70. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2002ko maiatzaren 13koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Gazteriko erdi mailako teknikari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2002ko maiatzaren 13an emandako Ebazpenaren bitartez onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Gazteriko erdi mailako teknikari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia, honako oinarri hauen arabera:

1.-Xedea.

Gazteriko erdi mailako teknikari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia iragartzen da. Lanpostuak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari atxikiak dira, destinoa Iruñean dute, eta 6100 eta 6103 plantilla zenbakiak dituzte.

Deialdiko lanpostuko eginkizunak, besteak beste, honako hauek dira:

-Ekonomi, aurrekontu eta kontratazio kudeaketa.

-Dirulaguntzen legea aplikatzea eta gazteri arloan toki entitateen, federazioen, kirol entitateen unibertsitateen eta gazte elkarteen jarduera eta inbertsioak sustatzeko laguntzak eta lankidetza-akordioak kudeatzea.

-Toki entitateen eta gazte elkarteei aholku ematea gazteri arloan, hala nola gazte ekipamenduarenean, betiere arautegia betez.

-Gazte elkarte berrien espedienteak aztertu eta tramitatzea eta Gazte Elkarteen Erregistroan inskribatzeko txostena egitea, eta haien zentsuaren jarraipena.

-Argitalpen interesgarriak sustatu, kudeatu eta prestatzea, gazteri arloan.

Gazteri arloko teknikariak prestatzen laguntzea, Nafarroako Gobernuaren eskumenen esparruan eta legeria indardunarekin bat.

Gazte gaiekin loturiko azterlanak egitea toki entitateei, departamentuarteko gazteri batzordeei, gazte elkarteei eta gazteei aholku emateko.

-Boluntario gazteen programen kudeaketa eta jarraipena, trukeak, turismoa, gazte karneta eta aterpetxezaleen karneta, eta Gazteen Aterpetxeen sarean duten eragina.

2.-Aplikatu beharreko araudia.

Lehiaketa hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamenduko 10. artikuluak eta aplikatzekoak diren beste manuek, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak merezimenduen baremoei buruz abuztuaren 12an emaniko 130/1998 Foru Aginduak, aplikatzekoak diren gainerako arauek, eta deialdiaren oinarriek.

3.-Betebeharrak.

Indarra duten legezko xedapenekin bat, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lanpostuak hautatzen dituztenean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) B maila edo taldekoa izatea.

c) Lanpostuan sartzeko Erdi Mailako titulua eskatzen den lanpostu baterako izendatua izatea edo Lizentziatura, Ingeniaritza edo Arkitektura bateko lehenbiziko hiru ikasturteak gaindituak izatea.

d) B motako gidatzeko baimena edukitzea.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketa honetan.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inola ere, lehiakideen inongo araubide aldaketarik, eta, beraz, lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubidearekin jarraituko dute.

Horretatik salbuetsita daude Estatuaren Administraziotik Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioak, hain zuzen ere MUFACEn afiliaturik egonik, Estatuaren Klase Pasiboen Araubideari helduta daude eta. Horietako batek lortzen badu deialdi honen xede den lanpostua, araubide hori utzi beharko du eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu beharko da.

4.-Lansariak.

Lekuz aldatzen den langileak indarra duten xedapenen araberako lansariak jasoko ditu.

5.-Eskabidea aurkezteko epea eta lekua.

a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokorrean, Iruñeko Karlos III.a etorbideko 2an, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko edozein bide erabiliz, hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio eta bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabidea aurkezteko epea amaitzen den egunean. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Argibide Bulegoan eskuratu ahalko da, Karlos III.a etorbideko atarian.

Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

b) Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiriak aurkeztuko dituzte, behar bezala kautotuak, barne direlarik Administrazio Publikoetan eskainitako zerbitzuen egiaztagiriak, eta baita B motako ibilgailuak gidatzeko baimena edukitzearena ere.

6.-Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen Ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

Izangaietako inor baztertu ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu ondoren eta horiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

7.-Epaimahaiaren osaera.

Lehiaketa kalifikatuko duen Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Javier Trigo Oubiña jauna, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

-Ordezkoa: Javier Echeverría Larrea jauna, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kirol zuzendaria.

Mahaikideak:

1. Luis Vicente Echarri jauna, Kirol eta Gazteriko erdi mailako teknikaria, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Langileri Batzordeak izendatua.

Ordezkoa: Mikel Goldarazena Goñi jauna, Kirol eta Gazteriko erdi mailako teknikaria, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Langileri Batzordeak izendatua.

2. Ricardo Ruano Enériz jauna, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren atalburua.

Ordezkoa: José Ignacio Ausín Íñigo jauna, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazte Ekintzaren atalburua.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da Epaimahaia.

Epaimahaikideek ezin izanen dute esku hartu eta halaxe jakinarazi beharko diote dei egin duen organoari, administrazio prozedurari buruzko arauetan abstentziorako aurreikusiriko zioak agertzen direnean. Halaber, izangaiek mahaikideak baztertzen ahalko dituzte inguruabar horiek gertatzen direnean. Epaimahaiak gehiengoaz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor litezkeen afera guztiak.

8.-Merezimenduen kalifikazioa.

Merezimendu hauek baloratuko dira hurrenez hurren:

a) Administrazio Publikoetan emaniko zerbitzuak: 35 puntu, gehienez ere.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: 25 puntu, gehienez ere. Epaimahaiak ondoan doan baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak.

Merezimendu guztiak, Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak barne, agiri bidez alegatu eta frogatuko dira, izangaiak lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duenean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak eskatu ahalko ditu.

c) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu, gehienez ere.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa lotzailea izanen da lehiaketako epaimahaiarendako.

d) Lanpostuaren eduki eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: 25 puntu bitarte.

Lehiaketako epaimahaiak egoki baderitzo, izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du proba praktikoa. Agerraldi horrek merezimenduei eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara egokitzeko erari buruzko aferak biltzen ahalko ditu.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Aipatu azalpen eta defentsa egiten ez baditu, izangaia automatikoki bazterturik geldituko da.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketako gainerako ataletako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa jakiteko.

Lehiaketako merezimenduak kalifikatu ondoren, epaimahaiak partaideek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean eta bost eguneko epea irekiko du interesatuek zuzenbidearen arabera balorazio horri buruz komeni zaiena alega dezaten.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdintasunak badirau, lanpostuaren eduki eta eginkizunei buruzko proba praktikoan puntuaziorik handiena lortu duen lehiatzailearen alde ebatziko da.

9.-Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa, dokumentazio igortzea eta izendatzeko proposamena.

Epaimahaiak, egiten diren erreklamazioak ebatzi dituelarik, parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak eta izangaien zerrenda argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda hori, espedientearekin batera, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio, hark, egoki bada, behar den ebazpena eman dezan hasieran deialdian ziren lanpostuak gehitzearen gainean.

10.-Lanpostu hutsen hautatzea.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bidez esleituko dio lanpostua proposatutako lehiatzaileari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

Lehiatzaileak esleipenaren Ebazpena eman eta ondoko hamar egun naturaleko epean jabetu beharko du esleitutako lanpostuaz.

Behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostuaz jabetu ezean, lehiaketako lanpostu hutsa betetzeko eskubideak galduko ditu. Kasu horretan, hutsunea deialdiko 9. oinarriak aipatzen duen zerrendan sarturiko hurrengo lehiatzaileak beteko du.

11.-Aurkezturiko agiriak.

11.1. Izangaiek berreskuratzen ahalko dituzte aurkezturiko agiriak, espresuki eskatu ondoren, erreklamaziorik edo errekurtsorik aurkeztu ez bada. Agiriak eramateko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, lanpostuak esleitzeko Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.

11.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

11.3. Erreklamazioa edo errekurtsoa aurkeztu denean, agiriak gorde eginen dira miatu eta aztertzeko. Erreklamazio edo errekurtsoaren tramitazioak ahalbidetzen duenean eramaten ahalko dira agiriak.

14.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hamahiruan.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskaria, ............. izateko ..... lanpostu, lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian, ... .....(e)ko ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, parte hartzeko.

1.-Norberaren datuak.

Izen-deiturak:

Non eta noiz jaioa:

N.A.N.: ...........................

Helbidea: ......................................... P.K.:

Etxeko telefonoa:.......................... Lantokiko telefonoa:

2.-Administrazio datuak.

a) Egoera administratiboa:

Zein lanpostutarako izan zen izendatua:

f Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa.

f Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa.

f Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako estatutupeko langilea.

f Lan kontratudun finkoa.

f Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa.

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

f Borondatezko eszedentzian.

f Nahitaezko eszedentzian.

(X batez adierazi bakoitzari dagokiona).

b) Oraingo destinoa:

Lanpostua:

Lanpostuaz jabetu zen eguna:

Departamentua:

Zerbitzua:

Atala:

Bulegoa:

Erakunde Autonomoa:

c) Maila edo taldea: ..........

3.-Sinatzaileak aditzera ematen du eskabideak aurkezteko ezarrita dagoen epea akitzen den egunean baldintza guztiak betetzen dituela.

4.-Eskatutako agiriak eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkezten ditu.

5.-f Adierazten du euskararen gaitasuna frogatzeko proba egin nahi duela*.

Horrenbestez,

Eskatzen du deialdian onar dezatela, eskabide honetan dioen bezala.

Iruñean, .....(e)ko .........aren ........(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezko denean bakarrik.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak:

1) Edozein Administrazio Publikotan, langile finko gisa, deialdian eskatzen den maila/taldeko lanpostuan emandako zerbitzuak: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

2) Edozein Administrazio Publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdian eskatzen den maila/taldeko lanpostuan emandako zerbitzuak: 1,12 puntu urte bakoitzeko.

3) Edozein Administrazio Publikotan, langile finko gisa, deialdikoa ez bezalako lanpostu batean: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

4) Edozein Administrazio Publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdikoa ez bezalako lanpostu batean: 0,30 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

3. Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan eman izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta beste merezimendu batzuk.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta Unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo haren baliokideko (10 ikastordu), gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzen ikastordu zatiak proportzionalki kalkulatuko dira.

2. Ikastorduen iraupena agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

2) Kongresu edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den eta biltzarrak edo aldizkariak herria, eskualdea, Espainia edo nazioarteko eremua hartzen duen.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea, gehienez ere puntu bat, epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.

4) Deialdian eskatutakoaz besteko titulazio eta espezialitate akademikoak. 4 puntu gehienez.

5) Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: 2 puntu gehienez.

6) Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak: besteak beste, arlo pribatuan egindako lanak, bekak edo prestakuntzako egonaldiak, aholku, partaidetza edo ordezkaritza organoetako kide izatea: 4 puntu gehienez.

Oharrak b) atal osorako:

1. Idatz-zati honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Gehienez 25 puntukoa izan daiteke b) atal honetako puntuazioa.

Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik:

-Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez.

Hizkuntz eskola ofizial batek emaniko gaitasun ziurtagiria edo horren baliokidetzat jotako titulua dutenei gehieneko puntuazioa emanen zaie. Halako titulaziorik ez dutenei, hizkuntz eskola ofizialen batean gainditutako maila bakoitzagatik guztira gehienez eman daitekeen puntuazioaren bostena emanen zaie.

Iragarkiaren kodea: A0205595