Iragarkia
8. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 18a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Agintariak eta Langileak
1294/2001 EBAZPENA, azaroaren 14koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak emana, merezimendu lehiaketa espezifikora deitzen duena, C eta D taldeei atxikiriko Administrazio eta Zerbitzuetako langile funtzionarioen lanpostuak hornitzeko.
Giza Baliabideen Zuzendariaren txostena ikusirik, zeinean esaten baita Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak onetsi zuen Lanpostuen Zerrendaren arabera, C eta D taldeei atxikiriko lanpostu hutsik badaudela, aurrekontuaren aldetik hornituta daudela eta lehiaketaren bidez bete behar direla.
Unibertsitate honek, abuztuaren 2ko 30/1984 Legeko 20. artikuluak ezartzen duenaren arabera, eta martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuak, Estatuko Administrazio Okorreko Funtzionario Zibilen Sustapen Profesionala eta Lanpostuak Hornitzeko eta Estatuko Administrazio Orokorreko Zerbitzuko Langileen Sarbiderako Erregelamentua onartzen duenak, ezartzen duenaren arabera, erabaki du merezimendu lehiaketa espezifikora deitzea, Ebazpen honetako I. Eranskinean zehazten diren lanpostu hutsak betetzeko.
Unibertsitate honetako 2001 urteko Lan Eskaintza Publikoko zortzigarren Xedapenak ezartzen duena betez, bidezkoa da lanpostu-horniketa merezimenduen araberako barne lehiaketaren bidez deitzea, aipatu Lan Eskaintza Publikoan aurreikusten diren lanpostu berriak betetzeko deialdia egin baino lehen.
Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendariak egin duen txostena ikusirik.
Kontuhartzailea ez dagoenez, Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendariak proposatu du Kontuhartzailearen fiskalizazio-txostena geroago egin dadin.
Unibertsitateko Kudeatzaileak proposatuta.
L.R.U.ko 18. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, arau bereko 3. e) artikuluarekiko harremanean, baita Unibertsitate honetako Estatutuetako 40. eta 41. artikuluek ezartzen dutena aintzat hartuz ere,
EBATZI DUT:
Lehena.-Merezimendu lehiaketa espezifikora deitzea, C eta D taldeei atxikiriko Administrazio eta Zerbitzuetako langile funtzionarioen lanpostuak hornitzeko.
Bigarrena.-Merezimendu lehiaketa hau arautzen duten Oinarriak onestea, Ebazpen honekin batera doazenak.
Hirugarrena.-Sortzen den gastua AZLen Oinarrizko Ordainsariak kontusailari, AZLen Ordainsari Osagarriak kontusailari eta 2002 ekitaldiko Gastuen Aurrekontuko I. kapituluko Gizarte Segurantza kontusailari egotziko zaie.
Laugarrena.-Ebazpen honek administrazio bidea ahitzen du, Unibertsitatearen Erreformarako Legeko 22. artikuluak ezartzen duenaren arabera; aukeran, Berraztertzeko Errekurtsoa ezar daiteke Errektorearen aurka, edo, zuzenean, Administrazioarekiko Auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, hilabeteko epean lehen kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere Ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hamalauan.-Errektorea, Antonio Pérez Prados.
O I N A R R I A K
Lehena.-Lanpostuak betetzeko deialdia. Deialdia Merezimendu lehiaketaren bidezkoa da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko karrerako funtzionarioei zuzenduko zaie.
I. Parte hartzeko baldintzak
Bigarrena.-Parte hartzaileak
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Eskaletako karrerako funtzionarioek har dezakete parte merezimenduaren araberako barne lehiaketa honetan, I. Eranskineko Nafarroako Unibertsitate Publikoko langile funtzionarioen Lanpostu Zerrendako lanpostuen baldintzak betetzen badituzte, edozein egoera administratibotan daudelarik ere, suspendituak daudenak kenduta, suspentsioak irauten duen bitartean, beti ere eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean deialdi honetan lanpostu bakoitzari ezartzen zaizkion baldintzak eta baldintza orokorrak betetzen badituzte.
Halaber, Unibertsitatearen Erreformarako Legeko 49. artikulu barruko karrerako funtzionarioek, Nafarroako Unibertsitate Publikoan lanean ari direnek, parte hartzen ahalko dute, baita ere.
