78. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

115/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 3koa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendeko helduak euskalduntzeko ikastegiak eta euskararen irakaskuntzarako baliabide zentroa antolatzen dituena.

Helduak euskalduntzeko irakaskuntza aspalditik erroturik dago Nafarroako Foru Komunitatean, etenik gabe iraun duelako eta urtero ikasle anitz biltzen duelako.

Foru Diputazioa 1973an hasi zen arlo horretan esku hartzen, urte horretan antolatu baitzituen udako lehen ikastaro trinkoak. Ikasturte osoko Euskarazko Ikastaro Trinkoak 1979an hasi zen eskaintzen.

Helduak euskalduntzeko eskaintzaren baitan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak horren zati bat kudeatzen du "Miluze-Helduak euskalduntzeko ikastaroak" Ikastegian eta, irakasleak euskalduntzeari dagokionez, "IBI-Irakasleendako Birziklaia Ikastegian".

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren abuztuaren 18ko 664/1989 Foru Aginduaren bidez sortu ziren ikastegi horiek. Irakasleak ere bi ikastegitan banatu zituen. Maiatzaren 19ko 161/1988 Foru Dekretuko 1. artikuluan onetsi zen "Nafarroako Gobernuko helduak euskalduntzeko ikastegien funtzionamendurako eta antolaketarako Erregelamenduak" arautzen ditu ikastegi horiek.

Urteak joan, urteak etorri, euskara ikasi nahi duten helduen eskaria aldatzen joan da eta, beste hizkuntza batzuekin gertatu den bezala, bestelakotu da, metodo eta erritmo malguagoak eskatzeaz batera, edukien antolaketa eta eskatutako arreta profesional hobea eta zorrotzagoa nahi baita.

Azken urte hauetan hizkuntzen irakaskuntzaren metodologian gertatu diren aldaketek eta teknologia berriak eskura izateak ikasketa horien curriculuma berrikusi beharra ekarri dute, edukiak mailaz maila berriz antolatzearren.

Ikasketa horien curriculumaren egiturari forma eman behar zaio, ikastetxeek maila homologagarriak ziurtatu ahal izateko eta ikas-materialak egokitzeko, haren progresioa curriculumaren banaketa berriaren araberakoa izan dadin. Ildo horri jarraikiz, gaur egungo ikastegietako baliabideak eta materialak bateratu behar dira, eta irakasleek haiek eskura izateko baliabide horien sistema eta kudeaketa bermatu.

Bestalde, "Irakasleendako Birziklaia Ikastegian" (IBIn) egin diren birziklatze programek lagundu dute irakasle elebidun kopuru nahikoa erdiesten, gaur egungo eskariari erantzuteko. Azpimarratzekoa da, halaber, azken urte hauetan gero eta gutxiago izan direla birziklatu nahi izan duten irakasleak, eta gero eta gehiago hizkuntza maila hobetzeko jardueretan parte hartu dutenak.

Unibertsitatez besteko irakasleen mahai sektorialak 2001eko maiatzaren 31n izenpetu zuen "Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza zerbitzuaren kalitatea hobetzeko Hitzarmena". Hitzarmen horretan, besteak beste, erabaki zen euskaraz irakasten duten irakasleek hizkuntza sendotzeko, gramatika eguneratzeko eta komunikatzeko gaitasuna hobetzeko jarduerak indartzea.

Arlo horretan aurrez ikusi diren eginkizunak berezituak dira. Hori dela eta, egitura funtzional eta malgu bat behar da eta horren baitan behar bezala kualifikatutako irakasleak.

Horrengatik guztiarengatik eta eskura ditugun baliabideak aprobetxatzeko eta optimizatzeko, euskararen irakaskuntzaren eskaintza gaur egungo eskariari egokitzeko eta euskaraz lanean ari diren irakasleen hizkuntza gaitasunak hobetzen ahalegintzeko, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak proposatu du "Miluze-Helduak Euskalduntzeko Ikastaroak" Ikastegia eta "Irakasleendako Birziklaia Ikastegia" kentzea eta eginkizun ezberdineko bi hezkuntza egitura eratzea: Helduak euskalduntzeko Ikastegi Publiko bat eta Euskararen irakaskuntzarako Baliabide Zentro bat.

Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ekainaren hiruan egindako bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da helduak euskalduntzeko eta irakasleak euskaraz birziklatzeko gaur egungo ikastegiak eta baliabideak (Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendekoak) berrantolatzea eta erabaki horrek ukitzen dituen langileak berriz banatzeko behar diren neurriak hartzea.

