70. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 10a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A L T S A S U

Ordenantzak behin betikoz onetsirik

Udalak hartutako erabakia, 2002ko otsailaren 27an egin osoko bilkuran.

2001eko azaroaren 30ean egin osoko bilkuran onetsi ziren hasiera batean, eta urtarrilaren 4an argitaratu, 2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean. Idazkaritzan ez da inoren alegazio, erreklamazio edo oharrik jaso.

326. artikuluari jarraikiz, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratuko dira, ondorio juridiko osoak izan ditzaten.

Altsasun, bi mila eta biko maiatzaren hamabostean. Idazkaria, sinadura ulertezina.

TRAFIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Jokabiderako arau orokorrak

1. artikulua. Ibilgailuek debekatua dute asotsa ateratzea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, bai eta ihes-hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bestelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketena ere.

2. art. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

3. art. Debekaturik dago suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo isuriak bidera botatzea.

Halaber debekaturik dago eremu publikoan ibilgailuaren edonolako konponketa edo garbiketak egitea.

4. art. Oinezkoek debekaturik dute bidea baimenduta ez dauden tokietatik zeharkatzea. Toki baimenduetatik egin beharko dute, ahal den azkarren, gelditu gabe edo beste erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

5. art. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait direla eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

6. art. Arrastiritik argi-hastera bitarte ibilgailuek hurbilerako argiak piztuta eraman beharko dituzte, udal mugapeko galtzada guztietan. Motozikletek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, hurbilerako argiak, eguraldiak hala eskatzen duenean, eraman beharko dira piztuta.

7. art. Debekaturik dago gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko antzeko bitartekoak erabiltzea, hauek "eskuak libre" izeneko gailua dutenetakoak ez badira, behintzat.

Bizikletak eta ziklomotorrak

8. art. Ziklomotorren, bizikleten, monopatinen eta gidarien energiak mugitzen dituen gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dituzte gidariek.

9. art. Bizikleta eta ziklomotorrak oinezkoendako eremuetan edo espaloi eta pasealekuetan aparkatu ahal izanen dira, Udalak ezarritako gune erreserbatu eta behar bezala seinalatuetan.

10. art. Aparkatzeko gune horietara oinez sartuko dituzte ziklomotorrak, gainean jarrita joan gabe eta motorra itzalirik, eta haren indarraz soilik espaloiaren koska igotzeko baliatuz.

11. art. Ziklomotorrak semibaterian aparkatuko dira galtzadan, gehienez ere metro eta erdiko zabalera okupatuz.

12. art. Motozikleta edo ziklomotor bat bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da horietara pasatzea galaraziko, ez eta zirkulaziora itzultzeko maniobra ere.

13. art. Debekaturik dago patinak eta monopatinak galtzadetan, espaloietan eta parke eta lorategietako karriketan ibiltzea, horretarako erreserbatutako alderik ez bada.

14. art. Bizikletak galtzadan barna joanen dira, ahal den eta hurbilen espaloitik. Errei bat baino gehiagoko bideetan, albokoetan barna ibiliko dira. Errei bat baino gehiagoko bidegurutzeetara hurbiltzean, egin beharreko biraketari dagokion eskuineragoko erreiaren eskuinaldetik joanen dira. Dena den, Udalak baimena eman dezake parke jakin batzuetan bizikletan ibiltzeko.

15. art. Debekaturik dago bizikletak gauaz ibiltzea, aurreko argia eta atzeko islatzailea, gutxienez, ez badaramatzate.

Argi keinukaririk ez duten bizikleta eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

16. art. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

Zamalanak

17. art. Udalak zamalanetarako berariazko guneak finkatu ahal izanen ditu, erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoaren bidez adieraziak.

18. art. Gune horietan, zamalanak salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte, hauek 2 metro zabal edo 5,5 metro luze baino gehiago ez badira, beti ere horretarako erreserbatutako guneen barnean eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako ordutegien barnean.

19. art. Zamalanetarako erreserbatutako aldeetan, lan horiek egiteko nahitaezko denboran baizik ez da aparkatzen ahal eta inoiz ez 20 minutu baino gehiago.

20. art. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa eragotz edo oztopa, ez eta atari, saltoki edo baimendutako pasabideen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.

