72. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2002ko maiatzaren 20koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako laguntzaile tekniko izateko 6 lanpostu oposizioz betetzeko deialdia onesten du.

2002ko maiatzaren 20an Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emandako Ebazpenaz onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko errepideetako laguntzaile tekniko izateko sei lanpostu oposizioz betetzeko deialdia.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea oposizio bidez errepideetako laguntzaile tekniko izateko sei lanpostu betetzea da. Lanpostu horiek funtzionarioen araubidekoak dira, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari atxikiak, eta beherago adierazten diren txandetan banatuak. Deialdia honako agindu hauen arabera gauzatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauak, hura garatu eta gauzatzeko eman zen Sarrera Erregelamendua eta gainerako arau aplikagarriak eta deialdi honen oinarriak. Honako txandetan banatzen dira:

a) 3 lanpostu txanda librean.

b) 3 lanpostu sustapen txandan.

1.2. Deialdia honako lanpostu hauetarako egiten da:

-5 Iruñean aritzeko dira, eta honako plantilla zenbakiak dituzte: 1880, 1899, 2119, 2136 eta 2163.

-1 Burlatan aritzeko da, eta 2143 plantilla zenbakia du.

1.3. Lehiatzaileek hautapen probak gainditzeko gutxieneko puntuazioa lortu ez, eta hortaz sustapen txandako lanpostuak hutsik gelditzen badira, txanda libreko lanpostuei erantsiko zaizkie.

Bestalde, sustapen txandan oposizioa gainditzen duten izangaien kopurua haientzat erreserbatutako lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa bada, txanda honetan lanposturik gabe gelditu direnak txanda libreko lanpostuetara aurkeztuko dira, txanda horretako izangaiekin lehia garbian, lortu duten azken puntuazioaren arabera.

Era berean, txanda irekiko lanpostua eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea amaitzen denean txanda horietan parte hartzeko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten sustapen txandako izangaiek.

1.4. Izendapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruzko xedapenetan adierazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek C mailari dagozkion lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuak onetsitako Lansariei Buruzko Erregelamenduak eta gainerako xedapen aplikagarriek agintzen dutenaren arabera.

1.6. Hautapen probak gainditu ondoren deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko izendatu eta funtzionario egiten diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko dira eta bertan alta emanen zaie, erregimen horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatu eta lehendik ere eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzen erregimenean (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen dutena) afiliaturik dauden funtzionarioek zilegi izanen dute hautatzea bertan segitu ala Gizarte Segurantzan afiliatu nahiago duten.

1.7. Izendatutako izangaiek destinoko herrian bizi beharko dute, eta horretarako, udalerri horretan eduki beharko dute bizilekua. Administrazio organo eskudunek zilegi izanen dute destino hori nahi dutenean aldatzea.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da eta administrazio organo eskudunek zilegi izanen dute nahi dutenean aldatzea.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean eta 7.2. idatz-zatiak aipatzen duen agiriak aurkezteko epea betetzen den egunetik hasi eta lanpostuaz jabetu arte, ondoko baldintzak bete beharko dituzte, f) letran adierazten dena salbuetsirik (kasu horretan aipatu 7.2. idatz-zatian adierazten den epeak balioko baitu):

a) Espainiarra, Europar Batasuneko herritarra edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen zirkulazio librea onartzen duen herrialde bateko herritarra izatea; parte hartu ahalko dute, halaber, espainiarren eta Europako Batasuneko Estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, haien kontura bizi diren 21 urtetik beherakoek edo adin horretatik gorakoek, baldin eta haien kontura bizi badira.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Titulu hauetako bat edo ofizialki balio berekotzat jotako edo homologaturiko besteren baten jabe izatea, edo titulu hori bereganatzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa.

d) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko zein psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez kendu ez etena ez izatea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bazterturik ez egotea.

f) Ibilgailuak gidatzeko baimenaren jabe izatea, B mota hain zuzen.

2.2. Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita deialdi honetako 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte, c) letran jasotzen dena salbuetsirik:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetariko edozeinetako langile finkoa izatea eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszendentzian ez egotea.

b) Deialdi honetako lanpostuen maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio Publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasuna duela frogatzea eta Batxilergo, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua edo titulu baliokide edo homologatua edukitzea, edo deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eskuratzeko modua izatea, edo Administrazio Publikoetan zortzi urteko antzinatasun onartua izatea.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko zortzigarren xedapen gehigarriak agintzen duenaren ondorioz, zilegi izango da sustapen txanda honetan Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzea, txanda horretan parte hartzeko gainerako baldintzak betetzen badituzte.

