76. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

128/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 17koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoari buruzko irailaren 13ko 344/1999 Foru Dekretua aldatzen duena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoari buruzko irailaren 13ko 344/1999 Foru Dekretuko 8tik 13ra bitarteko artikuluetan, biak barne, eta xedapen gehigarrian Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzua antolatzen da. 8. artikulua azaroaren 12ko 322/2001 Foru Dekretuak hein batean aldatu du, Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusia sortzean.

Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren egitura organikoa 1992koa zen, urriaren 15eko 310/1992 Foru Dekretuaren bidez sortu baitzen.

Orduz geroztik pasa den denbora, legeetan gertaturiko aldaketak (adibidez, Administrazioarekiko Auziei buruzko Legean, Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoan eta Auziperatze Zibilari buruzko Legean) eta izaniko esperientzia direla eta, komeni da egitura hori bestela antolatzea, bere beharretara egokitu eta Zerbitzuaren funtzionamendua hobetzeko. Horregatik bidezko da beste bi Atal sortzea. Bata Afera Zibil eta Penalen Atala bitan banatzeagatik. Bestea Konstituzio Aferetarako. Administrazioarekiko Auzien, Lan Aferen, Afera Zibilen, Afera Penalen eta Konstituzio Aferen Ataletako burutzak aholkulari juridikoendako bakarrik gordeko dira.

Halaber, Administrazioarekiko Auzien Atalari espresuki Zerbitzuko zuzendariari lagundu eta hura ordezteko eginkizunak esleitzen zaizkio, baita aholkulariak ikuspegi tekniko eta juridikotik eta Zerbitzuaren kudeaketa administratiboarekin (beste Atal bat osatzen duenarekin) koordinatzekoak ere. Horrek, errealitatea hobeki adierazi ezezik, Zerbitzuari normaltasunez eta hobeki funtzionatzen lagundu ere egiten dio.

Bestaldetik, berrikuntza eta aldaketa txiki batzuk ere sartu behar dira. Izan ere, esperientzia ikusirik, Zerbitzuari esleituriko eginkizunak eta haren funtzionamendua argitu, erraztu eta hobetu asmo dira. Batetik, Nafarroako Gobernuak ekintza zibiletarako eta auziak jartzeko duen eskumena zehazten da. Bestetik, epaileen ebazpenen aurkako errekurtso arruntak zuzenean aurkeztuko dira, salbu eta Departamentuak edo dagokion erakundeak bestela jakinarazten badu. Errekurtso berezietan Departamentuak proposaturik aurkeztuko dira, lehenagoko betebeharrak erraztuz, arruntetan organo eskudunak kontrakoa erabaki behar baitzuen, eta bereziak Departamentuak aldez aurretik txostena egin eta organo eskudunak horren gainean ebazpena eman. Azkenik, babespen errekurtsoak, bidezko diren kasuetan, gutxi baitira, Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren arabera (gehienbat, Konstituzioko 24. artikuluan oinarriturik) zuzenean aurkeztuko dira, berehalaxe Departamentuari edo dagokion erakundeari jakinaraziz.

Azkenik, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoa sortzeko urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuko 4. eta 5. artikuluak espresuki indargabatzen dira. Izan ere, haien edukiak ez zuen jadanik ondoriorik, ondorengo arautegiak indarra hartu zuenetik.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ekainaren hamazazpiko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoari buruzko irailaren 13ko 344/1999 Foru Dekretuko 9, 10, 11 eta 12. artikuluak eta xedapen gehigarria aldatzen dira eta hari 12 bis eta 12 ter artikuluak gehitzen zaizkio. Idazketa hau izanen dute:

"9. artikulua. Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan ondoko atal hauek daude:

-Administrazioarekiko Auzien Atala.

-Lan Aferen Atala.

-Afera Zibilen Atala.

-Afera Penalen Atala.

-Konstituzio Aferen Atala.

-Kudeaketa Administratiboaren Atala.

Egitura hori ezartzen da aholkulari juridikoak Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren eskumeneko esparruetan bere dituen eginkizunak deusetan galarazi gabe, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariak esleituz gero."

"10. artikulua. Administrazioarekiko Auzien Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Zuzendariari bere eginkizunetan lagundu eta hura ordeztea eta aholkulari juridikoak ikuspegi tekniko eta juridikotik eta Zerbitzuko kudeaketa administratiboarekin koordinatzea.

-Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak ordezkatu eta defendatzea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan eta indarra duen arautegiak ezarrita dituen era eta kasuetan.

-Behar diren errekurtsoak paratzea, Foru Komunitatearen interesen kalterako diren Administrazioarekiko auzien ebazpenen kontra, Departamentu edo organo eskudunak espresuki adierazitako alderantzizko iritzirik ez baldin bada. Errekurtso berezien kasuan, gaiaren eskumena duen Departamentu edo erakundeak proposatu beharko du.

-Behar diren txostenak luzatzea eta Nafarroako Gobernuari ematea, interes orokorra dela-eta adostasun, elkar-aditze edo auzi-uzteak egitea komenigarritzat jotzen den kasuetan, espresuki adierazita aipatu auzi-uzte edo adostasun horiek zer arrazoirengatik komeni diren, eta zein diren elkar-aditzearen gorabehera eta zehaztasun guztiak.

-Administrazioarekiko auzien mailan, Foru Komunitateko Administrazioa edo haren erakunde autonomoak prozesu- kostuak ordaintzera beharturik gertatzen direnean, ordainketari dagozkion espedienteak tramitatzea.

-Departamentuei eta erakunde autonomoei aholku juridikoa ematea administrazioarekiko auzietan, haien eskumenekoak diren ebazpenak betearazteari dagozkionetan."

"11. artikulua. Lan Aferen Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak ordezkatu eta defendatzea, lan auzien mailan, indarra duen arautegiak ezarrita dituen era eta kasuetan.

-Behar diren errekurtsoak paratzea, Foru Komunitatearen interesen kalterako diren lan auzien mailako ebazpenen kontra, Departamentu edo organo eskudunak espresuki adierazitako alderantzizko iritzirik ez baldin bada. Kasazio, doktrina bateratzeko kasazio eta berrikusteko errekurtsoen kasuan, gaiaren eskumena duen Departamentu edo erakundeak proposatu beharko du.

-Behar diren txostenak luzatzea eta Nafarroako Gobernuari ematea, interes orokorra dela-eta adostasun, elkar-aditze edo auzi-uzteak egitea komenigarritzat jotzen den kasuetan, espresuki adierazita aipatu auzi-uzte edo adostasun horiek zer arrazoirengatik komeni diren, eta zein diren elkar-aditzearen gorabehera eta zehaztasun guztiak.

-Lan auzien mailan, Foru Komunitateko Administrazioa edo haren erakunde autonomoak prozesu-kostuak ordaintzera beharturik gertatzen direnean, ordainketari dagozkion espedienteak prestatzea.

-Departamentuei eta haren erakunde autonomoei aholku juridikoa ematea lan auzietan, haien eskumenekoak diren ebazpenak betearazteari dagozkionetan."

"12 artikulua. Afera Zibilen Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak ordezkatu eta defendatzea, afera zibilen mailan, indarra duen arautegiak ezarrita dituen era eta kasuetan. Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuak jardun ahal izateko, aldez aurretik Nafarroako Gobernuak edo erekunde autonomoko organo eskudunak baimena eman beharko du.

-Bidezko diren errekurtsoak paratzea, Foru Komunitateko Administrazioaren interesen kalterako diren afera zibilen mailetako ebazpenen kontra, Departamentu edo organo eskudunak espresuki adierazitako alderantzizko iritzirik ez baldin bada. Errekurtso berezien kasuan, gaiaren eskumena duen Departamentu edo erakundeak proposatu beharko du.

-Behar diren txostenak luzatzea eta Nafarroako Gobernuari ematea, interes orokorra dela-eta adostasun, elkar-aditze edo auzi-uzteak egitea komenigarritzat jotzen den kasuetan, espresuki adierazita aipatu auzi-uzte edo adostasun horiek zer arrazoirengatik komeni diren, eta zein diren elkar-aditzearen gorabehera eta zehaztasun guztiak.

-Afera zibilen mailetan, Foru Komunitateko Administrazioa edo haren erakunde autonomoak prozesu- kostuak ordaintzera beharturik gertatzen direnean, ordainketari dagozkion espedienteak prestatzea.

-Departamentuei eta erakunde autonomoei aholku juridikoak ematea afera zibiletan, haien eskumenekoak diren ebazpenak betearazteari dagozkionetan."

"12 artikulua, bis. Afera Penalen Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak ordezkatu eta defendatzea, afera penalen mailan, indarra duen arautegiak ezarrita dituen era eta kasuetan.

Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuak auziak aurkeztu ahal izateko, aldez aurretik Nafarroako Gobernuak baimena eman beharko du.

Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko erabakirik baldin bada, epaiketetan Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko agintari, funtzionari eta langileen defentsa hartzen ahal du bere gain, haien prozesu egoera edozein delarik, prozedurak karguarekin zerikusirik duten egintza edo ez-egiteen ondorioz hasi direnean.

-Bidezko diren errekurtsoak paratzea, Foru Komunitateko Administrazioaren interesen kalterako diren afera penalen mailetako ebazpenen kontra, Departamentu edo organo eskudunak espresuki adierazitako alderantzizko iritzirik ez baldin bada. Errekurtso berezien kasuan, gaiaren eskumena duen Departamentu edo erakundeak proposatu beharko du.

-Behar diren txostenak luzatzea eta Nafarroako Gobernuari ematea, interes orokorra dela-eta adostasun, elkar-aditze edo auzi-uzteak egitea komenigarritzat jotzen den kasuetan, espresuki adierazita aipatu auzi-uzte edo adostasun horiek zer arrazoirengatik komeni diren, eta zein diren elkar-aditzearen gorabehera eta zehaztasun guztiak.

-Afera penalen mailetan, Foru Komunitateko Administrazioa edo haren erakunde autonomoak prozesu- kostuak ordaintzera beharturik gertatzen direnean, ordainketari dagozkion espedienteak prestatzea.

-Departamentuei eta erakunde autonomoei aholku juridikoak ematea afera penaletan, haien eskumenekoak diren ebazpenak betearazteari dagozkionetan."

"12 artikulua, ter. Konstituzio Aferen Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak ordezkatu eta defendatzea, Konstituzio Auzitegian, indarra duen arautegiak ezarrita dituen era eta kasuetan.

-Konstituzio kontrakotasuneko errekurtsoak eta eskumen liskarrak aurkeztu eta horietan agertu eta jardutea. Horretarako, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuak baimena eman beharko du.

-Bidezko diren babespen errekurtsoak aurkeztea, gaiaren eskumena duen Departamentu edo erakundeari berehalaxe jakinaraziz.

-Departamentuei eta erakunde autonomoei aholku juridikoak ematea Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak betearazteari dagozkionetan."

"XEDAPEN GEHIGARRIA

Administrazioarekiko Auzien, Lan Aferen, Afera Zibilen, Afera Penalen eta Konstituzio Aferen Ataletako burutzak aholkulari juridikoendako bakarrik gordeko dira."

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira Foru Dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arau guztiak, eta bereziki urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuko 4 eta 5. artikuluak.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamazazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0206952