21. art. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta asots gutxi atereaz.

22. art. Ibilgailuak espaloiarekin batean lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aitzinaldea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatutako eremutik kanpora atera.

23. art. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak eman ahal izanen ditu, lan berariazkoak egitearren (aldaerak, fuelaren hornidura, obrak, etab.), aldez aurretik eskatu eta dagokion tasa ordainduta.

Merkataritzako gai arriskutsuak eta garraioetako ibilgailu handiak

24. art. Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Erregelamendu horren 1 edo 2-A arrisku etiketak eraman behar dituztenek, debekatua dute Altsasuko hirigunearen barnean zehar ibiltzea.

25. art. 24. artikuluan aipatutako ibilgailuek erabat debekatua dute Altsasuko udal mugape osoan aparkatzea.

26. art. Haien ezaugarriak, luze-zabalerak edo zamaren kokaera direla eta, Zirkulazioaren Kodearen 222. artikuluan ezarritako baimenak behar dituzten ibilgailuek Altsasuko Udalari eskatu beharko diote ezen Udaltzaingoak egin diezaiela hirian zeharreko gidaritza, zaintza eta laguntza zerbitzua, eta dagokien tasa, Altsasuko Udalaren ordenantza fiskalean ageri dena, ordaindu.

Oinezkoendako eremuak

27. art. Altsasuko Udalak ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekua, erabatekoa edo hein batekoa, ezarri ahal izanen du udalerriko alde batzuetan. Horiexek izanen dira oinezkoendako eremuak.

28. art. Eremu hauek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, bai eta ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten beste elementu batzuk ezarriz ere.

29. art. Oinezkoendako eremuetan ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekuak:

a) Zedarritu eta seinalatutako alderdiaren barrenean dauden bide guztiak hartu ahal izanen ditu.

b) Ibilgailuak ibili eta aparkatzeko galaraziriko denbora ordutegi batera mugatu ahal izanen du.

c) Finkoa izan daiteke edo soilik astegun batzuetan aplikatu.

30. art. Nolanahi ere, murrizketa hauek ez dute eraginik izanen Udalak, tokiaren zein ibilgailuaren erabiltzailearen ezaugarriak kontuan hartuta, baimena emandako ibilgailuen kasuan. Bizikletei ere ez diete eraginen, oinezkoendako eremuetan ibiltzen ahalko baitira, beti ere urrats arruntean dabilen pertsona baten zalutasunez egiten badute.

Oinezkoen kopurua apartekoa denean, udaltzainek hura mugatzeko behar diren neurriak har ditzakete.

31. art. Oinezkoendako eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdietan ibili eta, erregelamenduari jarraikiz, hala seinalatzen denean.

32. art. Altsasuko oinezkoendako eremu guztietan abiadura mugaturik egonen da, eta 20 km ordukoa izanen da, gehienez.

Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak aparkatzea

33. art. Oro har, 3.500 kilogramotik gorako B.G.P. duten ibilgailuek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea, industrialdeetakoetan salbu.

34. art. Halaber, 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea, industrialdeetakoetan salbu.

35. art. Arestiko 33 eta 34. artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe, Udalak "......" izeneko eremua ezarri du, berariaz, 3.500 kilogramotik gorako B.G.P. duten ibilgailuak eta 21 bidaiari baino gehiagorendako autobusak aparkatzeko. Betiere ibilgailu horiek Udalaren baimena beharko dute alde horretan aparkatzeko.

Aurreko lerroaldean aipaturiko tokietan ibilgailu horiek aparkatzeko, udal baimena lortzeko baldintza hauek bete behar dira nahitaez:

-3.500 kg-tik gorako B.G.P. duen ibilgailu baten edo 21 bidaiari baino gehiagorendako autobus baten titularra izatea, dela pertsona fisikoa dela juridikoa, Altsasuko erroldan izatea eta erroldako helbide hori titularraren ohiko bizitokia izatea. Ibilgailua ere toki berean helbideraturik eduki beharko da eta ohiko gidariak Altsasuko helbide batean erroldaturik.

-Gaikuntza txartela zein ibilgailuarentzat eskatzen den, horri dagozkion zirkulazio zergen ordainketa eguneratua izatea.

