70. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2002ko maiatzaren 13koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko 2. mailako hargin-ofizial izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2002ko maiatzaren 13an emandako Ebazpenaren bidez deialdia onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko 2. mailako hargin-ofizial izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea oposizio bidez 2. mailako hargin-ofizial izateko lanpostu bat betetzea da. Lanpostu hori D mailakoa da, funtzionarioen araubidekoa, plantillako 31013 zenbakia du, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikia da eta destinoa Erriberriko Hargintza Tailerrean du. Deialdia honako agindu hauen arabera gauzatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauak (1993ko irailaren 1eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 107. Zk.); hura garatu eta gauzatzeko eman zen Sarrera Erregelamendua eta gainerako arau aplikagarriak eta deialdi honen oinarriak.

1.2. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatua, indarra duten Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioei buruzko xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan erabakitakoaren arabera.

1.4. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatua izan ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario egiten den izangaia Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio, erregimen horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatuak izan eta eskubide pasiboen erregimenean eta osasun eta gizarte laguntzan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratu ahalko dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.5. Izendatutako izangaiak destinoko herrian bizi beharko du, eta horretarako, udalerri horretan eduki beharko du bizileku finkoa. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatu ahalko dute.

1.6. Lanaldiaren erregimena zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra edo Europar Batasuneko herritarra Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen zirkulazio librea onartzen duten herrialdeetako herritarra; parte hartu ahalko dute, halaber, espainiarren eta Europako Batasuneko Estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, haien kontura bizi diren 21 urtetik beherakoek edo adin horretatik gorakoek, baldin eta haien kontura bizi badira.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Bigarren mailako Lanbide Heziketako Lehen Mailako tituluaren edo balio bereko beste baten jabe izatea, edo, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko baldintzak betetzea.

d) Lanpostuetako eginkizunak egiteko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez kendu ez etena ez izatea eta inongo herri administrazioren zerbitzutik bazterturik ez egotea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honen 7.2 atalean aurreikusitako epe eta moduan.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Iruñeko Karlos III.a, 2), edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusten dituenetako edozein bidetatik. Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio (eredu hori Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan dago eskuragai, Karlos III.aren Etorbideko 2an, eskaratzean), eta bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

3.2. Lehiatzaile minusbaliatuek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzerik behar izaten badute, zilegi izanen dute eskatzea, eta hartarako, eskabidean adierazi beharko dute nolako minusbalioa duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabidearekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 6 euro ordaindu izanaren frogagiria ere aurkeztuko da, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

Honakoak daude tasatik salbu:

a) % 33 edo gehiagoko ezgaitasuna duten pertsonak.

b) Hautapen proben deialdia egin aurretik hilabetez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hau izateko baldintza izanen da kasuko epean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeko uko egin ez izana justifikaturiko arrazoirik ez badago eta, halaber, hilabeteka kontatuta lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den dirusarrerarik ez izatea.

4.-Lehiatzaileen onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin- behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emateko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun baliodunen barruan, zilegi izanen dute erreklamazioak egin eta egindako akatsak zuzentzea.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta izan diren erreklamazioak ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du onartu-baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5.-Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

-Mahaiburua: Juan Ramón Corpas Mauleón jauna, Kultura zuzendari nagusia.

-Ordezkoa: Carlos Idoate Ezquieta jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko burua.

-Mahaikidea: Leopoldo Gil Cornet jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Monumentuak eta Hargintza Lantegia Kudeatzeko Bulegoko burua.

Ordezkoa: José Luis Franchez Apezetxea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ondare Historikoaren Atalari atxikitako arkitektoa.

-Mahaikidea: Javier Machicot Aznar, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ondare Historikoari atxikitako arkitekto teknikoa.

Ordezkoa: Miguel Ibáñez Basterrica, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ondare Historikoari atxikitako arkitekto teknikoa.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitaeko Langileri Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak hautatua.

Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitaeko Langileri Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak hautatua.

-Mahaikide-idazkaria: Begoña Unzué Vela, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Langileri Ataleko burua.

Ordezkoa: Marta Fernández Lana, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Langileriaren Araubide Juridikoaren Bulegoko burua.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua bildu gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak balio izateko, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak bederen elkartu beharko dira.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio- arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaikideek ezin izanen dute parte hartu.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak zilegi izanen du proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egitea. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiari haietan soilik emanen diote laguntza.

6.-Oposizioaren urratsak.

6.1. Oposizioa 2002ko azaroan hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean finkatuko dira oposizioko lehen ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua. Ondoren, epaimahaiak agertzera emanen ditu gainerako probak edo ariketak egiteko iragarkiak, erregelamenduak agintzen duen moduan.

6.2. Oposizioak ondotik zehazten diren ariketak izanen ditu:

Lehen ariketa: Teorikoa. Deialdi honetako II. Eranskinean ageri diren gaietatik zozketaz bat aukeratu eta hartaz idatzi beharko da.

Bigarren ariketa: Praktikoa. Epaimahaiak proposatutako elementu bati buruz datuak hartu eta plantillak egin beharko dira.

Hirugarren ariketa: Praktikoa. Epaimahaiak proposatutako hargintza-pieza bat egin beharko da.

Epaimahaiak, ariketa bakoitza hasi aurretik, gehienez ere zenbat denbora izanen den adieraziko du.

6.3. Oposizioko ariketetan gehienez ere 30 puntu lortu ahalko dira eta ariketen arabera honela banatuko dira:

Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 10 puntu. Baztertu eginen dira 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren ariketa: gehienez ere 10 puntu. Baztertu eginen dira 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Hirugarren ariketa: gehienez ere 10 puntu. Baztertu eginen dira 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Epaimahaikideek proben kalifikazioak banaka emanen dituzte eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da ariketa edo probaren puntuazioa.

Proba bakoitzari emandako puntuazioan epaimahaikideek emandako gehieneko eta gutxieneko balioaren artean 100eko 30eko aldea edo handiagoa badago, emandako balioetatik handiena eta txikiena baztertu eginen dira, baldin eta ateratzen den nota, gutxienez, hiru epaimahaikideren puntuazioen batez bestekoa egitetik sortutako emaitza bada, betiere.

6.5. Ariketa bakoitza amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikoa dela kontsideratzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geratuko dira agertzen ez diren izangaiak edo nortasuna frogatzen ez dutenak.

6.7. Hautapen probak egiteko, modu eta denborako egokitzapenak ezarriko dira, ahal den neurrian, hala eskatu duten ezinduendako, eskabidean adierazitakoari jarraikiz.

7.-Gainditu dutenen zerrenda, izendapen proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, ariketa guztietako kalifikazioak batuta izandako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda helaraziko dio deialdi egileari. Orobat, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari izendapen proposamena igorriko dio, hain zuzen ere, deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren lehiatzaileak izendatzeko. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Berdinketarik baldin bada, oposizioko lehenbiziko ariketan puntuazio altuena lortu duen izangaia lehenetsiko da. Halarik ere, berdinketarik baldin bada, hurrengo ariketak segidan eta bere ordenaren arabera hartuko dira kontuan.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaletan, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzeko balio bereko agiri baten fotokopia konpultsatua.

b) 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak pagatu izanaren frogagiria.

c) Kasuan kasuko Laneko Arriskuak Galarazteko Atalaren txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Lehiatzaileak minusbaliatua dela alegatu badu, frogatu beharko du, horrez gain, bere minusbalioak ez diola galarazten deialdiko lanpostuan aritzea, eta horretarako balorazio eta orientazio talde eskudun baten agiria aurkeztu beharko du.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez diotela ez kendu ez eten, eta inongo herri administrazioren zerbitzutik bazterturik ez dagoela adierazten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Deialdia egin duenaz beste nafar Administrazio Publiko bateko langile finkoak diren lehiatzaileek agiri bidez egiaztatu beharko dituzte, gainera, beren aurreko Administrazioaren espediente pertsonaleko datu eta aurrekari guztiak, sarreraren, antzinatasunaren, mailaren, egoera administratiboaren eta abarren gainekoak.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiko 2. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua.

b) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak lehiatzailea Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoetako funtzionario bihurtzeko eskatzen duen dokumentazioa.

Lehiatzaileak minusbalioa alegatu badu, frogatu beharko du, gainera, minusbalio horrek ez diola galarazten deialdiko lanpostuan aritzea, eta frogatarako balorazio eta orientazio ekipo eskudunen agiria aurkeztu beharko du.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lehiatzaileak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezur esateagatik egotzi ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

7.4. Aurreko idatz-zatian aipatu kasuan, hutsunea betetzeko Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 7.1 idatz-zatiko gaindituen zerrendan hurren dagoen izangaia hartuko du, eta aurreko idatz-zatietan esan bezalako tramitea eginen da.

8.-Izendapena, lanpostu hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, aurreko oinarrietan xedatutakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen funtzionario izendatuko du 2. mailako Hargin-ofizialaren lanpostuan aritzeko, eta Ebazpen bidez esleituko dio lanpostu hutsa.

8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatu den izangaiak izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epea izanen du jabetza hartzeko. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan ez bada, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario bihurtzeko. Halakoetan, deialdiko 7.4. idatz-zatiak ezartzen duena hartuko da aintzat.

8.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan bat ere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4. idatz-zatiak agintzen duen moduan.

9.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri eta aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluek agintzen dutenaren arabera.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hamahiruan.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

............ jauna/andrea, adinez nagusia, ........... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidea) jabea, ............(e)n (..........) 19.....eko ......aren ......(e)an jaioa, nazionalitate ......(e)koa, helbidea: ............. (kalea, zenbakia), .......... herria, ........ probintzia, ....... posta kodea, eta ........ telefonoa (........ laneko telefonoa) duena,

Zure aurrean agertu eta aditzera ematen dut:

Eskatzen dudala onartua izateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ......... izateko ...... lanpostua betetzeko deialdian (......(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua) ondotik aipatzen den txandan:

f Txanda irekia

f Igoera txanda (*)

f Minusbaliatuendako txanda (*)

Karguan aritzea galarazten didan eritasun nahiz akats fisiko nahiz psikikorik ez dudala.

Xedapen indardunek ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ere.

Deialdian aipatzen den titulua badudala.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Minusbaliatua naizenez, eransten den egokitzapena eskatzen dudala, aipatzen diren arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira.)

f Minusbalioaren egiaztagiriak, erakunde eskudunak luzatuak, aurkezten ditudala.

f Euskararen gaitasun agiriaren ziurtagiria aurkezten dudala, edo ofizialki haren baliokidea denarena (*).

f Euskarazko proba egin nahi dudala (*).

(*) Deialdian hala eskatzen bada.

Hortaz:

Eskatzen dut eskabide hau onar dadila eta beraz ni ere onar nazatela Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko .......... izateko ... lanpostu betetzeko deialdian.

Iruñean, .....(e)ko ...........(a)ren ......(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.-Harria eraikuntzako material gisa.

2. gaia.-Esku erremintak.

3. gaia.-Erreminta pneumatikoak.

4. gaia.-Harriaren lanketa.

5. gaia.-Molduren lanketa.

6. gaia.-Harrizko pareta.

7. gaia.-Harrizko arkuak.

Iragarkiaren kodea: A0205598