8. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

M A R K A L A I N

Ordenantza hasiera batean onetsirik

HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ATARIKO KAPITULUA

1. artikulua. Markalaingo mugapean (Txulapain) diren herrilurretako ondasunak arautzea da ordenantza honen xedea: herrilarreen aprobetxamendua, etxerako egurraren aprobetxamendua eta herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak. Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzeko erregelamenduetan xedatutakoari jarraikiz.

I. KAPITULUA

Larreen aprobetxamendua

2. art. Herrilarreak esleitzeko modua.

Herrilarreak ondoko modu eta ordenaren arabera esleituko dira:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipena.

b) Enkante bidezko esleipena, herriko usadioa baita.

LEHEN SAILA

Herritarrendako zuzeneko esleipena

3. art. Esleipen modu honetako onuradun izanen dira:

1. Halako famili unitateak, haien titularrak ondoko baldintzak betetzen baditu:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe burujabea nahiz judizialki gaitua izatea.

b) Biztanleen udal erroldan inskribatua egotea gutienez 2 urteko antzinatasunez.

c) Markalainen (Txulapain) urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki bizi izatea.

d) Markalaingo Kontzejuarekin eta Txulapaingo Udalarekin betebehar fiskalak eguneratuak izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Dena den, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, nahiz eta familikoekin bizi, betiere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino ttxikiagoak baldin badira.

4.art. Herritarrendako zuzeneko esleipena egiteko, Kontzejuak, erabaki baten bitartez, 15 eguneko epea ezarriko du, eskubidea izan uste dutenek beren eskabidea aurkez dezaten.

Eskabidean hau adierazi beharko da:

a) Herritarra dela, eskatzen den antzinatasuna duena.

b) Betebehar fiskalak eguneratuak dituela.

c) Adingabe burujabea dela edo judizialki gaitua dela frogatzen duen agiria, halakorik behar izanez gero.

Eskabideak aztertuta, Kontzejuak iragarki oholean emanen du argitara esleipenerako onartu direnen zerrenda, eta 8 eguneko epea irekiko du interesatuek, nahi izanez gero, erreklamazioak aurkez ditzaten.

Epea amaiturik, Kontzejuak ebatziko ditu erreklamazioak eta behin betiko zerrenda onetsiko da, iragarki oholean ikusgai jarriko baita. Zerrenda horretan zehaztuko da zein egun, ordu eta tokitan eginen den larreen behin-behineko esleipena.

Bazkalekuak 150,6 hektarea ditu eta honela dago banaturik:

-Laborantzako lurra: 3,5 hektarea.

-Belaiak: 17,42 hektarea.

-Larreak: 80,6 hektarea.

-Pinudia: 15,68 hektarea.

-Hariztia: 33,4 hektarea.

Bazkalekuaren zuzeneko esleipena behin-behinekoz eginen du Kontzejuak, abeltzain bakoitzaren buru kopuruaren arabera. Bazkaleku bera batek baino gehiagok eskatzen badute, haien arteko zozketa eginen da. Ekitaldi hori jendaurrean eginen da.

Behin-behineko esleipena eginda, iragarki oholean argitaratuko da eta argitalpen horretatik 10 eguneko epea emanen. Epe hori inolako erreklamaziorik egin gabe bukatzen bada behin-betikoz onetsitzat joko da. Aldiz, erreklamaziorik egiten bada, Kontzejuak ebatziko ditu eta berriz ere argitaratuko da behin betiko zerrenda. Zerrenda horren kontra ezin izanen zaio Udalari erreklamaziorik egin.

5. art. Bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen azienda kopurua esleipen bakoitzerako erabakiko du Kontzejuak eta horixe adieraziko da ordenantza honetako eranskinean.

6. art. Bazkaleku bakoitzerako eginen da, har dezakeen azienda kopuruaren arabera.

Balorazio hori larreen egiazko balioaren ehuneko 80tik ehuneko 90era bitarte izanen da, betiere. Hori ere eranskin batean agertuko du Kontzejuak.

7. art. Esleipena 8 urtetarako izanen da eta epe hori bukatzean berriz ere eginen da esleipena, ordenantza honetan zehaztutakoari jarraikiz.

8. art. Ardi azienda nahiz azienda larria bazkatzen ahal dira.

9. art. Esleipen hartzaile bakoitzak, bere gain hartzen dituen betebeharrei erantzuteko, fidantza pausatu beharko du Kontzejuaren alde, hamabortz (15) eguneko epean pausatu ere, behin betiko esleipenaren egunetik aitzina. Fidantza hori esleipeneko urteen batuketari dagokion zenbatekoaren ehuneko 10 izanen da.