2.3. Oposizioa gaindituta lanpostu bat eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dute hirugarren oinarriko baldintzaz landara aurreko beste baldintza guztiak betetzen dituztela, deialdi honetako 7.2 oinarrian aipatzen denaren arabera.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Iruñeko Karlos III.a, 2), edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusten dituenetako edozein bidetatik. Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio (eredu hori Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan dago eskuragai, Karlos III.aren Etorbideko 2an eskaratzean), eta bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

3.2. % 33 edo hortik gorako elbarritasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzerik behar badute, zilegi izanen dute eskatzea, eta hartarako, eskabidean adierazi beharko dute nolako elbarritasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera elbarriak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabidearekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 12 euro ordaindu izanaren frogagiria ere aurkeztuko da, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

Honakoak daude tasatik salbu:

a)% 33 edo gehiagoko ezgaitasuna duten pertsonak, baldin eta hala frogatzen badute.

b) Hautapen proben deialdia egin aurretik hilabetez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hau izateko baldintza izanen da kasuko epean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeko uko egin ez izana justifikaturiko arrazoirik ez badago. Hori guztia Enplegu Bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez frogatu behar da.

3.4. Deialdian igoera txandaren bidez parte hartu nahi duten izangaiek, aurrekoez gain, 2.2. atalean aipaturiko betebeharren frogagiria aurkeztu behar dute.

4.-Lehiatzaileen onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman dadila aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun baliodunen barruan, zilegi izanen dute erreklamazioak egin eta egindako akatsak zuzentzea.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta izan diren erreklamazioak ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du onartu-baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

5.-Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako kide hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:

Mahaiburua: Juan José Jiménez Tapia, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Kontserbazio Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaiburu ordezkoa: José Luis Echávarri Arraiza, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: Jesús María Usechi Santamaría jauna, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektuen Ataleko burua.

Mahaikide ordezkoa: Cristina Presmanes Zatarain andrea, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektuen Atalari atxikitako Bide, Ubide eta Portuetako ingeniaria.

Mahaikidea: José Luis Rivas Sánchez, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Kontserbazio Ataleko burua.

Mahaikide ordezkoa: Javier Sáinz de los Terreros Goñi, Bide Segurtasunaren eta Neurketen Ataleko burua.

Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Mahaikide ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Langile Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Mahaikide idazkaria: María Carmen Machiñena Solera andrea, Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Ataleko burua.

Ordezkoa: María Eugenia Saragüeta Urtasun andrea, Administrazio Publikoko Teknikaria (Arlo juridikoa), Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari atxikia.

Epaimahaiak hautapen probak baino lehen eratuta beharko du.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua, behintzat, biltzen ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, bai eta gutxienez kideen erdiek ere.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio-arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio-epaimahaiko kideek ezin izanen dute parterik hartu.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak zilegi izanen du proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egitea. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta Epaimahaiari haietan soilik emanen diote laguntza.

6.-Oposizioaren urratsak.

6.1. Oposizioa 2002ko azaroan hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean, oposizioaren ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

6.2. Oposizioaldiak ondotik zehazten diren ariketak izanen ditu:

Lehenbiziko ariketa: teorikoa. Idatziz, gehienez hiru orduan, zozketaz ateratako hiru gai azaldu beharko dira: bat eranskineko gai zerrendako lehen zatikoa, beste bat hirugarren zatikoa eta azkena bosgarren zatikoa.

Bigarren ariketa: Idatziz, gehienez hiru orduan, bi kasu praktiko egin beharko dira; bat gai-zerrendako bigarren partean sartutako gaiei buruzkoa eta bestea laugarren zatian jasotakoei buruzkoa

Hirugarrena: bi lan praktiko egin beharko dira: lehenbizikoa gai-zerrendako seigarren atalean sartzen den gaiei buruzkoa eta bestea zazpigarren zatiko gaiei buruzkoa. Bi lanok egiteko gehienez ere 4 ordu izanen dira, eta denbora horretan ez dago sarturik bigarren lanean lekuko datuak jasotzeko erabiltzen den denbora.

6.3. Oposizioaren ariketetan, guztira, 140 puntu lor daitezke gehienez. Puntuak honela banatuak daude:

-Lehenbiziko ariketa: 50 puntu, gehienez. Lehenbiziko ataleko gaiari 10 puntu emanen zaizkio gehienez, eta hirugarren eta bosgarren zatikoei 20na gehienez.

