I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
1421/2001 FORU AGINDUA, azaroaren 23koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Nafarroako Toki Entitateentzako eta helburu publikoko Elkarteentzako laguntzen araubidea ezartzen duena, 2002. urtean Foru Komunitateko ibai eta sakanetan bideratze eta babes lanak egiteko, eta urtegi txikien konpontze eta hobetze lanak egiteko.
Azaroaren 18ko 1391/1988 Errege Dekretuak, Estatuak Nafarroako Foru Komunitateari lan hidraulikoen gaineko zerbitzuak eskualdatzekoak, finkatzen du Nafarroako Foru Komunitateak, bere mugapean, lan hidraulikoen arloko hainbat eginkizun hartuko dituela bere gain, ordu arte Estatuaren Administrazioak bere izaten zituenak. Haien artean lan horiek egiteko Toki Korporazioei, Toki Entitateei edo partikularrei dirulaguntzak ematea.
Beste alde batetik, 2000. urtean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bere gain hartu zituen, urtegi txikiak konpontzeko eta hobetzeko, eta bideratzeko eta babesteko lanak proiektatu eta egiteko, Toki Entitateei eta helburu publikoko Elkarteei dirulaguntzak emateko eskumenak.
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aditzera eman duenez, Foru Komunitateko ibai eta sakanetan bideratze eta babes lanak egiteko, eta urtegi txikien konpontze eta hobetze lanak egiten dituzten Nafarroako Toki Entitate eta helburu publikoko Elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzak arautu behar dira; arautze lan hori ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak dirulaguntza gaietan ezarritakoarekin bat dator.
Gobernu Batzordearen 2001eko irailaren 24ko erabakiaren bidez, urte ugariko gastua baimendu zen hobekuntzako obra hidraulikoak egiteko.
Ikusirik Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren proposamena eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Foru Komunitateko ibai eta sakanetan bideratze eta babes lanak egiteko, eta urtegi txikien konpontze eta hobetze lanak egiteko, Nafarroako Toki Entitateentzako eta helburu publikoko Elkarteentzako laguntzen araubidea ezartzea 2002. urterako eta deialdi honetako baldintzetan aurreikusitako balizko salbuespenetarako, 2001. urtean burutuak.
2. Laguntzen araubidea erregulatzen duten oinarriak onestea. Oinarriak, idazkari teknikoak haren eginbideak behar bezala bete ondoren, espedientean ageri dira.
3. Laguntzak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren 2001eko aurrekontuko "Ibaien hobekuntza eta obra hidraulikoak" izeneko 330000-31200-7600-512100 kontusailaren kargura ordainduko dira, gehienez ere hamar milioi (10.000.000) pezeta, eta 2002ko gastuen aurrekontuko kontusailaren kargura, gehienez berrehun eta hogeita hamazazpi milioi eta bostehun mila (237.500.000) pezeta.
4. Deialdi hau eta beraren oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko ohiko komunikabideetan argitara dadila xedatzea.
5. Foru Agindu honen eta honekin batera doazen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazten den egunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat etorriz.
6. Foru Agindu hau Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Kontrol Ekonomiko-administratiboaren Atalera eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, mila eta bateko azaroaren hogeita hiruan.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.
O I N A R R I A K
Nafarroako Toki Entitateentzako eta helburu publikoko Elkarteentzako laguntzen araubidearen oinarriak, 2002. urtean Foru Komunitateko ibai eta sakanetan bideratze eta babes lanak egiteko, eta urtegi txikien konpontze eta hobetze lanak egiteko
Lehenbizikoa.-Xedea.
Deialdi honen helburua da Nafarroako Toki Entitate eta helburu publikoko Elkarteei 2002. urtean Foru Komunitateko ibai eta sakanetan bideratze eta babes lanak egiteko, eta urtegi txikien konpontze eta hobetze lanak egiteko dirulaguntzak ematea.
Bigarrena.-Laguntza hartzaileak.
Nafarroako Toki Entitateek eta helburu publikoko Elkarteek izanen dute eskubidea deialdi honetan parte hartzeko laguntzaren helburu diren jardueretan interesik badute.
Hirugarrena.-Baldintzak.
1.-Ingurumenarentzat kaltegarri izan litezkeen jarduketak ez dira diruz lagunduko.
2.-Beharrezkoa direla behar bezala bidezkotzen ez diren jarduketek ez dute dirulaguntzarik izanen.
3.-Laguntzarik gabe geldituko dira erkidegorako garrantzitsu diren tokien zerrenda-proposamenean eginen diren jarduketak (Nafarroako Gobernuaren 2000ko maiatzaren 15eko erabakiz onetsi zen), baldin eta jarduketa horiek eta zerrendako tokietan gorde nahi diren balioak bateragarri direla ez bada behar bezala frogatzen.
4.-Deialdi hau baino lehen egin jarduketak ezin dira diruz lagundu. Aurrekoa gorabehera, aldez aurretiko jarduketak lagundu daitezke, baldin eta eskaeran jarduketak burutzeko premia behar bezala frogatzen bada, eta premiazkotasun hori Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren txostenean onartzen bada.
5.-Hiriguneko jarduketarik ez da diruz lagunduko. Aitzitik, martxoaren 7ko 286/2001 Foru Aginduaren arabera, ibaien ubideak hiriguneetan ukitzen dituzten lanei laguntza ematen ahal zaie, baldin eta aipatu foru aginduaren itzalpean eskatu badira.
Laugarrena.-Laguntzen zenbatekoa.
1.-Dirulaguntzen zenbatekoa onetsitako aurrekontuaren % 70ekoa izanen da, BEZa, obra zuzendaritza eta proiektua zuzentzeko gastuak barne.
2.-Halaber, zilegi izanen da uharken sailkapenerako azterlanei eta uharken larrialdietarako planei ere dirulaguntza ematea, portzentaje berean, "Uharka eta Urtegientzako segurtasun araudi teknikoa" onetsi zuen 1996ko martxoaren 12ko Herrilan, Garraio eta Ingurumen Ministerioaren Aginduak ezarritakoarekin bat (1996ko martxoaren 30eko 78. "E.A.O.").
1.-Eskaerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Alondegi kalea, 1-1.a, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein erregistrotan, oinarri hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hilabeteko epean.
2.-Eskaerarekin batera kasuko obra proiektua ere aurkeztuko da, gaian aditua den teknikari batek itxuratua, eta bai ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 7.1 n) artikuluak aipatzen duen txostena ere.
3.-Eskaerarekin batera, obrak ingurumenean duen ukipenari buruzko ebaluazio txostena aurkeztuko da.
Seigarrena.-Lehentasuna.
Aurrekontuko kontusailean dagoen dirua nahikoa ez bada onarturiko eskaera guztiei erantzuteko, ondoko irizpide hauek erabiliko dira:
Memoria edo Proiektu Teknikoaren arabera premia handia duten ekintzak lehenetsiko dira, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak izaera hori onartzen badie.
Eskaera gehiegi aurkezten badira, azken bi aurrekontu-aldietako antzeko deialdietan dirulaguntza jaso duten ekintzak baztertuko dira.
Hautatzeko irizpide horiek erabili behar baldin badira, Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako batzordea eratuko da; batzordearen osaera aipatu legearen araberakoa izanen da.
Zazpigarrena.-Emakida.
1.-Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak haiek aztertu eta dirulaguntzak emateko proposamena eginen du.
2.-Ingurumen zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du dirulaguntzak eman edo ukatzeko, eskabidea aurkezteko egunetik bi hilabeteko epean.
3.-Foru Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Gobernuak helburu berarekin ematen dituen bestelako dirulaguntzekin.
4.-Aurrekontuan nahiko dirua ez dagoela-eta, laguntzarik gabe gelditzen diren eskabideak, aurkeztutzat joko dira behar diren ondorioetarako, betiere Nafarroako Gobernuak laguntza hauek aurreikusten baditu hurrengo urteko aurrekontuan.
Zortzigarrena.-Eskaerarekin batera eman beharreko agiriak.
Laguntzak eskatzeko orria.
Lanaren aurrekontua 4.000.000 pezetara ailegatzen ez bada, Memoria Teknikoa aurkeztuko da, eta, kopuru hori gaindituz gero, Proiektu Teknikoa. Indarra duen legeriaren araberako eskumena duen teknikariak erredaktatuko ditu biak, eta dagokien lanbide elkargoak ikusonetsiko.
Ingurumenaren gaineko ukipenaren azterlana
Memoria edo proiektu teknikoaren arabera xehetutako aurrekontua.
