72. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

119/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 10ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoen oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko behar diren neurriak hartzen dituena, lanuzteetarako deialdiak direla-eta.

Unión General de Trabajadores (UGT), Langile Komisioak (CCOO) eta Lanaren Konfederakunde Nagusia (LKN-CGT) sindikatuek, izkribu banaren bidez, iragarri dute ekainaren 20an orotariko lanuzterako dei egin dutela.

Bestaldetik, ELA eta LAB sindikatuek Nafarroako Foru Komunitateko Administraziora iragarki bat igorri dute ekainaren 19an lanuztea egiteko.

Deialdi horietan ohartarazten da lanuzteak zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresa eta erakundeak ere ukituko dituela.

Administrazioak eskuarki ematen dituen zerbitzuak publikoak dira. Kasu batzuetan, gainera, hala nola, osasunean, hezkuntzan, ezgaitu eta zaharrendako laguntzan, herritarren segurtasunean, eta abarretan, ezinbestekoa da neurriak hartzea herritarrei kalte konponezinak saihesteko. Horrez gain, esan behar da Administrazioko langile guztiek, Konstituzioaren arabera, eskubidea dutela lanuzteari lotzeko edo ez. Kasu honetan, agintari publikoek eskubide hura babestu behar dute, Administrazioko zentro eta bulegoak irekiz.

Lanuzterako eskubidea eta oinarrizko zerbitzuen bermea bat etor daitezen, gutxieneko zerbitzuak zehaztu behar dira, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatu beharrez, bai orotariko lanuzterako deialdi hauetarako, bai geroan izan litezkeenetarako.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ekainaren hamarreko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Ekainaren 19an eta 20an iragarri diren lanuzteak egiteko baldintza izanen da, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuari dagokionez, Konstituzioko 28. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, Administrazioko zentro, unitate eta bulegoek funtsezko zerbitzuei eustea.

2. artikulua. 1.-Nafarroako Gobernuko kontseilariek eta erakunde autonomoetako organo eskudunek ahalmena dute, lanuzterako dei egin duten sindikatuei entzun ondoren, funtsezko prestazio publikoen gutxieneko zerbitzuak eta hauek egiteko behar diren langileak zehazteko.

2.-Nahi duten langileak lanera joan ahal daitezen, aurreko idatz-zatian aipatzen diren gutxieneko zerbitzuen artean, eskuarki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako zentro eta bulegoak irekitzeko behar diren langileak sartuko dira.

3.-Halaber, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren funtzionamendua bermatuko da.

3. artikulua. Funtsezko prestazioak egiteko gutxieneko zerbitzuak egin behar dituzten langileek lanik ez egitea edo lanean normaltasunez ez aritzea legez kanpokotzat joko dira eta hala bada bidezko diren legeekin bat zehaztuko.

4. artikulua. Foru Dekretu honetan xedaturikoak ez dakarkie inolako murrizketarik lanuzteei buruzko arauek egoera horretan dauden langileei aitortzen dizkieten eskubideei.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Foru Dekretu honek indarra izanen du geroan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan izan litezkeen lanuzteetan, oraingoen antzekoak izanez gero.

Bigarrena.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko organo eskudunek, Departamentuekin eta erakunde autonomoekin koordinaturik, behar diren ekintzak eginen dituzte lanuzte batzordeetan Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoen gutxieneko zerbitzu guztiei buruz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0206627