2. artikulua. Helduak euskalduntzeko ikastegi publikoa.

1. Eratu da, 2002ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, Helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendekoa. Ikastegiaren izena "Zubiarte euskaltegia" da eta bere erregistro-datuak Foru Dekretu honen I. eranskinean bildu dira.

2. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoa baimenduta dago, Foru Dekretu hau garatuz eta Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeari begira, helduak euskalduntzeko irakaskuntzaren curriculumeko mailak emateko eta maila horiek gainditu direla egiaztatzeko.

3. "Zubiarte euskaltegia" Ikastegi Publikoak, helduei euskara irakasteko esparruan eta goiko puntuan adierazitako mailetan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak esleitzen dizkion jarduerak eginen ditu eta, orobat, irakasleak birziklatzeari buruzkoak. Azken horiek Hezkuntza eta Kultura Departamentuko irakasleendako urteko prestakuntza planetan bilduko dira eta "Zubiarte euskaltegia" Ikastegi Publikoan edo beste ikastetxe publiko batzuetan egiten ahalko dira.

4. "Zubiarte euskaltegia" Ikastegi Publikoak emanen dituen ikasketak hiru motatakoak dira: presentzialak, urrunekoak eta barnetegi erakoak.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak finkatuko du ikastaroen iraupena eta ikasle-unitate edo talde bat sortzeko behar den ikasle-ratioa ezarriko du modalitate bakoitzean.

5. Ikasketa horiek gizartean duten eskariari erreparaturik, "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoan ikasle unitate edo taldeak ezar daitezke, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zehaztuko duen irakasle-plantillak bere gain har ditzakeeenak, alegia.

6. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak finkatuko du ikastegiko zuzendaria eta lagun bakarreko zein taldeko gobernu organoetako kideak izendatzeko prozedura, baita haien osaera ere.

3.artikulua. Euskararen irakaskuntzarako Baliabide Zentroa.

1. Eratu da, 2002ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendeko Euskararen irakaskuntzarako Baliabide Zentroa. Nafarroako Foru Komunitate osoan arituko da eta egoitza Uharten izanen du, Zubiarte karrikako 13an.

2. Euskararen irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren xedeak honako hauek dira: irakasleen hizkuntza maila hobetzeko jarduerak antolatzea, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko deialdiak antolatzea, euskararen gaurkotzearen eta gramatika erabileren gainean aholkua ematea ikastetxeei eta euskara irakasteko eskura dauden ikas-baliabideak kudeatzea.

4. artikulua. Euskararen irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren eginkizunak.

Baliabide Zentroaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Hizkuntza gaurkotzeko eta hobetzeko ikastaroak antolatzea eta euskaraz irakasten duten irakasleei ematea.

b) Berariazko ikastaroak antolatzea eta Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako Euskal Hizkuntza eta Literatura arloko irakasleei ematea.

c) Arlo horri dagokion curriculuma garatzeko proposamenak prestatzeko eskumena eskuordeturik duen Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzuarekin batera lankidetzan aritzea.

d) Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko deialdiak antolatzeari dagokionez, EGAren Batzorde Ofizialak eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Euskara Zerbitzuak zentroaren esku uzten dituen eginkizunak bere gain hartzea.

e) Euskararen egungo gramatika eta estilo erabilerak hedatzea eta hezkuntza terminologiari eta ikastetxeen beharrei egokitzea.

f) Ikastetxeetan erabili ohi diren idazki ereduak biltzea, gainbegiratzea, idaztea eta itzultzea, hezkuntza elkartearen eskura jartzeko, eta ikastetxeei eta irakasleei testuak prestatu eta itzultzeko lanetan aholkua ematea, euskara idatziaren maila hobetzeko.

g) Euskarazko irakaskuntzarekin zerikusia duen fondo dokumental, bibliografiko eta teknologia berriei buruzkoa sortzea, eguneratzea eta kudeatzea, gero irakasleek eta ikasleek erabil dezaten.

h) Euskarazko irakaskuntzaren gaineko esperientziak eta ikerketak sustatzea.

i) Zentroaren eginkizunak egoki betetzearren, agintzen zaion eginkizun oro.

5. artikulua. Euskararen irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren egitura.

1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendeko Euskararen irakaskuntzarako Baliabide Zentroak honako arlo hauek izanen ditu:

a) Prestakuntza Arloa, irakasleen hizkuntza hobetzeko ikastaroak emateko.

b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren Arloa, EGA azterketa antolatzeko eta euskararen gaurkotzearen eta gramatika erabileren gainean ikastetxeei aholkua emateko.

c) Informazioaren eta Baliabideen Arloa, euskararen irakaskuntzarako eskura dauden baliabideak kudeatzeko eta irakasleek haiek eskura izateko behar diren aplikazio eta baliabideak garatzeko.

2. Langileak arlo jakin bati atxikiko bazaizkio ere, Baliabide Zentroan arituko direnek lana Zentro horretako beste arlo batzuetan egin dezakete, oso-osorik edo parte batean, Zentroko Zuzendaritzak prestatuko duen Urteko Lan Planaren arabera.

6. artikulua. Baliabide Zentroaren zuzendaritza.

1. Baliabide Zentroaren funtzionamendua kudeatzeko eta Zentroko arloen esku-hartzea koordinatzeko, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak funtzionario edo lan-kontratudun finko bat izendatuko du Baliabide Zentroko zuzendari.

2. Baliabide Zentroko zuzendaria Euskara Zerbitzuko Euskararen Didaktika eta Sustapenaren Atalari atxikiko zaio.

3. Baliabide Zentroko zuzendariak honako eginkizun hauek ditu:

a) Baliabide Zentroaren ordezkari izatea eta ikastetxean Hezkuntza Administrazioaren ordezkari ofizial izatea, gainerako hezkuntza agintariek dituzten eskurantzak deusetan kaltetu gabe.

b) Baliabide Zentroa zuzentzea eta hari atxiki langileen buru izatea.

c) Baliabide Zentroaren urteko jarduketa plana prestatzea, eta haren garapena zuzentzea, koordinatzea eta ebaluatzea.

d) Batera erabili beharreko baliabideen erabilera "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoko zuzendariarekin batera koordinatzea.

e) Bestelako instituzio eta erakundeekin lankidetza hitzarmenak prestatzea eta proposatzea, Baliabide Zentroaren zerbitzuak garatzeko.

f) Bere eskumenen baitan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak eskatzen dizkion txostenak prestatzea.

g) Arauz eskuordetzen dioten eginkizun oro.

4. Eginkizun horietan arituko denak bateraezintasun osagarria eta lanpostuaren osagarria, % 10ekoa, jasoko ditu. Irakaskuntza arloko berariazko osagarririk jasotzen badu, kenduko zaio.

7. artikulua. Langileak hautatzea.

1. Baliabide Zentroan arituko diren langileak merezimendu bidezko lehiaketa publiko bidez hautatuko dira eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako funtzionarioek eta lan- kontratudun finkoek parte hartzen ahalko dute hartan.

2. Lehiaketa horretako deialdiaren oinarrietan, besteak beste, honako hau eska daiteke: elkarrizketa pertsonala egitea, lehiatzaileek prestakuntza ikastaro bat gainditu behar izatea eta, zein postutan aritu nahi den, haren gaineko lan proiektua aurkeztu behar izatea.

3. Hasiera batean hautaturik gertatzen diren langileak urtebetez izendatuko dira zerbitzu eginkizunetan. Zerbitzu eginkizunaldi hori bukaturik, haien jarduna ebaluatuko da eta ebaluazio positiboa erdiesten dutenak beste hiru urteetako izendatuko dira zerbitzu eginkizunetan. Lau urte horiek iraganik, berriz ebaluatuko da haien jarduna. Ebaluazioa positiboa bada, beste hiru urtez izendatuko dira zerbitzu eginkizunetan.

8. artikulua. Ikastetxeak kentzea.

1. Erabaki da, 2002ko ekainaren 30etik aurrerako ondorioekin, "Miluze-Helduak Euskalduntzeko Ikastaroak" Ikastegia eta "Irakasleendako Birziklaia Ikastegia" kentzea. Ikastetxe horiek Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren abuztuaren 18ko 664/1989 Foru Aginduaren bidez sortu ziren.

2. Aipatu ikastetxeetako zuzendaritza karguek egun horretan utziko dituzte karguak eta horrek ondorio ekonomikoak eta administratiboak izanen ditu.

9. artikulua. Ukitutako irakasleei dagozkien neurriak.

1. Aurreko artikuluan kendutako ikastetxeetan behin betiko destinoa duten irakasleak Foru Dekretu honen II. eranskinean zerrendatutakoak dira.

2. Irakasle horiek "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoari atxikiko zaizkio 2002ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin eta beren etorkizko ikastetxean onarturik zuten antzinatasuna onartuko zaie ondorio guztietarako.

3. Foru Dekretu honen II. eranskinean zerrendatutako maisu-maistrei dagokienez, (haien lanpostuak ez badituzte aurrez ikusten 2002/2003 ikasturterako Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Maisu-maistren lekualdatze lehiaketetarako prestatuko dituen plantilletan), aipatu atxikipenari uko egin diezaiokete eta beren lanpostua kentzeko eskatu, ondorio horretarako 2002/2003 ikasturtean lanpostuak kentzeko eskatzeko prozedura onetsiko duen Foru Aginduan ezarritakoaren arabera.

4. Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak indarra duen arautegiaren arabera har litezkeen neurriak hartuko ditu, lanpostua kendu dioten irakaslea beste lanpostu batean sartzeko, aurreko lerroaldean eta, besteak beste, ondokoetan xedatutakoaren arabera:

a) Hartarako, zehaztuko diren ikastetxe publikoetan zerbitzu eginkizunaldiak ematea, lau ikasturtez gehienez. Zerbitzu eginkizunaldi horiek indarra galduko dute behin betiko beste destino bat eskuratzen den unean berean.

b) Aipatu irakasle horiek, behin betiko beste destino bat eskuratu arte, lanpostua kendu eta handik aurrera antolatuko diren lekualdatze lehiaketa guztietan parte hartzera beharturik egonen dira. Legez eska ditzaketen Iruñeko eskualdeko ikastetxe eta espezialitate guztiak eskatu beharko dituzte, borondatez eskatzekoak diren postuak izan ezik.

c) Aipatu irakasle horiek, hala nahi badute, Iruñeko eskualdean destinoa eskuratzeko duten lehentasunezko eskubideaz balia daitezke, azaroaren 8ko 1664/1991 Errege Dekretuak aldatu zuen uztailaren 14ko 895/1989 Errege Dekretuaren 18. artikuluko a) atalean aurrez ikusitakoaren arabera.

d) Urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuko seigarren xedapen gehigarrian aipatutako sei deialdiak kontatzen hasiko dira 2007/2008 ikasturtea hasten den deialditik aurrera.

e) Lekualdatze lehiaketen baremoko a) atalak aipatzen dituen zerbitzuak zehazteko (zein ikastetxetatik hartzen den parte, hartan behin betiko destinoarekin karrerako funtzionario modura etengabe egon izana), "Miluze-Helduak euskalduntzeko ikastaroak" ikastegia edo "Irakasleendako Birziklaia Ikastegia", kasuan kasu, hartuko dira ukitutako irakasleek parte hartzen duten ikastetxe modura, betiere behin betiko beste destino bat erdietsi arte. Horrez gainera, ukitutako irakasle horiek eskubidea izanen dute aurreko ikastetxerik hurbilenekoan behin betiko izaeraz emandako zerbitzuak etorkizko ikastetxeari gehitzeko.

10. artikulua. Administrazioko eta zerbitzuetako langileei dagozkien neurriak.

1. Foru Dekretu honetan kendu den "Miluze-Helduak Euskalduntzeko Ikastaroak" Ikastegian destinoa duten langile ez-irakasleak "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoari atxiki zaizkio. Halaber, espresuki adierazi nahi da eraikin berean dagoen Euskararen irakaskuntzarako Baliabide Zentroan ere arituko direla lanean, ikastegi publikoko eta baliabide zentroko zuzendariek horretarako xedatzen dutenari jarraikiz.

2. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak Foru Dekretu honetako III. eranskinean zerrendatutakoak dira.

11. artikulua. Dokumentazioa, baliabide materialak eta ondasun inbentariagarriak.

1. Foru Dekretu honetan kendu diren ikastetxeen dokumentazio administratibo eta pedagogikoa biltzen duten artxiboak "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoak hartuko ditu bere gain.

2. Foru Dekretu honetako 8. artikuluan kendutako ikastetxeei esleitutako material bibliografikoak eta ondasun inbentariagarriak Hezkuntza eta Kultura Departamentuak banatuko ditu "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren eta Euskararen irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren artean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-"Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren eta Euskararen irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren kudeaketa ekonomikoa ondokoei lotuko zaie: 250/1992 Foru Dekretua, uztailaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez besteko ikastetxe publikoen funtzionamenduaren ondoriozko dirusarrera eta gastuen erregimena arautzen duena; 449/1992 Foru Agindua, urriaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez besteko ikastetxe publikoen funtzionamenduaren ondoriozko dirusarrera eta gastuen erregimena arautzen duena; eta arau horiekin bat datozen xedapenak.

Bigarrena.-Kendutako ikastetxeen baliabide materialak eta bibliografikoak esleitzerakoan, edo espazioen banaketan edo instalazioen erabileran gerta litezkeen gorabeherak Batzorde batek ebatziko ditu. Batzorde horren kideak honako hauek dira: Euskararen Didaktika eta Sustapenaren atalburua, eta ikastegi publikoko eta baliabide zentroko zuzendariak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.-"Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoko zuzendaritza taldea izendatu bitartean, Foru Dekretu honen garapenean arauz ezarriko denari jarraikiz, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ikastetxe horren zuzendaria eta lagun bakarreko gobernu organoak behin-behinekoz izendatuko ditu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe geldituko dira, Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean, Foru Dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapenak.

Bigarrena.-Indarrik gabe geldituko da Nafarroako Gobernuko helduei euskara irakasteko ikastegien funtzionamendu eta antolaketarako erregelamendua onetsi zuen 161/1988 Foru Dekretuko 1. artikulua, "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren antolaketa eta funtzionamendurako erregimena arautzeko Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emanen duen Foru Aginduak indarra hartzen duenean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Hezkuntza eta Kultura kontseilariari ahalmena eman zaio Foru Dekretu hau betearazteko eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan eta, bereziki, "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren antolaketa eta funtzionamendua arautzeko.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

I. ERANSKINA

Helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren erregistro datuak

Ikastetxearen kodea: 31013136.

Titularra: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentua.

Helbidea: Zubiarte karrika, 13.

Herria: Uharte.

Udalerria: Uharte.

Izen generikoa: Helduak euskalduntzeko ikastegi publikoa.

Berariazko izena: Zubiarte euskaltegia.

Baimendutako irakaskuntza mota: Helduendakoa, arautu gabea.

II. ERANSKINA

"Zubiarte euskaltegia" Ikastegi Publikoari atxikitako irakasleak

ATXIKIPEN

15810408 AGORRETA ARANGOA, FCO. JAVIER Maisua Euskara

15842350 ARISTORENA OSTERIZ, M. LOURDES Maistra Euskara

15833775 AZCONA HUERCANOS, CORO Maistra Euskara

18191883 DELAS AIZCORBE, CARLOS Maisua Euskara

15844989 ECHEVERRIA SUESCUN, ANA MARIA Maistra Euskara

72661668 ERASO THETSCHEL, INES Maistra Euskara

16001280 GALARZA GABIRONDO, MARIANO Maisua Euskara

15830588 GASTON JIMENEZ, SONIA Maistra Euskara

15764189 IRAIZOZ URDANIZ, FERMIN Maisua Euskara

15832691 IRIGOYEN PATERNAIN, JOSE LUIS Maisua Euskara

18193855 LIZOAIN OSINAGA, CARLOS Maisua Euskara

45826855 MARTINEZ ARREGUI, JOSE JAVIER Maisua Euskara

15829710 MORENO IRIBAS, JOSEFINA Maistra Euskara

37280115 ORTEGA RODRIGO, JOSE LUIS Maisua Euskara

15783254 ORTIGOSA MIRAL, MARIA TERESA Maistra Euskara

15805135 QUINTANA LOPEZ-GOICOECHEA,

ADELAIDA Maistra Euskara

15929648 REMIRO MONTOYA, JOSE MARIA Maisua Euskara

15789362 REMIRO ULIBARRI, MARIA JESUS Maistra Euskara

15853254 REY BACAICOA, JUAN Maisua Euskara

16004446 SANZ BENITO, JOSE ANTONIO Maisua Euskara

15723194 TIRAPU FLORES, JAVIER Euskara

irakaslea Euskara

15740016 UHARTE OROTZ, PELLO Maisua Euskara

15835361 UNZU ZUAZU, JUANA MARIA Maistra Euskara

18203562 YECORA JIMENEZ, KEPA Maisua Euskara

15773855 ZABACO BIURRUN, NATIVIDAD Maistra Euskara

72662276 ZABALETA BUENO, JESUS LUIS Maisua Euskara

III. ERANSKINA

"Zubiarte euskaltegia" Ikastegi Publikoari atxikitako langile ez-irakasleak

NAN DEITURAK ETA IZENA LANPOSTU ZK. POSTUA

18201082 AZNAREZ DIAZ, MARIA TERESA 30842 Zerbitzu

orokorrak

15863283 UBANI IBARROLA, SUSANA 30843 Zerbitzu

orokorrak

29139190 USTARROZ RUIZ, JESUS MARIA 35609 Administrari

laguntzailea

Iragarkiaren kodea: a0206632