72. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

127/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 10ekoa, Infanta Elena Zentroko langileek deitutako greba dela-eta, zentroan bizi direnentzako laguntza-zerbitzu gutxienekoak arautzen dituena.

Fundación Aspace Navarra enpresak elbarritasun fisiko larriak dituztenei laguntzeko Infanta Elena Zentroko zerbitzu publikoa esleitua du itun baten bidez. "Infanta Elena" zentroko langileek greba partzial baterako dei egin dute, 2002ko maiatzaren 27tik aurrera. Grebarako orduak:

-8:15etik 10:15 arte eta 20:00etatik 22:00ak arte.

Grebaren arrazoia, ordezkari sindikalek aurkeztutako idazkiaren arabera, protestatu nahi izatea da, hitzarmen kolektibo berria negoziatzerakoan bai enpresaren zuzendaritzak bai erakunde publikoen ordezkariek erakutsitako jarreragatik.

Negoziazioan bi aldeak adostasunera iritsi ez direnez, bi aldeei adituta, Gobernuak uste du elbarritasun fisiko larriak dituztenei laguntzeko zerbitzu publikoa esleitua duen enpresa bateko langileek ezin dutela greba partzialik egin gutxieneko zerbitzuak finkatu gabe. Beharrezkoak dira gutxieneko zerbitzuak, bateragarri bihurtzearren langileen grebarako eskubidea eta babes berezia merezi duten pertsonen eskubideak, batik bat pertsona horiek elbarritasun fisiko larriak dituztelako.

Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzerakoan, kontuan hartu behar dira, jurisprudentzia konstituzional joriari segituz, proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak. Ebazpena behar bezalako argudioekin jantzi beharra dago, zeren "Konstituzioak onartzen dituen eskubideez libreki baliatzea galarazten denean, egintza hain da larria ezen arrazoi berezia behar baita, eta ongi justifikatu beharra dago zerbitzuen hartzaileek jakin dezaten zergatik sakrifikatu diren edo zeren izenean sakrifikatu diren haien eskubideak" (Konstituzio Auzitegiaren 26/1981, 12/1990 eta 8/1992 epaiak, eta abar).

Infanta Elena Zentroak elbarritasun fisiko larriak dituzten pertsonak hartzen ditu bere instalazioetan. 70 pertsona dira gau eta egun han egoten direnak. 12 pertsona zentroa eguneko zentrotzat dutenak. Gehien bat hauek dira elbarritasunak: hemiplejiak, paraplejiak, tetraplejiak, eritasun andeatzaileak eta beste batzuk. Pertsona hauek, beren oinarrizko beharrak asetzeko, langile batzuen laguntza behar dute hauetarako guztietarako: ohetik jaikitzeko eta oheratzeko, garbitzeko, janzteko, postura aldaketak egiteko, jateko, sendagaiak-eta hartzeko, sendaketak eta zundaketak egiteko, larrialdietan atentditzeko, kanpoko osasun zentroetara eramateko eta beste zenbait gauzatarako.

Espedienteari erantsi zaizkion txosten klinikoetan adierazten denez, horrelako zerbitzurik ez izateak paziente horien osasunari oso kalte larriak ekartzen ahal dizkio, berez baliatzeko inolako aukerarik ez baitute.

Konstituzio Auzitegiak eskatzen du grebalarien eta zerbitzuen erabiltzaileen nahi eta beharren arteko proportzionaltasuna eta arrazionaltasuna mantentzea, izan ere, "argi dago batzuen eta besteen artean zentzuzko proportzionaltasuna mantendu behar dela" (Konstituzio Auzitegiaren 26/1981 Epaia). Nafarroako Gobernuaren erabakia grebaren hedapen partzialari begira eta gaur egungo egoeran dauden beharrei begira hartu da, langileen eta enpresaren arteko desadostasunak kontuan hartuta.

Egoera horretan, -elbarritasun larria duten pertsonei lagundu beharra, ezintasun handiak baitituzte, bizi-behar fisiologiko oinarri-oinarrizkoenak egiteko ere laguntza beharrean, ohatuak egotera behartuak, lesioak, eskarak, zauriak, etab. sendatu beharrean-, Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluak dioena aintzat hartu behar da, horren bidez botere publikoei eskatzen baitzaie "ezintasun fisiko, zentzumenezko eta psikikoak dituztenentzat, aurreikuspen, tratamendu, errehabilitazio eta integrazio politika egokia garatzea, behar duten laguntza espezializatua eskainiz eta Konstituzioaren Lehenengo Tituluak herritar guztiei aitortzen dizkien eskubideak baliatu ahal ditzaten babes berezia emanez". Eskubide horien artean bizitzeko eskubidea aipatu beharra dago, antolamenduaren balore gorena den aldetik, eta osasunerako eskubidea, ezgaitasun fisiko larriak dituztenei bereziki bermatu behar zaiena, beren kasa baliatzeko eta, kasu batzuetan, hitz egiteko aukerarik ere ez baitute.

