72. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

426/2002 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Barne zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskriba dadin eta haren estatutuak Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen agintzen duena.

Barne zuzendari nagusiaren martxoaren 7ko 426/2002 Ebazpenean ezarritakoaren indarrez, xedatu dugu Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Nafarroako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren Estatutuak. Aipatu diren estatutu horiek 2001eko abenduaren 15ean onetsi zituen Batzorde Nagusiak.

Arestian aipatu diren estatutu horiek 2002ko martxoaren 7an inskribatu ziren Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, eta iragarki honen eranskin gisa daude.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren zazpian.-Barne zuzendari nagusia, Alfredo González Echarren.

NAFARROAKO APAREJADORE ETA ARKITEKTO TEKNIKOEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Xedapen Orokorrak

I. KAPITULUA

Izena, izaera eta jarduteko esparrua

1. artikulua. Izena, izaera eta jarduteko esparrua

1. Nafarroako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala herri zuzenbideko korporazioa da; elkargoak izaera juridiko propioa du eta bere helburuak betetzeko erabateko gaitasuna. Hala barneko egitura nola jarduteko duen araubidea demokratikoak dira.

2. Elkargoko kideak dira lanbide egoitza, bakarra edo nagusia, Nafarroan duten aparejadoreak eta arkitekto teknikoak. Halaber, elkargoko kide izaten ahal dira egoitza beste edozein lurraldetan duten profesionalak baldin eta bertako kide izateko eskabidea egin badute.

3. Elkargoaren jarduteko esparru nagusia Nafarroako Foru Komunitatea da.

II. KAPITULUA

Elkargoaren helburuak eta funtzioak

2. artikulua. Elkargoaren helburuak

Ondoko hauek dira Elkargoaren helburuak:

1.-Aplikagarria den legeriari dagokionez, aparejadore eta arkitekto teknikoen lanbidearen jarduna antolatzea, zertarako-eta lanbide horren ospe eta aurrerakuntza egokiagoak lortzeko.

2.-Aparejadore eta arkitekto teknikoaren lanbidea berariaz ordezkatzea Nafarroako Foru Komunitatearen barruan eta bere elkargokideen eskubideak eta legezko interesak defendatzea. Hori guztia funtzionarioekin dituen harremanen zioz Herri Administrazioarenak diren berariazko eskumenak gorabehera izanen da.

3.-Elkargoko kideak diren profesionalek eskatzen dituzten zerbitzuak eskaintzea eta horiek ematea. Helburu honek erabateko lehentasuna du eta Elkargoaren xederik behinena hori izanen da.

4.-Lanbidea betetzerakoan sortzen diren herri helburuak zaintzea, hartzaileen interesen bermea baitira.

5.-Lanbidea nola betetzen den zaintzea eta legezko xedapen guztien berri ematea eta horiek betetzeko bideak eskaintzea; halaber, berariaz arlo honi aplikatu behar zaizkion arau deontologikoek ezartzen duten lanbide etika betearaziko du eta elkargokideek ematen dituzten lanbide prestazioen kalitatearen maila egokia dela zainduko du, beti era eraikuntzako kalitatea defendatuz.

3. artikulua. Elkargoaren funtzioak

Elkargoaren betebeharra dira ondoko funtzio hauek:

1.-Zorrotz eta hertsiki beteko ditu ondoko beharkizun hauek: lanbide mailan jarduteko elkargoaren arauak betetzen direla; ez dela legezko bateraezintasunik gertatzen; lanbide deontologiako oinarriak eta, oro har, aparejadore eta arkitekto teknikoen funtzioak eta eskumenak arautzen dituzten legezko xedapenek ezartzen dituzten betebehar guztiak zehatz mantentzen direla.

2.-Lanbide estatutuak eta Barne Erregimeneko Erregelamendua betetzea eta elkargoko kideei horiek betearaztea; halaber, beraien eskumenekoak diren gaietan elkargoko organoek hartu dituzten arauak eta erabakiak betetzea eta betearaztea.

3.-Elkargoko kideen maila tekniko, etiko eta kulturalik ahalik handiena sustatzea, horrela lanbide jardueran duten gaitasuna onena izan dadin. Ondore horietarako Elkargoak bidezko trebakuntza egitarauak antolatuko ditu.

4.-Elkargoko kideentzat interesgarriak izanen diren jarduerak eta zerbitzuak antolatzea esparru profesional, zientifiko, sozial, laguntzazko, ekonomiko eta baliokideetan, horretarako ekimenak eta burutu beharreko jarduketak sustatuz eta bultzatuz.

5. -Lanbidea eskuordetzea eta defendatzea administrazio, erakunde, auzitegi, izaki eta partikularrei dagokienez eta lanbiderako interesgarriak diren auzi guztietan alderdi izateko legezko gaitasuna izatea eta, legean ezarri dena betez, eskabideak egiteko eskubideak izatea.

6.-Legeek lanbide intrusismoa, lanbidearen aritze irregularra edo lehia desleiala saihesteko ezarriko dituzten ekintzak burutzea, horrelakoetan herri administrazioek ikuskatzeko eta zehapenak ezartzeko dituzten eskumenak gorabehera.

7.-Elkargoak, inoiz eskuordetzarik eskatzen zaionean, antolakuntza publikoetan edo pribatuetan, erakunde eta batzordeetan, auzitegi eta epai-mahaietan izanen dituen eskuordeak izendatzea.

8.-Disziplina ezartzeko ahalmena erabiltzea, zehapenak eta disziplinazko neurriak ezarriz elkargokideei horretarako arrazoiak daudenean, ondore horretarako Estatutu hauetan ezarri denari jarraituz.

9.-Elkargoko kideen arteko anaitasuna eta begirunea lortzeko ahalegina egitea eta kide horien artean edo horien eta gainerakoen artean sortzen ahal diren lanbide gatazketan artekari edo epaile lanak egitea alderdiek ados jarri ondoren artekaritza hori eskatzen diotenean.

10.-Nafarroako Foru Komunitateak ematen dituen eta lanbidea ukitzen duten arauak emateko proiektuei buruzko informazioa ematea eta herri administrazioek eskatuta, txostenak egitea.

11.-Justizia Auzitegiei gai judizialetan aditu lanak egin ditzaketen elkargoko kideen zerrendak ematea. Halaber, Auzitegi edo Epai-Mahai batek eskatzen dionean, txostenak egitea eta irizpenak ematea.

12.-Unibertsitateko Patronatuetan esku hartzea, ikasketa planak egiteko prozesuetan aritzea, lanbideari dagozkion ikastetxeen antolakuntzan jardutea eta, oro har, une bakoitzean legezko arautegiek elkargoei ematen dizkieten gainerako helburuetan parte hartzea.

13.-Ogibidesarien baremoak ezartzea; baremo horiek erabat izanen dira orientaziozkoak.

14.-Profesionalei egiten zaizkien eta horiek jaso dituzten enkarguen jakinarazpenak erregistratzea eta, horiek gauzatzen badira, profesionalen lanak eta dokumentazio teknikoak bisatzea. Jakinarazpena legeak ezartzen dituen oharra-enkarguaren eta aurrekontuaren bidez dokumentatuko da, hain zuzen ere Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren irizpideak betez egin direnak.

15.-Administrazioko zerbitzuak ezartzea eta lan profesionalen emaitza diren ogibidesarien kobrantzaren borondatezko kudeaketaren araubidea erregulatzea, eta baita ogibidesariei dagokienez elkargoak ematen dituen arauak interpretatzea ere.

16.-Elkargoko kideei beharrezkoak diren kuotak eta ekarpen ekonomikoak ezartzea.

17.-Bere funtsak biltzea eta administratzea, urteko sarrera eta gastuen aurrekontua eginez, eta baita horri dagokion likidazioa eta balantzea ere. Kontu horiek guztiak Elkargoko Kideen Batzar Nagusian aurkeztuko dira, horrek berretsi ditzan.

18.-Barne Erregimeneko Erregelamendua idaztea eta argitaratzea; erregelamendu hori Elkargoko Kideen Batzar Nagusiak onetsi behar du. Halaber, horiek era egokian interpretatu, garatu eta aplikatzeko bidezko arauak emanen ditu.

19.-Legeriak esleituko dizkion administrazioko eskumen guztiak betearaztea eta Administrazioarekin lankidetzan aritzea azterlanak egiteko, txostenak argitaratzeko, estatistikak egiteko eta Elkargoaren helburuei lotuta dauden gainerako jardueretarako. Lankidetza horiek administrazioak eskatuta edo norbere ekimenagatik hasten ahal dira.

20.-Nafarroako Foru Komunitateko Herri Administrazioenak diren funtzioak betetzea baldin eta bidezko administrazio horietako eskumendun organoek horrela egitea erabakitzen badute.

Funtzio horiek xedapen, hitzarmen edo eskuordetza-akordioan ezarri diren hedadurarekin eta bertako terminoak betez beteko dira.

21.-Lanbideko jarduketa osoa atzemango duen Ikuskatzailetza Zerbitzua sortzea. Elkargoen Kontseilu Nagusiak eman dituen arauak betez.