-Altsasuko Udalari gaikuntza txartela eskatua izatea. Horren eskaera egiteko inprimaki ofizialarekin batera, indarreko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Eskatzailearen NANaren kopia konpultsatua, ohiko gidariaren gida-baimenarena eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena.

Ibilgailuaren indarreko aseguruaren polizaren kopia eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostena, aginduzkoa denean.

-Egoiliarren txartela eskuratuz geroztik, hura lortzeko eskatzen diren betebeharretan inolako aldaketarik gertatu ez izana.

Pertsona berari ez zaio bi gaikuntza txartel baino gehiago emanen, inolaz ere, bere izenean dituen ibilgailuak zenbatnahi izanda ere. Era berean, ezin izanen da pertsona bera ibilgailu bateko baino gehiagoko ohiko gidari gisa agertu.

Gaikuntza txartela ibilgailuaren aurreko kristalaren atzean jarri beharko da, kanpotik egoki ikusi ahal izateko moduan. Bi urterako balioko du eta eskatu duen titularrarendako eta ibilgailu horrendako izanen da, bakar-bakarrik.

Txartela jasotzen duten eskatzaileek txartelaren gaineko erantzukizuna hartuko dute. Helbidez edo ibilgailuz aldatuz gero, edo txartela edukitzeko eskubidea ematen duten betebeharren batean aldaketarik gertatuz gero, Udalari jakinarazi beharko diote, gehienez aste bateko epearen barnean, txartel berria emateko, Ordenantza honetako artikuluen arabera horretarako eskubidea duten kasuetan, nahiz ordura arte indarra zuen txartela baliogabetzeko, txartel berria ateratzeko eskubiderik ez badute.

Egoiliarrendako txartel berria jasotzearekin batera, aurrekoa itzuli beharko da.

Helbidea aldatzeagatik edo beste inguruabar batengatik txartel berria jasotzeko eskubidea galtzen denean ere, txartela itzuli beharko da, inguruabar horren berri Udalari ematearekin batera, eta baita, berritzeko eskubidea izan arren, txartela berritu nahi ez denean ere.

Txartela galdu edo lapurturik izanez gero, Udalari lehenbailehen jakinarazi beharko zaio.

Udalak ahalmena du txartela eskuratzeko ezarrita dauden baldintzak betetzen ote diren ofizioz egiaztatzeko. Horrela, baldintzak betetzen ez dituzten txartelak baliogabetuko ditu, bidezko diren beste neurri edo zehapenak ukatu gabe.

Eremu horiek behar bezala seinalatuko dira eta sarbidea galarazi, mugatu edo kontrolatzeko beste baliabide tekniko batzuk ere erabili ahal izanen dira.

Baimenik izan gabe bertan sartuz gero eta mugatutako eremuetan behar baino denbora gehiago emanez gero, zehapena jarriko da.

Mugatutako eremuetan sartu eta egoteko arauak behin baino gehiagotan urratuz gero, Udalak ahalmena izanen du gaikuntza txartela baliogabetzeko.

Aparkatze Mugatuko Eremuetako arau-haustea da:

-Egoiliarrendako indarreko txartelik gabe aparkatzea.

-Egoiliarrendako txartel faltsifikatuak edo manipulatuak erabiltzea.

-Egoiliarrendako txartelak manipulatu edo faltsifikatzea.

-Ibilgailuari ez dagokion egoiliarrendako txartela erabiltzea.

-Aparkatze mugatuko eremuko egoiliarrendako txartela agerian ez jartzea.

Ordenantza honetako 33. artikuluan bildutako arau-hausteei dagozkien zehapenak honakoak dira:

1) 96,16 eurotako (16.000 pezeta) isuna: aparkatze mugatuko eremuan egoliarrendako indarreko txartelik gabe edo, baimena duen ibilgailuarena ez, beste baten txartelarekin aparkatzeagatik, faltsifikatu edo manipulatu diren txartelak erabiltzeagatik edo txartelak faltsifikatu edo manipulatu izanagatik, bidezko litezkeen beste neurri edo zehapen batzuk deusetan galarazi gabe.

