ondorio eta zirkunstantziak oro bere gain hartzea.
-Gazteentzako auzolanaldiaren helburu den ekintza burutzeko eta jarduera osagarriak egiteko beharrezko diren tresna eta baliabideak uztea, eta haien kostua nahiz izan daitezkeen ondorio eta zirkunstantziak oro bere gain hartzea.
-Gazteentzako auzolanaldian parte hartuko dutenei jatera ematea, eta horren kostua nahiz izan daitezkeen ondorio eta zirkunstantziak oro bere gain hartzea.
-Martxoaren 27an eman zen 2/1998 Foru Legeak xedatzen duena betetzea eta bertan ezarritakoa ematea jardueran parte hartzen dutenei, bereziki, borondatezko jarduerak berez dakartzan arriskuen kontrako istripu eta gaixotasun asegurua.
-Jardueran parte hartuko dutenekin jardueran sartzeko akordioa edo konpromisoa formalizatzea. Bertan boluntario- lana arautzen duen martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legeko 8. artikuluan adierazten diren xehetasunak bilduko dira, gutxienez.
5.2. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren betebeharrak.
-Udalak edo toki entitateak sustatutako gazteentzako auzolanaldi proposamena hedatzea, Espainiako komunitate autonomoetako eta Nazioarteko Boluntarioen Zerbitzuaren sare nazionalean eta nazioartekoan zehar.
-Parte-hartzaileak aukeratzeko prozesua egitea.
-Jarduera zuzenduko duen teknikari taldea kontratatzeari dagozkion gastuak bere gain hartzea. Horretarako Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak dagokion kontratazioa eginaraziko du, aplikagarri den araudiaren arabera.
-Auzolanaldian parte hartzen duten gazteen janari- gastuari dagokion zati proportzionala ordaintzea, halakorik eskatzen duten toki entitateekin kasuan-kasuan egiten den hitzarmen bakoitzean ezartzen den kopuru finkoaren arabera.
5.3. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eta dagokion udalak edo toki entitateak hitzarmen bat egingo dute, eta bertan bi parteek hartu dituzten konpromisoak agertuko dira, bai deialdi honen ingurukoak bai jarduerarekin zerikusia duten konpromiso orokorrak.
Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren hamazazpian.-Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren zuzendari kudeatzailea, Javier Trigo Oubiña.
Iragarkiaren kodea: A0113242