74. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

106/2002 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko garraiorako laguntzen 2002-2003 ikasturterako deialdia eta zerbitzu horren Hitzarmena onesten dituena.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituen unibertsitateko garraiorako laguntzak egoitza Nafarroan -Iruñerritik kanpo- duten unibertsitateko ikasleentzat dira, egunero etxetik Nafarroako unibertsitateetara edo Nafarroako goi mailako beste ikastetxe baimendu batzuetara joaten direnentzat, hain zuzen.

Bi laguntza mota eskaintzen dira:

.Antolamendurako laguntzak, garraio zerbitzuaren baldintzak hobetzeko.

.Laguntza ekonomikoak: zerbitzuaren kostua txikitzeko eta zerbitzuaren kostua finantzatzen laguntzeko.

Eskaerak aurkezteko azken eguna: urriaren 15a.

Garraio zerbitzuaren hasiera: irailaren 30a.

Argibideak:

Unibertsitateko garraioaren inguruko informazioa jasotzeko Hezkuntza Departamentuko Argibide Bulegora jo behar da (Santo Domingo aldapa, z.g., Tel.: 948 426516 edo 426616) edo, bestela, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegora (Navarreria kalea, 39, 2. solairua, 31001, Iruña, Tel.: 948 421952). Posta elektronikoa ere erabil daiteke: mazconas@cfnavarra.es

ANTOLAMENDUKO ARAUAK

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak 2002-2003 ikasturterako antolatu duen unibertsitateko garraioa honako arau hauek zuzenduko dute:

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da egoitza Nafarroan -Iruñerritik kanpo- duten unibertsitateko ikasleek egunero ikastokiraino egin behar duten bidaia erraztea eta zerbitzu horren kostua jaistea. Halaber, ez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren Beka eta Laguntzen Deialdiaren bidez ez eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministeriokoaren bidez ere garraiorako bekarik lortu ez duten ikasleen garraio gastuak finantzatzen lagundu nahi du.

Hauek dira lortu nahi dituen helburu zehatzak:

-Eskoletara joateko bidea emanen duen zerbitzua eskaintzea.

-Garraio publikoan toki bat bermatzea.

-Eskolak bukatutakoan ohiko bizilekura itzultzeko aukera ematea.

-Zerbitzu hori unibertsitateko zentroetara hurbiltzea, goizean goiz eta arrats partean.

-Garraioaren kostua jaistea, leihatilan baimenduriko prezioaren gainean hobariak eskainiz.

-Nafar ikasleek unibertsitatera joateko dituzten garraio gastuak finantzatzen laguntzea.

Deialdi honen ondorioetarako egun hauek hartuko dira kontuan: 2002ko irailaren 30aren eta 2003ko ekainaren 30aren arteko aldia, bazter utzirik eskolarik gabeko egunak eta oporraldiak.

2. Ikasketak.

Laguntzak jaso ditzakete, unibertsitateko zentro ofizialek edo Nafarroako Gobernuak baimenduek ematen dituzten ikasketa hauek egiten ari diren Nafarroako ikasleek:

-Diplomaduna.

-Arkitekto teknikoa.

-Ingeniari teknikoa.

-Lizentziatua.

-Arkitektoa.

-Ingeniaria.

-Hirugarren Zikloko ikasketak.

3. Ikasketak non egin behar diren.

Nafarroan kokaturik dauden ikastetxe hauetariko batean:

-Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

-Nafarroako Unibertsitatea.

-Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala.

-Nafarroako Gobernuak baimendutako unibertsitate zentroak.

4. Ezaugarriak.

Deialdi honetako laguntzak bi motatakoak izan daitezke:

a) Antolamendu mailakoak: Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak garraio enpresekin hitzarmena eginen du, unibertsitario nafarren beharren araberako zerbitzua eman dezaten, deialdi honen baldintzak betetzen diren tokietan.

b) Laguntza ekonomikoak:

-Urteko bidai txartelaren prezio baimenduaren gainean % 10eko deskontua eskaintzea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren laguntzaren ondorioetarako.

-Garraioaren kostua finantzatzen laguntzea, bi bide hauetariko bat erabiliz:

-Unibertsitateko garraioaren karneta.

-Unibertsitateko garraiorako laguntzaren kredentziala.

Era horretan, Nafarroako Gobernuaren laguntza, Unibertsitatera dagoen distantziaren arabera, garraioaren kostu errealaren % 64tik % 76ra bitartekoa izan daiteke.

