8. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I H A B A R

Ordenantzak behin betikoz onetsirik

Kontzeju honek ondoko erabakia hartu zuen, aho batez eta 20001eko azaroaren 28an egin bilkuran:

Herrilurrei buruz honi erantsiriko ordenantzak hasiera batean onestea.

Haiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, argitara daitezen.

Kontzejuaren iragarki oholean argitaratzea, 30 egunean.

Ihabarren, bi mila eta bateko azaroaren hogeita bederatzian. Alkate udalburua, sinadura ulertezina. Idazkaria, sinadura ulertezina.

IHABARKO UDALAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ihabarko Kontzejuaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskurapen eta aprobetxamendu egintzak erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Herrilurretako ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira.

3. art. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. art. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. art. Herrilurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Ihabarko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Ihabarko Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Herrilurrei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. art. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Ihabarko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Ihabarko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. art. Ihabarko Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari.

8. art. Ihabarko Kontzejuak noiznahi berreskuratzen ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Ekintza zibilak sustatuko dira, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. art. Ihabarko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak hartu beharko du, osoko bilkuran, jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. art. Ihabarko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. art. Ihabarko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti betiere, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina den ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. art. Ihabarko Kontzejuak, herrilurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. art. Ihabarko Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Ihabarko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. art. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua.

b) Herrilarreen aprobetxamendua.

c) Iralekuen aprobetxamendua.

d) Etxerako egurren aprobetxamendua.

e) Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. art. Ihabarko Kontzejua herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duen izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. art. 1. Orokorrean, Ihabarko Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaitutako adin txikikoa izatea.

b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urteko antzinatasunarekin.

c) Ihabarren urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Kontzeju honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Betiere nagusiki nekazari-abeltzain denak izanen du lehentasuna (gutienez ere bere dirusarreren ehuneko 50 heldu zaizkio nekazaritzatik edo laborantzatik).

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Dena den, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, nahiz eta familikoekin bizi, betiere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino ttxikiagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Ihabarko Kontzejuak osoko bilkuran batzarturik, Herrilurren Batzordeak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

17. art. Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modu ezberdinetan eginen dira eta lehentasun ordena honi jarraituz:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Kontzejuaren zuzeneko ustiapena.

Kontzejuak modu horiek aipatu ordena berean aplikatuz eginen du laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko prozesua.

LEHEN SAILA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

18. art. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren ehuneko 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren ehuneko 60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen beste edozein datu ere.

19. art. 1. Ereduko lotearen azalera mota honetan honako hau da:

-Lehorreko lurra: 11,83 erregu (1).

-Ureztalurra: 0 erregu.

2. Lehenagoko 18. artikuluan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz onuradun suertatzen direnei entregatuko zaizkien loteak aterako dira ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuz:

a) 3 kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea, hots, 0 erregu lehorreko lur edo 0 erregu ureztalur.

b) 4u kidetik 6ra bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea, hots, 0 erregu lehorreko lur edo 0 erregu ureztalur.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea, hots, 1,35 erregu lehorreko lur edo 0 erregu ureztalur.

d) 9 kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea, hots, 10,48 erregu lehorreko lur edo 0 erregu ureztalur.

20. art. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten famili unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Ihabarko Kontzejuak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 18 eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Kasu honetan, Kontzejuak bere herrilurren ehuneko 50 erabiliko du, gutxienez, banatzeko era honetarako.

21. art. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea gutxienez ere 8 urtekoa izanen da. Urte bat baino gehiagoko laborantzak badira, eta Kontzejuak baimendu ondoren, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatuko da.

22. art. Aprobetxamendu honetan, herrilurren onuradunek hurrengo lur-sariak ordainduko dituzte:

-Lehorreko lurretan: 9,02 euro/erregua/urtea.

-Ureztalurretan: 0 euro/erregua/urtea.