-Bigarren ariketa: 50 puntu gehienez. Bigarren zatiari buruzko kasuak 20 puntu izanen ditu gehienez, eta laugarren zatiari buruzkoak, berriz, 30.

-Hirugarren ariketa: 40 puntu gehienez. Seigarren zatiko lan praktikoari 10 puntu emanen zaizkio gehienez, eta zazpigarren zatikoari, berriz, 30.

6.4. Oposiziaren ariketak kanporagarriak izanen dira. Ariketa horietako bakoitzean kanpoan geldituko dira ariketari emandako puntuazioaren erdira ailegatzen ez direnak. Bestetik, kanpoan geldituko da ariketa horietako ezein gai edo probatan 0 puntuazioa lortu dutenak.

6.5. Ariketa bakoitza amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikoa dela kontsideratzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geratuko dira agertzen ez diren izangaiak edo nortasuna frogatzen ez dutenak.

6.7. Hautapen probak egiteko, modu eta denborako egokitzapenak ezarriko dira, ahal den neurrian, hala eskatu duten ezinduendako, eskabidean adierazitakoari jarraikiz.

7.-Gainditu dutenen zerrenda eta dokumentuen aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, Epaimahaiak jendaurrean jarriko du Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, ariketa guztietako kalifikazioak batuta izandako puntuazioaren hurrenkeran, eta proposamena helaraziko dio Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren lehiatzaileak izendatzeko. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Hautapen proben azken emaitzan berdinketarik izaten bada, hautapen probetan balorazio handiena duen ariketan puntuazio handiena izan duen lehiatzailea lehenetsiko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaletan, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzeko balio bereko agiri baten fotokopia konpultsatua.

b) 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak pagatu izanaren frogagiria eta baita B motako ibilgailuak gidatzeko baimenarena ere.

c) Kasuan kasuko Laneko Arriskuak Galarazteko Atalaren txostena, karguaren eginkizunetan aritzea ezintzen dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Lehiatzaileak elbarria dela alegatu badu, frogatu beharko du, horrez gain, bere elbarritasuna batera daitekeela deialdiko lanpostuarekin, hartarako balorazio eta orientazio talde eskudun baten frogagiria aurkeztuz.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez diotela ez kendu ez eten eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bazterturik ez dagoela adierazten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Deialdia egin duenaz beste nafar Administrazio Publiko bateko langile finkoak diren lehiatzaileek agiri bidez egiaztatu beharko dituzte, gainera, beren aurreko Administrazioaren dossier pertsonaleko datu eta aurrekari guztiak, sarreraren, antzinatasunaren, mailaren, egoera administratiboaren eta abarren gainekoak.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiko 2. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulu hori eskuratzeko eskubideak pagatu izanaren frogagiriarena. Sustapen txandako izangaiek, baldin eta eskabidearekin batera titulu hori aurkeztu badute, ez dute berriro aurkeztu beharko.

b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpul- tsatua.

c) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak lehiatzailea Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoaren funtzionario bihurtzeko eskatzen duen dokumentazioa.

Lehiatzaileak elbarritasuna alegatu badu, frogatu beharko du, gainera, elbarritasun hori batera daitekeela deialdiko lanpostuarekin, hartarako balorazio eta orientazio ekipo eskudunen frogagiria aurkeztuz.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lehiatzaileak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen zaio izendapenik egin eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezur esateagatik egotzi ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aipatu kasuan, hutsunea betetzeko Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 7.1 idatz-zatiko gaindituen zerrendan hurren dagoen izangaia hartuko du, eta aurreko idatz-zatietan esan bezalako tramitea eginen zaio.

8.-Lanpostu hutsen hautapena.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute deialdiko lanpostu hutsetatik edo zerbitzuaren premiengatik haien ordez jartzen direnetatik zein hautatzen duten.

8.2. Sustapen txandan hautapen probak gainditu dituzten lehiatzaileek beti izanen dute lehentasuna deialdiko lanpostu hutsak betetzeko beste txandetakoen aurretik.

8.3. Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, % 33ko edo handiagoko elbarritasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik.

Aipatu elbarritasuna duen izangairen bat baldin badago, eta elbarritasun horrek eskaintzen diren lanpostuetan aritzeko moduan eraginik izan behar baldin badu, lanpostu hutsen hautapena egin aurretik, kasuan kasuko minusbaliatasunari begira egokien diren lanpostu hutsak adjudikatuko zaizkie, txostena ikusirik.