Jardun aktiboan dauden funtzionarioek, lanpostua behin-behinean Unibertsitate honetan daukatenek, lehiaketa honetan hartu beharko dute parte nahitaez.
Jardun aktiboan dauden eta lanpostua behin-behinean Unibertsitatean duten funtzionarioek, ez badute lehiaketa honetan parte hartzeko eskatzen, lanpostuen zerrendan hutsik gelditzen diren lanpostuak hartu beharko dituzte, errektorearen adjudikazio-ebazpenaren arabera.
Jardun aktiboan dauden funtzionarioek parte hartu ahalko dute bakarrik baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean gutxienez bi urte pasatu badira lehiaketaren bidez lortu zuten azken lanpostua hartu zutenetik, Funtzio Publikoa Erreformatzeko Neurriei buruzko Legeko 20.1 e) artikuluak ezartzen dituenetako bat gertatzen ez bada edo eta administrazioaren berrantolamenduaren ondorioz lanpostuak ezabatzen ez badira.
Haurrak zaintzeko eszedentzian dauden funtzionarioek parte hartu ahalko dute bakarrik baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean gutxienez bi urte pasatu badira lortu zuten azken lanpostua hartu zutenetik, ez bada aurreko lerroaldean aipatu direnetako bat gertatu.
Norberaren interesarengatiko borondatezko eszedentzian edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek parte hartu ahalko dute bakarrik baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean gutxienez bi urte pasatu badira egoera horretan daudenetik.
Hirugarrena.-Lehiaketa hau bi fasetan erabakiko da: orokorra eta erresultena. Lehen fasean, orokorra deitzen denean, ebazpen honetako I Eranskineko lanpostuen adjudikazioa ebatziko da. Erresulten fasean, fase orokorra ebatzi ondoren hutsik gelditu diren lanpostuen adjudikazioa ebatziko da, Ebazpen honetako Bederatzigarren Xedapenak ezartzen duenaren arabera.
II. Merezimenduak
Laugarrena.-Lehiaketa honetan merezimendu orokorrak balioetsiko dira, baita I Eranskinean zehazten diren lanpostu bakoitzaren ezaugarrien araberako merezimendu espezifikoak ere.
Lehiaketa honetan hiru baremo-mota ezarriko dira, bete beharreko lanpostuen arabera, ondoren datorren koadroarekin bat etorriz:
ATALAK 1. Mota 2. Mota 3. Mota
Norberaren gradu finkatua 20 20 20
Egindako lanaren balioespena 25 25 25
Prestakuntza 15 15 15
Antzinatasuna 30 20 10
Merezimendu espezifikoak 10 20 30
1. Mota: C eta D taldeei atxikiriko oinarrizko lanpostuak betetzea.
2. Mota: Administrazio arduradun lanpostuak betetzea (16. maila).
3. Mota: Bulego burutzetako lanpostuak betetzea (18. maila).
Lanpostuak betetzeko 1. eta 2. motako baremoen arabera beharrezkoa izango da, lanpostua adjudikatzeko, gehienezko puntuazioaren %30 lortzea, gutxienez, eta merezimendu espezifikoen atalean, puntuazioaren %25, gutxienez.
Lanpostuak betezeko 3. motako baremoaren arabera beharrezkoa izango da gehienezko puntuazioaren %40 lortzea, gutxienez, eta merezimendu espezifikoen atalean, puntuazioaren %25, gutxienez.
Merezimendu orokorrak
A) Norberaren gradu finkatua. Gehienez ere 20 puntu balioko du, ondoren aipatzen diren irizpideen arabera:
* Norberaren gradua handiagoa denean eskatzen den lanpostuarena baino: 20 puntu.
* Norberaren gradua eskatzen den lanpostuaren maila berekoa denean: 16 puntu.
* Norberaren gradua bi maila txikiagoa denean eskatzen den lanpostuarena baino: 12 puntu.
*rbl.Norberaren gradua lau maila txikiagoa denean eskatzen den lanpostuarena baino: 10 puntu.