Zenbateko hauek urtero eguneratu beharko dira, gehienez ere nekazaritzako K.P.I.ren arabera. Edonola ere, lur-sariak Ihabarko Kontzejuak ordaindu beharreko kostuak estaliko ditu gutxienez ere.

23. art. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

24. art. Erregelamendu honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Ihabarko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 25. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

25. art. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzgatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Lur banaketa edo lagapena egiten dituzten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie esleipenaldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek lur banaketa edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte udal gordailuzaintzan.

26. art. Ihabarko Kontzejuak egoki juzgatzen dituen egiaztaketak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez direla ulertuko da:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herrilurren Batzordearen ustetan, esleitu herrilurretako lurzatiak, ordenantza honetako 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzen eta pertsonalki lantzen ez dituenean.

c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondoren, agindu epean aurkezten ez dituenean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak, frogatzeko agiriak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleitutako lurzatiaren ehuneko 80, gutxienez, lantzen ez duenean.

f) Landalurren jabeak izanik, hirugarrenei errentan emanak dituenean.

BIGARREN SAILA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

27. art. Lurzatiak lehen sailean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

28. art. Herritarren artean zuzenean esleituko diren loteen azalera Kontzejuak zehaztuko du, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondoren. Esleipena gelditu diren lurren azaleraren eta eskatzaile kopuruaren arabera eginen da, famili unitate bakoitzaren dirusarrera garbien proportzio alderantzizkoan.

29. art. Esleipen epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.

30. art. Herrilurretako lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu beharreko lur-saria honako hau izanen da:

-Lehorreko lurretan: 9,02 euro/erregua/urtea.

-Ureztalurretan: 0 euro/erregua/urtea.

Zenbateko hau orain proposatutako lur-sariari dagokio, eta eguneratuko da urtero, nekazaritzako KPIaren muga gainditu gabe.

31. art. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen-hartzaileak. Horretarako, 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

32. art. Kontzejuak laborantzako herrilurren azalera osoaren ehuneko 5 gordeko du beretako, onuradun berriei esleitzeko.

33. art. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Famili unitateen errenta mailak zehazteko, 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berberei jarraituko zaie.

34. art. Ihabarko Kontzejuak familiendako baratzak ematen ahalko dizkie famili unitateen titularrei, haiek nahi badute, karratu (1) modukoak eta baldintza hauetan:

a) Eskatzaileak ez du ureztalur baten jabe ezta herrilurretako bertze lote baten onuradun izan behar.

b) Laborantza zuzenekoa eta pertsonala izanen da, 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

c) Esleipena 8 urtetarako izanen da.

d) Lur-saria 0,09 euro/metro karratua (3) izanen da. Lur-sari hori urtero eguneratuko da, nekazaritzako K.P.I. gainditu gabe alabaina.

Horretarako, Kontzejuak eskariak asetzeko adina azalera gordeko du, baina hura ez da laborantzako herrilurren azalera osoaren ehuneko 10 baino gehiago izanen.

HIRUGARREN SAILA

Kontzejuak egindako ustiapen zuzena edo enkante publikoa

35. art. Ihabarko Kontzejuak laborantzarako lurra soberan baldin badago, lehen eta bigarren sailetan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, enkante publikoan esleituko du zehaztuko den eperako, beti ere esleipena banaketa berria egitean bukatzen bada.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Kontzejuak finkatuko du eta eskualde honetan antzeko lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Zenbateko hauek, nekazaritzako KPIa nola aldatzen den, halaxe eguneratuko dira urtero.

Enkantea egin ondoren landaketarako lurra sobran geratzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

LAUGARREN SAILA

Esleipenaren prozedura

36. art. Kontzejuak erabakia hartu ondotik, 15 eguneko epea irekiko da, eskubidea izan uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten, ediktua Kontzejuaren iragarki oholean argitara eman ondoren.

