70. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2002ko maiatzaren 13koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Kirolaren Medikuntzako goi teknikari lanpostu bat lehiaketa-oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2002ko maiatzaren 13an emandako Ebazpenaren bidez onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Kirolaren Medikuntzako goi teknikari lanpostu bat lehiaketa- oposizio bidez betetzeko deialdia.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Kirolaren Medikuntzako goi teknikari lanpostu bat, lehiaketa-oposizio bidez betetzea. Lanpostua Nafarroako Kirolaren Medikuntzako Institutuari atxikia da, destinoa Iruñean du, eta plantilla organikoan 5064 zenbakiaz dago identifikaturik. Deialdia honako agindu hauen arabera gauzatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua (1993ko irailaren 1eko NAO, 107 zk); hura garatu eta gauzatzeko eman zen Sarrera Erregelamendua eta gainerako arau aplikagarriak eta deialdi honen oinarriak.

1.2. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu hautatuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren langile funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan zehazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Lanpostuaren lansariak A mailari dagozkionak izanen dira, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onartutako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatzekoak diren beste xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.4. Behar den lehiaketa-oposizioa gainditu eta deialdi honen xede diren lanpostuak betetzeko izendatuak gertatu ondotik, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuko dira, eta araubide horretan aurreikusitako babesa izanen dute.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatua gertatzen den funtzionarioa, baldin badago Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den eskubide pasibo eta osasun laguntzarako araubidean sartuta, aukera izanen du bertan segitzeko edo Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeko.

1.5. Izendatutako izangaiak destinoko tokian bizi beharko du, eta horretarako dagokion udalerrian finkatuko du bere bizilekua. Destinoa, Administrazio organo eskudunek aldatzen ahalko dute.

1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da, eta edozein momentutan administrazio organo eskudunek alda dezakete.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Lehiaketa-oposizio honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, agiriak aurkezteko 7.2 oinarrian finkatutako epea bukatzen denean eta lanpostuaren jabetza hartu arte:

a) Espainiarra, Europar Batasuneko herritarra edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen zirkulazio librea onartzen duen herrialde bateko herritarra izatea; parte hartu ahalko dute, halaber, espainiarren eta Europako Batasuneko Estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, haien kontura bizi diren 21 urtetik beherakoek edo adin horretatik gorakoek, baldin eta haien kontura bizi badira.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Medikuntza eta Kirurgiako Lizentziadun titulua izatea edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hori lortzeko baldintzetan egotea.

d) Egin beharko dituen eginkizunetarako behar diren gaitasun psikikoa eta fisikoa edukitzea.

e) Eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez kendu ez etena ez izatea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bazterturik ez egotea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honen 7.2 atalean aurreikusitako epe eta moduan.

3.-Eskabideak

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozeinetatik, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Informazio bulegoan eskuratzen ahal da (Karlos III.a etorbidea, 2, ataria) eta idazki horretan izangaiek adierazi behar dute eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzerako baldintza guztiak betetzen dituztela.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. % 33ko edo hortik gorako minusbaliotasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbalioa duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari honako hau erantsi behar zaio:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubidea izateko 25 euro ordaindu izanaren ziurtagiria.

Honakoak daude tasa ordaintzetik salbu:

a) % 33 edo gehiagoko minusbaliotasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonak.

b) Hautapen proben deialdia egin aurretik hilabetez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hau izateko baldintza izanen da kasuko epean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeko uko egin ez izana justifikaturiko arrazoirik ez badago. Hori frogatzeko Enplegu Bulegoaren ziurtagiria beharko da.

b) Deialdi honetako baremoan ezarritakoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien jatorrizko dokumentazioa edo notario edo administrazio bidez konpultsaturiko kopiak.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin- behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak egiten ahal dituzte eta, okerrik izanez gero, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazio epea iraganik, eta erreklamazioak ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

5.-Kalifikazio Epaimahaia.

5.1. Kalifikazio Epaimahaia ondoko kideek osatuko dute:

Mahaiburua: Javier Trigo Oubiña jauna, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Ordezkoa: Javier Echeverría Larrea jauna, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendariordea.

Mahaikidea: Esteban Miguel Gorostiaga Ayestarán jauna, Ikerketa eta Kirolaren Medikuntzako Zentroko sendagilea.

Ordezkoa: Santiago Martínez Gorostiaga jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eratxikitako Errebilitazioko sendagile espezialista.

Mahaikidea: Román Lezaun Burgui jauna, Kardiologiako sendagile espezialista, Nafarroako Ospitaleko Kardiologia Zerbitzuko Hemodinamika Ataleko burua.