5. Laguntzak eskatzeko beharkizunak:

Deialdi honetan parte hartzeko, ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Famili egoitza Iruñetik eta Iruñerritik kanpo izatea eta, hortaz, ikastokira joateko egunero garraio beharra izatea eta eskualdeko garraiorik ez izatea.

b) Deialdi honetako 3. arauan adierazitako ikastetxeetan aritzea.

c) Izena ematen dutenean, aurreikusita dauden bi laguntza mota horien artean bat aukeratzea, hau da:

-Unibertsitateko garraioaren karneta.

-Unibertsitateko garraiorako laguntzaren kredentziala.

6. Unibertsitateko garraioaren karneta.

Eskola egun gehien-gehienetan bidaia egiten duten ikasleei zuzendurik dago, bidaia gehienak unibertsitateko garraio zerbitzuak erabiliz egiten badituzte, betiere.

Unibertsitateko garraioaren karneta titularrak bakarrik erabiliko du. Titularrari eskubidea ematen dio 2002-2003 ikasturteko eskola egunetan, astelehenetik ostiralera, joan-etorriko bidaia bat egiteko plaza izateko, linea jakin bateko unibertsitateko garraiorako hitzartzen diren zerbitzuetan. Eserlekua erreserbaturik izanen du enpresek unibertsitateko ikasleentzat antolatzen dituzten garraio berezietako goizeko lehen bidaian eta, itzulirako, arratsaldeko azkenekoan.

Aurretik leihatilan txartela erosi behar izan gabe, autobus zerbitzu erregularrak dituen geltokietan bere famili bizilekutik hurbilen dagoenean igo ahalko da, eta lehentasunezko eskubidea izanen du Iruñera goizeko 8:00ak baino lehen iristen den autobusean eta Iruñetik 20:30ean ateratzen denean. Bi autobus zerbitzu horiek unibertsitateen ingurura hurbilduko dira.

Deialdi honen helburu nagusia ikasleak goizeko klaseetara garaiz iristea da. Hortaz, enpresak konpromisoa hartzen du behar adina autobus paratzeko eta unibertsitario guztiendako ordu egokian gainera. Unibertsitarioek, berriz, antolamendu horretarako erraztasunak emanen dituzte, eskabidean adieraziz enpresek paratutako autobusak normalean zer ordutan hartuko dituzten eta emandako hitza betez. Baldintza hori betez gero bakarrik eska diezaioke ikasleak enpresari klasera garaiz ez iristeagatik izan lezakeen erantzunkizuna.

Ikasketak direla-eta unibertsitateko garraioa larunbatetan erabili behar dutenek eskabidea betetzean adierazi behar dute. Horrelakoetan, erabiltzaileak eskola ordutegi hori frogatu beharko du Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoan. Unibertsitatearen edo goi mailako ikastokiaren egiaztapena ere eska daiteke. Onuradunek txartelak ordaindu eta bidali behar dituzte, hiruhilekoen buruan, Goi mailako Irakaskuntzaren Bulegora, zeinak erabakiko duen bakoitzari dagokiona itzultzea (txartelen kostu osoaren % 70).

Autobusera igotzeko nahitaezkoa izanen da unibertsitateko garraioaren karneta eta eskola-egunen liburuxka erakustea. Bertan honako datuok agertuko dira:

-Titularraren argazkia.

-Nortasun datuak.

-Helbidea eta herria.

-Autobusa non hartzen duen.

-Garraio enpresa.

-Unibertsitatea edo ikasketa zentroa.

-Ikasketak eta ikasmaila.

Unibertsitateko karnetaren onuradunek diru kopuru finko bat ordaindu beharko diote Foru Ogasunari, eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak ordainduko die enpresei, zuzenean, 2002-2003 ikasturteko garraioaren kontratazioaren prezio osoa.

Karneta eta/edo bidaien frogagiria ahaztu edo galtzeagatik ikasle onuradunek txartela ordaindu behar badute, Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegora igorriko dute txartel hori, behar den oharra erantsirik, Administrazioak ordain diezaien. Horrelakoetan, hilean behin enpresari ordaintzen zaionetik kenduko da aipatu zenbatekoa.

7. Unibertsitateko garraiorako kredentziala.

Hasiera batean, egunero-egunero ikastokira joan beharrik ez duten ikasleei zuzendurik dago.