B) Garaturiko lanaren balioespena. Gehienez ere 25 puntu balioko du, Nafarroako Unibertsitate Publikoko karrerako funtzionario arituz azken bost urteetan bete dituen lanpostuei dagozkien lanpostu osagarriaren mailaren arabera, ondoko sailkapena kontuan hartuz:
* Lehiatzen den lanpostuarena baino maila handiagokoa den lanpostu batean edo batzuetan aritua izateagatik: 1,75 puntu hiruhileko osoko.
* Lehiatzen den lanpostuaren maila bereko lanpostu batean edo batzuetan aritua izateagatik: 1,25 puntu hiruhileko osoko.
* Lehiatzen den lanpostuarena baino bi maila txikiagokoa den lanpostu batean edo batzuetan aritua izateagatik: puntu 1 hiruhileko osoko.
* Lehiatzen den lanpostuarena baino hiru maila edo hirutik gora txikiagokoa den lanpostu batean edo batzuetan aritua izateagatik: 0,75 puntu hiruhileko osoko.
Zerbitzu Eginkizunetan, aipatu eginkizunetara zer lanpostutatik iristen den, lanpostu horren maila balioetsiko da. Funtzionarioak lanpostua behin betiko eskuratu duenean, bertan eman duen denbora guztia zenbatuko eta balioetsiko da.
C) Prestakuntza. Gehienez ere 15 puntu balioetsiko dira I Eranskinean aipatzen diren gaiei buruz, eta lanpostu bakoitzerako, izangaiak azken bost urteetan egin dituen prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak. Balioetsi ahalko diren ikastaroak Unibertsitateek, Administrazio Publikoko Institutuek eta Erakunde Publikoek, Erakunde Sindikalek barne, ematen dituztenak izango dira. Titulu akademiko, graduondoko edo/eta master bat lortzera bideraturiko ikastaro, irakasgai, mintegi eta antzekoa ez da balioetsiko.
Bertara joan delako ziurtagiria aurkezten duten prestakuntza-jardunak edo ikastaroak baizik ez dira balioetsiko. Ordu-kopuruen berri ematen ez dituzten jardunak ez dira aintzat hartuko. Balioesteko aurkezten diren jardunek edo ikastaroek eduki antzekoa dutenean, bakar bat baizik ez da balioetsiko. Ikastaroek beste goragoko batera pasatzeko balio dutenean, edo ikastaroak beste goragoko baten oinarrizko maila direnean, goi mailako ikastaroa baizik ez da balioetsiko.
Balioespena ondoko koadro honen arabera egingo da:
* 10 eta 30 ordu arteko iraupena izan duten ikastaroak: puntu 1 ikastaro bakoitzeko.
* 31 eta 50 ordu arteko iraupena izan duten ikastaroak: 2 puntu ikastaro bakoitzeko.
* 51 eta 70 ordu arteko iraupena izan duten ikastaroak: 3 puntu ikastaro bakoitzeko.
* 71 eta 90 ordu arteko iraupena izan duten ikastaroak: 4 puntu ikastaro bakoitzeko.
* 90 ordu baino iraupen luzeago izan duten ikastaroak: 5 puntu ikastaro bakoitzeko.
D) Antzinatasuna. Laugarren oinarriaren arabera, gehienez 30, 20 edo 10 puntu lortzen ahalko dira, eskuratu nahi den lanpostu motaren arabera, ondoko eskala honek ezartzen duenarekin bat etorriz:
* Lehiaketa honen helburu diren eskaletako lanpostuetan urtebetez aritu izateagatik: 2 puntu, hiruhilekoko zatiak 0,50 puntu balioetsiko direlarik.
* Lehiaketa honen helburu ez diren eskaletako lanpostuetan urtebetez aritu izateagatik: puntu 1, hiruhilekoko zatiak 0,25puntu balioetsiko direlarik.
Merezimendu espezifikoak
Laugarren oinarriaren arabera, gehienez 10, 20 edo 30 puntu lortzen ahalko dira, eskuratu nahi den lanpostu motaren arabera, ondoko atal hauek ezartzen dutenaren arabera:
1. MOTA: 10 2. MOTA: 20 3. MOTA: 30
Atxikipen taldea - - 1
Titulazioak eta beste ikasketa
batzuk 1 2 3
Balioestekoa den esperientzia 2 4 6
Lanpostuarekiko egokitasuna 7,5 15 22,5
Guztira 10,5 (10 gehi.) 21 (20 gehi.) 32,5 (30 gehi.)
Atal bakoitzaren balioespena:
1) Atxikipen taldea.
Talde bakar bati atxikiriko lanpostuek ez dute punturik bilduko atal honetan. Lanpostua bi talderi atxikirik dagoenean, goi mailako taldeari atxikiriko funtzionarioek puntu bat edukiko dute.
2) Titulazioak eta beste ikasketa batzuk.
Deitu den lanpostu bakoitzean agertzen diren titulazioak edo/eta ikastaroak baizik ez dira balioetsiko, ondoren aipatzen diren irizpideei jarraikiz:
* LH II edo E.G.A tituluak edo Europar Batasuneko Hizkuntza Ofizial baten Goiko Zikloa edukitzeagatik: gehienezko puntuazioaren %75.
* Diplomatua, Ingeniari Teknikoa, Arkitekto Teknikoa tituluak edo euskarazko Oinarrizko Zikloa edo Europar Batasuneko Hizkuntza Ofizial baten Oinarrizko Zikloa edukitzeagatik: gehienezko puntuazioaren %50.
* Doktore, Lizentziatu, Ingeniari edo Arkitekto titulua edukitzeagatik: gehienezko puntuazioaren %30.
3) Balioestekoa den esperientzia.
I Eranskinean deskribatzen dira, lanpostu bakoitzerako, balioetsiko diren ezagutzak eta esperientziak.
4) Lanpostuarekiko egokitasuna.
Atal hau balioesteko aintzat hartuko da eskaera egiten duena une honetan zer Arlo edo Unitatetan dagoen, eta horrek zer antzekotasuna duen eskatutako lanpostuarekin, I Eranskinean zehazten den bezala, ondoko koadro honen arabera:
1. MOTA: 7,5 2. MOTA: 15 3. MOTA: 22,5
Unitate berean: %100 7,5 15 22,5
Arlo berean: %80 6 12 18
Arlo antzekoa: %50 3,75 7,5 11,25
Honela balioetsiko da lan egin izan den denbora:
a) Urtebete: gehienezko puntuazioaren %25, hilabetez hilabete hainbanatuko delarik.
b) Bi urte: gehienezko puntuazioaren %50, hilabetez hilabete hainbanatuko delarik.
c) Hiru urte: b) puntuazioari 2 puntu gehituko zaizkio, hau da, 0,166 puntu hilabeteko.
d) Lau urte: c) puntuazioari 2,5 puntu gehituko zaizkio, hau da, 0,2 puntu hilabeteko.
e) Bost urte: d) puntuazioari 3 puntu gehituko zaizkio, hau da, 0,25 puntu hilabeteko.
f) Sei urte: e) puntuazioari 3,75 puntu gehituko zaizkio, hau da, 0,30 puntu hilabeteko.
Gero, 4. Atal honen puntuazioari ondoren aipatzen den koefiziente zuzentzailea aplikatuko zaio:
a) Maila bereko edo gehiagoko lanpostuak: 1.
b) Bi maila txikiagokoak diren lanpostuak: 0,90.
c) Hiru maila edo hirutik gora txikiagokoak diren lanpostuak: 0,80.
Zerbitzu eginkizunen kasuan, kasu honetarako legeak ezartzen duen gehienezko denbora, hala dagokionean. Funtzionarioak lanpostua behin betiko hartu duenean, zerbitzu-eginkizunetan emandako denbora guztia lanpostu horretan emandakotzat hartuko da, eta horrela balioetsiko.
III. Izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak
Bosgarrena.-1. A, B eta D puntuetan alegatu diren merezimendu orokorrak, baita 1 eta 4 puntuetan alegatu diren merezimendu espezifikoak ere, funtzionarioak zerbitzuak ematen dituen Administrazioak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira, deialdi honetako II. Eranskinak dakarren ereduaren arabera.
2. Merezimendu Orokorreko C atalean eta Merezimendu Espezifikoen 2. atalean aipatzen diren ikastaroak, bertara joan delako ziurtagiri, diploma edo tituluaren fotokopia eta jatorrizkoarekin frogatuko dira, ikastaroa antolatu duen erakundeak emana.
3. "Lanpostuarekiko egokitasuna" deritzon ataleko merezimenduak funtzionarioak zerbitzuak eman dituen erakundeak edo bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira, esperientziaren nolakoa eta iraupena adieraziko delarik.
4. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den eguna izango da eskatutako baldintzak eta aurkeztutako merezimenduak betetzen direla frogatzeko erreferentzia.
IV. Eskaerak aurkeztea
Seigarrena.-1. Lehiaketa honetan parte hartzeko eskaerak deialdi honetako III. Eranskinean ezartzen den ereduaren arabera aurkeztuko dira, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean (Soforak eraikina), Arrosadiko Campusa, 31006 Iruñea, edo bestela azaroaren 26ko 30/92 Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 38.4 artikuluak ezartzen duenaren arabera, 15 egun baliodunen epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
2. Nahi beste lanpostu eskatzen ahalko da, I. Eranskinean daudenen artean. Baldin eta lanpostu batzuk eskatzen badira, eskaeran adierazi beharko da horien arteko lehentasuna zein den. Halaber, 275 zenbakidun lanpostua, Administrari Laguntzaile P.B. bati dagokiona (Hizkuntza Normalkuntza) ezinbesteko baldintza da E.G.A. tituluaren jabe izatea.
3. Eskaeran eskatzaileek azaldu beharko dute zer lehiaketa-fasetan lehiatu nahi diren.
4. Eskaerarekin batera, lehiatzaileek N.A.N.aren fotokopia eta alegatzen dituzten merezimenduen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.
V. Balioespen Batzordea
Zazpigarrena.-1. Ondorengo kide hauek osatuko dute lehiaketa hau ebatziko duen Balioespen Batzordea:
-Batzordeburu Titularra:
Ignacio M.ª Recondo Aizpuru Jn. Unibertsitateko Kudeatzailea.
-Batzordeburu Ordezkoa:
José Luis Goñi Sein Jn. Unibertsitateko Idazkari Orokorra.
-Idazkaria:
Itziar Ayerdi Fernández de Barrena And. Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendaria.
-Idazkari Ordezkoa:
José Miguel Mateo Celaya Jn. Lan Arriskuak Aurreikusteko eta Ingurumena Kudeatzeko Zerbitzuko Burua.
-Batzordekideak:
Joaquim Llansó San Juan Jn. Artxibategi Orokorreko Atal Burua.
Consuelo de Goñi Desojo And. Unibertsitate Komunitateko Zerbitzuko Zuzendaria.
María Sauleda Munárriz And. Ekonomi Kudeaketarako Ataleko Burua.
Segundo Amatriain Llantegui Jn. Informatika Zerbitzuetako Administrazio Eskalako karrerako funtzionarioa.
José Manuel Legarra Martínez Jn. Hizkuntza Normalkuntza eta Euskara Unitate Teknikoko Zuzendaria.
Unibertsitatean ordezkaritza duten erakunde sindikal guztien ordezkari bana, berauek izendatuta.
-Batzordekide Ordezkoak:
Cristina Abaurrea Arizmendi And. Unibertsitateko Kudeaketa Teknikoko Eskalako (Zuzenbidearen adarra) karrerako funtzionarioa.
Lucía Jimeno Sanz de Galdeano And. Araubide Juridiko eta Administratiborako Zerbitzuko Zuzendaria.
Eduardo Pérez Urdánoz Jn. Unibertsitateko Ekonomi Kudeaketarako Ataleko karrerako funtzionarioa.
Pedro Javier Carrillo Redín Jn. Informatika Zerbitzuetako Administrazio Eskalako karrerako funtzionarioa.
Susana Preboste Iraizoz And. Unibertsitateko Kudeaketa Teknikoko Eskalako (euskara) karrerako funtzionarioa.
2. Balioespen Batzordeko kideek deialdiko lanpostuen titulazio-maila bera edo handiagoa eduki beharko dute, norberaren gradua eduki beharko dute, edo ari diren lanpostuek deialdian parte hartzen dutenenek bezainbesteko gradu, edo gehiago, eduki beharko dute.
3. Batzordeak eskatu ahalko dizkie parte hartzaileei, edozein momentutan, argibideak edo eta alegatu diren merituak berresteko beharrezkoak ikusten dituen agiri osagarriak.
VI. Erresulten prozedura
Zortzigarrena.-Fase orokorraren adjudikazioa bukaturik, batzordeak Unibertsitateko Errektoreari proposamena igorriko dio, fase orokorreko lanpostuak adjudikatzeko ebazpena egin dezan. Proposamen hori Unibertsitateko Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean argitaratuko da; halaber, deialdiko fase honetan eskaini diren lanpostuak adjudikatu eta gero gelditzen diren hutsuneak ere argitaratuko dira. Zerrenda horretan sartuko dira, gainera, oinarrizko maila baino goragokoa duten lanpostuak edo, edozein kasutan, erantzukizun gehiago eskatu eta fase honetan hutsik geldi litezkeenak, erresulten faseak hauek beteko direla bermatu ahal izateko.
Bost egun baliodunen epean, Unibertsitateko Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean adjudikazioari buruzko ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita kontatuta, lehiaketan parte hartu eta eta lanposturik lortu ez dutenek, eta lehiaketako erresulten fasean parte hartzea eskatu dutenek, aurreko lerroaldean aipatzen den zerrendako lanpostu hutsak "erresultetan" eskatzen ahalko dituzte. Horretarako, dagokion eskaera aurkeztu beharko da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean.
Erresulten prozedura deialdi honek fase orokorrerako ezartzen duen arautegiaren arabera tramitatuko da.
VII. Lehiaketa ebaztea eta lanpostuaz jabetzea
Bederatzigarrena.-1. Denetara lortzen den puntuazioak ezarriko du lanpostuak adjudikatzeko lehentasuna. Puntuazio hori lehiaketa honetako laugarren oinarriak aipatzen duen merezimenduen baremoaren atalak aplikatuz gero lortzen dena izango da.
2. Berdinketarik gertatuz gero, berau deuseztatzeko alegatutako merezimenduetan lortu den puntuaziora joko da, martxoaren 10eko 364/95 Errege Dekretuko 44. artikuluaren 4. atalak ezartzen duen ordenaren arabera. Honela ere berdinketa deuseztatzen ez bada, bakoitza noiz sartu den lehiatzen den eskalan karrerako funtzionario begiratuko da, eta honelakorik ez balego, hautaketa prozesuan lortutako zenbakia begiratuko litzateke.
3. Adjudikatzen den lanpostua borondatezkotzat joko da, eta hortaz, ez da inolako kalteordainik jasotzeko inolako eskubiderik. Adjudikatu den lanpostua ukaezina izango da, ez bada funtzionarioak deialdi publikoaren bidezko beste lehiaketa batean beste lanpostu bat eskuratu duela, eta jabetzeko epearen barruan bietako bat aukeratu beharrean dagoela. Horrelakoetan, interesatuak lehiatu zen Administrazioetako langile-unitateei jakinarazi behar die, nahitaez, zer aukeratu duen, aukeraketa egin eta ondorengo hiru egunen epean.
4. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak ebatziko du lehiaketa hau, bai bere fase orokorrean eta baita erresultetako fasean ere, hiru hilabetetako epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunaren biharamunetik hasita. Bi prozeduren ebazpenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.
5. Lanpostu berriaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izango da, lanpostuaren uztea egiten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, zeina egin beharko baita lehiaketa honen Ebazpenaren ondorengo hiru egun balioduneko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
6. Aurreko atalean ezarri denaren kaltetan gabe, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kudeatzailetzak neurri egokiak hartuko ditu lanpostu berriaz jabetzeak Unibertsitate honetako unitate administratiboen berezko jardunari kalterik ez diezaion sor.
VIII. Errekurtsoen erregimena
Hamargarrena.-Deialdi hau, bere oinarriak, eta hauek betetzean Balioespen Batzordeak hartzen dituen erabakiak errekurritzen ahalko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legeak ezartzen duenaren arabera.
Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hamalauan.-Errektorea, Antonio Pérez Prados.
Iragarkiaren kodea: A0112379
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
