76. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

EBAZPENA, 2002ko maiatzaren 22koa, Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroako zuzendariak emana, enologoak prestatzeko lau bekaren deialdia egiten duena.

Maiatzaren 8ko 91/1985 Foru Dekretuak Laguntza Plan bat ezarri zuen Nafarroako ardoak hobetu eta egiteko, baita enologoak prestatzeko ere. Hori horrela eta Zentro honetako gastuen aurrekontuak "Bekak" izeneko kontusaila duela kontuan harturik,

EBATZI DUT:

1. 2002-2003 urteetako mahastigintza eta ardogintza kanpaina bitartean Enologiako teknikariak prestatzeko lau beka, gehienez, emateko lehiaketaren deialdia egitea. Lehiaketa ondoan adierazten diren arauek bideratuko dute.

2. Izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte: 30 urte baino gutxiago izan eta goi edo erdi mailako tituludunak edo Lanbide Heziketakoak. Horrez gain, enologiaren arloko ezagupenak dituztela frogatu beharko dute.

3. Bekadunak hilabetero 540,91 euroko soldata gordina eskuratuko du eta, horrez gain, Zentroaren ustean beharrezko diren joan-etorriek sortutako gastuen ordainketa eskuratzeko eskubidea ere izanen du.

Deialdi honetako beka batez baliatzen denak ez du beste zernahi ordainketa edo laguntzarik eskuratzen ahal.

4. Bekaren indarraldia 2002ko abuztuaren 1etik 2003ko uztailaren 31 artekoa izanen da. Bekak luzatu daitezke beste hamabi hilabetez, betiere Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroako zuzendariak hala eskatzen baldin badu.

5. Deialdiko bekak, Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, 15 egun naturaleko epean eskatzen ahal dira.

6. Eskabide egileek Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroan, Orbaibar kalea, 34, Erriberri, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide orria.

b) "Curriculum vitae-a", honakoak agertuko dituena: egindako ikasketak, gauzatutako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkiten hizkuntzak, enologiako ezagupenak eta egokitzat jotzen dituzten merezimendu guztiak.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, ikasturte bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioak aipatuz, eta espresuki zein deialditan gainditu ziren, eta bai, halaber, Ebazpen honen 2. artikuluan adierazten diren egiaztapenak.

d) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.

e) Jaiotze-agiria edo Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

7. Batzorde batek eginen du bekadunen hautaketa, eta haren kideak hauek izanen dira:

Batzordeburua: Julián Suberviola Ripa, Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroako Enologia Bulegoko arduraduna.

Ordezkoa: Faustino Aguirrezábal Bujanda, Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroako Mahastigintza Ataleko burua.

Idazkaria: Inmaculada Matías Angulo, Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroako Enologiako Laborategi Bulegoaren arduraduna.

Ordezkoa: Alejandra Ciría Angulo, Enologia Laborategiko kimikaria.

Batzordekidea: María Angeles Goicoechea Baztan, Enologiako laborategiko teknikaria.

Ordezkoa: María Carmen Serrano Busto, Enologia Laborategiko teknikaria.

8. Honelaxe lehenetsiko dira Enologiako titulu eta ikastaroak baloratzerakoan: Mahastigintza eta Enologiako goi mailako titulua, graduatu ondoko ikastaroa barne; Enologiako lizentzia; Mahastigintza eta Enologiako goi mailako titulua, graduatu ondoko ikastoroa barne; Lanbide Heziketako Mahastigintza eta Enologia espezialitatea; eta besterik.

Enologia ikertegietako egonaldiak, ardandegietako praktikaldiak, mahastigintzari eta enologiari buruzko zientzia lan eta argitalpenak, ikasketa espedientea, informatikako ezagupenak eta hizkuntzak ere baloratuko dira gehienetik gutxienera. Beste merezimendu hauek ere hartuko dira kontuan: kongresuetan parte hartu izana, gidatzeko baimena eta Batzordearen arabera beken xedeari lotutako beste edozein.

9. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, aurreko artikuluan aurreikusitako Batzordeak Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroako zuzendariari proposatuko dio, 15 eguneko epean, onartutako beken zerrenda, puntuazioaren araberakoa.

10. Bekak Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroako zuzendariaren Ebazpenen bidez emanen dira.

11. Bekadunak hamar eguneko epean, bekaz baliatzen hasten denetik aitzina, hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betikoz uko egiten diola ulertuko da.

12. Emandako bekari uko egiten bazaio, Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroako zuzendariari eman beharko zaio horren berri, hamar eguneko epean gehienez ere.

13. Bekadunek Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroako instalazioetan jardunen dute, edo egin beharreko lanak eskatzen duen tokietan, eta astean, gehienez ere, 30 ordu arituko dira. Bekadunek 30 egun naturaleko oporraldia izanen dute.

14. Beka eskuratzeak berarekin dakarzkie bekadunei betebehar hauek:

a) Laguntzez baliatzen den bitartean Erriberrin edo Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroak zehazten duen beste edozein herritan bizitzea.

b) Haien prestakuntza eta hobekuntza teknikoari begira, Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroak ezartzen dizkien lanak betetzea.

c) Batzordeak eskatzen dizkien eta prestakuntza jardueren jarraipenari dagozkion galdeketa guztiak onartzea.

d) Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroak proposatzen dien gai baten inguruan, Enologiari loturik, lan monografiko bat burutzea.

e) Prestatzen diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroarena izanen da eta hark bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

15. Bekadunak ez du ez lan harremanik ez administratiborik edota eskubiderik bereganatuko Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroarekiko.

16. Beken edota bekadunek egin beharreko gastu baimenduen ordainketa, indarra duen Gastu Aurrekontuaren "Bekak" izeneko 73000-4809-713100 kontusailaren kargura eginen da.

17. Ebazpen honen aurka bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea Nafarroako Gobernuan, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 113. artikuluan eta hurrengoetan eta Lege hori aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

18. Ebazpen hau igortzea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, argitara dezaten, bai eta Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroako Kontabilitate Zentrora ere.

Erriberrin, bi mila eta biko maiatzaren hogeita bian.-Zuzendaria, J. Joaquín Pejenaute Cervera.

Iragarkiaren kodea: A0206455