72. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 2002ko maiatzaren 6koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2001eko urriaren 8ko Foru Agindua aldatzen duena, behi, ardi eta ahuntz espezieen zenbait gaitz kontrolatu eta desagerrarazteko programak onetsi zituena.

Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak neurri juridiko-administratiboak ezartzen ditu abeltzaintzaren arloko osasuna hobetzeko Nafarroako Foru Komunitatean. 2001eko urriaren 8ko Foru Aginduak behi, ardi eta ahuntz espezieen saneamendu kontuko gaitzak kontrolatu eta desagertarazteko programak garatzen ditu. Foru Agindu hau argitaratu zenetik brucella melitensisekiko egoera hobetu denez, abeltzainek herrilurretako larreak aprobetxatzeko bete behar dituzten zenbait alderdi aldatzen ahal dira.

Abere Osasuneko Atalaren txostena, Abeltzaintza Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia duena, ikusita, badakigu oker bat dagoela 2001eko urriaren 8ko Foru Aginduaren 17.2 artikuluan, eta Foru Agindu bereko 20. artikuluko b) atala aldatzea komeni dela, zenbait abeltzainek astia izan dezaten beren azienden osasun egoeraren kargu egiteko, etorkizunean bete beharko dituzten osasun neurriak kontuan hartuta.

Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Behi, ardi eta ahuntz espezieen zenbait gaitz kontrolatu eta desagertarazteko programak onesten dituen 2001eko urriaren 8ko Foru Aginduaren 17. artikuluko 2. atalaren partez, honako hau ezarri da: "Azienda berriztatzeko, agiri bidez frogatutako osasun egoera duten abereak eskuratuko dira, aurrerako gisa; horretarako, albaitari ofizial baten ziurtagiria beharko da, non aipatu gaitz guztietarako diagnosi probetan -aurreko hogeita hamar egunetan eginikoak- emaitza negatiboak izan direla adieraziko baita; halaber, ofizialki tuberkulosi, behi-aziendaren bruzelosi, leukosi enzootiko eta perineumonia gabeko abeltegietakoak direla, behi aziendaren kasuan, eta brucella melitensis gabekoak ardi eta ahuntz azienden kasuan, hartuko dituen abeltegiarekin bat".

2. Aipatu Foru Aginduaren 20. artikuluko b) atalean, lehen puntuan, testu hau jarriko da: "Ameskoa, Irurtzun, Ultzama, Anue eta Erro ibarrak eta Orbaitzeta lotzen dituen lerroaren iparraldetik, latxa arrazako abeltegien eremua baita, elkarri lotuta egonen dira larreen aprobetxamendua eta brucella melitensis gabeko kalifikazio ofiziala. Brucella melitensis gabeko kalifikazio ofiziala duten abeltegiek aipatu lerrotik iparraldean larratzeko baimena izan ahalko dute 4 urtetan baino ez, baldin eta brucella melitensis gabeko kalifikazio ofiziala eskuratzeko egin beharreko jarduerak egiten badituzte. Salbuespen horretan sartutako artaldeak beti zainduta egonen dira larratzen diren bitartean, goragoko osasun kalifikazio duten abeltegikoekin nahas ez daitezen. Aipatu lerrotik hegoaldeko eremuan, artzaingoan egin ahal da brucella melitensis gabeko kalifikazioa bada".

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra; dena dela, bi mila eta biko maiatzaren lehenetik aitzina izanen du eragina.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren seian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0205134