70. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 10a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A R A N G U R E N

Eraikinak zaharberritzeko laguntzen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Aranguren ibarreko Udalak, apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Eraikinak zaharberritzeko laguntzen udal ordenantza. Hona hemen:

ERAIKINAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da Aranguren ibarreko Udalak Mutiloabeitiko atari hauek zaharberritzeko ezarritako laguntzak arautzea:

-Gurutze kalea: 1, 3, 5, 7 eta 9 zenbakiak.

-Kale Nagusia: 3, 5, 6 eta 7 zenbakiak.

-Eskoletako kalea: 6 eta 8 zenbakiak.

-Kale Berria: 2 zenbakia.

-Iruñeko etorbidea: 7 zenbakia.

-Idoi plazako atariak.

2. art. Jarduera babesgarriak.

Udalaren babesa jasoko duten obrak hauek dira:

1. Eraikinaren elementu komunak funtzioaren aldetik egokitzeko obrak, hau da, eraikinari arlo hauetan behar adina baldintza ematen dizkiotenak: estalkia (euriarentzat, hezetasunarentzat..., estankoa izanen da), fatxadak (estaldurak, kanpoko zurgin lanak, isolamenduak, etab.), sarbideak (ataria, igogailua eta eskailera-kaxa), instalazio orokorrak eta segurtasun neurriak.

2. Eraikineko oztopo arkitektonikoak ezabatzeko obrak.

3. Ordenantza honetatik kanpo geldituko dira 2. artikuluko aurreko puntuetan jasotzen ez direnak.

4. Gurutze kaleko, Kale Nagusiko, Eskoletako kaleko, Kale Berriko eta Iruñeko etorbideko atarietan egiten diren obrek, gutxienez ere, fatxadak zaharberritzeko lanak jasoko dituzte.

Fatxadetan ezartzen diren materialek, kalitate eta diseinuari dagokionez, Udaleko teknikarien oniritzia beharko dute. Bestela, ez dira onartuko.

Idoi plazan, ez dute dirulaguntzarik jasoko estalki eta fatxadetako obrek.

3. art. Laguntzak.

Udal honek ezartzen dituen laguntzek aipatu baldintzak betetzen dituzten jarduketa babesgarri guztiak izanen dituzte xede.

Hauek izanen dira laguntzak:

4. art. Obrak egiteko dirulaguntzak.

Jarduketa babesgarriari dagokion aurrekontuaren 100eko 40ko dirulaguntza emanen da etxebizitza bakoitzeko, betiere aurrekontu hori 1.202,02 eurotik gorakoa bada eraikinaren egitura edota elementuen funtzioa egokitzeko obren kasuan, edo 3.005,06 eurotik gorakoa, berriz, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko obren kasuan.

Fondo galdurako dirulaguntza Jabeen Elkarteari emanen zaio, obra osorako.

Dirulaguntza horren barruan izanen dira obraren kostua, teknikarien lansariak eta aholkularitza.

Igogailua paratu ahal izateko lokala erosten den kasuetan, erosketaren ehuneko 40ko dirulaguntza emanen da, gehienez ere bostehun mila pezetaraino.

5. art. Dirulaguntzaren ordainketa.

Udalak honela ordainduko du dirulaguntza:

-Ehuneko 25, obra hastean, lizentzia eman ondotik.

-Ehuneko 25, obraren lehen ziurtagiria egitean.

-Ehuneko 50, obrak bukatzean.

6. art. Bestelako dirulaguntzak.

Udalak ordenantza honetan ezarritako dirulaguntza bateragarria izanen da Nafarroako Gobernutik edo beste erakunde batzuetatik jaso daitezkeen dirulaguntzekin.

7. art. Onuradunak eta laguntzak jasotzea.

1. Jarduketa babesgarrien sustatzaileak laguntzen onuradunak izan ahal izateko, aipatu baldintzak bete beharko dituzte jarduketek eta, gainera, obrak hasi baino lehen egin beharko da eskaera. Eskabidearekin batera ziurtagiriak aurkeztuko dira, eta ezinbestekoa da Udaleko zerbitzu eskudunaren aldez aurretiko adostasun txostena aurkeztea.

2. Obrak bukatutakoan laguntzak behin betiko bilakatuko dira eta, horrenbestez, zerbait bete gabe utzi dela ikusiz gero, laguntzak jasotzeko eskubidea galduko da; gainera, horrek ez du eragotziko bestelako egintza batzuei ekitea.

Mutiloabeitin, bi mila eta biko maiatzaren bian. Alkatea, Manuel Romero Pardo.

Iragarkiaren kodea: A0204915