8. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

1409/2001 FORU AGINDUA, azaroaren 16koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2002. urterako, ibaiak, urbazterrak eta sakanak lehengoratu eta ibaiak dragatzeko Toki Entitateetarako laguntzen araubidea ezartzen duena.

Azken urteotan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, ibai-bideak garbitu eta dragatu ondoren, ibaiak, urbazterrak eta sakanak lehengoratzeko lanei ekin die, ibai-bideen urak eramateko gaitasuna mantentzeko.

Bestaldetik ere, Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Orokorraren helburuetariko bat, gaur egun, haiek garatzeko ezaugarri egokirik ez duten habitatak berreskuratzea da.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak ibaiak eta urbazterrak lehengoratzeko lanetarako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzearen beharra azaldu du. Araubide horrek ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak dirulaguntzen gainean ezarritako legeria berriarekin bat etorri beharko luke.

Gobernuak, 2001eko irailaren 24ko erabakiaren bidez, hobekuntzarako obra hidraulikoetan urte anitzeko gastua egiteko baimena eman zuen.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren proposamena ikusirik eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzailetza delegatuak ere adostasuna azaldu duelarik eta Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluko c) eta d) idatz-zatiek emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2002. urterako, ibaiak, urbazterrak eta sakanak lehengoratu eta ibaiak dragatzeko Toki Entitateetarako laguntza araubideA ezartzea.

2. Deialdi hori gobernatzen duten oinarriak onestea, idazkari teknikoak behar bezala dilijentziaturik espedientean ageri diren moduan.

3. Laguntzak eman eta pagatuko dira Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko 2002rako gastu aurrekontuan berariaz eratuko den kontusailaren kontu, gehienez ere 25.000.000 pezetatan.

4. Deialdi hau eta haren oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko ohiko hedabideetan argitaratzeko agintzea.

5. Zilegi da Foru Agindu honen eta haren eranskinean ageri diren oinarrien kontra gora jotzeko helegitea jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legearen 114 eta 115. artikuluekin bat.

6. Foru Agindu hau igortzea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Kontrol Ekonomiko Administratiborako Atalari eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan duen kontuhartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hamaseian.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

O I N A R R I A K

2002. urterako, ibaiak, urbazterrak eta sakanak lehengoratu eta ibaiak dragatzeko Toki Entitateetarako laguntzen araubidearen oinarriak

Lehenbizikoa.-Helburua

Deialdi honen helburua da 2002. urterako, Nafarroako ibaiak, urbazterrak eta sakanak lehengoratu eta ibaiak dragatzeko Toki Entitateetarako laguntzen araubidea ezartzea.

Bigarrena.-Laguntza hartzaileak

Mugapean ibai edo errekarik duten Nafarroako toki entitateek eskubidea izanen dute honelako laguntzak hartzeko.

Hirugarrena.-Baldintzak

1.-Ez da dirulaguntzarik emanen ingurumenean eragin kaltegarria izan dezaketen obrak egiteko.

2.-Ez da laguntzarik emanen obren beharra behar adina egiaztatzen ez bada.

3.-Litekeena da Komunitatearentzat garrantzia duten lekuen zerrendaren proposamenean ageri diren tokietan jarduketak egiteko laguntzarik ez ematea, leku horietan zaindu behar diren ondasunak eta jarduketak bateragarriak direla aski egiaztatzen ez bada. Proposamen hori Nafarroako Gobernuaren 2000ko maiatzaren 15eko erabakiaren bidez onetsi zen.

Laugarrena.-Laguntzen zenbatekoa.

1.-Laguntzen zenbatekoak onetsitako aurrekontuaren %70 eginen du, obrako zuzendaritza, proiektua prestatzeko gastuak eta BEZa barne.

Bosgarrena.-Eskaerak eta agiria.

1.-Eskaerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Alondegiaren kaleko 1eko 1. oinean, edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.2 artikuluan aipatutako erakundeetatik edozeinen erregistroan, oinarri hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo hilabetean.

2.-Eskaerarekin batera, proiektu edo memoria aurkeztuko da, teknikari eskudun batek prestatua, indarra duen legeriaren arabera, eta ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 7.1.n artikuluan aipatzen den txostena ere bai, toki entitate batek aurkezten badu eskaera.

3.-Gainera, obrak ingurumenean izango duen eragina ebaluatzeko txostena erantsiko zaio eskaerari.

Seigarrena.-Lehentasuna.

Kasuko aurrekontu-saila ez baldin bada aski onartutako eskaerei erantzuteko, ibai-ingurumenari onura gehien ekarriko dioten obrak lehenetsiko dira.

Zazpigarrena.-Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.-Eskaerak aurkezteko epea iragan delarik, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aztertu eginen ditu eskaerak eta dirulaguntzak emateko proposamena eginen du.

2.-Ingurumen Zuzendari Nagusiaren ebazpen batek eman edo ukatuko du dirulaguntza, eskaera aurkezten denetik bi hilabeteko epean.

3.-Foru Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak ezin dira bateratu Nafarroako Gobernuak deialdi honetako helburu bererako ematen duen beste inolako dirulaguntzarekin.

4.-Diru aski ez egoteagatik ezin aintzakotzat hartu diren eskabideak aurkeztutzat emanen dira hurrengo urtean, baldin eta Nafarroako Gobernuak aurrekontuan laguntza hauei eusten badie.

Zortzigarrena.-Agiriak.

1.-Laguntzak eskatzeko eskabidea.

2.-Obraren aurrekontuak 4.000.000 pezeta baino gutxiago egiten duenean memoria teknikoa idatziko da. Aurrekontuak 4.000.000 pezeta baino gehiago egiten badu, proiektu teknikoa idatziko da. Bi kasuetan teknikari eskudun batek idatziko ditu, indarra duen legeriaren arabera, eta kasuan kasuko elkargo profesionalak ikusonetsiko.

3.-Ingurumenean obrak izanen duen eraginari buruzko azterlana.

4.-Aurrekontu zehatza, memoria teknikoaren edo proiektuaren araberakoa.

5.-Eskatzailea toki entitatea izan eta obraren aurrekontua hogei milioi pezetatik gorakoa bada, diruz lagunduko ez den zatia nola finantzatuko den azaltzeko txostena aurkeztu behar da.

Bederatzigarrena.-Laguntza hartzaileen betebeharrak.

Laguntza hartzaileek honako betebeharrak izanen dituzte:

1.-Dirulaguntzaren xede diren obrak hiru hilabeteko epean esleitzea, dirulaguntza jakinarazten denetik hasita, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari hurrengo agiriak bidaltzea 15 egun balioduneko epean:

Obrak egiteko behar diren baimen eta lizentzien kopiak.

Obrak esleitu direla egiaztatzen duten agiriak.

Obren zuzendari eskudunaren izendapenaren akta, indarra duten xedapenen arabera.

2.-Dirulaguntzapeko lanak egitea dirulaguntza emateko egintzak onetsi zituen baldintza teknikoen arabera eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko teknikariek ematen ahal dituzten jarraibideen arabera, eta departamentu horri obrak exekutatzean izan daitezkeen gorabehera guztiak jakinaraztea, lanak edukiz nahiz kostuz aldatzen badute, gertatzen diren momentuan.

3.-Oinarri hauetan eskatzen diren agiriak aurkeztea.

4.-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak egin dezakeen edozein egiaztapen onartzea.

5.-Informazio guztietan aditzera ematea delako jarduera Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren laguntzarekin egiten dela.

6.-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura igortzea egindako obra ordaindu dela frogatzen duen agiria.

Hamargarrena.-Exekuzio epea eta ordainketa.

1.-Laguntza hauen hartzaileek 2002ko abenduaren 1 arteko epea dute obrak exekutatzeko eta obren azken ziurtapena egiteko.

2.-Dirulaguntza kobratu aurretik, eta nolanahi ere 2002ko abenduaren 15a baino lehen, laguntza hartzaileek agiri hauek igorri behar dizkiote Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari:

Zuinketa eta obraren hasiera frogatzen duen akta, toki entitateko lehendakariak, zuzendaritza teknikoak eta kontratista esleipen-hartzaileak izenpetua.

Ziurtagiriak eta gastuak frogatzeko fakturak.

Obraren bukaerako akta, toki entitateko lehendakariak, zuzendaritza teknikoak eta kontratista esleipen-hartzaileak sinatua.

3.-Dokumentazio hori azterturik, dirulaguntza pagatu eginen da, onetsitako zenbatekoan, nahiz eta zilegi izango den zenbateko hori gutxitzea, ez baldin bada kreditatzen proiektua laguntza onetsi zen denboran baloratu zen zenbatekoan exekutatu dela.

4.-Dirulaguntza behin ordainduko da.

5.-Ez dira ordainduko aldakuntzak eta gehikuntzak, hasieran aurkeztutako memoria edo proiektuaren aldean obraren balioa gehitzea badakarte.

6.-Ez dira ordainduko desjabetzapenak.

Hamaikagarrena.-Dirulaguntzen kontrola.

1.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak begiratuko du dirulaguntzak emateko eskatu ziren baldintzak bete daitezen eta asmotan ziren inbertsioak egoki egin daitezen, eta hartarako zilegi izanen du behar diren konprobazioak eta informazioak egitea eta bai laguntza hartzaileei eskatzea ere beharrezkoa iruditzen zaion informazioa.

2.-Emandako dirulaguntza deialdi honen helburu diren lanak benetan egin direla konprobatu ondoren pagatuko da. Konprobazio hori Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko teknikarien txosten batean jasoko da.

Hamabigarrena.-Ez betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, kendu eginen da dirulaguntza eta, hala tokatzen bada, jasotako dirua partez nahiz osorik itzuli beharko da, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluak agintzen duen moduan.

Halaber, laguntzaren onuradunek Lege hartako VI. kapituluan xedatzen dena bete beharko dute.

Hamahirugarrena.-Araubide juridikoa.

Oinarriok aurreikusten ez duten guztian, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak agintzen duena hartuko da aintzat.

Iragarkiaren kodea: a0112322