Unibertsitateko garraiorako kredentzialak eskubidea ematen dio titularrari 2002-2003 ikasturteko eskola egunetan, astelehenetik ostiralera, astero joan-etorriko lau bidaia egiteko gehienez, unibertsitateko garraiorako hitzartzen diren zerbitzuetan edo bidaiarientzako linea erregularren beste zerbitzu publiko batean.

Kredentziala aipatu eskubidearen aitorpena da Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren eta garraio enpresen aitzinean, eta ez da agiririk aurkeztu behar, onuradunak leihatilan ordaindu beharko baitu garraioaren prezioa gainerako bidaiariek bezala eta, deialdi honetan xedatutakoaren arabera, ondoren eskubidea izanen du eginiko gastuaren zati bat Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak itzul diezaion.

Garraio karneta eskatu bai, baina 25 eskaera baino gutxiago izanik, karnetik lortu ez duten ikasleak garraiorako kredentzialaren onuradun izan daitezke, eskaera aurkezten dutenean hori adierazi badute. Horrelako kasuetan, autobusa asteko bost egunetan erabili ahalko dute.

Karnetaren onuradun diren ikasleen kasuan bezala, modalitate horretan sartzen direnek zerbitzua larunbatetan erabiltzen ahal dute, haientzat ezarritako baldintza berdinetan.

8. Garraio lineak.

Unibertsitateko garraioaren antolamenduak Nafarroako eskualdeetan dauden bidaiarien garraio lineak ditu oinarri.

Horretarako, behin-behineko linea eta ibilbide hauek ezarri dira eta bakoitzean bidaiariak hartzeko tarteak zehaztu:

L I N E A HARTZEKO TOKIA

Altsasu Ziordia-Irurtzun

Agoitz Irunberri-Urrotz

Baztan Erratzu-Olague

Lizarra Lizarra-Legarda

Erriberri Erriberri-Tafalla

San Adrian San Adrian-Martzilla

Zangoza Galipentzu-Elo

Tutera Tutera-Caparroso

Bera Bera/Olague

Jendea hartzeko geltokiak eta baimendurik dauden ordutegi eta prezioak linea erregularretarako ezarritako berberak izanen dira.

9. Enpresekin egindako hitzarmena.

Unibertsitateko garraioa antolatu eta, beraz, Nafarroako bidaiarien garraio enpresekin hitzarmena sinatuko da, betiere linea erregularren ibilbide berbera egiteko, gutxienez 25 karnet eskaera aurkezten badira eta dagokion kontratua sinatzeko adostasuna lortzen bada.

Antolatzen diren ibilbide guztien jomuga Iruña izanen da eta abiapuntua kasuan kasuko linea erregularrak duen berbera.

Garraiobidea hartu ahalko da linea erregularrak finkatuta dituen geltokietako edozeinetan, kasuan-kasuan zehaztu diren tarteetan betiere.

Gutxienez ere 25 eskaera egiten ez badira, ezin izanen da hitzarmenik sinatu linea horretarako eta, hortaz, ez da garraio karnetik luzatuko. Dena den, ikasle horiek garraio linea hori erabili ahalko dute, gainerako bidaiariek bezala, enpresak finkatutako ohiko zerbitzuetan, garraiorako kredentzialaren onurez baliatuz, edo, besterik gabe, unibertsitarioak ez diren gainerako erabiltzaileendako baldintzetan.

Garraio enpresek konpromisoa hartzen dute garraio karneta duten unibertsitarioak adierazitako geltokietan hartzeko, lehenbiziko klasea hasi baino lehen Iruñean egon daitezen, eta betiere goizeko 8:00ak baino lehen, eta euren herrietara 20:30ean itzul daitezen. Iruñera etortzeko lehen zerbitzuan eta arratsaldean ateratzeko azken zerbitzuan, autobusa unibertsitateen ondoan dauden ohiko tokietan geldituko da.

Enpresek zerbitzu berezi hau antolatu ahal izan dezaten, unibertsitarioak haiek laguntzera beharturik daude. Horretarako, eskabidean adierazitako goizeko lehen zerbitzua erabiliko dute, eta enpresak beraientzako espresuki paratutako autobusak hartu.

Autobusetan ikasle guztiendako tokia izanen da, bai joanean bai etorreran, eta, hortaz, ezin izanen da ikaslerik utzi zerbitzurik gabe.