37. art. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, honako hauen gainean:

a) Herriko bizilaguna dela, gutxienez ere azkeneko 3 urteetan, eta urtero bederatzi hilabete ematen dituela, bederen, udalerrian.

b) Kontzeju honekin zerga arloko eginbeharrak bete direla.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Famili unitatea osatzen duten kideek Kontzeju honetan beren jabetzakoak dituzten erreguak, lehorreko lurrak eta ureztalurrak diren zehaztuta.

e) Famili unitatea osatzen duten kideetako bakoitzak errentan harturik edo jabetzatik aparteko bestelako moduren batean lantzen dituen lurrak, udalerri honetan eta beste batzuetan, lehorreko lurrak eta ureztalurrak diren zehaztuta.

f) Famili unitateko kide bakoitzak hirilurraren gaineko aberastasunaren zergapean duen kapitala, norberaren etxebizitzarena salbu, bai mugape honetan bai beste batzuetan.

g) Nekazaritzatik, industriatik edo zerbitzuetatik famili unitateko kide bakoitzak dituen dirusarrerak, baita Gizarte Segurantzako pentsiodunenak edo beste errentak ere.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Ihabarko Kontzejuak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. art. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Kontzejuak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin- behinekoa izanen da.

39. art. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrendak Kontzeju honen iragarki oholean paratuko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betikoak bihurtuko dira.

40. art. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horiei buruzko ebazpena emanen du eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

41. art. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten famili unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, loteak esleituko dira, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 19. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzarako herrilurren gainontzeko azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzarako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden famili unitatearen titularrei, eta loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatien esleipena bukatuta, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki oholean. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

42. art. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

43. art. Ihabarko Kontzejuaren herrilarreek ustiatzeko baterako unitatea osatzen dute, usadio, lege edo hitzarmena dela medio beste finka partikular batzuekin batera, eta lurazati hauetan daude banatuta:

a) Illarrazu lurzatia, 211 erregu, 16. poligonoa.

b) Itxesi lurzatia, 211 erregu, 16. poligonoa.

c) Añegu lurzatia, 80 erregu, 16. poligonoa.

d) 1. lurzatia (12), 40,60 erregu, 16. poligonoa, 52. lurzatia.

e) 2. lurzatia (6), 20,30 erregu, 16. poligonoa, 52. lurzatia.

f) 3. lurzatia (4), 13,50 erregu, 16. poligonoa, 52. lurzatia.

g) 4. lurzatia (7), 23,70 erregu, 16. poligonoa, 58. lurzatia.

h) 5. lurzatia (5), 16,90 erregu, 16. poligonoa, 58. lurzatia.

i) Garriz lurzatia, 35,48 erregu, 14. poligonoa, 274.A lurzatia.

j) Dorrio lurzatia, 6,53 erregu, 16. poligonoa, 9. lurzatia.

k) Bidepartiz lurzatia, 1,94 erregu, 16. poligonoa, 9. lurzatia.

44. art. Kontzejuaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da eta lehentasun ordena honi jarraituz:

a) Herritarrendako esleipen zuzena eginez.

b) Usadioaren ariora.

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

45. art. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako tilularrak izanen dira herrilurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko. Aziendak ustiapen liburu batean jasoko dira eta indarra duten arau guztiak bete beharko dituzte, bereziki osasun arlokoak.

46. art. Larreak zuzenean aprobetxatuko dituzte herritar abeltzainek, eta ez da zilegi izanen haien azpierrentamendua edo lagapena.

47. art. Esleipen epea zortzi urtekoa izanen da.

48. art. Ihabarko Kontzejuak honela jotzen du hektareako jasan daitekeen abelburuen kopurua:

a) Illarrazu lurzatia, 30 abelburu mota bakoitzetik.

b) Itxesi lurzatia, 30 abelburu mota bakoitzetik.

c) Añegu lurzatia, 20 abelburu mota bakoitzetik.

d) 1. lurzatia (12), 10 abelburu mota bakoitzetik.

e) 2. lurzatia (6), 5 abelburu mota bakoitzetik.

f) 3. lurzatia (4), 5 abelburu mota bakoitzetik.

g) 4. lurzatia (7), 8 abelburu mota bakoitzetik.

h) 5. lurzatia (5), 5 abelburu mota bakoitzetik.

i) Garriz lurzatia, 10 abelburu mota bakoitzetik.

j) Dorrio lurzatia, 3 abelburu mota bakoitzetik.

k) Bidepartiz lurzatia, abelburu 1 mota bakoitzetik.

Horretarako, Ihabarko Kontzejuak baliokidetasun hauek ezartzen ditu:

Zaldi aziendako buru 1 ardi aziendako 10 buru adina da.

Behi aziendako buru 1 ardi aziendako 10 buru adina da.

Ahuntz aziendako buru 1 ardi aziendako buru 1 adina da.

49. art. Jasan dezaketen azienda kopurua, larreen kalitatea eta eskortarik den ala ez kontuan hartuta, Iharbarko Kontzejuak lur-sari hau finkatu du lurzati bakoitzerako:

a) Illarrazu lurzatia, 1.400 euro.

b) Itxesi lurzatia, 1.400 euro.

c) Añegu lurzatia, 1.000 euro.

d) 1. lurzatia (12), 300 euro.

e) 2. lurzatia (6), 120 euro.

f) 3. lurzatia (4), 80 euro.

g) 4. lurzatia (7), 140 euro.

h) 5. lurzatia (5), 100 euro.

i) Garriz lurzatia, 325 euro.

j) Dorrio lurzatia, 156 euro.

k) Bidepartiz lurzatia, 38 euro.

50. art. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak (nekazaritzako KPI) onartzen dituen indizeak kontuan hartuz.

51. art. Urte bakoitzari dagokion lur-saria bi epetan ordainduko da:

-Lehenengo epea: urteko zenbatekoaren ehuneko 50ri dagokiona, esleipena egin eta sei hilabeteren buruan.

-Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako ehuneko 50ri dagokiona, esleipena egin eta hamabi hilabeteren buruan.

52. art. Onuradunak, esleipena egiten den egunetik hasita 15 eguneko epean, esleipeneko 8 urteengatiko kopuru osoaren ehuneko 5 ordaindu beharko du fidantzatako.

53. art. Ihabarko Kontzejuak larre guztien bortzena gordeko du urtero esleitu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren.

Eremu hori honela egonen da mugaturik:

54. art. Herrilarreak aprobetxatzen dituzten aziendek osasun ziurtagiria beharko dute, egiaztatzen duena herrilarreak aprobetxatzen dituzten abereen osasunaren gainean aldioro indarra duen araudiak eskatuzen dituen baldintzak betetzen direla, eta horregatik bete behar dira aipatu araudian zehazten diren baldintza guztiak.

55. art. Herriko usadioaren arabera eta nekazari eta abeltzainei kalterik ez egiteko, Ihabarko Kontzejuak ondoko baldintzak finkatu ditu:

(Ondoko hauen gainean diren usadio eta ohituren aipamena egiten da: euriondoak; azienda sartzeko epea uzta bildutakoan; luzerna, alkatxofa, arto, mahasti eta abarretan sartzea. Uztondoak eramateko epea. Eskorten garbiketa eta zainketa. Zimaurraren jabetza. Aziendek edateko, bazkaleku bakoitzari dagokion idoia, etab.).

56. art. Prozedura. Kontzejuak erabakia hartu ondotik, 15 eguneko epea emanen da eskubidea izan uste dutenek larreen esleipena eska dezaten, betiere Kontzejuaren iragarki oholean ediktua atera ondoren.

57. art. Udalak larreak esleituko ditu behin-behinekoz, inguruabar hauek kontuan hartuz:

a) Lehentasuneko eskubidea izanen dute egoera ekonomikoa okerrena duten famili unitateek.

b) Abelburu kopuru berdintsua duten eskatzaileendako, lurzatien esleipena azienda-kargaren ariora eginen da.

c) Lurzati bat bera abeltzain bat baino gehiagori esleitzen ahal zaie, guztiek dituzten abelburuen kopurua, bazkatokiak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada.

d) Abeltzain bakar bati bi lurzati esleitzen ahal zaizkio, betiere abelburu aski baditu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

58. art. Behin-behineko esleipena egin eta 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betikoz onetsitzat joko da epe hori bukatutakoan.

59. art. Herritarren arteko esleipenaren ondotik sobratzen diren larreak, enkante publikoaren bidez esleituko dira, 8 urtetarako, eta indarrean dagoen arautegiari eta ordenantza honetan aurreikusitakoari jarraikiz.

IV. KAPITULUA

Iralekuen aprobetxamendua

60. art. Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 73. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Ihabarko Kontzejuak ez die aurrerantzean iralekuen aprobetxamendurik emanen herritarrei.

60. art. 1. Egun iralekuen kontzesioak dituzten herritarrek beren horretan segituko dute, zuzenean eta pertsonalki ustiatzen badituzte eta abeltzaintzako beren ustiategietarako erabiltzen badituzte; hori hala izanik ere, iralekuen onuradunek ezin izanen dute iralekurik itxi, ezta iratzearen aprobetxamendua ez den beste erabilera baterako erabili ere.

2. Horretarako, iralekuak baliatzen dituzten herritarrek aprobetxamendua eskatzeko eskabidea aurkeztuko diote Ihabarko Kontzejuari, ordenantza hauek indarra hartu eta hilabeteko epean, egun baliatzen dituzten iralekuak zein alderditan dauden eta zenbateko zabalera duten adieraziz. Ihabarko Kontzejuak iralekuen aprobetxamenduak berresteko erabakia hartuko du honako kasuetan: onuradunek, 16. artikuluan ezarri baldintzak betetzeaz gain, artikulu honen aurreko lerrokadan xedatutakoa egiaztatzen badute. Nolanahi ere, Kontzejuak badu ahalmena kokalekua aldatzeko edo iralekuen zabalera murrizteko, beti ere horretarako arrazoirik baldin bada.

3. Herritarrek egun baliatzen dituzten iralekuen aprobetxamenduei dagokienez, bai onuradunaren eskaera bai Ihabarko Kontzejuaren berrespena 10 urtetik behin berritu beharko dira.

62. art. Herrilurreko iralekuen aprobetxamenduen lehenengo nahiz hurrengo berrespenak onesterakoan, Ihabarko Kontzejuak onuraduna aldatzeko baimena eman dezake, betiere onuradun berriak aurreko artikuluan zehaztu baldintzak betetzen baditu eta legezko agiriaren bidez egiaztatzen badu bera dela hartu nahi duen iralekuaren aprobetxamenduari atxikitako abeltzaintzako ustiategiaren titularra.

63. art. Iralekuak zuzenean eta pertsonalki ustiatuko dira, eta debeku da beste batzuei errentan ematea edo lagatzea.

64. art. Ihabarko Kontzejuak iraleku guztien erregistrorako liburu bat izanen du, onduradunen izenak, datu pertsonalak eta aldaketak jasotzeko.

65. art. Aprobetxamenduaren titularrak eskubide guztiak galduko ditu, eta hortaz, iralekua udalerriaren eskuetara itzuliko da, honako kasuotan:

a) Ordenantza honetako 16. artikuluan ezarri baldintzak ez betetzeagatik.

b) Iralekua bi urte jarraian egiazki ez ustiatzeagatik.

c) Ustiapena saldu edo lagatzeagatik.

d) Lur-saria ez ordaintzeagatik.

e) Ihabarko Kontzejua, udal landazaintzaren txostena ikusita, ohartzen bada iralekuaren ekoizpena nabarmenki txikitu edo urritu dela, aprobetxamendua behar bezala ez egiteagatik iratzez besteko landarez, hala nola otez edo bestelako sasiz, bete delako.