22.-Elkargoko kideei legelariaren zerbitzua ematea, eta hori honako estatutu hauetan eta elkargoko arautegian ezarri diren terminoak edo, hala denean, Gobernu Batzordeak ezarri dituenak betez egitea.

23.-Foro tekniko, ekonomiko eta kulturaletan esku hartzea, lanbidearen interesak betez.

24.-Lanbide interesetarako onuragarriak izaten ahal diren eta elkargoaren helburuak betetzeko izanen diren beste funtzio guztiak.

II. TITULUA

Elkargoko kideak

I. KAPITULUA

Elkargoko kide bihurtzea eta elkargoko kide motak

4. artikulua. Elkargoko kide izateko betebeharra

Egoitza profesionala, bakarra zein nagusia, Nafarroako lurraldean duten aparejadore edo arkitekto teknikoen kasuan lanbidea betetzeko beharrezkoa da Elkargoko kide izatea. Elkargoko kide izatea borondatezko kontua izanen da egoitza hori lurralde esparru horretatik kanpo duten profesionalentzat.

5. artikulua. Elkargoko kide bihurtzeko prozedura.

1.-Elkargoko kide egiteko lehen eskabidearekin batera ondoko hauek aurkeztu behar dira:

a) Lanbidea betetzeko legezko gaitasuna ematen duen titulua edo agiria, edo, horrelakorik ez badu, notarioaren horren lekukotza edo ikasketa ziurtagiria eta titulua luzatzeko ordaindu behar diren eskubideak ordainduta dituela benetakotzen duen ziurtagiria. Hori horrela da aurrerago, titulua eskura duenean, Elkargoan aurkezteko betebeharra gorabehera.

b) Elkargoko Kutxan bertako kide izateko kuotaren munta ordaindu duela benetakotzen duen jasoagiria.

c) Aparejadore eta arkitekto teknikoaren lanbidea betetzeko gaitasun-ezik ez duela adierazten duen zinpeko aitorpena.

Aurkeztu diren dokumentu horiei dagokienez Elkargoak bidezko gordekinak luzatuko ditu, harik-eta hogeita hamar eguneko epearen barruan Gobernu Batzordeak hautagai horri onartua izan dela jakinarazi arte.

Baldin eta eskatzailea beste Elkargo bateko kide ere bada, nahikoa izanen da elkargo horren ziurtagiria eta horretan eraso eginen da ea hautagai horrek aldatu eginen duen bere lanbide egoitza bakarra edo nagusia.

2.-Eginen den lehenengo Gobernu Batzordeak eskabidea aztertuko du eta, ebazpen arrazoituaren bidez, elkargoko kide izateko eskabideari oniritzi edo gaitziritziko dio.

Interesatu batek Elkargoko kide izateko egin duen eskabideari gaitziritzi zaionean, ukapena eragin duten zio horiek desagertzen direnean berriz egin dezake kide izateko eskabidea.

Interesatuak kide izateko eskabideari gaitziritzi dion Gobernu Batzordearen erabakiaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal du Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusian, eta horretarako hilabeteko epea du

3.-Gobernu Batzordeak aparteko prozedurak jartzen ahal ditu abian, presazko kasuetan, behin-behinean elkargoko kide izateko aukera emateko. Erabaki hori gero behin betiko ebazpenak elkargoko kide izateari buruz esanen duena gorabehera da.

6. artikulua. : Lanbidean aritzen diren eta aritzen ez diren elkargoko kideak

Lanbidean arituko diren edo ez diren aparejadoreak eta arkitekto teknikoak izaten ahal dira Elkargoko kide.

Elkargoari lanbidean arituko den edo ez den profesional bezala atxikitzea borondatezko kontua da eta hori lanbidea nola burutuko den kontuan hartu gabe eginen da. Dena dela, bisatuak behar dituzten jarduerak egingo dituztenek derrigorrez izan behar dute lanean arituko diren elkargoko kideen izaera.

Lanean aritzen ez diren elkargoko kideek ez dute enkargu eta lan profesionaletan Elkargoaren ikusonespena edo bisatua jasotzeko eskubiderik.

7. artikulua. Lanean aritzen den Elkargoko kidearen izaera aldaraztea eta lanean aritzen ez den elkargoko kide bihurtzea, edo alderantziz.

Lanean aritzen den edo aritzen ez den elkargoko kideak egoera hori aldatu nahi badu Elkargoari jakinarazi behar dio, horretarako Gobernu Batzordeari idatziko dion idazkiaren bidez.

Elkargoko Gobernu Batzordeak eskabideari buruzko ebazpena emanen du hamar eguneko epearen barruan.

Ezin da baimenik eman lanean aritzen den elkargoko kide bat lanean aritzen ez den kide bihurtzeko aurrez bukatu gabe dauden jarduketa profesionalak bukatu arte.

8. artikulua. Lanbidea burutzea.

1. Aparejadore eta arkitekto teknikoaren lanbidea egiterakoan indarrean dauden arauek eraenduko dute eta lanbidea bera erregulatzen duten manuei lotuta dago, eta baita Lehia Babesteko Legeari, Lehia Desleialari buruzko Legeari, Eraikuntzaren Antolakuntzari buruzko Legeari, bateraezintasunaren arloko arauetan eta aplikagarria den arautegian zergei eta aseguruei buruz ezarri diren arauetan ezarri diren manuei ere.

2. Elkargoko kideak diren aparejadoreak eta arkitekto teknikoek lanbidea hala maila indibidualean nola elkartuta egiten ahal dute, beti ere legean ezarri dena betez eta, hala denean, ondore horretarako ezarri den elkargoaren arautegian ezarri dena.

9. artikulua. Beste esparru batzuetako elkargoetako kideak diren aparejadore eta arkitekto teknikoen jarduketen jakinarazpena

Indarrean dagoen Lanbide Elkargoei buruzko Legearen 3.2. artikuluan ezarri dena betez, beste edozein Elkargoko kide diren profesionalek Nafarroako lurraldean egin dezakete lan baldin eta jarraian adierazten diren baldintzak betetzen badituzte.

Lurralde esparru jakin bateko elkargoko kidea den profesionalak, baldin eta Nafarroako Elkargoaren lurralde esparruan jardun nahi badu, aurrez esku hartze horren berri eman behar dio Elkargoari eta jakinarazpen hori manuzkoa da; jakinarazpen horrekin batera elkargoko kidea izatea benetakotzen duen ziurtagiria aurkeztu behar du.

Bada, arestian adierazi diren tramite horiek bete ondoren, elkargoko kideak kasuan kasuko lanbide jarduketa hori egin dezake.

Elkargoarengana lanbide jarduketak jakinaraziz joko duten beste esparru batzuetako profesionalak ez dira elkargoko kideak eta, ondorioz, ez dira Elkargoak ematen dituen eskubide politikoen jabe. Elkargoak ez die, profesional horien kasuan, elkargoratzeko kuotarik edo kuota arruntik ezarriko.

Beste esparru batzuetako elkargoetako kideek, Nafarroako Elkargoko kideek egiten duten bezala, eginen duten lanbide jarduketa zehatz horri lotuta dauden kontraprestazio ekonomikoak ordainduko dituzte.

10 artikulua. Elkargoko kide izatearen nortasuna etetea eta galtzea.

1. Gobernu Batzordeak, aurrez ikerketa egokiak egin ondoren, Elkargoko kide batek dituen eskubide guztiak berez etetea erabaki dezake, baldin eta jarraian adierazten diren kasuetarikoren bat gertatzen bada.

a) Kuota arruntak edo apartekoak ez ordaintzea hiru hilez jarraian.

b) Ikusonespena behar duen lan edo enkargu bati dagokionez esku hartze profesionalagatiko eskubideen ordainketan hiru hil baino gehiago atzeratzea.

2. Elkargoko kide izatea galdu eginen da ondoko kasu hauetan:

a) Norberak uko egiten diolako edo baxa eskatu duelako; horrelakoetan interesatuak idatziz jakinaraziko dio Elkargoko lehendakariari.

b) Irmo bihurtu den disziplinazko espedientearen bidez pertsona hori Elkargotik egotzi delako.

c) Epaia irmo izateagatik zigorra ezarri denean, baldin eta epai horrek itsatsita lanbidea betetzeko ezgaitasuna ekarri badu.

d) Kuota arruntak edo apartekoak urte bat baino epe luzeagoan ez ordaintzea.

e) Ikusonespena edo bisatua behar duen lan edo enkargu bati dagokionez esku hartze profesionalagatiko eskubideen ordainketan urte bat baino gehiago atzeratzea.

f) Heriotzagatik.

3. Honen aurreko ataleko d) eta e) kasuetan adierazi diren elkargoko kide izateko baldintzak galtzeko zioen aplikazioari dagokionez beharrezkoa da erabakia hartzea eta hura irmoa izatea.

4. Elkargoko kidearen izaera hori galtzeak ez du esan nahi ez dituela ordura arte sortu diren betebeharrak bete behar.

II. KAPITULUA

Elkargoko kideen eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua. Elkargoko kideen eskubideak

Elkargoko kideek ondoko eskubideak dituzte:

1.-Interes profesionalak defendatzea eta babestea.