Iruñera doan lehenbiziko zerbitzuan eta itzultzeko arratsaldeko azkenekoan, autobusak unibertsitateetatik hurbil geldituko dira, ohiko geltokietan. Tokia erreserbatuko da bakar-bakarrik egunaren hasiera eta bukaerako bi zerbitzuotarako. Garraio zerbitzuko gainerako orduetan, deialdi honen onuradunek zerbitzu publikoaren gainerako bidaiarien eskubide berdinak izanen dituzte.

Bidaiarien derrigorrezko asegurua eta aseguru osagarria garraio enpresaren kontura izanen dira eta, hortaz, huraxe izanen da kontratatzen den zerbitzuaren ondorioz gerta litezkeen kalteen erantzule zibil bakarra, dela zuzenean, dela subsidiarioki.

Ikasturtea hasita, komenigarria ikusten bada joan-etorrietako derrigorrezko zerbitzuen ordutegia aldatzea, aldaketa egin ahalko da, aldez aurretik Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuari jakinarazten baldin bazaio. Halaber, adjudikazio-hartzaileak baimena eska diezaioke Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari lineen ordutegietan behar diren aldaketak egiteko, unibertsitarioendako ezarrita dauden ordutegiei egokitzearren.

10. Laguntza motak eta zenbatekoa.

a) Karnetaren modalitatea hautatzen duten ikasleek 255 euro ordaindu beharko dituzte aldez aurretik Nafarroako Foru Ogasunean, astelehenetik ostirala arteko zerbitzua eskura izateagatik, zerbitzu hori zein egunetan erabiliko duten kontuan hartu gabe.

Horrenbestez, laguntza honen zenbatekoa honela kalkulatuko da: ikaslearen herritik abiatuta eguneroko txartelak duen kostu erreala bider ikasturteko eskola egunen kopurua, ken goian aipatu dugun zenbatekoa.

b) Unibertsitateko garraiorako kredentzialaren modalitatea hautatzen duten ikasleek egunero ordaindu beharko dute txarteldegian bidai txartelaren prezioa, eta hiru hilabetetik Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak dagokien dirua itzuliko die, agiri honen 16. arauan ezartzen denaren arabera.

Modalitate honetako kostu erreala, ikasturte osorako, hauxe izanen da:

-192 euro, astelehenetik ostiralera bitarteko zerbitzua, astean gehienez ere lau egunetan erabiltzeko, zerbitzu hori zein egunetan erabiliko duten kontuan hartu gabe.

-255 euro, unibertsitateko karneta eskatu eta, nahikoa eskaera ez izategatik, lortu ez duten ikasleentzat; zerbitzua astelehenetik ostiralera, astean bost egunez, zerbitzu hori zein egunetan erabiliko duten kontuan hartu gabe.

Horrenbestez, laguntzaren zenbatekoa honakoa izanen da: herritik etortzeko eguneko bidai txartelaren prezioa bider baimenduriko/justifikaturiko egunen kopurua, ken goian adierazitako kopurua.

Laguntzen finantzazioa eginen da 2001etik 2002ra luzatutako aurrekontuko "Nafarroako goi mailako ikastetxeetarako eskola garraioa" izeneko 441000-43100- 4800-422403 kontusailaren kargura; halaber, 2003ko ekitaldirako gaitzen den kontusailaren kargura.

11. Aurkeztu beharreko agiriak.

Interesatuek deialdi honen eranskinean ageri den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, hots, "Laguntzaren karnet edo kredentzialaren eskaera" izenekoa. Eskabide hori honako tokietako argibide zerbitzuetan har daiteke: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko Iruñeko zentro elkartua eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentua, bai eta Bigarren Hezkuntzako institutuetan ere. Horrekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Karnetaren eskabidean:

-Eskatzailearen bi argazki, karnet neurrikoak (atzean izen-deiturak jarri behar dira).

-Udalak luzaturiko oraingo erroldatze agiria.

-Karnetaren zenbatekoa 2054/0000/46/910124955.6 (Nafarroako Aurrezki Kutxako bulego nagusia) kontu zenbakian ordaindu izanaren egiaztagiria.

-2002-2003 ikasturteko matrikularen fotokopia, lortu bezain azkar.

b) Kredentzialaren eskabidean:

-Eskatzailearen argazki bat, karnet neurrikoa (atzean izen-deiturak jarri behar dira).

-Udalak luzaturiko erroldatze agiria.

-2002-2003 ikasturteko matrikularen fotokopia, lortu bezain azkar.

