72. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 14a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B A R A Ñ A I N

Ordenantza fiskala behin betikoz onetsirik

Udalak joan den otsailaren 28an egin osoko bilkura arruntean horrela erabakita, Uztailean eta abuztuan Udal Haurtzaindegiko zaintza eta egonaldi zerbitzuen prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala onetsi zen.

Jendaurrean egoteko iragarkia aurtengo apirilaren 10ean argitaratu zen, 44. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, eta inork ez du alegaziorik aurkeztu haren kontra.

Horrenbertzez, ordenantza hori behin betikoz onetsirik gelditu da, eta testua ondotik ematen da.

Barañainen, bi mila eta biko maiatzaren hogeita zortzian. Alkatea, Joaquín Olloqui Osés.

ORDENANTZA FISKALA, UZTAILEAN ETA ABUZTUAN UDAL HAURTZAINDEGIKO ZAINKETA ETA EGONALDI ZERBITZUEN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen Lehen tituluko III. kapituluaren 2. sekzioko 3. azpisekzioan xedatutakoari jarraikiz ezarri da, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

Ordaindu beharra

2. artikulua. Udal Haurtzaindegiko zerbitzuez baliatzen diren onuradunen gurasoak, tutoreak edota legezko ordezkariak daude prezio publikoa ordaintzera behartuak.

3. artikulua. Onuradunak zerbitzura onartzen diren haurrak izanen dira. Hori ondotik ematen den lehentasun ordenaren ariora eginen da:

a) Urte naturalean 3 urte betetzen dituztenak.

Urte natural honetan 4 urte betetzen dituztenak. Horien artean, berriz, lehentasuna izanen dute aitzineko atalean aipatutako adina duten haurren anai-arreba eta neba-ahizpak.

c) Urte naturalean 2 urte betetzen dituzten haurrak.

Eskabideak plaza hutsak baino gehiago badira, adierazitako ordenari jarraikiz ebatziko da.

Kudeaketa arauak eta dirubilketa

4. artikulua. Prezio publikoaren ordainketa honela eginen da:

a) Arau orokorra izanen da ordainketa bakarra aurreratzea.

b) Zerbitzua bi hilabeteetarako hitzartzen bada, uztail eta abuztu, prezioa bi ordainketa zatikatutan ordaintzen ahalko da. Hartarako, aldez aurreko baldintza izanen da interesatua Udal Haurtzaindegian dagokion aldian onartzea eta lehenbiziko hilari dagokion ordaindu izanaren gordekina aurkeztea. Bigarren zatia uztailaren bukaeran ordainduko da.

Lehen dirusarrera autolikidazio bidez eginen da. Bigarren ordainketarako, non dagoen helbideratua, haraxe igorriko du Udalak ordainagiria.

Tarifak aplikatzea

5. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak arau honen eranskinean aurreikusitakoaren arabera zehaztuko dira.

6. artikulua. Urte berean sortutako bi seme-alaba edo gehiago dituzten familiek, adopzio bidez edo familietan hartuz izan, arau honetan aurreikusitako tarifen % 25eko murrizketa izanen dute bigarren seme-alabagatik, eta % 50ekoa hirugarrenagatik eta hurrengoengatik.

7. artikulua. Urteko dirusarrera gordinak 9.015.18 euro edo 1.500.000 pezeta baino gutiago dituzten familiek dagokien kuotaren % 50eko beherapena izanen dute. Horretarako beherapenaren onarpena zuritzeko behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

8. artikulua. Betiere, Gizarte Ongizatearen aldez aurreko txostena izanik, kuotan % 100eko beherapenaren hobaria aplikatzen ahalko da baldintza ekonomikoek eta arrisku edo babesgabezia baldintzek horretarako behartzen dutenetan.

E R A N S K I N A

Uztailean eta abuztuan Udal Haurtzaindegiko zaintza eta egonaldi zerbitzuen prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala

EUROAK PEZETAK

Hamabortz egun 75 12.479

Hilabete bat 126.50 21.048

Bi hilabete 225 37.437

Oharra: jantokiko zenbatekoa aparte izanen da, eta, behin hartarako onartua izanez gero, ordaindu beharra zerbitzu hori ematetik beretik sortzen da, erabili ala ez.

2002rako, haren kostua 58,50 euro izanen da hilero (9.734 pezeta). Jantokian, gutienez ere kontrata daitekeen aldia 15 egunekoa da eta haren zenbatekoa 29,25 euro da (4.867 pezeta).

Iragarkiaren kodea: A0206099