2.-Lanbide jarduerari dagokion laguntza eta aholkularitza ematea.

3.-Korporazioaren bizitzan esku hartze aktiboa izatea, eta Batzar Nagusietara joatea eta horietan esku hartzea.

4.-Elkargoko organoetara jotzea eskabideak, proposamenak eta zuzenketak aurkeztuz.

5.-Zuzendaritzako karguak betetzeko hautagai izateko aurkeztea, ondore horretarako estatutuetan ezarrita dauden baldintzak betez.

6.-Gobernu Batzordeko eta Elkargoko gainerako organoetako kideak hautatzea.

7.-Elkargoko jarduera eta lanetan laguntzea eta parte hartzea batzorde, lan talde eta barren bitartez.

8.-Elkargoak dituen zerbitzuak erabiltzea eta ematen dituen zerbitzugintzak lortzea.

9.-Elkargoko organoek emanen dituzten ebazpenen aurkako errekurtsoak aurkeztea.

10.-Aparteko Batzar Nagusia egiteko deialdia eskatzea, estatutuetan ezarri diren terminoak betez.

12. artikulua. Elkargoko kideen betebeharrak

1.-Ondokoak dira Elkargoko kideen betebeharrak:

1. Elkargoetako Kontseilu Nagusiaren Estatutu Orokorrak betetzea, eta baita honako estatutu hauek eta horiek garatzeko eta osatzeko arauak ere; halaber, lanbidea erregulatzen duen arautegia betetzea.

2. Kargu bat betetzeko hautatua izan denean, delako kargu hori leialtasun osoz betetzea.

3. Elkargoaren artekari eta ararteko lana onartzea elkargoko kideen artean lanbide kontuetan sortzen ahal diren gaietan.

4. Elkargoari ezagutzen dituzten lanbideko intrusismo kasuen berri ematea, eta baita lanbide deontologiaren aurka ari diren elkargoko kideen jarduketen berri ere.

5. Elkargoari maila ekonomikoan eusteko kuotak ordaintzea, hala arruntak nola apartekoak; halaber, lanbide esku hartzeengatiko eskubideak ordaintzea Elkargoak esku hartu behar duelako eta bisatuak ematen dituelako. Halaber, elkargoko arautegian ezarrita dauden irizpideen araberako kontraprestazio ekonomiko guztietan esku hartzea.

III. TITULUA

Gobernu Organoak

I. KAPITULUA

Definizioa

13. artikulua. Organoak.

Elkargoaren gobernu, administrazio, zuzendaritza eta kudeaketaren erantzukizuna duten organoak dira ondoko hauek:

a) Batzar Nagusia.

b) Gobernu Batzordea.

II. KAPITULUA

Elkargoko Kideen Batzar Nagusia

14. artikulua. Izaera eta osaketa.

Batzar Nagusia Elkargoko gobernurako organo nagusi eta gorena da. Batzar Nagusian eskubide osoen jabe diren elkargoko kide guztiak daude.

Batzar Nagusiak hartzen dituen erabakiek, estatutu hauetan ondore horretarako eman zaizkion bere eskumenen barruan elkargoko kide guztiak behartzen dituzte.

15. artikulua. Batzar Nagusiaren eskumenak.

Bere eskumenak dira ondokoak:

1.-Elkargoko Estatutuak eta Barne Erregimeneko Erregelamenduak onestea eta aldaraztea.

2.-Elkargoko kideek ordaindu behar dituzten kuota arruntak eta aparteko kuotak erabakitzea, baita bisatua behar duten esku hartze profesionalen kuotak eta eskubideak eta, oro har, Elkargoak jaso behar dituen gainerako ekarpen ekonomikoak ere.

3.-Aurrekontu arruntak eta aparteko aurrekontuak onestea, eta kontuak aurkeztea.

4.-Elkargoaren jabetzako ondasunen inbertsio proposamenei buruzko erabakiak hartzea eta, berariaz, higiezinen eskuraketa eta salmentei buruzko erabakiak.

5.-Gobernu Batzordeko kideei buruzko konfiantzazko mozio edo zentsura mozioetan ebaztea. Horrelakoetan, baldin eta zentsura mozioak aurrera egin badu, Estatutu hauetan eta Barne Erregimeneko Erregelamenduan ezarri dena betez, Batzar Nagusiak pertsona horiek kargu horietatik kanpo uzteko eskubidea du.

6.-Ezustekoak, geroratu ezinak edo presazkoak izateagatik Batzar Nagusiaren aurrezko erabakia jaso ez duten eta Gobernu Batzordeak burutu behar izan dituen jarduketak berrestea.

7.-Hala denean, Gobernu Batzordean hutsik egon diren karguetan erakundeak berak behin-behinean egin dituen izendapenak berrestea, edo izendapen berriak erabakitzea.

8.-Elkargoaren Gobernu Organoetan eta kudeaketarako karguetan dauden elkargoko kideek jaso behar dituzten esleipenak erabakitzea.

9.-Bidezkoa bada, aurreko Batzar Nagusietako aktak onestea.

10.-Elkargoaren eskuordetzak ezartzea edo ezabatzea, eta, aldi berean, horietan jarduteko arauak ezartzea.

11.-Lanbide gaiak hobeto aztertzeko egokiena dela uste duenean, batzordeak sortzea eta, hala denean, horietan jarduteko arauak ezartzea.

12.-Edozein sozietate mota eratzea, edo horietan esku hartzea, baldin eta sozietate horien xedea lanbidearen interesekin bat badator.

16. artikulua. Batzar Nagusi motak.

Batzar Nagusiak bi motatakoak izanen dira: Ohikoak eta Apartekoak.

1.-Ohiko Batzar Nagusiak:

Elkargoko kideek urtean bi aldiz bilduko dira Ohiko Batzar Nagusiak egiteko.

Lehenengo batzarra hasierako seihilekoaren barruan eginen da. Derrigorrezkoa da horretan aurreko ekitaldiko kontuen azterketa eta onespena egitea eta, beharrezkoa balitz, kontu horien zentsura. Halaber, bilera horretan Gobernu Batzordearen memoria aurkeztuko da, kideek ezagutu dezaten; memoria horretan argi eta zehatz azalduko da aurreko urtean egin den lana. Elkargoko kideek ezagutza hobea izan dezaten, bi dokumentu horiek eta baita deialdia eta behin-behineko aztergaien zerrenda ere, kide guztien eskura izanen dira gutxienez Batzarra egin baino egutegiko hogeita hamar egun lehenago.

Bigarren Ohiko Batzar Nagusia laugarren hiruhilekoan eginen da eta horretan hurrengo ekitaldiko aurrekontuak aurkeztuko dira. Dokumentu horiek ere elkargoko kideen eskura izanen dira, deialdia eta behin-behineko aztergaien zerrendarekin, bilera egin baino egutegiko hogeita hamar egun lehenago.

2.-Aparteko Batzar Nagusiak.

Gainerako Batzar Nagusi guztiak aparteko bileratzat joko dira. Horrelako bileren deialdiak egiten ahal dira Gobernu Batzordeak erabakia hartu duelako edo, aztertu behar diren gai zehatzak zeintzuk diren adieraziz, gutxienez eskubideen jabeak diren elkargoko kideen %10ak idatziz eskabidea egiten duenean. Azken kasu horretan Batzar Nagusia eskabide hori Elkargora iritsi eta hurrengo egutegiko hogeita hamar egunen barruan egin beharko da.

17. artikulua. Batzarren deialdia eta quóruma.

Batzar Nagusietako behin-behineko aztergaien zerrenda Gobernu Batzordeak eginen du eta, deialdiarekin batera, elkargoko kide guztiei igorriko zaie bilera egin baino egutegiko hogeita hamar egun arinago baldin eta Ohiko Batzar Nagusia bada, eta Apartekoa bada, egutegiko hamar egun lehenago.

Gutxienez Batzarra egin baino egutegiko hamar egun lehenago elkargoko kideei igorriko zaie behin betiko aztergaien zerrenda. Zerrenda horretan, behin-behineko zerrendan adierazi diren gaiak ez ezik, gutxienez elkargoko 10 kidek Gobernu Batzordeari idazkia igorriz eskatu dituzten proposamenak azalduko dira; idazki hori bilera egin baino egutegiko hamar egun lehenago igorri behar dute. Bileran aztertu eta erabakitzen ahal diren gaiak behin betiko aztergaien zerrendan daudenak baino ezin dira izan.

Aztergaien zerrendako azkena izanen den Erregu-galderen atalari dagokionez, elkargoko kideek erreguak eta galderak egin ditzakete, idatziz, bilera egiteko eguna baino egutegiko hamabost egun arinago. Gobernu Batzordeak aintzat hartuko ditu bileran bertan ahoz eginen diren erreguak eta galderak baldin eta zilegi bada horiei era egokian erantzutea aurretiazko dokumentaziorik eduki gabe.

