72. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

126/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 10ekoa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuarekin hitzartutako adin txikikoen eta pertsona ezgaituen zentroetan bizi direnendako oinarrizko laguntza-zerbitzu gutxienekoak arautzen dituena.

ELA eta LAB, eta UGT eta CCOO sindikatuek greba orokorrerako deia egin dute 2002ko ekainaren 19 eta 20rako.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuarekin hitzartutako adin txikikoen eta pertsona ezgaituen zentroak ez dira atenziorik gabe gelditzen ahal, pertsona horien zainketa, osasun eta bizitzaren gainean ondorio txarrak ekarriko lituzkeelakoz.

Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzerakoan, kontuan hartu behar dira, jurisprudentzia konstituzional joriari segituz, proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak. Ebazpena behar bezalako argudioekin jantzi beharra dago, zeren "Konstituzioak onartzen dituen eskubideez libreki baliatzea galarazten denean, egintza hain da larria ezen arrazoi berezia behar baita, eta ongi justifikatu beharra dago zerbitzuen hartzaileek jakin dezaten zergatik sakrifikatu diren edo zeren izenean sakrifikatu diren haien eskubideak" (Konstituzio Auzitegiaren 26/1981, 12/1990 eta 8/1992 epaiak, eta abar).

Zentro horien instalazioetan zainketa eta babesa behar dituzten pertsonak bizi dira bai eta oinarrizko premiak betetzeko zainketa pertsonalak behar dituztenak ere, barnetegi erregimenean, eta zainketa horiek gabe kalte handiak sor daitezke haien osasunean.

Konstituzio Auzitegiak eskatzen du grebalarien eta zerbitzuen erabiltzaileen nahi eta beharren arteko proportzionaltasuna eta arrazionaltasuna mantentzea, izan ere, "argi dago batzuen eta besteen artean zentzuzko proportzionaltasuna mantendu behar dela" (Konstituzio Auzitegiaren 26/1981 Epaia).

Gainera, kasu hau komunitatearentzako funtsezko zerbitzuen adibide garbia da, gauza jakina baita atzeratu ezin daitekeen behar-beharrezko zerbitzu publikoa dela eta tartean inguruabar bereziki larriak daudela. "Komunitateak zerbitzu hori izateko eskubidea greba-eskubidearen gainetik dago" (K.A.ren 11/1981 epaia). Gizartearen parte batek behar-beharrezko dituen zerbitzuak bereziki babestu behar dituzte botere publikoek (Espainiako Konstituzionaren 39.4 eta 49. artikuluak). "Zerbitzua funtsezkoa izan dadin, zerbitzatzen diren ondasun eta interesek funtsezkoak izan behar dute" (K.A.ren 26/1981 epaia).

Horrenbestez, zerbitzu gutxieneko batzuk finkatu beharra dago, grebarako eskubide konstituzionala errespetatuz herritarrek beren osasuna babesteko duten eskubidea eta bizitzeko eskubidea bermatzearren, Espainiako Konstituzioaren 15, 28, 39.4, 43 eta 49. artikuluek aginte publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betetzeko.

Ezinbestekotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena Gobernuko Agintaritzari dagokio, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioz, eskumen hori Nafarroako Foru Komunitatearen gain utzi baitzen Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58 d) artikuluan oinarrituz.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2, 39.4, 43.1, 2 eta 49. artikuluetan eta Konstituzio Auzitegiaren epaietan, besteak beste, 11/81, 26/81, 51/85, 27/89, 122/90 eta 123/90 zenbakikoetan xedatutakoari jarraituz, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ekainaren hamarreko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuarekin hitzartutako adin txikikoen eta pertsona ezgaituen zentroetako langileek 2002ko ekainaren 19 eta 20an greba egiteko eskubide konstituzionala dute, baina oinarrizko zerbitzu gutxieneko hauek bete beharko dituzte:

Lan erregimena jai egunetarako ezarritakoa izanen da.

2. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako ezinbesteko zerbitzu horiek enpresak izendatzen dituen langileek eginen dituzte, ordezkari sindikalek aditzera eman nahi dutena entzun ondoren.

3. artikulua. 1. artikuluan ezarri moduan, gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatutako langileek zerbitzua ez betetzea edo zerbitzu horretan aldaketak egitea legez kanpokotzat hartuko da ondorio guztietarako, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-Dekretuaren 16. artikuluak xedatuakoari jarraituz, eta dagokien erantzukizuna eskatuko zaie agindutakoa bete ezean.

4. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez dakar berekin greba erregulatzen duen araudiak greban dauden langileei onartzen dizkien eskubideak mugatzerik.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixo Ayesa Dianda.

Iragarkiaren kodea: a0206630