70. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2002ko maiatzaren 13koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko biltegiko urgazlea-gidaria izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2002ko maiatzaren 13an emandako Ebazpenaren bidez deialdia onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko biltegiko urgazlea- gidaria izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea oposizio bidez biltegiko urgazlea-gidariaren lanpostu bat betetzea da. Lanpostu hori funtzionarioen araubidekoa da (plantillako 36342 zenbakia), Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikia, eta destinoa Uharten du, Hezkuntza Departamentuko Inbertsioen Zerbitzuko Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze Lanetarako Atalaren Biltegian. Deialdia honako agindu hauen arabera gauzatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauak (1993ko irailaren 1eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 107. zk.); hura garatu eta gauzatzeko eman zen Sarrera Erregelamendua eta gainerako arau aplikagarriak eta deialdi honen oinarriak.

1.2. Honako eginkizun hauek ditu eratxikiak lanpostuak:

-Irakaskuntzarako mobiliarioa kamioiz garraiatu eta banatzea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan; beraz, zama-lanak ere egin beharko dira.

-Ekipamendua lekuz aldatzea.

-Mahai, armairu, etab. montatu eta desmontatzea, eta arbelak, esekitokiak, etab. paratzea.

-Mobiliarioaren konponketa errezak egin.

-Presioko ur-txorrotarekiko garbiketa-makina erabilerrez bat manejatu, ikastetxeetako kanpoko paretetan behe samarrean izaten diren pintadak ezabatzeko.

-Biltegi mugimenduak kontrolatu; horretarako, sartzen eta ateratzen den materiala kontatu eta izakinak zenbakitu egin beharko dute, eta non eta nola dagoen idatzirik eduki.

1.3. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatua, indarra duten Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioei buruzko xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.4. Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan erabakitakoaren arabera.

1.5. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatua izan ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario egiten den izangaia, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko da, eta erregimen horretan aurreikusitako babesean emanen zaio alta.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatuak izan eta eskubide pasiboen erregimenean eta osasun eta gizarte laguntzan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratu ahalko dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.6. Izendatutako izangaiak destinoko herrian bizi beharko du, eta, horretarako, udalerri horretan eduki beharko du bizileku finkoa. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatu ahalko dute.

1.7. Lanaldiaren erregimena zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean eta 7.2. idatz-zatiak aipaten duen agiriak aurkezteko epea betetzen egunetik hasi eta lanpostuaz jabetu arte, ondoko baldintzak bete beharko dituzte, C-1 motako gida-baimenari buruzkoa salbuetsirik (kasu horretan aipatu 7.2. idatz-zatian adierazten den epeak balioko baitu):

a) Espainiarra edo Europar Batasuneko herritarra Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen zirkulazio librea onartzen duten herrialdeetako herritarra; parte hartu ahalko dute, halaber, espainiarren eta Europako Batasuneko Estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, haien kontura bizi diren 21 urtetik beherakoek edo adin horretatik gorakoek, baldin eta haien kontura bizi badira.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Eskola Graduatu, Lehen Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo balio bereko besteren baten jabe izatea edo eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean eskuratzeko moduan izatea.

d) Lanpostuko eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez kendu ez etena ez izatea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bazterturik ez egotea.

f) C-1 motako ibilgailuetarako gida-baimena edukitzea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honen 7.2 atalean aurreikusitako epe eta moduan.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Iruñeko Karlos III.a, 2), edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusten dituenetako edozein bidetatik. Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio (eredu hori Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan dago eskuragai, Karlos III.aren Etorbideko 2an, eskaratzean), eta bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

3.2. Lehiatzaile minusbaliatuek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzerik behar izaten badute, zilegi izanen dute eskatzea, eta hartarako, eskabidean adierazi beharko dute nolako minusbalioa duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabidearekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 6 euro ordaindu izanaren frogagiria ere aurkeztuko da, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

Honakoak daude tasatik salbu:

a) % 33 edo gehiagoko ezgaitasuna duten pertsonak.

b) Hautapen proben deialdia egin aurretik hilabetez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hau izateko baldintza izanen da kasuko epean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeko uko egin ez izana justifikaturiko arrazoirik ez badago. Hori guztia Enplegu Bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez frogatu behar da.

Tasa ordaintzen ez duena prozeduratik kanpo geldituko da.

4.-Lehiatzaileen onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emateko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun baliodunen barruan, zilegi izanen dute erreklamazioak egin eta egindako akatsak zuzentzea.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta izan diren erreklamazioak ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du onartu-baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5.-Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

-Mahaiburua: Anastasio Navascués Martínez jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze Lanetarako Ataleko burua.

-Ordezkoa José Ángel Ros Nestares jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Inbertsioen Zerbitzuko ingeniari teknikoa.

-Mahaikidea: José Javier Ezpeleta Gavari jauna, Nafarroako Gobernuaren Ibilgailu Parkeko Zerbitzu Teknikoen Ataleko burua.

Ordezkoa: Francisco Javier Marcotegui Lizarraga jauna, Nafarroako Gobernuaren Ibilgailu Parkeko Zerbitzu Teknikoen Ataleko 1. mailako behargina.

-Mahaikidea: Javier Arricibita Antoñanzas jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ekipamendu Bulegoko burua.

Ordezkoa: José Ramón Lasanta Montes jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Inbertsio Zerbitzuko Eraikuntza Bulegoko burua.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitaeko Langileri Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak hautatua.

Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitaeko Langileri Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak hautatua.

-Mahaikide-idazkaria: Marta Fernández Lana andrea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Langileriaren Araubide Juridikoaren Bulegoko burua

Ordezkoa: Susana Montilla Larriqueta andrea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako funtzionarioa.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua bildu gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak balio izateko, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak bederen elkartu beharko dira.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio-arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaikideek ezin izanen dute parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote gorabehera horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak zilegi izanen du proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egitea. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiari haietan soilik emanen diote laguntza.

6.-Oposizioaren urratsak.

6.1. Oposizioa 2002ko urrian hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean finkatuko dira oposizioko lehen ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua. Ondoren, epaimahaiak agertzera emanen ditu gainerako probak edo ariketak egiteko iragarkiak, erregelamenduak agintzen duen moduan.

6.2. Oposizioak ondotik zehazten diren ariketak izanen ditu:

Lehen ariketa: Deialdi honetako II. Eranskinean ageri diren gaietatik zozketaz bat aukeratu eta hartaz idatzi beharko da, gehienez ere bi orduz.

Bigarren ariketa: galde-sorta bat erantzun behar da, idatziz, gehienez ere bi ordu eta erdiko tartean. Galderak honako gai hauei buruz izanen dira: biltegiak nola kudeatu eta antolatu, ibilgailuak nola zaindu eta gidatu, eta ibilgailuetan zamak nola paratu.

Hirugarren ariketa: erabiltzaile maila oinarrizkoan Word 97, Excel 97 eta Access 97ri buruzko galderak erantzun edo programa horien bidez lan egin beharko da.

Laugarren ariketa: praktikoa izanen da. Kamioi batean zama banatu eta erabakitzen den lekura eraman eta deskargatu beharko da. Proba Hezkuntza Departamentuko Inbertsioen Zerbitzuko Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze Lanetarako Atalaren Biltegian eginen da.

Lehenbiziko eta bigarren ariketa saio bakarrean eginen dira.

6.3. Oposizioko ariketetan gehienez ere 100 puntu lortu ahalko dira eta ariketen arabera honela banatuko dira:

Lehenbiziko ariketa: 10 puntu gehienez ere.

Bigarren ariketa: 20 puntu gehienez ere.

Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez ere

Laugarren ariketa: 50 puntu gehienez ere

Lehenbiziko ariketa ez da baztertzailea izanen. Bigarren, hirugarren eta laugarrenean baztertu eginen dira ariketa bakoitzari gehienez ere eman dakizkiokeen puntuen erdiak lortzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Epaimahaikideek proben kalifikazioak banaka emanen dituzte eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da ariketa edo probaren puntuazioa.

Proba bakoitzari emandako puntuazioan epaimahaikideek emandako gehieneko eta gutxieneko balioaren artean 100eko 30eko aldea edo handiagoa badago, emandako balioetatik handiena eta txikiena baztertu eginen dira, baldin eta ateratzen den nota, gutxienez, hiru epaimahaikideren puntuazioen batez bestekoa egitetik sortutako emaitza bada, betiere.

6.5. Ariketa bakoitza amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikoa dela kontsideratzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geratuko dira agertzen ez diren izangaiak edo nortasuna frogatzen ez dutenak.

6.7. Hautapen probak egiteko, modu eta denborako egokitzapenak ezarriko dira, ahal den neurrian, hala eskatu duten ezinduendako, eskabidean adierazitakoari jarraikiz.

7.-Gainditu dutenen zerrenda, izendapen proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, ariketa guztietako kalifikazioak batuta izandako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda helaraziko dio deialdi egileari. Orobat, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari izendapen proposamena igorriko dio, hain zuzen ere, deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren lehiatzaileak izendatzeko. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Berdinketarik baldin bada, oposizioko laugarren ariketan puntuazio altuena lortu duen izangaia lehenetsiko da. Halarik ere, berdinketarik baldin bada, hurrengo ariketak hartuko dira kontuan, segidan eta ordena honexetan: bigarren, hirugarren eta lehen ariketetako puntuazioaren arabera hautsiko da berdinketa.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaletan, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzeko balio bereko agiri baten fotokopia konpultsatua.

b) 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak pagatu izanaren frogagiria.

c) Kasuan kasuko Laneko Arriskuak Galarazteko Atalaren txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Lehiatzaileak minusbaliatua dela alegatu badu, frogatu beharko du, horrez gain, bere minusbalioak ez diola galarazten deialdiko lanpostuan aritzea, eta horretarako balorazio eta orientazio talde eskudun baten agiria aurkeztu beharko du.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez diotela ez kendu ez eten, eta inongo herri administrazioren zerbitzutik bazterturik ez dagoela adierazten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Deialdia egin duenaz beste nafar Administrazio Publiko bateko langile finkoak diren lehiatzaileek agiri bidez egiaztatu beharko dituzte, gainera, beren aurreko Administrazioaren espediente pertsonaleko datu eta aurrekari guztiak, sarreraren, antzinatasunaren, mailaren, egoera administratiboaren eta abarren gainekoak.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiko 2. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua.

b) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak lehiatzailea Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoetako funtzionario bihurtzeko eskatzen duen dokumentazioa.

Lehiatzaileak minusbalioa alegatu badu, frogatu beharko du, gainera, minusbalio horrek ez diola galarazten deialdiko lanpostuan aritzea, eta frogatarako balorazio eta orientazio ekipo eskudunen agiria aurkeztu beharko du.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lehiatzaileak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezur esateagatik egotzi ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

7.4. Aurreko idatz-zatian aipatu kasuan, hutsunea betetzeko Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 7.1 idatz-zatiko gaindituen zerrendan hurren dagoen izangaia hartuko du, eta aurreko idatz-zatietan esan bezalako tramitea eginen da.

8.-Izendapena, lanpostu hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, aurreko oinarrietan xedatutakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen funtzionario izendatuko du biltegiko urgazlea-gidari aren lanpostuan aritzeko, eta Ebazpen bidez esleituko dio lanpostu hutsa.

8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatu den izangaiak izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epea izanen du jabetza hartzeko. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan ez bada, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario bihurtzeko. Halakoetan, deialdiko 7.4. idatz-zatiak ezartzen duena hartuko da aintzat.

8.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan bat ere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4. idatz-zatiak agintzen duen moduan.

9.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri eta aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluek agintzen dutenaren arabera.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hamahiruan.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

................. jauna/andrea, adinez nagusia, ........... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidea) jabea, .........(e)n (..........) 19...(e)ko ......aren ......(e)an jaioa, nazionalitate ...(e)koa, helbidea: ............. (kalea, zenbakia), ....... herria, ........ probintzia, ....... posta kodea, eta ........ telefonoa (........ laneko telefonoa) duena,

Zure aurrean agertu eta aditzera ematen dut:

Eskatzen dudala onartua izateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ....... izateko .li...... lanpostua betetzeko deialdian (......(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua) ondotik aipatzen den txandan:

f Txanda irekia.

f Igoera txanda (*).

f Minusbaliatuendako txanda (*).

Karguan aritzea galarazten didan eritasun nahiz akats fisiko nahiz psikikorik ez dudala.

Xedapen indardunek ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ere.

Deialdian aipatzen den titulua badudala.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Minusbaliatua naizenez, eransten den egokitzapena eskatzen dudala, aipatzen diren arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira.)

f Minusbalioaren egiaztagiriak, erakunde eskudunak luzatuak, aurkezten ditudala.

f Euskararen gaitasun agiriaren ziurtagiria aurkezten dudala, edo ofizialki haren baliokidea denarena (*).

f Euskarazko proba egin nahi dudala (*).

(*) Deialdian hala eskatzen bada.

Hortaz:

Eskatzen dut eskabide hau onar dadila eta beraz ni ere onar nazatela Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko ............ izateko ..... lanpostu betetzeko deialdian.

Iruñean, .....(e)ko ...........(a)ren ......(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

II. ERANSKINA

1.-Nafarroako Erresumaren egitura politiko-administratiboa. Foruen Legeak, batez ere 1841eko Lege Itundua. Nafarroako Foru Eraentza. Bilakaera.

2.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Lanketa prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko Titulua. Erreforma.

3.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolamendua eta eginkizunak. Plenoa eta Batzordeak. Kontuen Ganbara.

4.-Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Lehendakaria. Horren hautapena. Kontseilariak. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.

5.-Nafarroako Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen estatutua. Hautabideak. Funtzionario izaera hartzea eta galtzea. Administrazio egoerak. Eskubideak, eginbeharrak eta bateraezintasunak.

6.-Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea: aplikazio esparrua. Administrazio prozedura: hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Interesatuak. Nondik norakoak eta epeak.

7.-Administrazio errekurtsoak: kontzeptua eta izaera. Gora jotzeko errekurtsoa. Berraztertzeko errekurtsoa. Berrikuspen errekurtsoa.

Iragarkiaren kodea: A0205597