Batzar Nagusiaren eraketa baliagarria izan dadin derrigorrezkoa da lehen deialdian elkargoko kideen erdia gehi beste bat bertaratzea. Bada, lehen deialdian ez bada kopuru hori bertaratzen, Batzarra bigarren deialdian eratuko da, lehen deialdian ezarri den ordua baino hogeita hamar minutu beranduago. Bigarren hori baliagarria da bertaratu diren kideen kopurua gorabehera.

18. artikulua. Batzarren eraketa eta garapena

Batzorde Nagusietako burua Elkargoko lehendakaria izanen da, edo hura ordeztuko duena. Bilera horietako idazkaria Elkargokoa izanen da, edo hura ordeztuko duena. Mahaian, bi horiekin batera, Batzarrera bertaratuko diren Gobernu Batzordeko gainerako kideak izanen dira.

Mahaiburuak aztergaien zerrendako puntu bakoitzaren eztabaida proposatuko du eta, hasteko, txostengileari emanen dio hitz egiteko txanda. Horrek hitz egin ondoren eztabaidak hasiko dira eta hitz egiteko txanda eskatzen duten elkargoko kideek egingo dute hitz. Mahaiko kideek eta txostengileak bidezkoa denean eginen dute hitz. Mahaiburuak uste duenean gaia era egokian eztabaidatu dela erabaki-proposamen horren botazioari ekingo zaio.

Txostengilea ez dagoenean bertan, gaixorik dagoenean edo era egokian bidezkotuta dagoen beste edozein arrazoigatik joan ez denean, beste elkargoko kide bati eskuordetu diezaioke txostenaren defentsa Gobernu Batzordeari Batzar Nagusia egin aurretik idatziz jakinaraziz; jakinarazpen hori eskuordetza onartzen duen elkargoko kide horrek sinatuta egonen da.

III. KAPITULUA

Gobernu Batzordea

19. artikulua. Izaera eta eraketa

Gobernu Batzordea organo artezkaria da eta horri dagokio Elkargoaren erabateko zuzendaritza, administrazioa eta gobernua, elkargoaren helburuak eta funtzioak era eraginkorrean betetzeko beharrezko jarduerak burutuz. Estatutu hauetan Batzar Nagusiari eman zaizkion funtzioak gorabehera, uste da funtzio horien berariazko esleipenik ez dagoenean horiek betearazteko erantzukizuna eta eskumena Gobernu Batzordeari dagokiola.

Gobernu Batzordearen osoko bilkurak ondoko kide hauek izanen ditu:

Lehendakaria, idazkaria, diruzaina, kontu-hartzailea eta, gutxienez, hiru mahaikide.

Mahaikideen kopurua ez da zehatza eta Elkargoaren kudeaketari dagokiona izanen da, aurrez Batzar Nagusiak onespena emanda.

Kide guztiak elkargoko kide guztien sufragio unibertsalaren bidez hautatuko dira.

Gobernu Batzordeko kide bat Elkargoa kide den "Laboratorio de Ensayos Navarra, S. A." delakoaren Administrazio Kontseiluko kide izanen da.

20. artikulua. Eskumenak.

Ondoko hauek dira Gobernu Batzordearen eskumenak:

1.-Elkargoko kide izateko eskabideen onespenari dagokionez ebaztea.

2.-Aparejadore eta arkitekto teknikoek beraien jarduketa profesionalean bete behar dituzten lege eta arau orokorrak eta bereziak betetzea eta elkargoko kideei horiek betearaztea, eta gauza bera estatutu hauei, Barne Erregimeneko Erregelamenduei eta beraien eskumeneko arloetan elkargoko organoek hartzen dituzten arau eta erabakiei dagokienez ere.

3.-Elkargoko kideak defendatzea lanbide jarduketan ari direnean.

4.-Elkargoko kideen lanbide jokaera egokia dela zaintzea, hala kideen arteko harremanei nola horien eta gainerakoen arteko erlazioei dagokienez.

5.-Legez lanbidea egiteko gaitasunik ez dutenei profesioan jardutea ekiditea eta, ondore horretarako, bidezko ekintzak burutzea eta neurriak hartzea.

6.-Estatutuetan ezarri diren epeen barruan, ohiko batzarrak eta aparteko batzarrak egiteko deialdiak egitea, beti ere honako estatutu hauen 16. artikuluan ezarri dena betez.

7.-Aurrekontuak, balantzea eta emaitzen kontua idaztea, eta horiek Batzar Nagusiari aurkeztea organo horrek erabaki dezan.

8.-Elkargoak urtero egiten dituen jardueren Memoria idaztea eta egin den kudeaketa Batzar Nagusiari aurkeztea, horrek erabaki dezan.

9.-Bere barruko karguak zuzkitzeko hauteskundeen deialdia egitea, eta hauteskundeak egiteko egutegia onestea.

10.-Elkargoko estatutuen onespen eta eraldaketarako prozedura sustatzea.

11.-Elkargoko kideentzat interesgarriak diren jarduerak eta zerbitzu erkideak antolatzea, hain zuzen ere profesionalak, prestakuntzazkoak, kulturalak, jostetazkoak, laguntzazkoak edo bestelakoak eta, hala denean, graduondokoentzat lanbide trebakuntzarako ikastaroak antolatzea.

12-Elkargoaren zerbitzu administratiboak antolatzea, elkargoaren jarduerak era egokiagoan egiteko bidezkotzat jotzen dituen sail, batzorde, lan talde edo zerbitzuak desegiteko aginduz.

13.-Eskuorde edo ordezkariak izendatzea, bidezkotzat jotzen diren kasuetan Elkargoa ordezka dezaten.

14.-Elkargoko funtsak biltzea eta administratzea.

15.-Bankuetako kontuen irekiera edo eskualdaketetan funtsa horien mugimenduak baimentzea.

16.-Beharrezkoak diren eta aurrekontuetan azaltzen ez diren presazko eta geroratu ezineko jarduketa eta gastuei buruz ebaztea, gero horren berri eginen den hurrengo Batzar Nagusiari emanez.

17.-Disziplina ezartzeko funtzioak betetzea estatutu hauetan ezarri diren terminoetan.

18.-Profesioaren esparruko gaietan eskuhartzea eta aldez aurretik interesatuek eskabidea egin ondoren, ararteko edo artekari lanak egitea.

19.-Oro har, lege, erregelamendu edota Batzar Nagusiak onetsiko dituen estatutuen bidez esleituko zaizkion gainerako funtzio guztiak.

21. artikulua. Funtzionamendua.

Gobernu Batzordeak gutxienez hilean behin eginen du ohiko bilera, baina bere jarduketan beharrezkoak diren guztiak egin ditzake. Deialdia lehendakariak eginen du, bere ekimenez, edo batzordeko kideen erdiak gehi beste batek eskatuta.

Batzordearen eraketa baliagarria izan dadin beharrezkoa da bere kideen erdia gehi bat bertaratzea.

Halaber, Batzordea, aparteko kasuan eta aurrez deialdirik egon ez arren, era baliagarrian eratuta egonen da baldin eta bere kide guztiak bilduta daudenean aho batez horrela egitea erabakitzen badute.

Gobernu Batzordearen bileretara, bere kideak ez ezik, legelariak edo beste aholkulari batzuk joaten ahal dira, hau da, aztertuko diren gai horietan ezagutza berezia izateagatik bileran egotea egokia dela uste denean.

Gobernu Batzordeko kide batek bilera horretara joateko eskuordea izendatu dezake. Eskuordetza hori lehendakari edo idazkariari zuzenduko zaion idazkiaren bidez eginen da.

22. artikulua. Lehendakaria

Elkargoko lehendakariak ondoko ahalmenak izanen ditu:

-Elkargoaren eskuordea izatea.

-Batzar Nagusiaren, Gobernu Batzordearen eta elkargoko batzordeen bileren deialdia egitea eta, horietara bertaratzen denean, bilera horiek zuzentzea. Botazioetan berdinketa gertatuz gero, kalitatezko botoa izanen du eta horren arabera ebatziko da.

-Elkargoaren funtsen pentzutan eginen diren ordainketa guztiak egiteko aginduak ematea.

-Diruzaina edo kontu-hartzailearekin batera, funtsak mugiarazteko agiri guztiak sinatzea.

-Bere sinaduraren bidez tramite hori eskatzen duten elkargoko aktak edo dokumentuak baimentzea, eta baita elkargoko erabakiak edota berariaz bereak diren ahalmen eta eskumenak betearazteko derrigorrezkoak diren dokumentu publiko eta pribatu guztiak sinatzea ere.

-Elkargoko zuzendaritza burutzea, une oro erarik egokienean garatzen dela zainduz eta elkargoak hartu dituen erabakiak betetzen direla bermatuz.

-Gertatzen ahal diren ustekabekoetan edo geroratu ezineko arazoetan ebaztea, baldin eta horien erantzukizuna Gobernu Batzordeari esleitu bazaio. Horrela jarduten badu gero erabaki hori eginen den Gobernu Batzordearen hurrengo bileran berretsi behar da.

23. artikulua. Idazkaria

Idazkariaren ahalmenak ondoko hauek dira:

-Lehendakariak agindua eman ondoren, gobernu organo guztien bileren deialdiak egitea, bidezko deiak sinatuz.