12. Aurkezteko tokia eta epea.

Eskabidea, gainerako agiriekin batean, urriaren 15eko 14:30a baino lehen aurkeztu beharko da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipatu bulegoetakoren batean.

Epe hori luzaezina da; beraz, eskabidea epe hura bukatu baino lehen aurkeztu beharko da nahiz eta 2002/2003ko ikasturteko matrikularen agiria eskura ez izan (agiri hori gero aurkeztu ahal izanen da).

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 1992ko azaroaren 26ko Legearen 76. artikuluan xedatutakoarekin bat, eskabidea behar bezala aurkezten ez bada, dela gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, eskatzaileari egindako akatsen berri emanen zaio, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzendu ditzan. Zuzentzen ez baditu, eskaera artxibatu eginen da, besterik gabe.

13. Eskaeren tramitazioa.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak, berehalakoan, eskabideen kopurua eta ezaugarriak aztertuko ditu, garraio enpresekin hitzarmena sinatzearen ondorioetarako.

Deialdi honetako 8. arauan ezarritako linearen baterako edo, bidaiarien garraiorako Nafarroan dagoen beste linea erregularren baterako, 25 eskaera edo gehiago aurkezten badira, enpresa kontzesio-hartzailearekin behar diren kudeaketak eginen dira, dagokion hitzarmena sinatu, garraio karnetak prestatu eta interesatuei emateko.

Enpresa horiekin hitzarmena sinatzeko gutxieneko kopuru horretara iristen ez bada, aldiz, karneta eskatzearekin batera ordaindutako dirua itzuliko du Zerbitzuak. Ondoren eskaera bertan behera utziko da edo laguntzaren kredentziala emanen zaio eskatzaileari, eskabidean hautatutakoaren arabera.

Eskatzaileak kredentziala aukeratu badu, modalitate horretako onuradunekin bezala jokatuko da berarekin eta karneta eskatzeko ordaindu zuen diru kopurua itzuliko zaio; kasu honetan, asteko egun guztietan bidaia egiteko eskubidea izanen dute, astelehenetik ostiralera.

Laguntzaren kredentziala lehenbiziko aldiz eskuratzen duten ikasleek Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko dute "Transferentzia bidezko ordainketaren eskaera orria", behar bezala betea, lehenbiziko hiruhileko txartelekin batera. Eskaera orri hori Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoan jaso daiteke.

14. Laguntzak emateko ardura duen organoaren osaketa.

Ebazpen proposamena egiteko ardura duen organoan ondoko hauek egonen dira:

-Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia.

-Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

-Goi Mailako Irakaskuntzaren atalburua.

-Goi Mailako Irakaskuntzaren bulegoburua.

15. Ebazpena.

Laguntzak Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez emanen dira, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak eman beharreko txostena harturik.

Laguntza horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuko iragarki oholean argitaratuko dira eta zerrendak unibertsitate eta ikastetxe interesatuetara igorriko, ikasleei jakitera eman diezaieten; era berean, igorriko dira Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Ikasketetarako Laguntzen eta Beken Zuzendariordetza Nagusira. Ukatu diren laguntzen berri interesatuei idatziz emanen zaie.

16. Dirulaguntzen eta garraio gastuen ordainketa.

Laguntzen eta gainerako garraio gastuen ordainketa deialdi honetako arauak onesten dituen Ebazpen honetan xedatutakoari jarraikiz eginen da, Unibertsitateko Irakaskuntza Zerbitzuaren txostena jaso eta honako ziurtagiriak aurkeztu ondoren:

-Unibertsitateko garraiorako laguntzaren kredentziala ateratzen dutenei, hiruhileko bakoitza bukatutakoan, ezarrita dauden arauei jarraikiz egindako bidaien autobus- txartelak, egun eta hilabeteen arabera ordenatuak, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuan aurkeztuta (Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoan).

Kredentzialei dagozkien lehen 192 edo 255 euroen justifikazioa, onuradunen kredentzialeko eskubidea ordaintzeko izanen dira. Zenbateko horietatik aurrera, onuradunek astelehenetik ostiralera bitartean egiten dituzten bidaiei dagozkien diru kopuruak, oso-osorik itzuliko zaizkie onuradunei. Bidaiak, behar bezala justifikatu beharko dira.

-Garraio karneta duten ikasleendako zerbitzua egin duten garraio enpresei ordainduko zaie hilean behin, enpresak bederatzi hilabeteetako bakoitzean egindako zerbitzuari dagokion faktura aurkeztu ondoren.