Ordezkoa: Miguel Ángel Imízcoz Zubigaray, Kardiologiako sendagile espezialista, Nafarroako Ospitaleko Kardiologia Zerbitzuko Ospitaleratze Ataleko burua.

Mahaikidea: Juan José Barbería Layana jauna, Endokrinologia eta Nutrizioko sendagile espezialista, Nafarroako Ospitaleko Endokrinologia Zerbitzuko burua.

Ordezkoa: Luis Forga Llenas jauna, Nafarroako Ospitaleko Endokrinologia Zerbitzuko atalburua.

Mahaikide idazkaria: Ramón Olivé Vilas jauna, Hezkuntza Fisikoaren eta Kirolaren Medikuntzako sendagile espezialista, San Cugateko Goi mailako Errendimenduko Zentroko Osasun Unitateko zerbitzuburua.

Ordezkoa: Montserrat Bellver Vives andrea, San Cugateko Goi mailako Errendimenduko Zentroko Osasun Unitateko sendagile espezialista.

Mahaikidea: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Mahaikide idazkaria: Ricardo Ruano Enériz jauna, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Ataleko burua.

Ordezkoa: Ignacio Ausín Íñigo jauna, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazte Ekintza Ataleko burua.

Epaimahaia hauta-probak hasi baino lehen osatu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da osatu ez jardun, bere kideen gehiengo absolutua, gutxienez, biltzen ez bada.

Organo kolegiatu horren eraketak balio izateko, lehendakariak eta idazkariak egon behar dute edo, bestela, beren ordezkoek, eta mahaikideen erdiek, gutxienez.

5.3. Epaimahaikideek ezin izanen dute esku hartu eta halaxe jakinarazi beharko diote dei egin duen organoari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aurreikusiriko zioak agertzen direnean.

Halaber, izangaiek mahaikideak errefusatzen ahalko dituzte inguruabar horiek gertatzen direnean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetan biltzen diren arauen interpretazio eta aplikazioari buruz sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahal ditu froga batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horiek dagokien esparruetako gaietara mugatuko dute beren lana eta epaimahaiari gai horiei buruzkoetan soilik lagunduko diote.

6.-Lehiaketa-oposizioaren urratsak.

6.1. Lehiaketa-oposizioa bi aldi izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia eta ondoren oposizioaldia eginen direlarik, oinarri hauetan adierazten den bezala.

6.2. Lehiaketa-oposizioa 2000ko urrian hasiko da. Onartu eta baztertuen behin-betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean, probak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira. Ondoren, epaimahaiak, behar den unean, jendaurrera aterako ditu gainerako probak burutzeko iragarkiak, erregelamenduari jarraikiz.

6.3. Lehiaketaldia.

6.3.1. Alegatutako merezimenduak ondotik doan II. eranskineko baremoaren arabera puntuatuko dira.

6.3.2. Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta egiaztatuko dira, izangai bakoitzak Lehiaketa- oposizio honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko edo behar bezala kautotutako agiriak erakutsiz, bestela ez baitira aurkeztutzat hartuko.

6.3.3. Epaimahaiak, edozein unetan, izangaiek azaldutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dizkie.

6.3.4. Baremoko atal bakoitzean izangaiek dituzten merezimenduak baloratuko ditu Epaimahaiak, eta ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu edo agirien bidez egiaztatu ez den merezimendurik, ez eta, atal bakoitzean, ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagorik emanen ere.

6.3.5. Lehiaketaldia bukatutakoan epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki oholetan jendaurrean jarriko du balorazioaren emaitza, adieraziko duelarik zein den izangai bakoitzak ateratako puntuazioa. Lehiaketaldian lortutako puntuazioa oposizioaldian lortutakoari gehituko zaio, horrela aterako delarik oposizio-lehiaketaren puntuazio osoa.

6.4. Oposizioaldia.

6.4.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu:

Lehenbiziko ariketa: komentario idatzi bat egin beharko da, gehienez ere 4 orduko tartean, Epaimahaiak lehendik hautatutako hamabosten artean aukeratutako artikulu bati buruz, eta edukia xede den lanpostuarekin lotua izanen da; artikulu hori III. eranskineko lehen parteko aldizkarietatik hartuko da, ez haien eranskinetatik. Ariketa egiteko, izangaiek ingelesezko hiztegia erabili ahal izanen dute.

Bigarren ariketa: III. eranskineko bigarren parteko gaietatik zozketaz hautatutako gai bati buruz idatzi beharko da, eta gehienez ere lau ordu izanen dira ariketarako.