-Batzar Nagusietako eta Gobernu Batzordeetako aktak idaztea eta sinatzea; bidezko Akta Liburuen arduraduna da eta horiek zaintzearen erantzukizuna du.

-Eskatuko diren ziurtagiriak luzatzea eta sinatzea, horietan lehendakariak ikusonespena emanen duela.

-Elkargoko dokumentazioa eta elkargoko kideen erregistroa zaintzea.

-Halaber, Elkargoko administrazio zerbitzuen funtzionamendu egokiaren ardura du eta Pertsonalaren Zuzendaria da.

24. artikulua. Diruzaina eta kontu-hartzailea

Diruzainaren funtzioak dira:

-Elkargoko funtsak zaintzea eta horiek era egokian gordeta izateko neurriak hartzea.

-Elkargoko funtsak inbertitzeko plana egitea.

-Lehendakariak baimena eman ondoren eta kontu-hartzailea ere jakitun dagoela, ordainketa eta kobrantza, funtsen mugimendu eta inbertsio guztiak egiteko aginduak ematea.

-Lehendakariarekin edo kontu-hartzailearekin batera, Elkargoko kontu korronteetako txekea eta taloiak sinatzea.

-Kontu-hartzailearen funtzioak dira:

-Elkargoko kontabilitatea eta kontuen erregimen orokorra antolatzea.

-Estatutuen arabera baimendu ditzakeen kobratzeko eta ordaintzeko dokumentu guztiak sinatzea.

-Funtsen hileko egoera eratzea.

-Lehendakariarekin edo diruzainarekin batera, funtsak mugiarazteko behar diren dokumentuak sinatzea.

-Ekitaldi bakoitzeko balantzea, inbentarioa eta aurrekontuak formalizatzea, eta Gobernu Batzordeari aurkeztea organo horrek erabakia har dezan.

25. artikulua. Mahaikideak

Mahaikideek, zaharrenetik hasi eta gazteenera heldu arte adinaren arabera hurrenez hurren lehendakaria, idazkaria, diruzaina eta kontu-hartzailea ordezkatuko dituzte horien ausentzia kasuetan, gaixorik daudenean edo kargu horiek hutsik daudenean.

Mahaikideen ardura izanen dira batzordeak eta lan taldeak, eta horietan Gobernu Batzordeak erabakiko dituen funtzioak eginen dituzte.

26. artikulua. Karguen iraupena eta berrikuntza.

Gobernu Batzordeko kideen karguen agintaldia lau urtekoa izanen da; karguok iraungitzen direnean berrituko dira.

Gobernu Batzordeko karguren bat hutsik baldin badago, Batzordeak berak izendatuko ditu kargu horiek behin-behinean estaltzeko elkargoko kideak, harik eta lehen Batzar Nagusia egin eta horrek izendapen horiek berretsi edo ordeztu diren kargu horien iraupena agortu bitartean berriak izendatu behar direla erabaki arte.

Baldin eta lehendakariaren kargua edo batzordeko kideen erdia baino gehiago hutsik badaude. Elkargoen Kontseilu Nagusiak gertatu diren kargu huts horiek korporazioan kide moduan urterik gehien egin dituzten kideekin estaliko lituzke. Emaitzako Gobernu Batzordeak berehala eginen du aparteko hauteskundeak egiteko deialdia hutsik dauden kargu horiek betetzeko eta hauteskunde horietan hautatzen diren kideen agintealdia estatutuen arabera ordezkatu ziren karguek betetzeke zutena izanen da.

IV. KAPITULUA

Sozietatearen erabakiak hartzeko erregimena

27. artikulua. Batzar Nagusietan hartzen diren erabakiak.

1. Batzar Nagusietan, hala ohikoetan nola apartekoetan, estatutu hauen 32. artikuluaren 1. atalean ezarri dena betetzen duten elkargoko kide guztiek izanen dute botoa emateko eskubidea.

2. Erabaki horiek, baldin eta adostasunik ez badago, bertaratu diren elkargoko kideen arteko botoen gehiengo arruntaren bidez hartuko dira. Dena den, ondoko salbuespenak daude:

Bertaratu diren kideen bi herenen aldeko botoa eskatzen da ondoko kasu hauetan:

a) Elkargoko Estatutuak onesteko, aldarazteko edo berrikusteko.

b) Higiezinak eskuratzeko edo saltzeko.

c) Gobernu Batzordeari edo bere edozein kideri edota Elkargoko kudeaketarako beste organo batzuei zentsura-botoa proposatzeko.

3. Botazioei dagokienez, hiru mota daude:

a) Arrunta, besoa altxatuz baieztatuko dena. Lehenengo eta behin eztabaidagai den horren alde daudenek azalduko dute iritzia, gero ezesten dutenek eta, azkenik, abstenitu eginen direnek.

b) Izena emanez, hau da, elkargoko kide bakoitzak bere izen-deiturak esan behar ditu eta, jarraian, ondoko hitzetariko bat: Bai, Ez edo Abstentzioa.

c) Papeletaren bidez, baldin eta bertaratu diren kideen herenak edo lehendakariak, mahaia ados dagoela, horrela egitea eskatu badu elkargokideekiko begiruneak edo gaia ezkutuan eduki beharrak horrela jokatzea aholkatzen badu.

4. Botoa eskuordetuta ematen ahal da eta Elkargoak ondore horretarako duen inprimaki ofiziala erabili behar da. Inprimaki horretan elkargoko kidearen izen-deiturak eta zenbakia azalduko dira eta bi atal izanen ditu, lehenengoa eskuordetza bidezkotzen duena eta eskuordetzen den elkargoko kidea izendatzen duena (horretan eskuordetza eman duenaren sinadura agertuko da) eta inprimakiaren bigarren zatiak Batzarrera joaten diren elkargoko kideen frogagiri moduan balioko du. Elkargoko kide bakoitzak gehienez boto eskuordetu bakarra izanen du.

28. artikulua. Gobernu Batzordearen erabakiak.

Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Sortu diren gaiei buruzko adostasunik ez dagoenean lehendakariak hartu behar diren erabaki horiei buruzko proposamen zehatzen botazioa egiteko agindua emanen du. Berdinketa gertatzen den kasuetan lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko du.

Boto eskuordetua erabiltzeko derrigorrezkoa da Batzordeari eskuordetza emanen duen kideak sinatuta egonen den idazkia aurkeztea. Idazki horretan bere botoa Batzordeko zein kideri eskuordetzen dion azalduko da. Bertaratzen den kide bakoitzak gehienez boto eskuordetu bat izan dezake.

29. artikulua. Aktak

Hala Elkargoko Batzarretan nola Gobernu Batzordeetan bilera guztien aktak eginen dira. Akta horien idazkuntza idazkariari dagokio eta horrek lehendakariak ontzat emanda sinatuko ditu.

Batzar Nagusietan aktak gehiengo arruntaren bidez onetsiko dira, noiz-eta hurrengo Batzar Nagusian, bilera horren aztergaien zerrendako lehen puntua izanen delako. Akta horiek elkargoko kideen eskura izanen dira gutxienez egutegiko hogei egun lehenago.

Elkargokideek edukiei dagokienez egin ditzaketen erreklamazioak akta onesteko aurreikusi den data baino egutegiko hamar egun lehenago aurkeztuko dira, eta erreklamazio horiek idatziz aurkeztuko dira idazkariari zuzenduta egonen diren idazkietan. Idazkariak Batzar Nagusian irakurriko ditu erreklamazio horiek eta bertan eztabaidatuko dira.

V. KAPITULUA

Ekintzen eta elkargoaren esparruan aurkaratzearen erregimen juridikoa

30. artikulua. Errekurtsoak

Administrazioko izaera duten Elkargoaren erabakiaren aurka, legezko interesa duenak nahi izanez gero, birjarpenezko errekurtsoa jartzen ahal da hura eman duen organoan bertan, edo gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da autonomia mailako Elkargoen Kontseiluan, edo, horrelakorik ez badago, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoen Kontseilu Nagusian. Bi errekurtso horiek aurkezteko epea hilabetekoa da errekurritu den ekintza hori argitaratu edo jakinarazi den egunaren biharamunetik zenbatuko dena.

Birjarpenezko errekurtsoa edo gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu denetik hiru hil igaro badira eta ebazpenik ez bada jakinarazi, uste izanen da ezetsi egin direla errekurtsook eta, irekita geratuko dira, lehenengo kasuari dagokionez, gora jotzeko errekurtsoaren eta bigarrenari dagokionez, administrazioarekiko auzibidearen bideak.

VI. KAPITULUA

Gobernuko karguak hautatzeko erregimena

31. artikulua. Deialdia eta hautagaien zerrendak

1. Karguen agintealdia bukatzen denean Gobernu Batzordeak elkargokideei jakinaraziko die hauteskundeak eginen direla. Jakinarazpen hori hauteskundeetarako data baino gutxienez berrogei egun lehenago eginen du eta botoa emateko eskubidea duten elkargoko kideen zerrenda argitaratu eta elkargoaren egoitzan jendaurrean azalduko da.