17. Onuradunen betebeharrak.

2002-2003 ikasturterako, unibertsitateko garraio karneta edo garraiorako kredentziala eskatzen badu, eskatzaileak arau hauek guztiak ezagutu eta onartu beharko ditu.

Onuradunak unibertsitateko garraioaren antolaketa eta funtzionamendu egokirako Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak ematen dituen jarraibideei men egin beharko die.

Autobusera igotzeko nahitaezkoa izanen da gidariari karneta eta eskola egunen liburuxka erakustea.

Halaber, laguntzen onuraduna behartuta dago Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoari jakitera ematera laguntza errefusatzen duela, arau hauen arabera laguntzaren bateraezintasuna dakarkion egoeraren bat baldin badu.

Onuradunak deialdi honetako baldintzaren bat betetzen ez badu, dokumentazioa faltsutzen badu, bidezko ez den autobus-txartelen bat aurkezten badu edo matrikulatu ondoren agiria aurkezten ez badu, karnet edo kredentzial horri baja emanen zaio berehalakoan eta itzuli beharko du. Gainera, emandako laguntza galduko du eta horren bidez eskuraturiko dirua itzuli beharko dio Gobernuari, deusetan galarazi gabe legozkiokeen lege-egintzak eta zehapenak. Diru kopuru horiek dirusarrera publikotzat hartuko dira, lege ondorio guztietarako.

Unibertsitateko garraio karneta edo kredentziala emandakoan, hura ukatu edo itzultzen baldin bada, Administrazioak ez du inolako diru konpentsaziorik emanen, salbu eta ezinbesteko kasuetan, behar bezala egiaztatzen bada eta betiere Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzua ados badago.

18. Bateraezintasunak.

Unibertsitateko garraio laguntzak bateraezinak dira izaera bereko laguntzekin, baita egoitza laguntzekin ere, jakina, Nafarroako edo Espainiako edozein erakunde publikok zein pribatuk emanak badira.

Beraz, ez dute bide bererako laguntzarik eskuratuko Hezkuntza eta Kultura Deparmentuko Beken Deialdi Orokorretik, deialdi honen bidez lortu dituztenek.

19. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27 eta 28. artikuluetan ezarritakoari lotuko zaio.

Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa izanen da.

20. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta bere aplikazio oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, aurkatutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epearen barrenean.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hogeita zazpian.-Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

UNIBERTSITATEKO GARRAIORAKO LAGUNTZAK 2002-2003 IKASTURTEA

Agiri edo laguntza txartelerako eskaera

......................... J/A, N.A.N.: .............., helbidea: ............. kalea, zk.: ......., solairua: ........ telefonoa: .........., P.K.: ........., herria: ............

2002-2003 ikasturteko datu akademikoak

Unibertsitatea

Fakultatea

Tituluak

Matrikula zein ikasmailatan

ESKATZEN DU:

a) Unibertsitate garraioko agiria f

b) Laguntza txartela f

Zein autobus lineatarako

Autobusa zein herritan hartuko duen

Zenbat egun (astelehenetik ostiralera)

Herritik ateratzeko ordua

Herrira itzultzeko ordua

Ikasketak direla eta, zerbitzua larunbatetan erabili behar du? f BAI EZ f

Agiria eskatu badu eta linea horretan 25 eskaera ez badira jasotzen, ondoko hau hautatzen du:

f Eskaera bertan behera uztea.

f Laguntza txartela aitortu dakion

Zenbatekoak itzultzeko, ordaintzeko, etab., ondoko kontuan sartu:

Bankua edo Aurrezki Kutxa

Bulegoa

Kontrola

Kontuaren zenbakia

Unibertsitate garraioaren gainean 2002-2003 ikasturterako agintzen duten arauak ezagutu eta onartzen dituela aitortzen du.

Data eta sinadura

Erantsi diren agiriak:

-2 argazki (agirikoak).

-Erroldatze ziurtagiria.

-Agiria eskatzen bada, Nafarroako Kutxaren 2054/0000/ 46/910124955.6 zenbakiko kontuan dirusarrera (255 euro) egin izanaren egiaztagiria.

-2002-2003ko matrikularen fotokopia.

UNIBERTSITATEETARAKO ETA HIZKUNTZA POLITIKARAKO ZUZENDARI NAGUSIA.

Iragarkiaren kodea: a0206111