Tokiko entitate eta hogei milioi pezeta baino gehiagoko obretan, diruz lagundu ez den jarduketaren zatia finantzatzeko moduari buruzko txostena.
Bederatzigarrena.-Hartzaileen betebeharrak,
Hartzaileek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.-Dirulaguntzapeko lanak hiru hilabeteko epean adjudikatzea dirulaguntza jakinarazten den egunetik kontatuta, eta adjudikatu eta ondorengo hilabetean hastea lanak egiten. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari agiri hauek igorri behar zaizkio, 15 egun naturaleko epean:
Obrak burutzeko behar diren baimen eta lizentzia guztien kopiak.
Obrak adjudikatu direlako ziurtagiriak.
Obretako zuzendaritza teknikoa izendatzearen akta, indarrean dauden xedapenei jarraiki.
Betebehar honetatik salbuetsiko dira deialdi honetako hirugarren oinarriko 4. puntuan aipatutako premiazko obrak. Kasu honetan, agiri horiek guztiak dirulaguntza jaso baino lehen eman behar dira.
2.-Diruz lagundutako lanak egitea, emateko ebazpenean ezarritako baldintza teknikoei eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko teknikariek ematen dituzten aginduei jarraikiz. Lanak egitean haien ezaugarriak aldatzen dituen edozein gorabehera gertatzen baldin bada, haren berri eman beharko diote aipatu Departamentuari, gertatu eta berehala.
3.-Oinarri hauetan eskatutako agiriak aurkeztea.
4.-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak egin nahi dituen egiaztapenei trabarik ez jartzea.
5.-Lanak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren laguntzarekin egiten ari direla aipatzea informazio guztietan.
6.-Egindako lana ordaindu izanaren agiria igortzea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura.
7.-Helburu publikoko elkarteek dirulaguntza pagatu baino lehenago kreditatu beharko dute eguneratuta dituztela Nafarroako obligazio fiskalak, eta bai, hala behar den denboran, kasuko kobrantzen erregistro kontablea ere.
Hamargarrena.-Burutzeko epea eta ordainketa.
1.-Laguntza hauen onuradunek lanak bukatzeko izanen duten azken eguna 2002ko abenduaren 1a izanen da.
2.-Dirulaguntza ordaindu baino lehen, eta betiere 2002ko abenduaren 15a baino lehen, jasotzailek honakoak igorri behar dituzte Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura:
Obraren zuinketa eta hasiera egiaztatzeko akta, tokiko entitate edo elkarteko lehendakariak, zuzendaritza teknikoak eta adjudikaziodun kontratistak sinaturik.
Gastua frogatzeko faktura eta ziurtagiriak.
Obra amaierako akta, tokiko entitate edo elkarteko lehendakariak, zuzendaritza teknikoak eta adjudikaziodun kontratistak sinaturik.
3.-Agiri horiek azterturik, onetsitako zenbatekoaren dirulaguntza ordainduko da. Obrak onesteko unean baloratutako zenbatekoan proiektuaren burutzapena frogatzen ez den kasuetan gutxitu eginen da.
4.-Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da.
5.-Obraren balioa, hasieran aurkeztutako memoria edo proiektuaren arabera, gehitzen duten aldarazpenak eta gehigarriak ez dira ordainduko. Desjabetzapenik ez da ordainduko.
Hamaikagarrena.-Dirulaguntzen kontrola.
1.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntzak emateko baldintzak betetzen direla eta aurreikusitako inbertsioak behar bezala egiten direla gainbegiratuko du, eta horretarako behar diren informazioak eta egiaztapenak egin ahalko ditu; bidezkotzat jotzen duen informazioa ere eskatu ahalko die laguntzen onuradunei.
2.-Dirulaguntza deialdiko lanak egin direla egiaztatu ondoren ordainduko da. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko teknikariek egiaztapen horren berri emanen dute txosten batean.
Hamabigarrena.-Ez betetzea.
Oinarri hauetan aipatzen diren baldintzak ez betetzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du, eta, hala tokatzen bada, jasotako dirua itzuli beharra, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluak agintzen duen moduan.
Era berean, laguntza hartzaileak lege horrexen VI. kapituluak xedatzen duenaren menpean daude.
Hamahirugarrena.-Araubide juridikoa.
Oinarri hauetan aurreikusi ez diren afera guztietan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoari jarraikiko zaio.
Iragarkiaren kodea: A0112439