2. Hautesleak diren elkargoko kide guztiek dute Elkargoko zuzendaritzako karguetatik edozeinetara aurkezteko eskubidea, jarraiko atal honetan esanen diren salbuespenekin.

3. Hautagaiak izaten ahal dira botoa emateko eskubidea duten elkargoko kideak baina, lehendakari, idazkari, diruzain eta kontu-hartzaile karguetarako derrigorrezkoa da hautagaiak gutxienez urte bateko antzinatasuna izatea elkargoko kide moduan.

4. Hautagaitza horiek gutxienez egutegiko hogeita bost egun lehenago aurkeztuko dira ondore horretarako hautagaiak Gobernu Batzordeari aurkeztuko dion idazkiaren bidez. Idazki horretan gutxienez botoa emateko eskubidea duten elkargoko hogei kideren sinadura egonen da. Hautesle batek hautatuko den kargu bakoitzerako hautagai bakarraren aurkezpen-idazkia baino ezin du sinatu.

Gobernu Batzordeak, baldin eta aurkeztu diren proposamenekin ados badago, hautagaien aldarrikapenari ekingo dio. Aldarrikapen hori hauteskundeak izan baino gutxienez egutegiko hamabost egun lehenago eginen du.

5. baldin eta aldarrikapena egin eta posturen bat betetzeko hautagai bakarra badago, aldarrikapen horrek pertsona hori bidezko kargu horretarako aukeratzearen balioa izanen du eta ez da beharrezkoa izanen botazioari ekitea.

Gobernu Batzordeak zerrenda itxien sistemaren bidez eginen den hauteskundeen deialdia egiten ahal du, nahiz eta horretarako berariaz Batzar Nagusiaren bileran horretarako baimena behar den. Hautagaien aurkezpenean, sistema honen bidez, postu bakoitza betetzeko hautagaiaren izenaren ondoan zein kargutara aurkezten den azalduko da. Talde-hautagaitza hori ere zerrenda irekietan eskatu den elkargo kideen sinadura kopuru berarekin bermatu behar da.

6. Baldin eta hautagaietako bat Gobernu Batzordeko kidea bada horren aldarrikapenak berez eragingo du horrek karguari uko egitea edo hortik bereiztea. Baldin eta lehendakariaren edo Gobernu Batzordearen kideen erdia baino gehiagoren postuak hutsik badaude, estatutu hauen 26. artikuluan ezarri den eran jardungo da.

32. artikulua. Hauteskundeak egitea eta horien garapena

1. Botoa emateko eskubidea izanen dute Elkargoko betebeharretan egunean dauden elkargoko kide guztiek, baldin eta ez badaude lanbidea egiteko etenda edota ez badaude elkargoaren disziplinazko espedientearen bidez ezarritako zehapenaren aldian.

2. Hauteskunde Mahaiak ondoko kide hauek izanen ditu: Elkargoko lehendakaria edo ordeztuko duen Gobernu Batzordeko kidea, gehi Gobernu Batzordeak izendatuko dituen elkargoko lau kide. Mahaia Elkargoaren egoitzan eratuko da, botazioa egiteko ezarri den egunean eta orduan.

3. Hautagai bakoitzak, Gobernu Batzordeari aurkeztuko dion idazkiaren bidez, boto eskubidea duen beste elkargoko kide bat izenda dezake Eskuhartzaile lanak egin ditzan. Idazki hori adierazi den eguna baino berrogeita zortzi ordu lehenago aurkeztu behar du.

4. Hautesleen botoa botazioa egitera norbera joanda ematen ahal da, edo postaz, Hauteskunde Mahaiko lehendakariari igorriko zaion posta ziurtatu bidezko jakinarazpenean egonen den botoaren bidez. Prozedura ondokoa izanen da: hautesleak botoa emateko bere papeleta gutunazal itxi baten sartuko du, horrela botazioa sekretua izanen dela bermatzeko. Gutunazal hori, gehi botoa eman duen kidearen N.A.N.aren fotokopia, Nafarroako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialari igorriko zaion beste gutunazal baten barruan sartuko dira, lehendakariarentzat dela adieraziz.

5. Botazioa amaitu ondoren Hauteskunde Mahaiak jendaurrean benetakotuko du eman diren botoen zenbatespena (hala denean, hauteskundeei buruzko arauetan ezarri dena ez betetzeagatik balio gabekotzat jo diren botoak zeintzuk diren adieraziz) eta botazioaren emaitza jakinaraziko du, eta hautetsi diren kargu horiek betetzeko botorik gehien izan duten hautagaitzak aldarrikatuko ditu. Berdinketa gertatzen bada, indarrean dagoen Hauteskundeei buruzko Legean ezarri denaren arabera ebatziko da.

6. Baliorik gabeko bototzat joko dira:

Postaz eman direnak eta botazio mota honetarako Gobernu Batzordeak ezarri dituen beharkizunak betetzen ez dituztenak.

Hautagai aldarrikatu ez diren pertsonen alde eman diren botoak.

Kargu bererako aurkeztu diren bi hautagai edo gehiagori eman zaizkienak.

Irakurtzeko edo interpretatzeko dudak ematen dituztenak.

7. Botazioaren emaitzak ezagutu ondoren bidezko Aktak beteko dira. Akta horien ale bat Elkargoen Kontseilu Nagusiari igorriko zaio, hautatuak izan diren pertsonen bidezko izendapenak egin ditzan.

8. Hautatu diren kargu horien izendapenak Elkargoen Kontseilu Nagusiarengandik jaso ondoren, horiek karguen jabetza hartuko dute. Ekintza hori hurrengo egutegiko hamar egunen barruan eginen da.

9. Gobernu Batzorde berriaren osaketaren jakinarazpena eginen zaio Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne Departamentuari, bidezko erregistroan erasotzearen ondoreetarako.

IV. TITULUA

Elkargoaren zerbitzuak

I. KAPITULUA

Lan eta dokumentuei bisatua emateko zerbitzua

33. artikulua. Bisatuak emateko zerbitzua

Elkargoak lanak eta dokumentuak bisatzeko zerbitzua edukiko du eta horren erantzukizuna izanen da material horiek berrikustea; zerbitzuak lana norena den eta egilearen titulazioa, gaitasuna eta gaikuntza benetakotuko ditu; halaber, material horren eduki formala ziurtatuko du.

34. artikulua. Bisatuaren edukia

Elkargoaren bisatua behar dute, derrigorrez, elkargoko kideek jasotzen dituzten enkarguen ondorio diren esku hartze profesionalek, salbu eta Herri Administrazioek beraien funtzionarioei formulatzen dizkieten enkarguen kasuan.

Obren proiektuak eta zuzendaritzak direnean obra horiek egin diren esparruari dagokion Udalari igortzen zaio, indarrean dauden legezko xedapenak betez, hain zuzen ere.

35. artikulua. Bisatuaren tramitazioa

Elkargoak bisatua ematearen tramitea egiten bada berez sortarazten ditu, Elkargoaren alde, eman den zerbitzuari dagozkion eskubide ekonomikoak. Eskubide horiek bidezko arautegian ezarri diren parametro objektiboen arabera zehaztuko dira eta horien ordainketa aurretiazko baldintza da interesatuek tramite hori betetzeko aurkeztu duten dokumentazio hori jasotzeko.

Aurkeztu diren lan profesional horiek onesten dituen eta, ondorioz, bisatu diren, edo ezesteen dituen Elkargoaren ebazpena dokumentuak aurkeztu eta hamabost eguneko epearen barruan eman behar da. Ezespenaren arrazoiak bi baino ezin dira izan, hau da, elkargoko kideak ez dituenean betetzen estatutuetan eskatu diren baldintzak, legez ezarrita dagoen bateraezintasunagatik, alegia, edo, ezarri den arautegian esaten denaren arabera, bisatuaren xedea den dokumentazio teknikoaren eduki formaletan okerrak daudelako. Dena dela, Elkargoak, arestian adierazi den epe horretan, bisatua etetea erabaki dezake baldin eta legez ezarrita dagoen ustezko bateraezintasuna dagoelako edo aurkeztu den dokumentazioari eskatzen zaizkion beharkizun formalei dagokienez zerbait falta delako, eta hori onesteko edo ezesteko erabakia gehienez bi hileko epean eman behar du, beti ere etetea erabaki denetik zenbatuko dena.

36. artikulua. Bisatuari dagokion ebazpenaren jakinarazpena

Elkargoak zioak eta arrazoiak adieraziz emanen duen ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie hamar eguneko epearen barruan eta jakinarazpen horretan hartu den erabakiaren testu osoa emanen zaie. Interesatuei egiten zaien jakinarazpenean, halaber, esanen da Elkargoari dagokionez ebazpena behin betikoa den edo ez eta, hala denean, erabaki horren aurka aurkezten ahal diren errekurtsoen berri emanen zaie, non aurkeztu behar diren errekurtsook eta horiek aurkezteko dauden epeak.

