76. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

561/2002 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "Nafarroa etorbidea (Iruñeko Mendebaldeko saihesbidea) berritzeko II. fasea: Ermitagañako ingurubideko eta Arcadio Larraonako biribilguneak" izeneko proiektuari onespen teknikoa eman eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, Ebazpen honen eranskinean datorrena, jendaurrean jartzen duena.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak "Nafarroa etorbidea (Iruñeko Mendebaldeko saihesbidea) berritzeko II. fasea: Ermitagañako ingurubideko eta Arcadio Larraonako biribilguneak" izeneko proiektua aurkeztu du, onets dadin.

Nafarroako Gobernuak, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren bitartez, "Iruñeko sarbideak eta bide-sarea eraiki eta berritzeko hitzarmena" egin du Iruñeko Udalarekin 2002ko martxoaren 1ean. Hitzarmen horren xedeko jarduketetako bat dugu Nafarroa etorbidearen berrikuntza, Iruñeko Mendebaldeko saihesbidean.

Mendebaldeko saihesbide horri kutsu urbanoa emateko behar diren obrak sartzen dira proiektuan, gaur egun duen trafiko ahalmena gutxitu gabe, kontuan hartuta Iruñeko hirigintza planeamendua eta eskualdeko trafikoari buruzko azterlanak.

Bigarren fasean, Pio XII.a etorbidearen eta Sanduzelaiko biribilgunearen arteko tartea aldatuko da Nafarroa etorbidean; batez ere, bi biribilgune berri eginen dira -Ermitagañako ingurubidekoa eta Arcadio Larraonakoa-, eta guztiz aldatuko dira tarte horretako erdibitzaile eta espaloiak.

Ermitagañako ingurubidean, biribilgune itxi bat eraikiko da Nafarroa etorbidearekin bat egiten duen tokian, 23 m-ko barne diametroa eta 10 m-ko galtzada zirkularra dituela, aipatu etorbidea Mendebaldea eta Ermitagaña auzoekin lotzeko.

Lau sarrera ditu: Nafarroa etorbideko biak, Mendebaldera sartzekoa eta Ermitagañakoa, sarbideko galtzadetan aldaketa nabarmenik gabe.

Arcadio Larraonan, biribilgune itxi bat eraikiko da Nafarroa etorbidearekin bat egiten duen tokian, 28 m-ko barne diametroa eta 10,50 m-ko galtzada zirkularra dituela, aipatu etorbidea Mendebaldea eta Ermitagaña auzoekin lotzeko.

Lau sarrera ditu: Nafarroa etorbideko biak, Arcadio Larraonan sartzekoa eta Mendebaldekoa, sarbideko galtzaden zabaleran aldaketa nabarmenik gabe.

Aipatu biribilguneez gain, erabat aldatuko da erdibitzailea: oraingo itxitura kendu eta palaxu bikoitza ezarriko da, tartean hesi metaliko bat duela, metro bat altu.

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak egin txostenarekin eta proposamenarekin bat, eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7ko 3912/1999 Foru Aginduaren bitartez emandako eskurantzak erabiliz, Zuzendaritza Nagusi honek,

EBATZI DU:

1. "Nafarroa etorbidea (Iruñeko Mendebaldeko saihesbidea) berritzeko II. fasea: Ermitagañako ingurubideko eta Arcadio Larraonako biribilguneak" izeneko proiektuari onespen teknikoa ematea.

2. Proiektu hori, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera, jendaurrean jartzea 20 egun baliodunetan, edozeinek bidezkotzat jotzen dituen ohar edo alegazioak egin ditzan eta zerrendako okerrak, baldin badaude, zuzentzeko behar diren datuak idatzita eman ditzan. Horretarako, interesatuen eskura egonen dira lurzatien planoak Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko bulegoetan, baita Iruñeko Udalarenetan ere.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari eta Iruñeko Udalari (lurzatien planoen kopia bidaliko zaio), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren zazpian.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

E R A N S K I N A

Nafarroa etorbidea (Iruñeko mendebaldeko saihesbidea) berritzeko proiektua II. fasea: Ermitagañako ingurubideko eta Arcadio Larraonako biribilguneak. Ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehaztua

IRUÑEKO UDALERRIA

PA-6 Iruñeko Udala Udaletxeko plaza, 2. Iruña 34,00 3 935 Lurzorua

PA-7 Iruñeko herritarren komunitatea Nafarroa etorbidea, z.g. Iruña 22,00 3 951 Auzoberria

PA-8 Iruñeko Udala Udaletxeko plaza, 2. Iruña 22,00 3 1118 Lurzorua

PA-9 Iruñeko herritarren komunitatea Nafarroa etorbidea, z.g. Iruña 15,00 3 973 Lurzorua

Iragarkiaren kodea: A0206540