10. art. Bazkaleku bakoitza baloratzen eta esleitzen den prezioa urtero eguneratuko da, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten dituen indizeei jarraikiz (K.P.I. orokorra) bizitzaren kostuak duen gorakadara egokitzeko.

Esleipenaren prezioa Kontzejuari ordainduko zaio urtero, esleipenaren ondoko seihilekoaren barnean.

Dagokion zenbatekoa ordaintzeko hogei (20) egun iragan badira, ehuneko 20 aplikatuko zaio, eta ehuneko 40, 40 egun iragandakoan. 60 egun ordaindu gabe iragan badira esleipena bertan behera gelditzen dela ulertuko da eta horrelakoetan fidantza galduko da; hori guztia deusetan ukatu gabe Nafarroako Toki Administrazioaren erregelamenduan zehazten diren erantzukizunak edota egozten ahal zaizkion bertzelakoak.

11. art. Esleipen hartzaileak ordaindu beharko ditu urtero ezartzen diren zergak edota bazkalekua duen bitartean ezar daitezkeenak.

12. art. Azienda babesteko tegiak gaur egungoak dira eta ez daiteke gehiagorik eskatu. Halaber, errentamendua hartu zen garaian zeuden egoeran itzuli beharko dira, eta konponketak egin behar badira, esleipen hartzailearen kontura izanen dira.

Hobekuntzarik egiten bada, bazkalekuaren onurarako geldituko da errentamendua bukatzen denean, eta horren aldera Kontzejuak ez du inolako kalte-ordainik ordaindu beharko.

13. art. Debeku da oso azienda sartzea zernahi arbola mota dituzten lurretan, horretarako jabeen baimen idatzia ez bada. Esleipen hartzailea izanen da egindako hutsegitearen erantzule, baita egindako kalte guztiena edo bazkalekuaren eremu osoan daudenena ere. Lurrak azpikatzeagatik eragindako kalteei dagokienez, haiek izanen dira erantzule, alegatzen badute ere euri ondoetan barrenera sartzeko behar den denbora gorde dutela. Horrelakoetan ezin izanen dute alegatu ez direla berek eragindakoak.

Esleipen hartzaileek ez dute inolako erreklamaziorik egiteko eskubiderik izanen uztondoei su emateagatik, edota lurrak landu nahiz uztondoak iraultzeagatik edo zuhaitzak landatzeagatik, herrilurrak izanik ere.

Debeku da orobat, oihan berri guztietan azienda bazkatzea horretarako baimena ez bada, baita laborantzetan eta ereindako lurretan bazkatzea ere, uzta bildu eta 15 egun iragan arte. Debeku da halaber, su hartutako lurretan bazkatzea, harik eta hazkundeak kalterik edo arriskurik gabe egiteko aukera eman arte.

14. art. Egindako kalteak Kontzejuak tasatuko ditu, berak izendatuko duen peritu baten bidez. Horren gastuak esleipen hartzailearen kontura izanen dira.

15. art. Herrilarreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesarerako legean galdatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen osasun ziurtagiria beharko du herrilarreak erabiltzen dituen aziendak. Aipatu Foru Legean eta bere Erregelamenduetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu aziendak.

16. art. Esleipen hartzailearen betebeharrak:

a) Esleitutako lurrak errentan ez ematea edo eskualdatzea.

b) Larreak zaindu eta behar bezala aprobetxatzea, zerrakurak zaintzea. Aziendak larreetatik kanpora eragiten dituen istripuak abeltzainaren erantzukizuna izanen dira.

c) Eragindako kalteen aurrean erantzule izatea.

d) Halako momentu batean larreak ez baditu erabili nahi Kontzejuari idatziz jakinaraztea esleipenari uko egiten diola, eta lurrak Kontzejuari itzultzea, berriz esleitu ditzan.

17. art. Gaur egun indarra duen aprobetxamendua amaiturik, Kontzejuaren mugapean dauden larreen esleipena eta aprobetxamendua ordenantza honetan jasotzen diren xedapenei jarraikiz eginen dira. Lehen aldian 8 urtetarako esleituko dira (gero larreak eta bazkalekuak batean esleitu ahal izateko) eta hurrengoetan ere, 8 urtetarako.

Epeak, azienda motak, azienda kopurua eta ezar daitezkeen gainerako baldintzak esleipen bakoitzerako arautuko dira.

BIGARREN SAILA

Enkante bidezko esleipena

18. art. Herritarren arteko banaketatik sobratzen diren larreak enkante publikoaren bidez esleituko dira, 8 urtetarako, eta indarra duen araudiari eta ordenantza honetan jasotzen denari jarraikiz, aplikagarria bada.

II. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

19. art. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoren, Markalaingo Kontzejuak epaitzak banatuko ditu ordenantza honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

20. art. Markalaingo Kontzejuak urtero finkatuko du famili unitateei esleitzeko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

21. art. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

22. art. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Kontzejuak aurrekontu arruntean.

23. art. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondoren hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Beti ere Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, etxerako egur aprobetxamenduaren esleipena ukatuko zaie.

III. KAPITULUA

Herrilurretako ondasunen bertze aprobetxamendu batzuk

24. art. Ehiza aprobetxamendurako, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, Nafarroako Foru Parlamentuak 1981eko martxoaren 17an eman Arauan eta xedapenosagarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.

25. art. Herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Markalaingo Kontzejuak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

IV. KAPITULUA

Herri ondasunen hobekuntzak

26. art. 1. Markalaingo Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hau da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

27. art. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

28. art. Honako egitate hauek dira arau-hauste:

a) Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Belarrak erabiltzeagatik ezarritako zenbatekoak edo ezar daitezkeen bertze tasa edo sari batzuk finkatutako epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari adjudikazioko erabilera ez dena ematea.

e) Herrilurretan bazkatzen den aziendaren osasunaren gainean aldi bakoitzean indarra duen araudian xedatutakoa ez betetzea.

f) Belarrak esleitzeko epeak ez errespetatzea.

g) Artzaintzarako aldeak ez errespetatzea.

h) Hildako animaliak lurperatu gabe abandonatzea.

i) Azienda esleitu ez zaion bazkalekuan botatzea.

j) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

k) Laborantza iraunkorren landaketak egitea.

l) Herrilurrak lantzea, Kontzejuaren esleipenik gabe.

29. art. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a), b), c), d) eta e) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galarazten organo eskudunek bertze zehapen batzuk ezartzea.

f) arau-haustearengatik, lurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa zenbat den, gutienez halako bost eta gehienez hala hamar ordainaraztea. Balioa zehazterik ez badago, hamar milatik bortzehun mila pezeta bitarteko zehapena ezarriko da.

Zehapen prozedura orokorra izanen da.

Zehapen horiek guztiek ez dute inola ere galaraziko ondasun publikoei edo hirugarrenei egindako kalteen diru zenbatekoa, eta kalte egileek ordaindu beharko dituzte arauzko prozedurari jarraikiz.

30. art. Arau-hausteak bi hilabetetara preskribituko dira, egitateak gertatu ziren egunetik hasita.

Eginbidea: neronek jartzen dut, Markalaingo Kontzejuko burua bainaiz (Txulapain), agertarazteko ordenantza hau hasiera batean onetsi zela 2001eko abuztuaren hiruan, eta jendaurrean egon ondotik, behin betikoz onetsi zela 2001eko irailaren 14an, erreklamaziorik jaso gabe. Legezko xedapen guztiak bete dira, argitalpen eta iragarkiei dagokienez.

Markalainen (Txulapain), bi mila eta bateko irailaren hamalauan. Markalaingo Kontzejuko burua, Maite Galar Sarasa.

E R A N S K I N A

Markalaingo Kontzejuaren larreak (Txulapain) esleitu eta aprobetxatzeko baldintzak, urte bereko urtarrilaren lehenetik abenduaren hogeita hamaika bitarte.

Azienda kopurua

Kontzejuaren herrilurretan sar daitekeen azienda kopurua hau da:

Markalaingo herrilarreak (Txulapain): 800 azienda tiki edo 100 azienda larri.

"El Corral": 400 azienda tiki edo 50 azienda larri.

Kontaketarako, 8 buru azienda tiki kontatuko dira azienda larri batengatik.

Bazkalekuen balorazioa

Markalaingo herrilurrek (Txulapain) balorazio hau dute:

Herrilarreak: 1.200.000 pezeta, 7.212,15 euro.

Etxerako egurraren aprobetxamendua: 3.000 pezeta/epaitza, 1,80 euro/epaitza.

Ehiza barrutia: 10.000 pezeta, 66,10 euro.

Herritarrendako zuzeneko esleipenean onuradun gelditzen direnek delako balorazio horren ehuneko 80 ordaindu beharko dute.

Eranskin hau Kontzejuak onetsi zuen, 2001eko irailaren hamalauan egin osoko bilkuran.

Markalainen (Txulapain), bi mila eta bateko irailaren hamalauan. Markalaingo Kontzejuko burua, Maite Galar Sarasa.

Iragarkiaren kodea: A0112818