Gainera, kasu hau komunitatearentzako funtsezko zerbitzuen adibide garbia da, gauza jakina baita atzeratu ezin daitekeen behar-beharrezko zerbitzu publikoa dela eta tartean inguruabar bereziki larriak daudela. "Komunitateak zerbitzu hori izateko eskubidea greba-eskubidearen gainetik dago" (K.A.ren 11/1981 epaia). Gizartearen parte batek behar-beharrezko dituen zerbitzuak bereziki babestu behar dituzte botere publikoek (Espainiako Konstituzionaren 49. artikulua). "Zerbitzua funtsezkoa izan dadin, zerbitzatzen diren ondasun eta interesek funtsezkoak izan behar dute" (K.A.ren 26/1981 epaia), eta gure kasuan, Infanta Elena Zentroko erabiltzaileek dituzten eskubideak babestea da kontua, osasunerako eskubidea eta bizitzeko eskubidea hain zuzen.

Grebak eta dekretatutako zerbitzu gutxienekoek Infanta Elena Zentroko erabiltzaileen osasunean zuten eragina ezagutzeko jarraipen batzorde bat sortu zen ondokoak ordezkatuak zeudela: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Ikuskatzailetza Atala, enpresa, langileak eta erabiltzaileak. Batzordeak grebak zentroko erabiltzaileen baitan zuen eragina aztertu behar zuen.

2002ko ekainaren 3an Batzorde horrek erabiltzaileekiko zenbait higiene neurri eta osasun zainketa egitea erabaki zuen. Hala ere, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Ikuskailetza Atalean jaso diren kexak ikusirik, eta Gizarte Ongizatearen Institutuko Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Atalarekin bat, Gizarte Ongizatearen Institutuko medikuek Infanta Elena Zentroko erabiltzaile guztien balorazio bat egin beharra zegoela planteatu zen. Ondotik txostena egin da eta hartan Batzordeak adierazten du, espresuki, dekretatutako zerbitzu gutxienekoak eskasak direla, begibistakoa da, Infanta Elena Zentroko erabiltzaileen osasunerako eta bizitzeko eskubidea zaindu, gorde eta babesteko.

Horrenbestez, zerbitzu gutxieneko berri batzuk finkatu beharra dago, grebarako eskubide konstituzionala errespetatuz herritarrek beren osasuna babesteko duten eskubidea eta bizitzeko eskubidea bermatzearren, Espainiako Konstituzioaren 15, 28, 43 eta 49. artikuluek aginte publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betetzeko.

Ezinbestekotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena Gobernuko Agintaritzari dagokio, martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege-Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioz, eskumen hori Nafarroako Foru Komunitatearen gain utzi baitzen Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58 d) artikuluan oinarrituz.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2, 43.1, 2 eta 49. artikuluetan eta Konstituzio Auzitegiaren epaietan, besteak beste, 11/81, 26/81, 51/85, 27/89, 122/90 eta 123/90 zenbakikoetan xedatutakoari jarraituz, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ekainaren hamarreko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Elbarritasun fisiko larriak dituztenei laguntzeko "Infanta Elena" Zentroko langileek greba partziala egiteko eskubide konstituzionala dute, baina oinarrizko zerbitzu gutxieneko hauek bete beharko dituzte:

a) Zuzeneko laguntza-zerbitzu asistentzialak (zaintzaileak).

-8:15etik 10:15 arte, 14 lagun.

-20:00etatik 22:00ak arte, 10 lagun.

b) Erizaintza.

-8:15etik 10:15 arte, lagun bat.

-20:00etatik 22:00ak arte, lagun bat.

c) Garbiketa.

-8:15etik 10:15 arte, lagun bat.

-20:00etatik 22:00ak arte, bi lagun.

2. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako ezinbesteko zerbitzu horiek enpresak izendatzen dituen langileek eginen dituzte, ordezkari sindikalek aditzera eman nahi dutena entzun ondoren.

3. artikulua. 1. artikuluan ezarri moduan, gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatutako langileek zerbitzua ez betetzea edo zerbitzu horretan aldaketak egitea legez kanpokotzat hartuko da ondorio guztietarako, martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluak xedatuakoari jarraituz, eta dagokien erantzukizuna eskatuko zaie agindutakoa bete ezean.

4. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez dakar berekin greba erregulatzen duen araudiak greban dauden langileei onartzen dizkien eskubideak mugatzerik.

5. artikulua. Eman bekie Foru Dekretu honen berri greba-batzordeari, Fundación Aspace enpresaren ordezkari legalei eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixo Ayesa Dianda.

Iragarkiaren kodea: a0206629