9.-Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak aurreko oinarrietan xedatutakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitatearen funtzionario izendatuko ditu errepideetako laguntzaile tekniko gisa aritzeko, eta Ebazpen bidez esleituko dizkie lanpostu hutsak.

9.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatu diren izangaiek izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epea izanen dute jabetza hartzeko. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan ez bada, jabetza hartzen ez badute, eskubide guztiak galduko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario bihurtzeko. Halakoetan, deialdiko 7.4. idatz-zatiak ezartzen duena hartuko da aintzat.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4. idatz-zatiak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi idatz-zatietako kasuetan ez da aldatuko izendapena baino lehen egindako lanpostu hutsen hautapena, eta zuzenean esleituko zaizkie funtzionario berriei egoera horietatik sortzen diren lanpostuak.

10.-Helegiteak.

Deialdi honen eta haren oinarri eta egintzen kontra zilegi da gora jotzeko helegitea jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, helegite egin nahi zaion egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluek agintzen dutenaren arabera.

Iruñean, bi mila biko maiatzaren hogeian.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

................. jauna/andrea, adinez nagusia, ........... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidea) jabea, ............(e)n (..........) 19...(e)ko ......aren ......(e)an jaioa, nazionalitate ......(e)koa, helbidea: ............. (kalea, zenbakia), .......... herria, ........ probintzia, ....... posta kodea, eta ........ telefonoa (........... laneko telefonoa) duena,

Zure aurrean agertu eta aditzera ematen dut:

Eskatzen dudala onartua izateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ......... izateko ...... lanpostua betetzeko deialdian (......(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua) ondotik aipatzen den txandan:

f Txanda irekia.

f Igoera txanda (*).

f Elbarriendako txanda (*).

Karguan aritzea galarazten didan eritasun nahiz akats fisiko nahiz psikikorik ez dudala.

Xedapen indardunek ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ere.

Deialdian aipatzen den titulua badudala.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Elbarria naizenez, eransten den egokitzapena eskatzen dudala, aipatzen diren arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira.)

f Minusbalioaren egiaztagiriak, erakunde eskudunak luzatuak, aurkezten ditudala.

f Euskararen gaitasun agiriaren ziurtagiria aurkezten dudala, edo ofizialki haren baliokidea denarena (*).

f Euskarazko proba egin nahi dudala (*).

(*) Deialdian hala eskatzen bada.

Hortaz:

Eskatzen dut eskabide hau onar dadila eta beraz ni ere onar nazatela Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko ............ izateko ... lanpostu betetzeko deialdian.

Iruñean, .....(e)ko ...........(a)ren ......(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

LEHENENGO ZATIA

Foru eraentza

1. gaia.-Foru Eraentza eta bere bilakaera. Ituna, Nafarroako Foruen oinarria. Nafarroaren erakundeak 1979. urtera arte. Erresuma independientearen erakundeak. Foru Diputazioa. Foru Kontseilu Administratiboa.

2. gaia.-1978ko Espainiako Konstituzioa: oinarrizko printzipioak. Eskubide eta askatasunak. Funtsezko askatasun eta eskubideen bermeak. Estatuaren lurralde antolamenduaren oinarri nagusiak. Lehenbiziko Xedapen Gehigarria.

3. gaia.-Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: egitura eta edukia.

4. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera eta eginkizunak. Erregelamendua. Funtzionamendua: Osoko Bilkura eta Batzordeak. Parlamentuak Nafarroako Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna. Foru Legeak: izaera eta motak.

5. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legea: Nafarroako Gobernua edo Foru Diputazioa, lehendakaria, kontseilariak edo foru diputatuak. Foru Komunitateko Administrazioa.

6. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legea.

7. gaia.-Ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzkoa: egitura eta edukiaren azterketa.

8. gaia.-Urriaren 10eko 11/1986 Foru Legea, Nafarroako Errepideen defentsari buruzkoa: egitura eta edukiaren azterketa.

9. gaia.-Europako Batasuneko zuzenbidea: kontzeptua eta ezaugarriak. Iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria, itunak, erregelamenduak, zuzentarauak, erabakiak eta bestelako iturriak.

10. gaia.-Europako Batasuneko Erakunde eta organoak: Europako Kontseilua, Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea, Justizia Epaitegia eta Kontuen Auzitegia.

BIGARREN ZATIA

Matematika

1.-Zatigarritasuna. Zenbaki lehenak eta konposatuak. Zenbaki baten zatitzaileak. Zatitzaile komunetako handiena eta izendataile komunetako txikiena.