Hirugarren ariketa. III. eranskineko hirugarren parteko gaietatik zozketaz hautatutako gai bati buruz idatzi beharko da, eta gehienez ere bi ordu izanen dira ariketarako.

6.4.2. Oposizioko balorazio osoa gehienez ere 60 punturaino iristen ahal da, honela banaturik:

-Lehen ariketa: 25 puntu gehienez ere.

-Bigarren ariketa: 25 puntu gehienez ere.

-Hirugarren ariketa: 10 puntu gehienez ere.

6.4.3. Oposizioaldiko lehen bi ariketak aztergarriak izanen dira. Baztertu eginen dira ariketa bakoitzerako gehienez ere dagoen puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.4.4. Lehen eta bigarren ariketak, izangaiek Epaimahaiaren aurrean irakurri beharko dituzte, eta irakurtzeko hurrenkera zozketaz erabakiko da.

6.4.5. Goian aipatutako ariketak puntuatzeko, epaimahaikide bakoitzak bere kalifikazioa jarriko du, eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da dagokion ariketaren zatiaren puntuazioa.

Epaimahaikideek emandako puntuazio altuenaren eta baxuenaren arteko aldea dagokion ariketaren zatiaren guztizko puntuazioaren ehuneko hogeita hamar edo gehiago baldin bada, puntuaziorik altuena eta baxuena baztertu eginen dira, emaitza gutxienez hiru epaimahaikideren puntuazioen batez bestekoa egitetik ateratzen bada, betiere.

6.4.6. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, ariketa egin deneko tokiko iragarki oholean jarri ere, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda haien kalifikazioekin, eta, halaber, oposizioko hurrengo ariketa zein toki, egun eta ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik bederen.

6.4.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, edo Epaimahaiari balio duela iruditzen zaion beste nortasun agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute, eta agertzen ez diren izangaiak edo agiri haien bidez nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuta geratuko dira.

6.4.8. Hauta-probak egiteko, denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira ehuneko 33 edo gehiagoko ezgaitasun onartua duten izangaientzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.4.9. Azken puntuazioa lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura ianen da.

Gertatzen diren berdinketak honela ebatziko dira: oposizioaldiko ariketa bakoitzean, segidan eta oposizioan duten ordenan, puntuazio handiena lortzen duenak izanen du lehentasuna.

7.-Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, izendapen proposamena eta dokumentuak aurkeztea.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrera azalduko du, Nafarroako Gobernuko iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian, probak gainditu dituztenen zerrenda, lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako kalifikazioak batuz atera duten puntuazioaren araberakoa, eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio espediente osoa, zerrenda hori eta puntuaziorik altuena atera duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman beharko da argitara proposamen hori.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean atera eta hurrengo 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez direnek:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia egiaztatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen balio bereko agiria.

b) 2. oinarrian eskatutako tituluaren agiriaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Kasuan kasuko Prebentzio Zerbitzuak emandako txostena, karguak eskatzen dituen eginkizunak betetzea eragozten ahal dion akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

Ezintasunen bat alegatu duten izangaiek, horietaz gainera, egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, ahalmena duten balorazio eta orientazio ekipoek emandakoa, beren ezintasunak deialdi honetako lanpostuan aritzeko trabarik egiten ez diela frogatzen duena.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez kendu ez etena ez izatea eta inongo herri administrazioren zerbitzutik bazterturik egotearena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioa eta Legeak onartu, eta karguari atxikirik dauden eginbeharrak zintzo beteko dituela.

Deia egin duen administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoek, aurretik esandakoaz gainera, beren lehengo administrazioko espediente pertsonaletan dauden xehetasun eta aurrekoen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, sarrerari, antzinatasunari, mailari, administrazio egoerari eta abarri dagozkienak.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Behar izanez gero, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario bihurtzeko, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen duen dokumentazioa.

Ezintasunen bat alegatu duten izangaiek, horietaz gainera, egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, ahalmena duten balorazio eta orientabide ekipoek emandakoa, beren ezintasunak deialdi honetako lanpostuan aritzeko trabarik egiten ez diela frogatzen duena.

7.3. Esandako epean, eta aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu agiriak aurkezten ez dituztenak, ezin izanen dira izendatu, eta haien eginbide guztiak baliogabetzat joko dira, beraien eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 idatz-zatian aipatzen den horretan, hurrengoa denarekin beteko du hutsunea, eta hutsunea bete duenarekin ere aurreko idatz-zatietan adierazitako eran jokatuko da.

8.-Izendapena, lanpostu hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izendatuko du, Kirolaren Medikuntzako goi teknikari lanposturako, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia.