II. KAPITULUA

Ogibidesariak kobratzeko Elkargoaren zerbitzua

37. artikulua. Ogibidesariak kobratzeko Elkargoaren zerbitzua

Elkargoak zerbitzu profesionalak egiteagatik elkargoko kideen lanak sortarazi dituen jasotzeko munta, ordainketa edo ogibidesarien kobrantza kudeatzeko ardura izanen duen zerbitzua du.

38. artikulua. Zerbitzugintzaren baldintzak

Elkargoko kideek sortarazten dituzten lanbide ogibidesarien kobrantzaren kudeaketa hala Elkargoak eskatuta nola elkargoko kideek, askatasun osoz eta berariaz eskatuz, burutuko da. Horretarako berariaz funtzio hori betetzeko gaitu diren inprimakiak edo galdera-sortak behar dira erabili.

III. KAPITULUA

Zerbitzu profesional eta kulturalak / Bulego Teknikoa

39. artikulua. Zerbitzu profesional eta kulturalak / Bulego Teknikoa

Elkargoak elkargoko kideei informazioa emateko zerbitzua izanen du. Informazio hori interes profesionalekoak diren gaiei buruzkoa izanen da, eta baita prestakuntza eta erreziklajeari buruzkoa ere. Halaber, izaera kulturala izanen duten beste zerbitzu batzuk eskainiko ditu, kasu honetan elkargoko kideen lanbide hobekuntza eta eguneratzea lortzeko.

Elkargoko Bulego Teknikoaren helburua izanen da elkargoko kideei informazioa ematea, hain zuzen ere lanbiderako interesgarriak diren gaiei buruzkoa, eta baita prestakuntza eta erreziklajeari buruzkoa ere. Halaber, izaera kulturala izanen duten beste zerbitzu batzuk eskainiko ditu, kasu honetan elkargoko kideen lanbide hobekuntza eta eguneratzea lortzeko, eta, bukatzeko, Gobernu Batzordeak aginduko dizkion gaiei buruzko informazioa emanen du.

40. artikulua. Prestakuntza eta informazioa

1. Elkargoak ikastaroak, hitzaldiak eta prestakuntzako jarduerak antolatzeko zerbitzua izanen du. Zerbitzu horren xedea berariaz izanen da elkargoko kideen ezagutzak eguneratzea, eta baita horien lanbide maila hobetzea eta egokitzea ere. Funtzio hau garatzeko Elkargoak hitzarmenak sinatzen ahal ditu arlo horretan lan egiten duten unibertsitate, erakunde edo izaki publikoekin eta pribatuekin.

2. Elkargoak, halaber, arlo profesionalean elkargoko kideentzat interesgarriak izaten ahal diren gai guztiei buruzko informazioa emateko zerbitzua izanen du eta elkargoko kide horiei berariaz jakinaraziko zaizkie argitaratuko diren eta lanbidearen jardunarekin zuzeneko zerikusia duten legezko arau berrien edukiak. Zerbitzu hau aldiro argitaratuko den buletin baten bidez eginen ahal da, edo informazioa transmititzeko edozein euskarri teknologiko erabiliz igortzen ahal diren zirkularren bidez.

3. Zerbitzu horien antolakuntza eta funtzionamendua, eta baita jarduera horien ustezko dirulaguntzak ere, hala Gobernu Batzordearen erabakien bidez nola Batzorde horrek emanen dituen arautegi zehatzen bidez erregulatuko dira.

IV. KAPITULUA

Elkargoaren beste zerbitzu batzuk

41. artikulua. Elkargoaren beste zerbitzu batzuk

1. Adierazi diren horiek guztiak ez ezik, Elkargoak ondoko zerbitzuak jar ditzake elkargoko kideen eskura:

-Aholkularitza juridikoa eta zerga aholkularitza.

-Lan-burtsa.

-Liburutegia.

-Gailu profesionalen alokairua.

Barruko zein kanpoko aholkularitza juridiko eta zerga aholkularitza zerbitzuak aholkularitza eskainiko die lanbide jardueren praktikari lotuta dagoen arlo juridikoan edo zergetan laguntza eskatuko duten elkargoko kideei.

Lan-burtsaren helburua elkargoko kideak diren arkitekto teknikoei, ahal den neurrian behintzat, dituzten beharrizan, lanbide prestakuntza eta asmoen araberako enplegua edo lana zuzkitzea da.

Liburutegiaren helburua elkargoko kideei, bere funtsen aukeren arabera, lanbideari lotuta dauden argitalpenen kontsulta bermatzea da. Funtsa horiek zabalik egonen dira Arkitektura Teknikoko Unibertsitate Eskolako ikasleentzat eta beste profesional tekniko batzuentzat ere.

Gailuak maileguan uzteko zerbitzuari esker elkargoko kideek beraien lanbide jarduera errazteko tresnak eskura ditzakete. Atal honetan kostuari dagokionez garestiak izaten diren gailuak daude, edota lantzean behin baino ez direnak erabiltzen eta horregatik norbanako batek eskuratzeko zailak direnak; halaber, alokatzeko merkatuan ez dauden gailuak edo eskuragaitzak direnak izaten dira.

2. Gobernu Batzordeari dagokio elkargoko zerbitzu edo talde berrien sorkuntza sustatzea, eta hori lanbide arloen interesei jaramon egiteko eta lanbidearen ospean eragina izateko eginen dute, aldi berean elkargoko helburuak hobeto lortzea bideratuz.

3. Zerbitzu horien eta elkargoko taldeen antolakuntza eta funtzionamendua hala Gobernu Batzordearen erabakien bidez nola batzorde horrek emanen dituen arautegi zehatzen bidez erregulatuko dira.

V. TITULUA

Eregimen ekonomikoa eta finantza-erregimena

I. KAPITULUA

Bitarteko ekonomikoak

42. artikulua. Bitarteko ekonomikoak

1. Elkargoaren bitarteko ekonomikoak arruntak eta apartekoak izaten ahal dira.

2. Elkargoaren bitarteko arruntak izanen dira ondoko hauek:

a) Korporazioak dituen ondasun eta eskubideen ekoizkinak, eta baita eginen dituen era guztietako zerbitzu eta jarduerenak ere.

b) Elkargora inkorporatzeak eragiten dituen eskubideak eta baita elkargoko kideek ordaindu behar dituzten kuotak ere.

c) Bisatua behar duten elkargoko kide profesionalen esku hartzeek eragiten dituzten kuota eta eskubideak, lanbide ekintza jakin bati dagozkion izaera, tamaina eta konplexutasuna kontuan hartuta ezartzen diren parametro objektiboen arabera zehaztuko direnak, alegia. Halaber, Elkargoak egiten dituen artekaritza eta peritazioen eta luzatzen dituen ziurtagirien edo elkargoen arloko indarreko irizpide eta arautegiak betez ezartzen diren gainerako funtzioen barruko beste jarduketetan eskuratzen direnak.

3. Aparteko bitartekoak dira:

a) Elkargoak erakunde ofizial, erakunde eta norbanakoengandik jaso ditzakeen dirulaguntzak, dohaintzak edo gainerako laguntzak.

b) Batzar Nagusiak ezarriko dituen aparteko kuotak.

c) Erkidegoaren ondare bihurtuko diren ondasunak eta eskubideak.

d) Ondasunak eta eskubideak inorenganatzearen emaitzak.

4. Elkargoko zamak bere kideen artean banatzen direnean eragiketa hori banaketa eta berdintasunean oinarritzen den justiziaren arabera eginen da.

5. Bitarteko guztiak Elkargoko helburu eta funtzioen ondorio diren estatutuetako betebeharra betetzeko aplikatuko dira.

6. Elkargoaren jarduera ekonomikoa egutegiko urte bakoitzeko sarrera eta gastuen aurrekontu arrunten formulazioaren bidez erregulatuko da.

Inguruabarrek horrela egitea aholkatzen dutenean, aparteko aurrekontuak egiten ahal dira uste gabeko beharrizanei edo presazkoei aurre egiteko.

7. Aurrekontuak, hala arruntak nola apartekoak, kontu-hartzaileak prestatuko eta Gobernu Batzordeak onetsiko ditu; ondoren Batzar Nagusiari aurkeztuko zaizkio eta horrek horiei buruzko bidezko erabakia hartuko du.

8. Ekitaldi ekonomikoa bukatu ondoren Batzar Nagusiaren onespena beharko dute.

9. Era guztietako kobrantzak eta ordainketak, funtsen mugimenduak eta inbertsioak egitea, Gobernu Batzordeko kideei eman zaizkien eskumenen arabera eta estatutu hauen 24. artikuluan ezarri dena betez.

Gobernu Batzordeak ondore horretarako berariaz emanen duen baimenarekin eta erakunde horrek adieraziko dituen mugekin, Elkargoko idazkari teknikoak berak era guztietako kobrantzak eta ordainketak agindu ditzake, eta Elkargoaren izenean irekita dauden kontuen barruan bere ustez egokiak diren funtsen transferentziak egin txeke, transferentzia-agindu, kontura eginen diren kargu edo legezko beste edozein bitarteko erabiliz.

VI. TITULUA

Disziplinazko erregimena

I. KAPITULUA

Zehapenak eta hutsegiteak

43 artikulua. Zehapena ezartzearen zioak.

Elkargoko kideek Kontseiluko Estatutu Orokorretan, estatutu hauetan, Elkargoaren Barne Erregimeneko Erregelamenduetan edo horien Batzar Nagusi eta Gobernu Batzordeen erabakietan bildu diren manuak ez betetzea, eta, oro har, lanbideko duintasun eta etikaren aurkako eraso guztiak izanen dira kasuan kasu aplikagarria edo bidezkoa izanen den zehapenaren zio eta, ondore horretarako interesatuari bidezko espedientea hasiko zaio.

44. artikulua. Hutsegite motak

Hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izanen dira.

1.-Arinak izanen dira:

Nafarroako Elkargoak eraentzen dituzten organoen estatutuen manuak edo organoen erabakiak ez betetzea, baina ez ohartzeagatik edo azaltzen ahal diren utzikeriagatik direnean.

Lanbideko lanetan garrantzi gutxi duten okerrak egitea.

Gobernu Batzordearen bileretara behin eta berriz ez joatea edo behin eta berriz ekuordetuta egitea.

Lankideen arteko arazo edo begirune falta txikiak.

Elkargoan disziplinarik-eza adierazten duten ekintza arinak, edota jendaurrean lanbidearen ospea eta itxuraren kalterako diren jarrerak azaltzea. Oro har, azalpena duen eta unean unekoa den utzikeria edo ardurarik ezagatik lanbideko edo elkargoko betebeharrak betetzen ez diren gainerako kasuak.

2.-Hutsegite larriak dira:

Inolako aitzakiarik edo azalpenik eduki gabe Nafarroako Elkargoak edo Elkargoen Kontseilu Nagusiak eraentzen dituzten organoen estatutuen manuak edo organoen erabakiak ez betetzea.

Elkargoaren bidez tramitatzen ahal diren dokumentuetatik edozeinetan faltsukeriak egitea.

Kontratatu diren lanak ez egitea eta jakitun egonik lanbideko ogibidesari ez egokiak jasotzea.

Elkargoko kideek lankideko intrusismoa estaltzea.

Aizunkeria, aurreikuspenik eza edo beste edozein inguruabar larri gertatu dela lanak egitea edo kontratatzea, baldin eta horrela lanbidearen ospeari eraso egiten bazaio edo indarreko legerian ezarri diren terminoetan lehia desleiala egiten bada.

Elkargoko kideak Estatuko administrazioak zein Nafarroako Foru Komunitatekoak estatutu hauek aplikatzeko edo interpretatzeko eman dituen arauetatik edozein ez betetzea.

Batzar Nagusiak estatutu hauek aplikatzeko edo interpretatzeko eman dituen erabakietatik edozein ez betetzea.

Lanbideari lotuta dauden gaiak jendaurrean azaltzea, ahoz zein idatziz, baldin eta horrela lanbidearen ospeari erasotzen bazaio edo horrela lankideen aurkako trufa eragiten badu.

Elkargoarekiko disziplinarik eza adierazten duten ekintzak errepikatzea eta horien barruan sartzen dira Gobernu Batzordeko eta elkargoaren gainerako organoetako kideak begirunerik gabe tratatzea.

Zehapen arinak errepikatzea hutsegite horien artean gutxienez urte bateko epea igaro ez bada.

3.-Hutsegite oso larriak dira:

Larrien kalifikazioa dutenak, baldin eta horietan gaizki jokatu eta maula egiteko usteak badaude eta, horregatik, eragiten dituzten kalteetan ere askoz ere mingarriagoak badira.

Hiru hutsegite larri egitea eta hutsegite horien artean gutxienez urte bateko epea igaro gabe egotea.

Lanbide jarduketan maulazko delitua egiteagatik zigorra jasotzea, baldin eta jendaurreko kontzeptuaren arabera era maltzur eta min egiteko jokatu bada.

Lanbideko duintasuna eta etika nabarmen erasotzen duten ekintzak egitea.

45. artikulua. Zehapenak

1.-Aplikagarriak diren zehapenak hauek izanen dira:

A) Zehapen arinak:

-Ahozko ohartarazpena.

-Ofiziozko ohartarazpena.

-Gobernu Batzordera deitu eta aurrean inor egon gabe jarrera hori azaltzea eta gogor kritikatzea; hori guztia Aktan eta Elkargoko kide horren espedientean idatziko da.

B) Hutsegite larriak:

-Elkargoko buletina erabiliz edota Elkargoko kide guztiei igorriko zaien zirkularraren bidez, jendaurreko azalpen eta kritika gogorra.

-Zuzendaritzako karguetarako ez gaitzea, gutxienez hiru hil eta gehienez hiru urterako.

-Bisatu berriak etetea, gutxienez hiru hil eta gehienez urte baterako.

-Lanbidea egiteko etetea, gehienez sei hilerako.

C) Hutsegite oso larriak:

-Elkargoko kidearen izaera kentzea eta berariaz debekatzea lanbidean aritzea, gutxienez sei hil eta gehienez bi urterako.

-Elkargotik aldi baterako kanporatzea, gehienez bi urterako.

-Elkargotik behin betiko kanporatzea.

2.-Hutsegiteak iraungitzeko epea hiru urtekoa izanen da hutsegite oso larriei dagokienez, bi urtekoa hutsegite larriei eta sei hilekoa arinei dagokienez. Hutsegite oso larrietan ezarri diren zehapenak hiru urte igaro ondoren iraungiko dira, hutsegite larrietan ezarri diren zehapenak bi urte igaro ondoren iraungiko dira eta hutsegite arinetan ezarri direnak urte bat igaro ondoren iraungiko dira. Hutsegitea iraungitzeko epea egin diren egunetik zenbatuko da eta zehapenei dagokienez, zehapena ezarri dien ebazpena irmo bihurtu den egunaren biharamunetik.

3.-Aurreikusi diren zehapen horiek ezartzeko derrigorrezko beharkizuna da bidezko disziplinazko espedientea hastea; espediente hori Gobernu Batzordeak tramitatuko du, lanbidearen Estatutu Orokorretan ezarri diren arauak betez.

VII. TITULUA

Aipamen eta sarien erregimena

I. KAPITULUA

Aipamenak eta sariak

46. artikulua. Aipamenak eta sariak

1. Elkargoko kideei aipamenak eta sariak emateko sistema ezarri da. Sistema horren helburua ondoko gertaera hauek aintzatestea da:

A.-Lanbide esparruan, irakaskuntzan edo ikerkuntzan izan duten jarduketan nabarmendu diren elkargoko kideen aparteko merezimenduak; halaber, elkargoak antolatzen dituen jardueretan erkidegoaren onurarako eta norberak irabazteko inolako asmorik gabe lankidetzan jarduteagatik ematen ahal dira.

B.-Elkargoko kideek lanbidean hogeita bost eta berrogeita hamar urte betetzen dituztenean.

2. Elkargoko kideak ez direnek ere jaso ditzakete sari edo aipamen horiek, baldin eta lanbidearen aldeko jarduketa nabarmenak egin badituzte edota Elkargoarekiko jarrera eta jarduketa berezia frogatu badute.

3. Sariak edo aipamen horiek diploma, intsignia, domina, plaka edo oroimenezko beste edozein objekturen bidez gauzatzen ahal dira.

4. Sariak eta aipamenak emateko derrigorrezkoa da Gobernu Batzordeak edo hogeita bost elkargo kidek formulatuko duten proposamen arrazoitu egokia. Proposamen hori eginen den lehen Batzar Nagusian onetsiko da.

VIII. TITULUA

Desegiteko prozedura eta likidazio erregimena

I. KAPITULUA

Desegitea eta likidazio erregimena

47. artikulua. Elkargoa desegitea eta horren likidazioa

Nafarroako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala desegiteko beharrezkoa da Nafarroako Gobernuaren onespena. Onespen hori bidezko departamentuak proposamena egin ondoren gobernuak emanen duen foru dekretuaren bidez gauzatuko da, aurrez Arkitektura Teknikoko Kontseilu Nagusiak esan behar duena entzun ondoren.

1. Desegiteari buruzko foru dekretuak berak zehaztuko ditu desegiteak ekarriko dituen ondorio juridikoak, eta bere ondare, eskubide eta betebeharren likidazioa egiteko prozedurak ezarriko ditu. Halaber, baldin eta horrelakorik balego, gerakinen destinoa ezarriko luke desegitea erabaki ondoren hura onesteko deituko den Elkargoko Aparteko Batzar Nagusiak likidaziorako onetsiko dituen arauak betez.

2. Elkargoak bere nortasun juridikoa eta gaitasuna galduko du desegitea xedatu duen araua Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den unean.

AZKEN XEDAPENA

Honako estatutu hauek Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari igorriko zaizkio, horrek legezkoak direla adieraz dezan eta Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskriba dadin eta Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen.

Legezkoak direla adierazi ondoren inskribatu eginen dira, eta Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu. Estatutu hauek argitaratuko diren egunaren biharamunean jarriko dira indarrean.

Iragarkiaren kodea: A0203192