2.-Zatikiak. Lau eragiketa nagusi. Karratua eta kuboa. Erro karratua. Zenbaki hamartarrak.

3.-Batez-besteko aritmetikoa eta geometrikoa. Proportzionaltasun zuzena eta alderantzizkoa. Hiruko erregela. Interesa. Banaketa proportzionalak.

4.-Lehen eta bigarren mailako ekuazioak, inkognita bakarrekoak. Ekuazio sistemak.

5.-Angelu eta figuren arteko erlazioak. Poligono erregularrak. Zirkunferentzia. Arkuak. Sokak. Erregela eta konpasarekin egiteko eraikuntzak. Figura lau eta irregularren azalerak.

6.-Poliedroak eta figura espazialak. Soliduen azalera eta bolumenak. Arku eta gangak.

7.-Errepideen trazaduretako bihurgune ohikoak. Ezaugarri aipagarrienak. Klotoidea.

8.-Trigonometria. Angeluen neurriak eta marra trigonometrikoak. Angeluen ebazpenak.

9.-Bihurguneak. Errepideen trazadura erabilienen azterketa.

HIRUGARREN ZATIA

Eraikuntza

1.-Materialak. Erabileraren arabera, agregakin, konglomeratzaile, lokailu bituminosoak, metal, pintura eta errepideen eraikuntza eta kontserbazioan erabiltzen diren beste zenbait produktuk bete behar dituzten baldintzak. Entseiu egokiak.

2.-Lurretik sastraka kentzea. Lehendik dagoen zoladuraren eskarifikatze eta trinkotzea. Indusketak. Lubetak. Harbetak. Betelan lokalizatuak. Zelai eta ezponden finketa.

3.-Drainadurak. Areken eta erretenen eraikuntza. Kutxetak eta erregistro-putzuak. Kainu-zuloak eta hustutegiak. Altzairu uhindu eta galbanizatuzko hodiak. Lur azpiko drainaketak. Material filtratzailearen ezaugarriak.

4.-Zoladurak. Granulu-geruzak. Lurzoru egonkortuak eta legar tratatuak. Macadam bituminosozko zirripak. Hormigoizko zoladurak. Obra osagarriak.

5.-Hormigoi eta morteroak. Dosifikazioa eta erabilera. Zementu-esneak. Habe aurrefabrikatuak. Erretxinak, morteroak eta epoxi hormigoiak. Egitura metalikoetarako produktu ijeztuak.

6.-Hormigoi masazko edo armatuzko obrak. Zainketa eta kontuan hartzekoak. Dardaraketa. Aireztatzaileak. Plastifikatzaileak. Fraguatzearen atzeratzaileak. Izotz-kontrakoak. Akaberako produktuak. Zementu bereziak. Junta eta injekzioak. Obraren kontrola. Auskultazioak. Probetak. Karga-probak.

7.-Harri-horma kareatua, lehorrean ilaratua, arrunta. Sillarriak. Harrilubetak. Harrizko xaflak. Ur-ertzeko betelan-fabrika. Adreiluzko frabrikak.

8.-Zementazioak. Lan-kargak. Zementazio-xaflak. Perkusioz sartutako zutoinak. "In situ" egindako hormigoi armatuzko zutoinak.

9.-Enkofratuak eta moldeak. Apeo eta zinbriak. Paramentuen inpermeabilizazioa. Material elastomerikozko euskarriak. Taulen giltzadurak. Elementu aurrefabrikatuen muntaketa. Zubien azpialdeen zola-ematea.

LAUGARREN ZATIA

Topografia

1.-Takimetro eta nibelen erabilera. Bigarren mailako tresnen erabilera. Libreten kalkulua.

2.-Norabide finkapena, angelu neurketa eta luzeren ebaluazioa.

3.-Altxamendu planimetrikoak, altimetrikoak eta oinarrizko nibelazioak. Triangulazioa. Poligonazioa.

4.-Plano bornatuak. Nola egin eta nola interpretatu.

5.-Azaleren neurketa. Prozedura zenbakizko eta mekanikoak.

6.-Kurba zirkularren, klotoideen eta parabola kubikoen kalkulu eta marrazketa. Fotogrametriaren hastapenak.

7.-Trazaduraren zuinketak eta fabrika-obrak. Lurzati-planoak. Hainbat zuinketa sistematarako koordenatuen kalkulua.

8.-Planoetako eredu eta figuren esku-hutsezko krokisak eta perspektibak.