8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak izendapenaren berri izaten duen egunetik hasi eta hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz. Aipatu epean eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakoetan, 7.4 idatz-zatian ezarritakoari jarraituko zaio.

8.4. Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada, baina egiazki bere lanpostuan aritu gabe, eta, berak eskaturik, borondatezko eszendentzia hartzen badu, karguaz jabetzen den egun berean, egun horretan beste Administrazio Publiko batean aritzeagatik, lanpostu huts hori deialdiko 7.4 idatz-zatiari jarraituz beteko da.

9.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hamahiruan.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskaera eredua

............. jaun/andreak, adin nagusikoa, .... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidea) jabe, ............(e)n (..........) ....eko ......aren ...(e)an jaioa .......(e)ko (........) ........... kalean, ........ posta kodea, helbidea eta ........... telefonoa duenak,

Zure aurrean agertu eta honako hau dio:

Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen ....... izateko, .... lanpostu .......... bidez betetzeko deialdian, ...........(e)ko ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, onartua izatea eskatzen duela, ondotik aipatzen den txandan:

f Txanda irekia

f Igoera txanda

f Elbarrituentzako txanda murriztua

Karguan aritzea galarazten dioen eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela.

Ez duela indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez dela disziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ezta desgaitua ere eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiaren 2. oinarrian adierazitako titulazioaren jabe dela.

Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi duela.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

f Baduela ezintasunik, eta horregatik eskatzen duela ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik. (Beste orrialde batean zehaztuko dira ezintasunaren nondik-norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak)

f Elbarritasuna egiaztatzen duen dokumentazioa eransten duela, erakunde eskudun batek luzatua

f Euskara mailari buruzko proba egin nahi duela, deialdiaren ondorioetarako

Azaldutakoaren ondorioz:

Eskatzen dut eskabide hau onar dezatela eta, ondorioz, ni ere onar nazatela Foru Komunitateko Administrazioaren eta zerbitzuko .............. izateko, .... lanpostu ........ bidez betetzeko deialdian.

Iruñean, ....eko ........aren ....(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimendu baremoa

a) atala: emandako zerbitzuak

Edozein Administrazio Publikotan, deialdikoaren lanpostu berdinetan edo antzekoetan emandako zerbitzuak baloratuko dira: 0,8 puntu urteko.

Ez dira baloratuko egoiliar gisa emandako zerbitzuak, ez eta dialdia argitaratu ondoren emandakoak ere.

Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzuak emandako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, dagokien zatia kenduko zaie.

Atal honetan gehienez ere 8 puntu eman daitezke.

b) atala: Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

Atal honetan bete beharreko lanpostuarekin lotura duten merezimenduak baizik ez dira kontuan hartuko:

1. Medikuntza eta Kirurgiako Doktore gradua: puntu 1.

2. Gorputz Hezkuntza eta Kiroleko Medikuntzako Sendagile Espezialistaren titulua: 3 puntu.

3. Ariketa Muskularraren Fisiologiarekin, Kirolaren Medikuntzarekin edo Kirol Nutrizioarekin erlazionaturiko prestakuntza jardunaldietan parte hartzea, Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitate zentroek antolatu edo bermatuak badira: 0,05 puntu kreditu akademiko do balio bereko bakoitzeko (10 ikastordu), gehienez ere 2 puntu.

Ordu kopurua zehazten ez duten egiaztagiriak kreditu batekotzat hartuko dira, eta ikasturte osoa adierazten dutenak, berriz, 12 kreditukotzat.

4. Ariketa Muskularraren Fisiologiarekin, Kirolaren Medikuntzarekin edo Kirol Nutrizioarekin erlazionaturiko artikulu eta lan zientifikoak argitaratzea 2000ko "Journal of Citation Reports" (Institute for Scientific Information, Philadelphia, PA, USA): artikulu edo lan bakoitza bere inpaktu faktorea (impact factore) zati bi izanen da.

Artikuluak eta lan zientifikoak argitaratzeagatiko puntuazioa guztira zenbat den erabakitzeko, bakoitzaren puntuazioa batuko da, eta gehienez ere 6 puntu izanen dira.

5. ISBNa duten liburuetako argitalpen edo kolaborazioengatik: 0,3 puntu autore nagusia izanez gero eta 0,1 kolaboratzaile izanez gero, argitalpen edo kolaborazioko; gehienez ere 1,5 puntu.

6. Prestakuntza jardunaldietan irakasle gisa parte hartzea sektore publikoan edo unibertsitatekoan: 0,2 puntu 10 ordu edo kreditu akademiko bakoitzeko; gehienez ere 1,5 puntu.

b) atal osoari dagokion puntuazio osoa 12 punturainokoa izanen da gehienez ere.

c) Hizkuntzak

-Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak direnez, puntu 1 gehienez ere hizkuntzako. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiriak edo ofizialki onartutako titulazioak gorago adierazitako gehienezko puntuazioa izanen dute.

