72. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1111/2002 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Torres del Ríoko (Nafarroa) Lurzati Berrantolamenduari Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten diona. Proiektu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu du.

Ekainaren 21eko 237/1999 Foru Dekretuak, lurzati berrantolamenduko prozesuetan ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa arautzen duenak, bere 11.1 artikuluan ezartzen du beharrezkoa dela tramitazioan dauden lurzati berrantolamendu publikoei buruz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egitea.

Ingurumen zuzendari nagusiak apirilaren 11n emandako 938/2001 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Torres del Ríoko Lurzati Berrantolamenduari zegokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana eta, harekin batera, Obra Planaren dokumentazio teknikoa, aipatu Foru Dekretuko 6. artikuluan ezarritakoaren arabera tramitatzeko. Tramitazio horretan ez da alegaziorik jaso.

Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina duten ekintzak eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioaren eranskinean bildu dira. Eraginaren Azterlanak egokiro aztertzen ditu proiektuak ingurumenean sortzen dituen eraginak; gainera, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezartzen ditu ingurumenean eragin nabarmenik sor ez dadin.

Horrenbestez, eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren uztailaren 29ko 1028/1999 Foru Aginduak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea Torres del Ríoko (Nafarroa) Lurzati Berrantolamenduari buruz, zeina Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu baitu, proposatzen den aukera ingurumenaren aldetik bideragarria dela uste izanik, baina baldintza hauek beteta betiere:

Lurzatiak bereizten dituzten ezpondak eta inguruneko gainerako elementuak, balio handi edo oso handikoak, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean markaturik daude banan banan eta oso-osorik errespetatuko dira. Ordezpeneko lurzatien barrenean geldituz gero tarte bat desegiteko baimena emanen da baldin eta beharrezkoa bada ezpondak bereizten dituen lurretara igarotzeko.

Dena dela, bi metro baino gehiagoko zuhaixkak edo zuhaitzak ez dira inolaz ere kentzen ahalko.

Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeko 13/1990 Foru Legearekin bat etorriz, lurzatiak berrantolatzeko prozesu hau hastean landu gabe zeuden lur guztiak oihan lurzoru bilakatu dira. Horrela, ezponden eta inguruneko gainerako elementuen balio "altua" edo "oso altua" kontsideratzeaz gainera, adierazi beharra dago, halaber, oihan lurzoruaren azalera (zuhaitzekin edo gabe) berbera izanen dela berrantolatu aurretik eta ondotik, nahiz tokia eta jabeak beste batzuk diren. Izan ere, proiektuaren sustatzaileak oihan lurzoruen behin betiko kokapena eta lurren jabeei aditzera emanen die proiektua behin betikoz onetsitakoan ez dela luberritze lanik egiten ahalko.

Aurreko puntuko gai berberari eutsiz, badira hainbat azalera landatu, haien jabeek garai batean nekazaritzako lurrak oihan bilakatzen laguntzeko kanpainetan parte hartu eta egun zuhaiztiak direnak. Lur horietan ez da luberririk egiten ahal Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren baimen espresurik ez baldin badago. Baimena emanez gero, sustatzaileak, ordainez, luberriak adina lur landatu beharko du.

Betiere, edozein zuhaizti bota nahi izanez gero, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko langileek seinalatu beharko dute.

Bide sare berria gaurkoari egokituko zaio eta toki malkartsuetan bidea estuagoa izanen da. Bideetan sakanguneak eginen dira ura errazago pasa dadin. Bide bazterrak lehengoratuko dira ereinketa eta landaketekin higadurari aurre egiteko.

Bide sarea egiteko behar diren agregakinak ateratzeko legar-hobiek ingurumen aldeko baimena izan beharko dute, materiala ateratzen hasi baino lehen.

Bide eta drainatze sareak egin eta finka berriak partitu eta ondoan, Zuzendaritza Nagusi honi lanetan egin den ingurumenaren gaineko jarraipenari buruzko txostena eta, neurri zuzentzaileak aplikatutakoan, ingurumenean gelditu diren gainerako eraginen balorazioa igorriko zaizkio.

2. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Torres del Ríoko Udalari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita hamarrean.-Ingurumeneko zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

I. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Berrantolatzeko eremuak 1.271 ha. ditu eta Torres del Ríoko udal mugapeari eta Sansol eta Armañanzasko zenbait lurzatiri dagokie.

Eremu horretan 239 jabe dira eta 1.212 lurzati. Horietako %60 0,5 ha. baino txikiagoak dira eta %80 1 ha. baino txikiagoak. Bataz besteko azalera 1 ha.koa da. 10 ha.tik goitiko lurzati guztiak herrilurrak dira eta azalera osoaren %33 dira. Lurzatiak Berrantolatzeko Planean berrantolamendu koefizientea 0,83an dago eta murrizketa indizea 3,03an. Lurraldeko Lan eta Hobekuntza Planean aurrekontua dago 40 km bide egiteko eta 3,5 km drenaje.

Egungo bi arazo nagusiak dira ustiapenak berregituratu beharra, haietako zenbaiten errentagarritasun eskasa dela medio, eta bideak eta drenajea egokitu beharra, lehenbizikoak zaharkituak daudelakoz eta bigarrenak aldatuak.

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren edukia

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioak lehenbiziko fase batean egindako landa lanean du oinarria, berrantolatzeko alderdia, egiturari, funtzionamenduari eta gestio arazo antzekoei dagokienez 1/5.000 eskalan ingurumeneko unitate homogenoetan sektorizatu zirenean. Aipatu unitateak planoan adierazirik daude eta landa fitxa osaturik dago. Topografia eta erabilera tradizionalaren ondoriozko habitat zatikatuak ingurumeneko 32 unitate sorrarazi ditu. Gero, erabilera nagusiaren eta kokapen fisiografikoaren ariora, oinarrizko 12 unitatetan bildu dira, nekazaritzako erabilera nagusi dela.

Ingurumeneko unitateetako elementu nabarmenak ere inbentariatu eta deskribatu dira, hala nola, geomorfologia, landaredia, drenaje sarea, hezegune izkutatuak eta elementu etnografikoak.

Eraginen analisia eta deskribapena egin da eta denak daude bateragarri edo arinen mailan.

Eraginaren azterlanean irizpide, jarraibide, aurre-neurri eta neurri babestaile eta zuzentzaileen sail bat proposatzen da lurzati berrantolamendua naturgunearen artapenarekin bateragarri izateko. Neurri horiek hiru multzotan biltzen dira:

-Ordezpen finkak diseinatu eta partitzeko neurri zuzentzaileak, balio ekologiko bereziko elementuak babesten eta paisaiaren aniztasun maila mantentzen utziko dutenak.

-Bide sare berria egiteko hartu beharreko neurriak.

-Lanak diseinatu eta gauzatzeko neurriak.

Iragarkiaren kodea: a0205130