2) 60,10 eurotako (10.000 pezeta) isuna: egoiliarrendako txartela agerian ez jartzeagatik edo Ordenantza honetan ezarririk dagoen aparkatzeko aldia gainditzeagatik.

3) Hori guztia, Trafikoari buruzko Legearen 69. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, litezkeen zehapenen mailaketa deusetan galarazi gabe.

4) Ordenantza honen 43. artikuluaren aurkako arau-haustea gertatuz gero, ibilgailua ibilgetu ahalko da edo Garabi Zerbitzuak udal altxatokira eraman ahalko du, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 70 eta 71.e) artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

36. art. Debeku horiek ez dira bete beharko behar bezala justifikaturiko salbuespeneko kasuetan, aldez aurretik aginte eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

37. art. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratu eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea.

38. art. Erabat debekaturik dago karabana, atoi eta etxebizitza- ibilgailuetan bizitzea udal mugapearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

Trafikoaren kontrol eta antolamendurako neurriak

39. art. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betikoz nahiz aldi baterako, aparkalekuak, zamalanak eta pertsona zein salgaien garraioa berrantolatuz eta arautuz.

3.500 kg-tik gorako B.G.P. duten ibilgailuek, gai arriskutsuak daramatzatenek eta 21 bidaiari baino gehiagorendako autobusek debekatuta dute Altsasuko hirigunean barna zirkulatzea, non ez den udal mugapean eginkizun jakin bat egiteko (baimendutako zamalanak, aparkaleku baimendua, garraio publikoa, bidaiarien lineaz kanpoko garraioa, etab...).

40. art. Hiriaren alde batzuetan, Udaltzaingoak aldi baterako aldatu ahal izanen du zirkulazioaren antolamendua, bai eta sarrerak debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguru eta errazagoa izan dadin.

41. art. Udaltzaingoak trafikoari dagokionez egiten dituen adierazpenek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko beste edozein seinale edo arautegiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta gidariarentzat edo oinezkoarentzat ulerterrazak izan beharko dute.

42. art. Udalak aldi baterako debekatu ahal izanen du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik seinalatuz, neurriari noiz emanen zaion hasiera adierazten duten seinaleen bidez.

Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuak Udalaren Garabi Zerbitzuak eramanen ditu, inguruko toki batera edo udal altxatokira, baina jarduketa horrek ez du ekarriko ez tasa ordaindu beharrik ez trafiko salaketarik. Kasu horietan non dauden ibilgailuak jakinaraziko zaie titularrei.

43. art. Eremu publikoan edozein gauza paratzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesatuaren bizkar, bai eta, baimena izanik ere, bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartu ez dituztenenak ere.

44. art. Erabat debekaturik dago zirkulazio seinaleak aurretik Udalaren baimena izan gabe paratzea.

Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan jartzea.

45. art. Udalak halako bide batzuk lehentasunekoak edo zirkulazio dentsitate handikoak direla deklaratu ahal izanen du, bigarren ilaran gelditzea debekatu eta bertan egindako arau-hausteengatiko zehapenei isuna ezartzeko.

46. art. Altsasuko udal mugapeko eremu publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.

Horrenbestez, ibilgailu bat 15 egun gehienez egoten ahalko da toki berean mugitu gabe. Epe hori gaindituta, ibilgailua aurreko tokitik gutxienez 100 metrora aparkatu beharko da.

Baimendutako eremuan denbora gehiegi emanez gero, zehapena jarriko da.

Sarrera mugatuko eremuak

47. art. Altsasuko Udalak erabakitzen duen eremuetan, ibilgailuen sarrera nahiz barnean egin dezaketen denbora ere mugatzen ahal dira.

48. art. Eremu horiek behar bezala markatuko dira eta, horrez gain, sarrera eragotzi, murriztu edo kontrolatzeko baliabide teknikoak erabil daitezke.

49. art. Eremu mugatuetan behar bezalako baimenik gabe sartzeak edo behar baino denbora gehiago egoteak zehapena ekarriko dute.

Eremu mugatuetan sartzeko edo egoteko arauak behin eta berriz urratuz gero, Udalak gaikuntza txartela kentzeko erabakia har dezake.