Titulua lortua izan ezean, Eskola Ofizial batean gainditutako ikasturte bakoitzeko, puntuazio osoaren 1/5 emanen da.

III. ERANSKINA

Gaiak

LEHEN PARTEA

Medicine and Science in Sports and Exercise (1988-2000)

International Journal of Sports Medicine (1988-1992; 1993-1995; 1998; 2000)

Canadian Journal of Applied Physiology (1993-2000)

International Journal of Sports Nutrition (1992-2000)

Journal of Science and Medicine in Sport (2000)

Journal of Aging and Physical Activity (1994-2000)

Sports Medicine (1998-2000)

European Journal of Applied Physiology (1994-2000)

Scandinavian Journal of Medicine and Scinece in Sports (1992-2000)

Journal of Sports Sciences (1994-2000)

Journal of Strength and Conditioning Research (1993-1996; 1999-2000)

The Journal of Sports Medicine and Physical Fitness (2000)

BIGARREN PARTEA

1.-Iraupen aerobikoaren ebaluazioa

2.-Potentzia eta ahalmen anaerobikoaren ebaluazioa.

3.-Indar muskularraren ebaluazioa.

4.-Laktatoa, amoniakoa, urea eta azido urikoa: Goi mailako Kirol Errendimenduan duten esanahi fisiologikoa.

5.-Entrenamentuaren eta entrenamentua gutxitzearen ondorioak gaitasun fisikoaren gainean.

6.-Elikadura eta errendimendu fisikoa.

7.-Laguntza ergogenikoak eta errendimendu fisikoa.

8.-Dopatzea eta errendimendu fisikoa.

9.-Jokalekuko testa.

10.-Kirolean hasi aurreko balorazioa.

11.-Ariketa fisikoa eta loditasuna.

12.-Ariketa fisikoa eta I. motako diabetea.

13.-Ariketa fisikoa eta II. motako diabetea.

14.-Ariketa fisikoa eta osteoporosia.

15.-Ariketa fisikoa eta hipertentsio arteriala.

16.-Ariketa fisikoa eta arteriosklerosia.

17.-Ariketa fisikoa, haurdunaldia eta erdiondoa.

18.-Ariketa fisikoa eta zahartzea.

19.-Ariketa fisikoa eta adimen osasuna.

20.-Entrenamendu gehiegizkoa.

III. ZATIA

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko printzipioak. Eskubideak eta askatasunak. Haien babesa. Estatuko oinarrizko erakundeak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua. Auzitegi Konstituzionala. Botere Judiziala. Lurralde egitura. Komunitate Autonomoak.

2. gaia.-Europako Batasuneko Zuzenbidea: kontzeptua, ezaugarriak. Iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Itunak. Erregelamenduak. Zuzentarauak. Erabakiak. Europako Batasuneko Zuzenbidea eta Espainiako Konstituzioa.

3. gaia.-Antolamendu juridikoaren iturriak. Konstituzioa arau gisa. Legeak. Motak. Erregelamenduak. Beste iturri batzuk: ohitura, printzipio orokorrak. Jurisprudentzia.

4. gaia.-Administrazio Publikoa. Kontzeptua, motak, xedeak. Antolaketa printzipioak. Administrazio egintza: kontzeptua, ezaugarriak eta sailkapena. Administrazio Prozedura. Administrazioarekiko auzien Jurisdikzioa.

5. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Oinarria. Nola egin zen. Oinarrizko printzipioak. Foru Eraentzaren aldaketa. Nafarroaren eskumenak.

6. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legea. Egitura eta edukia. Lehendakaria. Gobernua. Administrazioa.

7. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileak. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionarioak: sarrera, administrazio karrera, eskubideak eta betebeharrak.

8. gaia.-Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Nafarroako toki entitateen antolamjendua eta eskumenak.

9. gaia.-Administrazio Prozedura. 4/1999 Legea, zeinak Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu baitzuen: printzipioak eta aplikazio esparrua. Administrazio prozedura orokorraren faseak. Prozedura bereziak.

10. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea. Xedapen orokorrak. Administrazio kontratu tipikoak. Administrazioarekin kontratuak egiteko baldintzak. Adjudikazioaren aurreko ekintzak.

11. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea: adjudikazioa eta formalizazioa. Kontratuen burutze, aldatze eta etetea. Prezio aldaketa.

Iragarkiaren kodea: