8. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

457/2001 FORU AGINDUA, abenduaren 13koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, 2001/2002 ikasturterako curriculum egokituko kanpo unitateetan eskolatze banatuko modalitatean adin txikikoak hartzen dituzten ikastetxeetarako 2001eko dirulaguntzaren modulu ekonomikoaren % 40 ordaintzeko baimena ematen duena.

Apirilaren 2ko 90/1998 Foru Aginduaren bidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan hezkuntzari dagokionez sustatu eta konpentsatzeko neurriak behar dituzten ikasleendako berariazko erantzunak ezartzeko jarraibide eta orientazioak eman ziren.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak, martxoaren 6ko 63/2001 Foru Aginduaren bidez, curriculum egokituko kanpo unitateetarako 2001eko dirulaguntzaren modulu ekonomikoa ezarri zuen.

2001eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontuei buruzko abenduaren 29ko 19/2000 Foru Legeak badu horretarako kontusail bat: "Ilundaingo Etxalde, Etxabakoizko Lantegi eta haur eskolatugabeak hartzen dituzten beste ikastetxeetarako dirulaguntza".

Departamentu honetako Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatu ikastetxe bakoitzari dirulaguntzaren modulu ekonomikoaren % 40 ordain dakiola, eta emanen zaio adinagatik bigarren hezkuntzako ikastetxe batean eskolaturik egon beharko luketen baina, norberaren ezaugarrien arabera, curriculum egokituko kanpo unitateetan eskolatze banatuko modalitatean 2001/2002 ikasturtean hartatik kanpo dauden ikasleak hartzeko zerbitzua ematen ari den ikastetxe bakoitzari, apirilaren 2ko 90/1998 Foru Aginduaren hamaikagarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

Horrekin batera proposatu du aurrekontuetan aldaketa bat sartzea, gastu lerroetako zenbatekoak urte bukaera arte aurreikusten diren beharretara egokitzeko.

Orain arte, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak proposaturik, baimena eman du Ilundaingo "Haritz Berri" etxalde-eskolan, Iruñeko "Etxabakoitz" lantegi-eskolan eta Garesko "Puente" ikastetxean curriculum egokituko kanpoko bi unitate abian jartzeko; eta unitate bat Berriozarko "Lantxotegi" lantegi-eskolan, Cascanteko "La Ribera" ikastetxean eta Tuterako "El Castillo" lantegi-eskolan.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluko c) eta d) idatz-zatiek emandako ahalmenen arabera,

AGINDU DUT:

1. Gastuetarako indarra duen aurrekontuan aldaketa bat egitea, kontu-idazpen hau sortzen duena:

KARGUAK:

410003-41610-4811-422800 kontusaila, 8.949.918 pezeta.

ABONUAK:

"Ilundaingo Etxalde, Etxabakoizko Lantegi eta haur eskolatugabeak hartzen dituzten beste ikastetxeetarako dirulaguntza" izeneko 410003-41610-4811-422202 kontusaila, 8.949.918 pezeta.

2. 2001erako dirulaguntzaren modulu ekonomikoa martxoaren 6ko 63/2001 Foru Aginduaren bidez 56.386,44 eurotan (9.381.915 pezetatan) ezarri zen eta haren xedea da ikasle horiei dohainik irakastea eta apirilaren 2ko 90/1998 Foru Aginduan aipatzen diren sustatze eta konpentsatze neurriak eta curriculuma hartzea.

Dirulaguntza kontzeptu hauetan erabili beharko da:

Hezitzaileen (irakasleen eta/edo adituen) kostuan.

Funtzionamendu gastuetan eta behar den ekipamendua erosi eta amortizatzekoetan.

Zeharkako bestelako kostuetan.

Hezitzaileen kostuan, horretan lansariak eta gizarte segurantzako gastuak direla, hezitzaileen lanaldiko ratio bat sartzen da, alegia, astean 30 eskola ordu eta lanaldi laurden bat irakasleak ez diren langile laguntzaileen unitate bakoitzeko.

3. Ikasle hauei ematen zaien laguntza esperimentala denez, dirulaguntzaren modulu ekonomikoen zenbatekoak eta langile hezitzaileen kopuruak diruz lagunduriko unitateko, Foru Agindu honetako 2. idatz-zatian ezarri direnak, 2001. urterako behin- behinekoak dira eta 2002an eguneratuko dira 2001/2002 ikasturtea bukatzeko; horrek ez du esan nahi hurrengo ikasturteetan nahitaez luzatuko direnik.

4. Ondotik heldu diren dirulaguntzak ematea, 2001erako modulu ekonomikoaren % 40 egiten dutenak, 2001/2002 ikasturterako curriculum egokituko kanpo unitate baimenduak dituzten ikastetxeei:

-Ilundaingo "Haritz Berri" etxalde-eskolari, G31180425 IFZ duenari, curriculum egokituko bi unitate: 45.109,14 euro (7.505.530 pezeta).

-Iruñeko "Etxabakoitz" lantegi-eskolari, G31193790 IFZ duenari, curriculum egokituko bi unitate: 45.109,14 euro (7.505.530 pezeta).

-Garesko "Puente" ikastetxeari, Q3100108D IFZ duenari, curriculum egokituko bi unitate: 45.109,14 euro (7.505.530 pezeta).

-Berriozarko "Lantxotegi" lantegi-eskolari, G31279961 IFZ duenari, curriculum egokituko unitate bat: 22.554,57 euro (3.752.764 pezeta).

-Cascanteko "La Ribera" ikastetxeari, G31729114 IFZ duenari, curriculum egokituko unitate bat: 22.554,57 euro (3.752.764 pezeta).

-Tuterako "El Castillo" lantegi-eskolari, G31129703 IFZ duenari, curriculum egokituko unitate bat: 22.554,57 euro (3.752.764 pezeta).

Atal honetan emandako diru kopurua dirulaguntzako modulu ekonomikoaren % 40 da. Modulu hori 2002rako eguneratzen denean, horren % 60 eman eta bi epetan ordainduko da: % 45 2002ko lehen hiruhilekoan, eta gainerako % 15 2002ko azken hiruhilekoan. Horretarako, aldez aurretik, Foru Agindu honen zazpigarren idatz-zatian aipatzen diren dirulaguntzaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

5. Aurreko idatz-zatian baimendutako dirulaguntzak ordaintzeko baimena ematea. 202.991,13 euro egiten dute, hots, 33.774.882 pezeta.

6. Ekonomi eta Ogasun Departamentuari eskatzea behar diren ordain-aginduak eman ditzala Foru Agindu honetako 4. idatz-zatian aipatzen diren ikastetxeen alde. 202.991,13 euro egiten dute, hots, 33.774.882 pezeta eta indarra duen gastu aurrekontuko "Ilundaingo Etxalde, Etxabakoizko Lantegi eta haur eskolatugabeak hartzen dituzten beste ikastetxeetarako dirulaguntza" izeneko 41610-4811-422202 kontusailaren kontura izanen dira.

7. Dirulaguntzaren onuradun den entitate titularrak agiri hauek aurkeztu beharko ditu Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuan, 2002ko irailaren 30a baino lehen:

1go. Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, ordaindu beharreko zergak ordaindu dituela frogatzen duena.

2garren. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria, dirulaguntzaren xede diren hilabeteetarako, hots, 2001eko irailetik 2002ko abuztura bitarte, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak ordaindu dituela frogatzen duena.

3garren. Langileen gastuen froga-agiriak.

Lan kontratupeko langileak direnean, programan lan egin duten pertsonek izenpeturiko kontratuen eta nominen kopia konpultsatua; horietan azalduko dira izenak, NANak, titulu akademikoak eta, kasuan kasuko hitzarmen kolektiboaren arabera, lanbide kategoria.

Haiek Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuoten ziurtagiriak, TC 1 eta TC 2.

PFEZeko diru-kopuruen atxikipenen ziurtagiriak.

Langile autonomoak direnean, zerbitzuak egiteko kontratuen fotokopia konpultsatua eta kasuan kasuko BEZaren kitapena.

4. Funtzionamendu gastuen, ekipamenduaren amortizazioaren eta bestelako zeharkako kostuen ordainagiri eta fakturen aurkibidea eta zerrenda.

Entitateko inbentarioan dirulaguntzaren kontu erosiriko material inbentariagarria sartu dela frogatzen duen ziurtagiria.

Harturiko dirulaguntza justifikatzen ez bada, diru-kopuru justifikatugabeak itzuli egin beharko dira.

8. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko helegitea jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

9. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

10. Foru Agindu hau igortzea entitate pribatu interesatuei, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketako Zerbitzuari, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Hezkuntza Itunen Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren hamahiruan.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0113137