Garraio publikoaren geralekuak

50. art. Altsasuko Udalak zehaztuko du non kokatu beharko diren garraio publikoaren eta bidaiarien lineaz kanpoko garraioaren geralekuak.

Autobusak geratu beharko dira horretarako prestatutako tokian, zirkulazio erreiak libre utziz.

51. art. Geralekuetan, bidaiariak hartu eta uzteko behar den denboran baizik ezin da egon.

52. art. Taxi zerbitzurako garraio publikoko geralekuetan, soilik bidaiarien zain eta prest dauden bitartean egoten ahal dira ibilgailu horiek.

53. art. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

Ibilgailu abandonatuak

54. art. Ibilgailu abandonatuak kalean luzaroan eta mugagabeko epean egon ez daitezen, eremu publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte, ondoko artikuluetan aurreikusitako jarduketak eginen dira haien gainean, kanpoko itxurak, toki berean emandako denborak (60 egun gehienez) eta beste inguruabarrek abandonaturik daudela pentsarazten badute:

55. art. Altsasuko Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta horrek bost egun naturaleko epea izanen du egokitzat jotzen dituen alegazioak eta, betiere, ibilgailuaren aseguruaren kopia aurkezteko. Ibilgailua, arriskuren bat sortzen badu, kentzen ahalko da eta titularrari ondotik jakinarazi.

Aurreko lerroaldean aipatutako epean titularrak alegaziorik aurkezten ez badu, ez eta indarra duen asegururik ekarri ere, ibilgailua udal altxatokira eramanen da. Ibilgailua behin altxatokian utzita, handik eraman ahal izateko beharrezkoa izanen da indarra duen asegurua aurkeztu eta dagokion tasa ordaintzea.

Ibilgailu abandonatua altxatokira eraman ondotik, titularrak berreskuratzeko eskaerarik egin gabe, edo alegazioak eta indarra duen asegurua aurkezteko epea bukatuz geroztik, hogeita hamar egun natural iraganik, desegitera bidaliko da eta hala jakinaraziko zaio Probintziako Trafiko Burutzari, dagokion erregistroan baja emateko.

Gelditu eta aparkatzea

56. art. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen eranskineko 68. zenbakiari jarraikiz, ibilgailua, pertsonak hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, 2 minutu baino gutxiago mugitu gabe edukitzea da gelditzea.

Aparkatzea, berriz, aurreko lerroaldeko egoeran, hau da, geldituta, ez dagoen ibilgailua mugitu gabe edukitzea da.

57. art. Ibilgailua geldituta dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta, kendu ahal izateko.

58. art. Erabat debekaturik dago gelditzea:

a) Babeslekuetan, babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoendako alderdietan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Eraikinetako ibilgailuendako sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, kontrako seinalerik ez badago.

f) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoendako alderdietan eta lorategietan.

g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako errei edo bide-zatietan.

h) Ezinduendako edo beste erabilera batzuetarako espaloi-oke- tsetan.

i) Zirkulazioaren errei bat oztopatzen den tokietan.

j) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

k) Seinaleak baimendutako biraketa egitea eragozten denean.

l) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.

m) Zirkulazioa oztopatzen den beste toki guztietan, denbora txikienerako bada ere.

59. art. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo semibaterian, zeharka.

59.1. Zoladuran seinaleak dituzten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako perimetroaren barnean aparkatuko dira.

59.2. Ibilgailuak zintarritik ahal den hurbilen aparkatuko dira, galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko adina tartea utziz.

59.3. Eremu publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu eramaletik bereizitako atoiak.

59.4. Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko maneran eginen da.

59.5. Zamalan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan ordutegitik kanpo aparkatzea libre izanen da, salbu eta espreski debekaturik badago.

60. art. Erabat debekaturik dago aparkatzea:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatuta dagoen tokietan.

c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

d) Zamalanetarako seinalatutako tokietan, debora mugen barrenean.

e) Pasabideetan, erabat edo hein batean.

f) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

g) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz.

h) Espaloirik ez duten karrika urbanizatuetan.

i) Ezinduek beste inork ez erabiltzeko seinalatutako tokietan.

j) Galtzadaren erdian.

k) Zerbitzu publikoaren, Altsasuko Udalaren, erakunde ofizialen eta antzekoen ibilgailuendako erreserbatutako eremuetan.

l) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan.

m) Udaltzaingoak baimen berezia duten pertsonendako adierazten dituen tokietan (elbarriak, etab.).

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

61. art. Udaltzainek, egin behar duenak segituan egiten ez badu, ibilgailuak eremu publikotik kendu eta udal altxatokira eraman ahalko dituzte honako kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa narriatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste izatekoa denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.

d) Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 67.1 artikuluaren hirugarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, ibilgailua ibilgetu ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean.

e) Ibilgailua erreietan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako bide zatietan aparkatuta dagoenean.

f) Zaborrontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

g) Ibilgailua etilometria frogen ondorioz ibilgetua egonik, behar bezalako baimena duen beste pertsona batek ibilgailuaren kargua hartzen ez duenean. Horrelakorik baldin badago, horrek ere egin beharko du froga eta baimendutako tasa ezin izanen du gainditu.

62. art. Kasu bakar batzuk baizik ez aipatzearren, ibilgailua ordenantza honen aurreko artikuluaren a) atalean zehaztutako inguruabarretan dagoela eta, beraz, kentzea justifikatua dagoela ulertuko da:

62.1. Gelditzea debekaturik dagoen toki batean aparkatuta dagoenean.

62.2. Ibilgailua bigarren lerroan eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

62.3. Alaka baten erpinetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat ateratzen denean, beste gidariei maniobra arriskutsuak egitera behartuz.

62.4. Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo ezinduendako espaloi-okets batean aparkatuta dagoenean.

62.5. Erabiltzeko baimendutako orduen barnean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

62.6. Zamalanetarako erreserbatutako toki batean, erabilera orduetan, aparkatuta dagoenean.

62.7. Garraio publikoaren geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatuta dagoenean.

62.8. Larrialdi eta segurtasun zerbitzuetarako espresuki erreserbatutako tokietan aparkatuta dagoenean.

62.9. Elbarriendako toki erreserbatu batean aparkatuta dagoenean.

62.10. Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealeku edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatuta dagoenean, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

62.11. Bidearen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

62.12. Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

62.13. Bide batetik datozen gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.

62.14. Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati batean oztopatzen duenean.

62.15. Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

60.16. Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen handia sortzen baldin badie.

63. art. Arau-hausterik egon gabe ere, eremu publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte kasu hauetan:

63.1. Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatuta dagoen toki batean edo segizio ofizial, prozesio edo antzeko baten pasabidean aparkatuta baldin badaude.

63.2. Eremu publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

63.3. Larrialdietan.

Inguruabar hauen abisua lehenbailehen egin beharko da eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

64. art. Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, beti ere Altsasuko Udalaren ordenantza fiskaletan kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaindu ondoren.

Zehapen prozedura

65. art. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura Trafikoaren, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioaren eta Bide Segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan, otsailaren 4ko 137/2000 Errege Dekretuak aldatutako hartan, ezarritakoa izanen da, eta aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, aplikatuko da.

66. art. Ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitako espedienteak Altsasuko Udaltzainburutzak izapidatuko ditu, edo haren eginkizunak betetzen dituenak. Udaltzainburua kanpoan badago edo, legezko arrazoia dela eta, haren errefusatze edo abstentzio agertatzen bada, alkate udalburuak izendatzen duena ariko da haren ordez. Izapidaketa amaituta, Altsasuko Alkatetzak emanen du bidezkoa den ebazpena.

67. art. Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, Altsasuko Udaltzaingoak salaketa eginen du, eta ondoren administrazio eskudunari igorriko zaio.

68. art. Diru zehapenarekin batera, gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, Altsasuko Udaltzainburutzak izapidatu eta ebatziko ditu, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko balizko zehapena ezar dezan.

69. art. Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesatuak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

70. art. Zehapen espedienteen ebazpenaren kontra errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen udal organoari zuzendua, ebazpen honen jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epearen barnean.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazpenaren egunetik hilabeteko epean.

3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien arloko epaitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honi kontra egiten dioten edo bertan araututako gaiei buruzko xedapenak dituzten maila bereko edo baxuagoko udal arauak.

Bigarrena.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin betikoz argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: