72. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

17/2002 FORU LEGEA, ekainaren 6koa, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, NAFARROAKO IKUS-ENTZUNEZKOEN JARDUERA ARAUTU ETA NAFARROAKO IKUS-ENTZUNEZKOEN KONTSEILUA SORTU ZUEN UZTAILAREN 5EKO 18/2001 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus- entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeko 29. artikuluko 2. idatz-zatiko azken lerroaldea aldatzen da Konstituzioari egokitzeko. Merkataritza Erregistroan inskribatu beharraren ordez aski izanen da erregistro horrek Ikus-entzunezkoen Komunikabideen Titulartasunaren Erregistroari aurretik jakinarazi ez zaizkion sozietate-eragiketak jakinaraztea.

Halaber, Foru Legearen testuaren aldaketa xehe bat ere sartzen da, argigarri eta praktikoa. Horrela xedatzen da Ikus-entzunezkoen Kontseiluko langileak Nafarroako administrazio publikoetako langileei buruzko legeen menpe egonen direla, beharrezkoak ez diren gainerako aipuak kenduta.

1. artikulua. Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeko 29. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzen da. Honelaxe utziko da:

"2. Sozietate titularren eskrituraren edo estatutuen edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio erregistroari, eta halaber administrazio organoen osaera ere. Inguruabar horiek Merkataritzako Erregistroak Ikus-entzunezko Komunikabideen Titulartasunaren Erregistroari jakinarazi beharko dizkio, sozietate titularrek lehenago jakinarazi ez badizkiote."

2. artikulua. Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeko 32. artikulu osoa aldatzen da. Honelaxe utziko da:

"32. artikulua. Kontseiluko langileak.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko langileak merezimendu eta gaitasunaren printzipioei jarraituz hautatuko dira eta Nafarroako Administrazio Publikoetako langileei buruzko legeen menpe egonen dira."

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren hamahiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0206454