72. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 14a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E R I T Z E G O I T I

Urez hornitzeko zerbitzua eta hura emateko tasak arautzen dituen ordenantza

Kontzejuak, 2002ko apirilaren 14ko bilkuran hasiera batez onetsi zuen ordenantza hori. Ondoren, 2002ko 53. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 1ekoan, argitaratu zen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta jendaurreko epea alegaziorik gabe igaro denez, osorik ematen da argitara. Hona hemen:

Urez hornitzeko zerbitzua eta hura emateko tasak arautzen dituen ordenantza

Funtsa

1. artikulua. Ordenantza hau 4/1999 Foru Legearen bidez aldatutako Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 100. eta hurrengo artikuluetan xedaturikoaren babesean ematen da.

Zergagaia

2. art. Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eskura izan eta hura erabiltzea dira zergagaiak.

Salbuespenak

3. art. Ez dute hartune-kuotarik ordainduko, bai ordea kontsumoarena, gaur egun hirigunean kokaturik egonagatik handik kanpora ezartzen diren abeltegiek.

Subjektu pasiboak

4. art. Pertsona fisiko eta juridikoak, eta unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat osatzen duten entitateak - pertsonalitate juridikorik ez dutenak- dira tasa honen subjektu pasiboak, zergadunak diren aldetik, etxeetan edateko uraz hornitzeko zerbitzua eskatzen badute edo zerbitzu horren onuradun badira.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei kobratzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

Tarifak

5. art. Zerbitzu hori emateko tarifak urtero igorriko dira, kontzeptu hauengatik:

a) Etxeetan eta industrian erabiltzeko horniduragatik:

1.-Urteko kuota finkoa: 30 euro, BEZa barne.

2.-Uztailetik urrira, biak barne, hilean gehienez ere 30 metro kubiko: kuotarik ez.

3.-Uztailetik urrira, biak barne, hilean 31 metro kubikotik gora: kopuru horretatik gora gastatutako metro kubiko bakoitzeko 6 euro.

b) Instalazioa eta hartunea paratzeagatik eta alta emateagatik, bai etxean bai industrian erabiltzeko: 1.803 euro.

3.-Abeltegiek, titularrak herrian bizi badira, bai eta horien etxebizitzek ere, likidatzerakoan, unitate bakar gisa kontatutako dute.

Likidatu beharreko kuota

6. art. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluan aipatzen diren tarifak aplikatzetik ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena

7. art. Tasa eta, beraz, pagatu beharra sortzen da:

a) Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotura ezartzen denetik hasita.

b) Kontsumoagatik, hori egiten denetik hasita.

c) Hartuneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena onartzen denean sortu eta ordainaraziko da.

Kudeatzeko arauak

8. art. Kontagailua erosteko gastuak sarearekiko lotura edo hornidura eskatzen duenaren bizkar izanen dira, baita paratu eta hornitzeko behar diren materialak eta lan- eskua ere.

9. art. Ur hornidura eteten ahalko zaio, badaezpada ere, barneko instalazioa matxuraturik daukan hartune baten titularrari, matxura horiek ura galarazten badute.

10. art. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

11. art. Erabiltzaileek berehala jakinaraziko dizkiote toki entitateari ura banatzeko sare orokorrean matxuraren bat gertatzean izan litezkeen gorabehera guztiak.

12. art. Erabiltzaileari dagokio arduratzea kontagailua eta ura sartzeko giltza dauden tokia behar bezala zaintzeaz eta toki entitateak ematen dizkion jarraibideak betetzeaz.

13. art. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo beste zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

Diru-bilketa

14. art. 1. 5. artikuluko a) atalean aurreikusitako ordainarazpenak urtean behin pagatuko dira.

2. Artikulu bereko d) atalean aurreikusten den ordainarazpena sortzapenarekin batera pagatuko du erabiltzaileak.

Arau-hausteak eta sortzapenak

15. art. Honakoak iruzurtzat hartuko dira:

a) Toki entitateko langile behar bezala kreditatuek egiten dituzten bisitak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten konprobazioak galaraztea.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak erabiltzea.

d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketari buruz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren datuak maltzurkeriaz aldatzeko tresna baimendugabeak paratzea.

16. art. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatu bezala eginen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea izanen da aplikatzekoa.

Bigarrena.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratutakoan hartuko du indarra eta izanen ditu ondorio juridikoak.

Eritzegoitin, bi mila eta biko ekainaren hiruan. Kontzejuko burua, José Aguinaga Aldareguía.

Iragarkiaren kodea: A0206218