66. art. Ihabarko Kontzejuak urtero finkatuko du, ordenantza fiskaletan eta aurrekontu arruntean, ordaindu beharreko lur-saria, ustiatuko den iralekuaren azaleraren arabera.

V. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

67. art. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Ihabarko Kontzejuak epaitzak banatuko ditu ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

68. art. Ihabarko Kontzejuak urtero finkatuko du famili unitateei esleitzeko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

69. art. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

70. art. Egurra banatzerakoan Ihabarko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, diru aldetik apalenak diren famili unitateei lehentasuna emanen dielarik.

71. art. Aurreko artikuluak famili unitateei buruz aipatzen dituen maila ekonomikoak zehazteko, Ihabarko Kontzejua irizpide objetiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 18. artikuluan islatzen den bezala.

72. art. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Kontzejuak aurrekontu arruntean.

73. art. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondoren hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Beti ere Kontzejuko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, etxerako egur aprobetxamenduaren esleipena ukatuko zaie.

74. art. Esleipen prozedurarako, ordenantza honetako 36, 37, 38, 39, 40, 41, 42, 56, 57 eta 58. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

VI. KAPITULUA

Herri ondasunen beste aprobetxamendu batzuk

75. art. Ehiza aprobetxamendurako, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, indarra duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

76. art. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Ihabarko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

VII. KAPITULUA

Herri ondasunen hobekuntzak

77. art. 1. Ihabarko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hau da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

78. art. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

79. art. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Kontzejuak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari adjudikazioko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuri landareak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan aipatutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilurretan bazkatzen den aziendaren osasunaren gainean aldi bakoitzean indarra duen araudian xedatutakoa ez betetzea.

i) Hildako animaliak lurperatu gabe abandonatzea.

j) Artzaintzarako aldeak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

80. art. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

-a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galarazten Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

-g) arau-haustearengatik, lurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

-Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa zenbat den, gutienez halako bost eta gehienez hala hamar ordainaraztea. Balioa zehazterik ez badago, 10.000tik 200.000 pezeta bitarteko zehapena ezarriko da.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Herrilurretako aprobetxamenduen ordenantza hau onesteko eta indarra hartzeko prozeduraren ariora, eta Kontzejuari nahiz partikularrei alferrikako kalteak galarazi nahirik, Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduekin indarra duen errentamendua 2001eko abenduaren 31 arte luzatzea erabaki da. Baldintzak Kontzeju honetako artxiboetan jasotzen diren datetan egindako enkanteetan agertzen diren berak izanen dira. Hona hemen:

Illarrazu alderdia, J.I. Arrizubieta. Urteko zenbatekoa: 225.000 pezeta.

Itxesi alderdia, Joaquín, Antonio, M. Angel Santiago. Urteko zenbatekoa: 225.000 pezeta.

Añegu alderdia, Salvador Zarranz. Urteko zenbatekoa: 160.000 pezeta.

1. lurzatia (12), Fermín Irurzun. Urteko zenbatekoa: 48.000 pezeta.

2. lurzatia (6), José Ignacio Arrizubieta. Urteko zenbatekoa: 19.200 pezeta.

3. lurzatia (4), Miguel Angel Subiría. Urteko zenbatekoa: 12.800 .

4. lurzatia (7), Santiago Huarte. Urteko zenbatekoa: 22.400 pezeta.

5. lurzatia (5), Fermín Irurzun. Urteko zenbatekoa: 16.000 pezeta.

Garriz lurzatia, J.I. Arrizubieta. Urteko zenbatekoa: 51.750 pezeta.

Dorrio lurzatia, Antonio Sarasola. Urteko zenbatekoa: 25.000 pezeta.

Bidepartiz lurzatia, Antonio Sarasola. Urteko zenbatekoa: 6.100 pezeta.

Izarro lurzatia, Fermín Irurzun. Urteko zenbatekoa: 15.000 pezeta.

Iragarkiaren kodea: A0112607