BOSGARREN ZATIA

Errepideak

1.-Ibilgailu motak. Trakzio indarra. Mugimenduari egiten zaion erresistentzia. Ibilgailu eta errepideen arteko erlazioa. Marruskadura. Peraltea.

2.-Errepideen ezaugarri geometrikoak. Oinplanoa, altxadura eta zeharkako sekzioa. Astiro joateko bideak.

3.-Trazadura-azterlanak. Iragaitza-bihurguneak. Bide-ertz zabaldua. Indusketa eta lubeten bolumen konpentsazioa.

4.-Lotura eta gurutzaketak. Mota desberdinak. Elementuak. Funtzionamendua. Proiektatzeko irizpideak. Ezaugarri geometrikoak. Bide biltzaileak eta banataileak. Seinalizazioa.

5.-Fabrikako obra txikiak. Obra metalikoak. Arreta bereziak.

6.-Drainadura-azterlanak. Lur azaleko uren hustuketa. Higadura. Ezpondak. Azaleko eta sakoneko drainaduren deseinua.

7.-Zelaiketak. Lur-obren proiektu eta exekuzioak. Masa-diagrama. Trinkoketa. Entseiuak. Zolu mota desberdinetarako makineria egokia.

8.-Murruak. Tipologia. Sifoiak. Arazo espezifikoak. Tunelak.

9.-Zoladura malguak. Neurriak emateko faktoreak. Trafikoa. Zelaigunea. Zoladuraren materialak. Zoladuraren egituren katalogoa.

10.-Azaleko tratamenduak eta ureztapen geruzabakarrak eta geruza anitzekoak. Sarpen eta erdi-sarpeneko ureztaketak. Legarrik gabeko ureztaketak. Karesne bituminosoak. Makineria egokia.

11.-Nahasketa bituminosoak. Hainbat mota. Fabrikazioa eta obran jartzea. Nahasketa bituminoso berezia. Nahasketa bituminosoen akatsak eta haien ondorioak. Granulometria eta zehaztapenak.

12.-Zoladurak indartzea. Zirkulazio-kategoriak. Deflexioak. Indartzeko moduak eta material egokiak. Azalberritzea.

13.-Zirkulazioaren ezaugarri nagusiak, intentsitate, osaera eta abiadura kontzeptuak. Intentsitate, abiadura eta dentsitatea.

14.-Zirkulazio emanaren neurketa eskuzkoak eta automatikoak. Emanak kudeatzeko programak. Jatorri-helburuen azterketa. Inkestak. Etorkizuneko trafikoaren prognosia.

15.-Istripuak. Datuen erregistroa. Arrisku indizeak. Eragina duten faktoreak. Segurtasun neurriak.

16.-Elementu lagungarriak. Zutikako seinaleak. Seinale motak. Forma eta kolorea. Ikuspena. Bide-markak. Ezaugarri fisikoak. Kolorea. Distiragarritasuna. Materialak. Bideko marka motak. Semaforoak. Zikloa, fasea eta banaketa. Erregulatzaileak. Detektatzaileak. Jartzeko irizpideak. Segurtasun hesiak.

17.-Errepidearen kontserbazio eta ustiapena. Antolamendua eta kontrola. Kontserbazio metodoak. Errepide-ertzen tratamendua. Herbizidak. Ezpondak landare bidez egonkortzea. Zuhaiztiak. Errepidea ingurumenera egokitzea. Gelditzeko eta atsedenerako aldeak. Informazioa.

18.-Garraio Ikuskatzailetza. Arau-hausteen kalifikazioa eta zehapenak. Garraio arloko zehapen-prozedura. Takografoa. Gidatzeko eta atseden hartzeko denbora. Tarifak.

SEIGARREN ZATIA

Marrazketa

1.-Eraikuntzako pieza edo osagaien krokis bornatuak.

2.-Fabrikako pieza eta obren perspektiba

3.-Marrazketa lineala. Proiekzioak eta sekzioak.

4.-Marrazketa topografikoa. Eskala-aldaketak. Sistema erabilienak.

4.-Cad programen erabilera (Autocad 2000)

ZAZPIGARREN ZATIA

Lan praktikoak

1.-Altxadura topografiko errazak.

2.-Nibelazioak.

3.-Bihurgune zirkularren eta iragaitzakoen zuinketa.

4.-Fabrikako obren zuinketak.

5.-Fabrikako obren, multzo-bilketak eta lur-mugimenduen kubikazioak.

Iragarkiaren kodea: A0206009