70. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

171/2002 FORU AGINDUA, maiatzaren 23koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean LOGSEko Batxilergoaren gaueko ikasketak arautu eta antolatzen dituena.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak, III. tituluan (pertsona helduen hezkuntzari buruzkoan), Hezkuntza Administrazioei neurriak har ditzatela eskatzen die, herritar guztiek aukera izan dezaten derrigorrezkoak ez diren ikasketetako -Lege horretan arautuetako- maila edo graduetara iristeko. 53.2 artikuluak aukera ematen du pertsona helduek, behar den titulazioa badute, Batxilergoa ikastetxe arruntetan egiteko, baina, horretaz gainera, pertsona horiek Batxilergoa egiteko berariazko eskaintza izan dezaketela aipatzen du; beren ezaugarriak kontuan harturik antolatuko den eskaintza betiere. Berariazko eskaintza horretako neurrietako bat ikasketa horiek gaueko txandan antolatzea da, kalitate eta tradizio handiko ikasketak baitira eta gizartean eskari handia izan baitezakete.

Azaroaren 29ko 1700/1991 eta urriaren 2ko 1178/1992 Errege Dekretuek (abenduaren 29ko 3474/2000 Errege Dekretuak aldatuek) Batxilergoko egitura eta gutxieneko ikasketak finkatu zituzten, eta martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretuak, berriz, etapa horrek Nafarroako Foru Komunitateko kudeaketa esparruan izan beharreko curriculuma. Xedapen gehigarriak ezartzen du Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Foru Dekretu honen xede den curriculuma moldatu ahalko duela, helduen hezkuntzaren antolamendu eta metodologia beharren arabera.

Batxilergoaren gaueko ikasketak pertsona helduei zuzenduta daude eta, oro har, Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua izan arren egunez ari diren ikastetxe arruntetara arrazoi bereziengatik joaterik ez dutenei. Halako ikasleen ezaugarri bereziak direla-eta, beharrezkoa da etaparen antolaketan zenbait aldaketa egitea, curriculuma beren egoera bereziei egokitzeko.

Eskaintzen den Batxilergo ereduan irakasgai komunak daude, ikasleen prestakuntza orokorrera bideratuak, bai eta modalitateko irakasgaiak, prestakuntza espezializatuagoa ematen dutenak. Irakasgai horiek bi kurtsotan banatuta daude, baina ikasleek kurtso osorako edo irakasgai batzuetarako matrikulatzeko aukera dute. Klaseetara joatea errazagoa izateko eta etapa honetan denbora hobeki aprobetxatzeko, asteko ordutegia eguneko ikasketa ofizialena baino trinkoa izanen da, eta saioak 45 minutukoak. Hala ere, eguneko ikasketetarako edo arruntetarako ezarritako eskakizun maila berberak izanen dituzte, eta, horrela, gaueko Batxilergoak kalitate maila egokia izatea bermatzen da.

Horiek horrela, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) eta c) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I.-Xedea eta aplikazio esparrua.

Lehena.-Foru Agindu honen xedea LOGSEko Batxilergoaren gaueko ikasketak arautu eta antolatzea da, eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan aplikatuko da.

II.-Ikastetxeak: baimentzea.

Bigarrena.-1. Gaueko Batxilergoa eman ahalko dute horretarako baimena jasotzen duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek.

2. Bigarren Hezkuntzako institutuek Batxilergoko gaueko ikasketak emateko baimena jaso ahalko dute, baldin eta behar beste ikaslek badu egoera pertsonal, sozial edo laboral berezia.

III.-Ikasleen sarbidea.

Baldintza pertsonalak.

Hirugarrena.-1. Batxilergoaren gaueko ikasketak egin ahalko dituzte 18 urtetik gorakoek edo matrikula egiten duten urtean adin hori betetzen dutenek.

2. 18 urtetik beherakoek -16tik gorakoek betiere- egin ahalko dute, lanean ari direla egiaztatzen badute; horretarako, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren edo afiliatuta dauden lan mutualitatearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

3. Matrikulatu ahalko dira, halaber, aurreko puntuan aipatu adin baldintzak betetzen badituzte betiere, egoera pertsonal eta familiar bereziak izateagatik Batxilergoko ikasketak araubide arruntean egiterik ez dutenak. Ikasleak ikasketak zein ikastetxetan egin behar dituen, hango zuzendariak aztertuko du egoera berezia, eta, horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko dizkio ikasleari. Puntu honetan adierazitakoaren arabera baimenduriko matrikulen berri emanen dio ikastetxeko zuzendariak Ikuskapen Zerbitzuari, matrikula egiteko epea amaitu eta hurrengo hamar egunetan.

Baldintza akademikoak.

Laugarrena.-Batxilegoaren gaueko ikasketak egin ahalko dituzte Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua duten ikasleek edo otsailaren 17ko 44/1998 Foru Aginduaren (90/2002 Foru Aginduak aldatuaren) hirugarren eta laugarren puntuetan ezarritako baldintza akademikoetakoren bat betetzen dutenek.

IV.-Ikasleak onartu eta matrikulatzea.

Bosgarrena.-1. Batxilergoaren gaueko ikasketak egiteko onarpen eta matrikulatze baldintzak otsailaren 17ko 44/1998 Foru Aginduaren bosgarren eta seigarren puntuetan ezarritakoaren araberakoak izanen dira. Matrikula kurtso osorako edo irakasgai batzuetarako egin ahalko da, Foru Agindu honetan ezarritakoa -bereziki bederatzigarren, hamabigarren eta hamahirugarren puntuetakoa- kontuan harturik. Zenbait irakasgaitarako matrikula egiten bada kurtso osokoa egin beharrean, gutxienez lautarako egin beharko da, ahal den guztietan.

2. Erlijioaren irakaskuntza arautzeko eman zen abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuko 3. artikuluan ezarritakoa bete dadin, adin nagusiko ikasleek edo, bestelakoetan, beren guraso edo tutoreek matrikula egitean adierazi beharko dute erlijioa edo Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.) hautatzen duten.

V.-Ikasketen antolaketa.

Seigarrena.-1. Batxilergoaren gaueko ikasketak bi kurtsotan antolatuta daude.

2. Batxilergoa gaueko araubidean egiten duten ikasleek lehenengo urtean lau irakasgai komun eta modalitateko hiru irakasgai izanen dituzte. Bigarren urtean, lau irakasgai komun eta modalitateko hiru irakasgai. Batxilergoaren gaueko ikasketak D edo A ereduetan egiten dituztenek irakasgai komun bat gehiago izanen dute.

3. Foru Agindu honen I. eranskinean ezarritakoaren araberakoak izanen dira irakasgaiak, horien banaketa eta asteko ordutegia. Gaueko araubideko Batxilergoa osatzen duten irakasgaien curriculumak martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretuak eta martxoaren 26ko 86/2002 Foru Aginduak eta 88/2002 Foru Aginduak Batxilergo arrunterako ezarritakoak izanen dira.

4. Batxilergoa gaueko araubidean egiten duten ikasleen asteko ordutegia astelehenetik ostiralera banatuko da bi kurtsoetan, eta gehienez ere 6 eta gutxienez ere 4 izanen dira saioak egunean. Asteko banaketa I. eranskinean ezarritakoaren arabera eginen da. 45 minutu izanen ditu saio bakoitzak.

5. Batxilergoaren gaueko ikasketak D edo A ereduetan egiten dituzten ikasleek hiru saio izanen dituzte bai lehenengo kurtsoan bai bigarrenean Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgairako. Beraz, Batxilergoaren gaueko ikasketak A edo D ereduetan eskaintzen dituzten ikastetxeek ordutegi orokorrari hiru saio gehituko dizkiote, Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaia emateko.

Zazpigarrena.-Ikasle talde bakoitzak irakasle tutore bat izanen du; taldeari klase ematen dioten irakasleetako bat izanen da tutorea. Irakasle horren irakaste ordutegian saio bat sartuko da astean ikasleen tutoretza lana egiteko. Ikasleen ezaugarriak direla-eta, tutoretza banan-banan eginen da.

VI.-Ebaluazioa, igarotzea eta titulazioa.

Zortzigarrena.-1. Batxilergoa gaueko araubidean egiten duten ikasleen ebaluazioari eta irakasgaien arteko lehentasunari dagokienez, arlo horiei buruzko arau orokorretan eta Batxilergoko berariazko arauetan ezarritakoari jarraituko zaio; batik bat, Nafarroako Foru Komunitateak onetsitakoei eta, bereziki, maiatzaren 9ko 151/2002 Foru Aginduan onetsitakoei. Aipatu Foru Agindua Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoa egiten duten ikasleen ebaluazio eta kalifikazioari buruzkoa da.

2. Bigarren kurtsoko irakasgaien azken ebaluazioa egin aurretik, aurreko kurtsoan gainditu gabe utzitakoena eginen da. Deialdi arruntean edo berezian irakasgairen bat kalifikatzerik ez dagoenean, haien arteko lehentasun hurrenkera kontuan harturik, aurreko kurtsoko beste bat gainditzearen baldintzapean dagoelako, "1. kurtsokoa gainditu gabe" jarriko da.

3. Ebaluazioaren emaitzak maiatzaren 9ko 151/2002 Foru Aginduan ageri diren agirietan bilduko dira, azken aktak izan ezik, Foru Agindu honen II. eranskineko ereduaren araberakoak izanen baitira.

Kurtso bateko irakasgai guztietarako izan beharrean zati baterako matrikulatzen diren ikasleen orrietan behar ez diren laukitxoak marra batez baliogabetuko dira.

4. Kalifikazio Liburuan kalifikazioen erregistroko orriak bukatzen direnean orri zuriak erabili ahalko dira eta, behar denean, orri gehigarriak erantsiko dira, zenbakiz behar bezala ordenatuta eta zigilua jarrita. 24. orrialdean eginbidez berariaz aipatuko da hori.

Bederatzigarrena.-Ikasleak Batxilergoaren gaueko araubidean hurrengo kurtsora igarotzeari eta daudenean jarraitzeari dagokionez, eta urriaren 2ko 1178/1992 Errege Dekretuaren 10. artikuluan, martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretuaren 17. artikuluan eta maiatzaren 9ko 151/2002 Foru Aginduaren hogeita bigarren puntuan xedaturikoari jarraikiz, honako hau ezarri da:

a) Bigarren kurtsora igarotzeko ezinbestekoa da ikasleak lehenengo kurtsoko irakasgaiak gainditzea, gehienez ere bi utz baditzake ere.

b) Bi irakasgaitan baino gehiagotan ebaluazio negatiboa izateagatik bigarren kurtsora igarotzerik ez duten ikasleek ez dituzte gaindituriko irakasgaiak berriz egin beharko.

c) Bigarren kurtsoko ikasleek irakasgai batean edo gehiagotan ebaluazio negatiboa izateagatik Batxilergoa osatzerik ez badute, ez dituzte gaindituriko irakasgaiak berriz egin beharko.

d) Ikasleek ez dute izanen Batxilergoan gehienez ere lau urte egiteko muga, urriaren 2ko 1178/1992 Errege Dekretuko 10.4 artikuluan ezarria.

Hamargarrena.-Martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretuaren 20. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Batxilergoko irakasgai guztiak gainditzen dituztenek dagokien modalitateko Batxiler titulua jasoko dute. Titulua lortzeko ezinbestekoa da irakasgai guztietan ebaluazio positiboa izatea.

VII.-Ikasketen programazioa.

Hamaikagarrena.-1. Batxilergoaren gaueko ikasketak emateko baimena duten ikastetxeen Pedagogi Koordinaziorako Batzordeak, curriculum proiektua egitean, gaueko ikasketetarako berariazkoak diren metodologi jarraibideak emanen ditu, ikasleen adina, lan esperientzia eta beste ezaugarri batzuei egoki erantzuteko.

Gaueko Batxilergoaren curriculum proiektua martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretuan ezarritako curriculumetik abiatuta garatuko da.

2. Departamentu didaktikoek beren gain hartuko dute, Batxilergoko gainerako ikasleekin egiten duten bezala, lehenengo kurtsoko irakasgairen bat gainditu gabe duten bigarren kurtsoko ikasleei laguntzeko eta beren ebaluazioa egiteko lana; horretarako, programazio didaktikoetan ikasle horiendako laneko plan bat diseinatuko dute eta bertan bilduko eskatu beharreko gutxieneko edukiak eta gomendatutako jarduerak; azken probaz gain proba partzialak ere programatuko dituzte, arazoak gainditu diren aztertzeko.

3. Urteko Programazio Orokorra egitean, Batxilergoko gaueko ikasketak emateko baimena duten ikastetxeek bigarren kurtsoko ikasleentzat azken ebaluazioaren ondoko denbora tarte bat utzi beharko dute, departamentu didaktiko ezberdinetako irakasleek unibertsitatean sartzeko probetako irakasgaiak landu ahal ditzaten proba horietara aurkeztuko diren ikasleekin.

VIII.-Batxilergoko ikasketa araubide ezberdinen arteko mugikortasuna.

Hamabigarrena.-1. Ikasleak Batxilergoaren gaueko ikasketetan beste edozein araubidetatik sartu ahalko dira, araubide horietan kurtsoak gainditzeko dauden baldintzak errespetaturik.

Eguneko araubidetik sartzea Foru Agindu honen III. eranskinean ezarritakoaren arabera eginen da.

Urrutiko ikasketen araubideko Batxilergotik heldu diren ikasleek gaindituriko irakasgaien kalifikazioak mantenduko dituzte gaueko araubidean sartzen direnean.

2. Gaueko araubidetik egunekora aldatzen diren ikasleek azken araubide horretako igarotze baldintzak bete beharko dituzte, hots, ikasleak lehenengo kurtsoa errepikatuko du bi irakasgai baino gehiago baldin baditu gainditu gabe, eta bigarren kurtsoa errepikatuko du hiru irakasgai baino gehiago baditu gainditu gabe; irakasgaitzat jotzen dira eguneko araubideko kurtso bakoitza osatzen duten guztiak.

Gaueko araubidetik urrutikora aldatzen diren ikasleek gauekoan gaindituriko irakasgaien kalifikazioak mantenduko dituzte urrutiko araubidean sartzen direnean.

3. Ebaluazio Aktetan, Ikasketa Espedientean, Kalifikazio Liburuan eta Ebaluazio eta Kalifikazio Erregistroan dilijentzia bat luzatuko da, idazkariak sinaturik eta zuzendariak ikus-onetsirik, ikasleak, Foru Agindu honetan ezarritakoari jarraikiz, ikasketen araubidea aldatu duela agertzeko.

Ikasketa araubidea aldatzearen ondorioz ikasleak kurtso bateko irakasgai batzuk egin behar izanez gero, baina kurtso osoa ez, ebaluazio aktetan, aipatu den dilijentzia egiteaz gain, egiten ez dituen irakasgaien laukitxoak marra batez baliogabetuko dira, halakorik bada.

IX.-Modalitate aldaketak.

Hamahirugarrena.-Gaueko araubideko Batxilergoa modalitate edo ibilbide batean hasi eta ikasketak amaitu baino lehen beste modalitate edo ibilbide batera aldatu nahi duten ikasleek bete beharreko baldintzak Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ezarriko ditu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.-Foru Agindu honetan ezarritakoa egutegi honen arabera aplikatuko da:

2002-2003 ikasturtean, lehenengo kurtsoko ikasketei dagokiena.

2003-2004 ikasturtean, bigarren kurtsoko ikasketei dagokiena.

Bigarrena.-Gaueko ikasketetan Batxilergoan egiten ahal diren modalitateak "Natur eta Osasun Zientziak" eta "Giza eta Gizarte Zientziak" dira.

Hirugarrena.-Iruñeko "Plaza de la Cruz" eta "Navarro Villoslada" eta Tuterako "Benjamín de Tudela" Bigarren Hezkuntzako institutuak baimentzen dira Batxilergoaren gaueko ikasketak emateko, Foru Agindu honen lehenengo eta bigarren xedapen gehigarrietan, hurrenez hurren, aurreikusitako egutegiari eta modalitateei jarraikiz.

Laugarrena.-1. Batxilergoa "Natur eta Osasun Zientziak" edo "Giza eta Gizarte Zientziak" modalitatean gainditzen duten ikasleek, baldin eta Unibertsitatean sartzeko probara aurkeztu nahi badute eta horretarako bidea egin dituzten Batxilergoko ikasketek ematen dutena izan beharrean beste bat bada, gaueko araubidean matrikulatu ahalko dira, probaren bigarren zatiko azterketan izanen dituzten hiru irakasgaiak osatzeko beharrezkoak diren bigarren kurtsoko modalitateko irakasgaietan, urriaren 22ko 1640/1999 Errege Dekretuaren 8.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Aurreko idatz-zatian aipaturiko irakasgaietako bat (probako bigarren zatiko azterketan izanen dena) aldez aurretik egin eta gainditu badu, ezin izanen du berriz egin.

3. Bigarren kurtsoko irakasgairen bat II. mailakoa bada, hots, lehenengo kurtsoko baten ondokoa bada osorik edo partzialki, ikasleak lehenengo kurtsoko irakasgaian matrikulatu eta gainditu egin beharko du bigarren kurtsokoan ebaluatu aurretik.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Indarrik gabe utzi da maiatzaren 25eko 209/2000 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean LOGSEko Batxilergoaren gaueko ikasketak arautu eta antolatzen dituena; 2002/2003 ikasturtean lehenengo kurtsoari dagokiona eta 2003/2004 ikasturtean bigarrenari dagokiona.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Baimena eman zaio Hezkuntza zuzendari nagusiari Foru Agindu honetan ezarritakoa bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu hau eta eranskinak igortzea Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Irakasleen Hobekuntzako Atalera eta Hezkuntzaren Berriztapen eta Sustapenerako Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek eta eranskinek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hogeita hiruan.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

I. ERANSKINA

GAUEKO BATXILERGOAREN ASTEKO ORDUTEGIA

Irakasgai komunak

Lehenengo kurtsoa

Gaztelania eta Literatura: 4 s.

Atzerriko Hizkuntza: 3 s.

Filosofia I: 3 s.

Euskal Hizkuntza eta Literatura (*): 3 s.

Erlijioa / H.J.A.: 2 s.

Bigarren kurtsoa

Gaztelania eta Literatura: 4 s.

Atzerriko Hizkuntza: 3 s.

Filosofia II: 3 s.

Historia: 3 s.

Euskal Hizkuntza eta Literatura (*): 3 s.

(*) D edo A ereduan ari diren ikasleentzat soilik.

Modalitateko irakasgaiak

Lehenengo kurtsoa

Modalitateko hiru irakasgai: 12 s. (4 saio bakoitzak).

Bigarren kurtsoa

Modalitateko hiru irakasgai: 12 s. (4 saio bakoitzak).

MODALITATEKO IRAKASGAIAK KURTSOETAN BANATUTA

Natur eta Osasun Zientzien modalitatea

Lehenengo kurtsoa

Matematika I.

Fisika eta Kimika.

Biologia eta Geologia/Marrazketa Teknikoa I.

Bigarren kurtsoa

Irakasgai hauetako hiru:

Matematika II.

Fisika.

Kimika.

Biologia.

Giza eta Gizarte Zientzien modalitatea

Lehenengo kurtsoa

Mundu Garaikidearen Historia.

Latina I.

Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika I / Grekoa I.

Bigarren kurtsoa

Irakasgai hauetako hiru:

Artearen Historia.

Latina II.

Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II.

Geografia.

II. ERANSKINA

GAUEKO BATXILERGOKO 1. KURTSOAREN AZKEN AKTA

(Maiatzaren 23ko 171/2002 F.A.) ...(e)koa)

IKASTURTEA MODALITATEA

IKASTETXEA DEIALDIA (*) TALDEA

Kal = Kalifikazioa Mod = Modalitateko irakasgaia.

Gak = Irakasgaiaren gakoa (Irakasgaien gakoen zerrendan begiratu)AHIZ1 = Atzerriko Hizkuntza I.

GL1 = Gaztelania eta Literatura I. FILO1 = Filosofia I.

EHL1 = Euskal Hizkuntza eta Literatura I. ERLI = Erlijioa.

(*) Arrunta edo berezia.

ALDAKETAK

O.E. ZUZENDARIA, SINADURAK (irakasleenak), TUTOREA,

GAUEKO BATXILERGOKO 2. KURTSOAREN AZKEN AKTA

(Maiatzaren 23ko 171/2002 F.A.) ........(e)an)

IKASTURTEA MODALITATEA

IKASTETXEA DEIALDIA (*) TALDEA

Kal = Kalifikazioa Mod = Modalitateko irakasgaia Azken batez bestekoak:

Gak = Irakasgaiaren gakoa (irakasgaien gakoen zerrendan begiratu).HIST = Historia. A) Erlijioa barne.

GL2 = Gaztelania eta Literatura II.EHL2 = Euskal Hizkuntza eta Literatura II.B) Erlijioa kanpo.

AHIZ2 = Atzerriko Hizkuntza II.FILO2 =Filosofia II.

(*) Arrunta edo berezia.

ALDAKETAK

O.E. ZUZENDARIA, SINADURAK (irakasleenak), TUTOREA,

IRAKASGAIEN GAKOAK

KOMUNAK

FILO1 Filosofia I

FILO2 Filosofia II

HIST Historia

GL1 Gaztelania eta Literatura I

GL2 Gaztelania eta Literatura II

AHIZ 1 Atzerriko Hizkuntza I

AHIZ 2 Atzerriko Hizkuntza II

F. Frantsesa

I. Ingelesa

EHL1 Euskal Hizkuntza eta Literatura I

EHL2 Euskal Hizkuntza eta Literatura II

ERLI Erlijioa

HJA Hezkuntza jarduera antolatuak

NATUR ETA OSASUN ZIENTZIEN MODALITATEA

BIGE Biologia eta Geologia

FIKI Fisika eta Kimika

MAT1 Matematika I

BIOL Biologia

MTE1 Marrazketa Teknikoa I

FISI Fisika

MAT2 Matematika II

KIMI Kimika

GIZA ETA GIZARTE ZIENTZIEN MODALITATEA

GREK1 Grekoa I

MGH Mundu Garaikidearen Historia

LAT1 Latina I

GZM1 Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika I

GEOG Geografia

ARHI Artearen Historia

LAT2 Latina II

GZM2 Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II

III. ERANSKINA

EGUNEKO ARAUBIDETIK GAUEKORA IGAROTZEA

1. kurtsoa egin eta bi irakas- LEHENENGO KURTSOA

gai baino gehiago gainditu Kurtsoko irakasgai guztiak

gabe duten ikasleak. egin behar dituzte.

1. kurtsoa egin eta BIGARREN KURTSOA

osorik gainditu edo Egunekoan gainditutako irakas-

irakasgai bat edo bi gaiak gorde eta

gainditu gabe duten ikasleak. gainditu gabekoak errekuperatu

behar dituzte.

2. kurtsoa egin eta BIGARREN KURTSOA

hiru irakasgai baino gehiago Eguneko lehenengo kurtsoan

gainditu gabe dituzten ikasleak. gainditutako irakasgaiak

gordetzen dituzte.

Bigarren kurtsoa egin eta Gainditu gabeko irakasgaietarako

hiru irakasgai edo gutxiago soilik matrikulatuko dira.

gainditu gabe dituzten ikasleak. Gainditutakoan titulua

emanen zaie.

Ezin dira gaueko ikasketetan matrikulatu Batxilergoko bigarren kurtsoa eguneko araubidean egin eta hiru irakasgai edo gutxiago gainditu gabe dituzten ikasleak, irakasgai horiek eguneko araubidekoak badira baina gaueko araubideko ikasketen planean a geri ez badira, hala nola lehenengo edo bigarren kurtsoko aukerako irakasgaia edo lehenengo kurtsoko Gorputz Hezkuntza.

Iragarkiaren kodea: A0206249