70. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

790/2002 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan emagin izateko lanpostuak, 1.1 oinarrian zehaztutakoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan emagin izateko lanpostuak, 1.1 oinarrian zehaztutakoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da. Hona hemen deialdian bete behar diren

1.-Arau orokorrak.

Deialdi honetako oinarriak eta ereduak www.cfnavarra.es/snso/ web orrian kontsultatu eta eskuratzen ahal dira.

Deialdi hau arautuko duten xedapenak honakoak dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 464/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Foru Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak (A mailako osasun-lanpostuak, A.1 eta A.2 estamentuak izan ezik) hornitzeko prozeduretan aplikatuko diren merezimenduen baremoak arautzen dituena, eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Emagin lanpostuak, lan eskaintza publikoan sartuak, oposizio-lehiaketa bidez betetzea da deialdi honen xedea. Bete gabe gelditutakoak izan beharko dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 20ko 1598/2001 Ebazpenaren bidez onetsi deialdian egin lekualdatze lehiaketan -2002ko urtarrilaren 25eko 11. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua-, eszedentzian daudenek, behin-behineko atxikipenean itzulitakoek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste erakunde autonomo edo departamentuetakoek betetzen dituztenak eta lekualdatze nazionaleko lehiatzaileei esleitzen zaizkienak kenduta.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Ebazpenean zehaztuko dira kopurua, destinoak eta plantillako zenbakiak; hain zuzen, aipatu lekualdatze deialdia burututa ateratzen direnak.

1.2. Hauxe da lanpostu hutsak betetzeko ordena:

a) Lehendabizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandan, Nafarroako edozein Administrazio Publikotako plantillako langile finkoentzat murriztua, beste kategoria batekoak izanik deialdiko lanpostuaren maila-talde berekoak edo txikiagoak badira. Betiere, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eta Hitzarmen Kolektiboak bultzatu igoera erregulatzen duen araudiari jarraituz.

b) Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekian.

Lehendabizikotik hasiko da ordena lanpostu hutsak betetzeko, ez delako aurretik lanposturik adjudikatu.

1.3. Hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen diren txanda murriztuko lanpostu hutsak txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Orobat, igoera txandan, lanpostu hutsak baino gehiago badira probak gainditzen dituzten izangaiak, lanpostu gabe gelditutakoek txanda irekiko izangaiekin lehiatuko dira, zein bere azken puntuazioarekin.

1.4. Izendapena dela bide, izendatuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillako eta nominapeko funtzionarioak izanen dira, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.

1.5. Deialdiko lanpostuak B maila edo taldekoak dira, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko "Osasun arloko diplomadunak" estamentuan eta "Obstetrizia eta Ginekologia" espezialitatean sailkaturik daude, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetarako izendapenen indarreko sailkapenean, (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena; Eranskina). Lanpostuko ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.

1.6. Hautapen probak gainditu ondotik deialdi honetako lanpostuak betetzeko izendatzen direnek, baldin eta lehendik badira Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren eta xedapen osagarrien araberako eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean baldin badaude, horretan segitzea edo Gizarte Segurantzan sartzea hautatzen ahalko dute.

Txanda irekiko izangaien kasuan, funtzionario bihurtu eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, eta araubide horrek aurreikusten duen babesa izanen dute.

1.7. Izendatutako izangaiek lanlekuaren herrian bizi beharra dute, eta, horretarako, dagokion udalerrian izanen dute helbidea. Eskudun organo administratiboek lanlekua aldatzen ahal diete.

1.8. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara moldatuko da, eta eskudun organo administratiboek noiznahi aldatzen ahal dute.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiak:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko beste Estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste Estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Halaber, Europako Elkarteak sinatu eta Espainiak berretsi nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako lagunek badute parte hartzeko eskubidea, haietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) OLT edo EDU titulua, eta Obstetrizia eta Ginekologiako espezialitatea edo antzekoa izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetan diploma hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitakoez gain, honako hauek ere bai:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioak, estatutupeko langileak eta lan-kontratatu finkoak izatea, borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez daudenak.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo txikiagokoa izatea, baita beste kategoria batekoa ere.

c) Erizaintzako diplomatura titulua, eta Obstetrizia eta Ginekologia espezialitatea edo antzekoa izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetan diploma hori eskuratzeko moduan egotea eta Administrazio Publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasuna frogatzea.

2.2. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatu arte.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. 31008), edo helbide horretara bidaliko dira posta ziurtatuaren bidez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, edo bestela lege horretan aurreikusitako gainerako lekuetan aurkezten ahal dira.

Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira, eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 18 euro ordaindu izana frogatzen duen agiria. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa-eskubideak ordainduko dira.

b) Igoera txandako izangaiak: 2.1.2. oinarrian adierazi baldintzen jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak, notario edo administrazio bidez.

c) Minusbaliotasuna duten pertsonen txandako izangaiek minusbaliotasuna frogatu beharko dute, erakunde eskudunek emandako agiriaren bidez.

3.3. Minusbaliatuek ariketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahal dituzte, beharrezkoa izanez gero. Eskabidean adierazi behar dute zer-nolako minusbaliotasuna duten eta zein egokitzapen behar diren. (Halaber, minusbaliotasuna frogatu egin behar dute, erakunde eskudunek emandako agiria aurkeztuz).

3.4. Gainerako baldintzak dokumentu bidez frogatu beharko dituzte lanpostua eskuratzen duten izangaiek, deialdiaren 8. oinarrian aurreikusi epean eta moduan.

3.5. Luzaezina da eskaerak aurkezteko epea.

4.-Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak jarri edota beren eskabideen akatsak zuzentzen ahalko dituzte. Zuzenketa eskaeren onarpena edo ezespena behin betiko zerrendaren ebazpenari lotuta egonen da.

4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik dagoela adierazteko ebazpena eman ahal izanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta ebatzita daudela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.5. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatu baldintzak betetzen direla onartzeko. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez bada, prozeduran parte hartzeagatik interesatuek izan ditzaketen eskubideak galduko dituzte.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahai kalifikatzailean honako hauek izanen dira:

Mahaiburua: Bideko Ama Birjina Ospitaleko Erizaintzako zuzendaria.

Ordezkoa: Bideko Ama Birjina Ospitaleko Erizaintzako Zuzendaritzako barrutiko buru bat.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatutako emagin bat.

Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatutako emagin bat.

Mahaikidea: Bideko Ama Birjina Ospitaleko Emakumeari Laguntzeko Ataleko burua.

Ordezkoa: Bideko Ama Birjina Ospitaleko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko burua.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Bideko Ama Birjina Ospitaleko Langileriaren zuzendaria.

Ordezkoa: Nafarroako Ospitaleko Langileriaren zuzendaria.

Epaimahaia hautapen proben aurretik eratuko da.

5.2. Epaimahaiaren eraketa aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera.

5.3. Epaimahaia eratu eta aritu ahal izan dadin beharrezkoa da gutxienez haren kideen gehiengo osoa biltzea.

Talde-organo horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da kide hauek biltzea: mahaiburua eta mahaikide idazkaria edo horien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatu ahal izanen du saio batzuetarako edo guztietarako. Aholkularien jarduna eta Epaimahaiari emanen dioten laguntza beraien espezialitate teknikoen eremuetara mugatuko dira.

6.-Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Hauxe da deialdi honen faseen ordena: oposizioa, lehendabizi, eta hura amaitutakoan, lehiaketa.

6.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean oposizioko lehen probaren eguna, ordua eta lekua ezarriko dira.

6.3. Oposizio fasea eta balorazioa.

6.3.1. Oposizio fasean ariketa teoriko-praktiko bat eginen da, idatzizkoa, III. eranskinean diren gaiei buruzkoa. Probaren iraupena epaimahaiak finkatuko du ariketa hasi baino lehenago.

6.3.2. Hauxe da oposizio fasearen balorazioa:

Oposizioan gehienez ere 60 puntu lortzen ahalko dira.

Baztertuta geldituko dira gutxienez 30 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

6.3.3. Deialdi bakar bat eginen da ariketetarako. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaikoek nahikotzat jotzen duten beste identifikazio agiriren bat aldean dutela beharko dute agertu.

Agertzen ez diren izangaiak oposizio fasetik baztertuta geldituko dira, baita Epaimahaiak esandako datan ariketak irakurtzera bertaratzen ez direnak ere.

6.3.4. Hautapen probetan, eskaeran azaldutakoaren araberako egokitzapenak eginen dira minusbaliotasunak dituztenentzat.

6.3.5. Ariketa amaiturik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean edo ariketa egiten den egoitzan agertuko dute epaimahaikoek probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, beren kalifikazioekin.

6.4. Lehiaketa eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaikoek lehiaketaren fasea abiatuko dute oposizioa gainditzen duten izangaiekin.

Oposizioa gainditzen duten izangaiek beharko dituzte merezimenduak alegatu eta agiri bidez frogatu, epaimaikoek eskatu eta hamabost eguneko epean. Horretarako, jatorrizko agiriak aurkeztuko dituzte, edo kopia konpultsatuak, notario edo administrazio bidez, deialdian ezarri baremoaren arabera.

6.4.2. Lehiaketan, izangaiek alegatu eta frogatu merezimenduak kalifikatuko dira, deialdiari erantsi baremoen arabera (II. Eranskina).

Lehiaketaren fasean 40 puntu lortu ahal izanen dira, gehienez ere, eta ez da inor baztertuko.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna arte egindakoak baino ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. atalean azaldutako balorazioan, kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Osasun arloko diplimadunak" estamentuan eta "Obstetrizia eta Ginekologia" espezialitatean sailkaturik egotea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetarako izendapenen indarreko sailkapenean (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide zehatza arautzen duena; eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileburuak emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira, eta bertan nahitaez jarri behar dira datu hauek:

-Lantokia.

-Estamentua edo/eta espezialitatea.

-Zerbitzuen iraupena, dataz data, egun kopurua osotara, adierazita.

-Zerbitzuak aldi baterako eman badira, honako hau erantsi:

a) eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko ordu kopurua, eta zerbitzuak eman diren urteko lanaldia,

b) ohiko lanaldiarekin alderatuta, zenbateko portzentajea egiten duten.

Enpresa pribatuan emandako zerbitzuak direnean, ziurtagiri honetaz gain, izandako lanei buruzko txostena aurkeztu beharko da, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana.

6.4.5. Epaimahaiak noiznahi eskatu ahal izanen ditu lehiatzaileek azaldutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.4.6. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaien merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak inoiz ez du aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Merezimendua azaldurik baina behar bezala frogatu gabe egonez gero, epaimahaiak interesatuei epea eman ahal izanen die akatsak zuzendu ditzan.

6.4.7. Lehiaketa fasea bukatzen denean, epaimahaiak jendaurrean azalduko du balorazioaren emaitza, hau da, izangaiek lortutako puntuazioak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean.

6.4.8. Izangaiek berreskuratu ahal izanen dituzte aurkeztutako agiriak, berariaz eskatuz gero, izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta sei hilabete igaro eta ondoko hilabetean, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu. Horrela gertatzen bada, agiriak luzaroago gorde ahal izanen dira egiaztapenak eta frogak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

7.-Azken puntuazioa.

Azken kalifikazioa lehiaketa fasearen eta oposizio fasearen puntuazioen batura izanen da.

Azken puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, oposizio fasean puntuazio handiena duen izangaia lehenetsiko da. Hala ere, berdinketak irauten badu, izangai zaharrena lehenetsiko da.

8.-Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Lehiaketa eta oposizio faseak bukatu ondoren, Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan agertuko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, guztira lortu dituzten puntuazioen araberako hurrenkeran, eta proposamena igorriko dio administrazio organo eskudunari, probak gainditu eta puntuazio handiena atera duten izangaiak, lanpostuak adina, izenda ditzan. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Proposatutako izangaiak, izendapenerako proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturaletan, agiri hauek aurkeztu beharko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileria, Sarrera eta Sustapen Zerbitzuan:

8.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Titulazioaren jatorrizko agiria, edo haren kopia, notario edo administrazio bidez konpultsatua.

c) Zinpeko adierazpena, eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez diotela kendu ez eten eta ez dagoela inongo herri administrazioren zerbitzutik bazterturik adierazteko.

d) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

e) Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

f) Egoitza-txartela, Europako Batasuneko herritarrentzat.

g) Egoitza-baimena eta lanekoa, Europako Batasunekoak ez diren herritarrentzat.

8.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finko diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren naziotasuna eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario, estatutario eta lan-kontratatua dela frogatzen duen ziurtagiria, baita bere espediente pertsonaleko gainerako inguruabarrak ere.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

8.3. Eskabidean ehuneko 33ko minusbaliotasuna edo handiagoa dutela adieraziz gero, izangaiek, aurreko agiriez gainera, minosbaliotasunak deialdiko lanpostuan aritzea ez diela eragozten frogatu behar dute, eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek emandako agiriaren bitartez.

8.4. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna ezertan galarazi gabe.

8.5. Aurreko atalean azaldutako kasuan, administrazio-organo eskudunak 8.1. oinarrian aipatu zerrendara joko du, oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrendara alegia, eta hurren-hurrena dagoen izangaia jarriko du baztertutakoaren lekuan.

9.-Lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Izendapen proposamena argitaratu baino lehen adjudikatuko du administrazio organo eskudunak laneko tokia, probak gainditzen dituzten izangaien eskaerak kontuan hartuta. Betiere, oinarri hauetan ezarri baldintzak beharko dituzte bete, eta hautapen probetan lortu ordenari jarraituko zaio. Lanpostua igoera txandan lortzen dutenei ematen zaie lehentasuna, eta gero txanda irekikoei.

Izangai minusbaliaturik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, minusbaliarekin hobeki egokitzen direnak adjudikatuko zaizkie, horren gaineko txostena aztertutakoan.

9.2. Laneko tokia aukeratzeko, aditzera emanen diren lekuan, egunean eta orduan agertu beharko dute. Epe horretan aukeratzen ez duten izangaiek, behar bezala justifikatu ezinbestekoak salbu, eskubide guztiak galduko dituzte oposizio-lehiaketaren xedeko lanpostuetan jarduteko. Kasu horretan, 8.5 atalean adierazitakoari jarraituko zaio.

10.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak, Ebazpen baten bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak, emagin gisa jardun dezaten.

10.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan salbu, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide oro galduko du.

Hala gertatuz gero, 8.5. atalean ezarritakoa beteko da.

10.4. Funtzionario bihurtu eta, lanpostuan jarduten hasi gabe, norberak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik beretik borondatezko eszendentzia hartzen bada, egun horretan beste Administrazio Publiko baten zerbitzuan ari izateagatik, hutsik gelditzen den lanpostua ere 8.5 atalean ezarritakoaren arabera beteko da.

10.5. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, eskudun organoak oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.6. Izendapenean eragina izan lezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoaren edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta horren mende geratuko da.

11.-Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak.

11.1. 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioan xedatutakoaren arabera prestatuko dira telefonistak aldi baterako kontratatzeko zerrendak, akordio horretan onetsi baitzen Osasun Administrazioak eta AFAPNA, CEMSATSE, CC.OO, ELA, LAB, SAE eta UGT sindikatuek sinatu ituna Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro eta establezimenduetan aldi baterako langileak hautatzeko, eta 2001eko abuztuaren 20ko 101. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu.

11.2. Akordio horretan xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa bidezko deialdi honen emaitzetan oinarrituko dira aldi baterako zerrendak, irizpide hauei jarraituz:

a) Deialdi honetako hautapen probak gainditu eta lanpostua eskuratzen ez duten izangaiek lehentasuna dute aldi baterako kontratatuak izateko.

Izangai horiek, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzari eskabidea igorrita, kontratazio zerrendetatik kentzeko eskatzen ahalko dute, kontratazio zentro edo unitate batean edo gehiagotan.

b) Aurreko atalean adierazi izangaien ondotik, oposizio-lehiaketa bidezko deialdi honetara aurkeztu eta hautapen probak gainditzen ez dituzten izangaiak jarriko dira kontratazio zerrendetan. Kasu horretan, proba gehien gainditzen dituztenen zerrendak erabiliko dira lehenik, gainditutako probetan lortzen duten puntuazio osoaren arabera ordenatuta beti.

c) Aurreko atalaren arabera egindako izangai zerrendari 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioaren 2. puntuko c) atalean aipatzen diren izangaiak gehituko zaizkio, baremoan lortu puntuazioaren araberako ordenan.

11.3. Izangaiek zentro bakar bat aukeratuko dute A, B eta C atal bakoitzean daudenen artean. Ez da nahitaezkoa atal guztietan aukera egitea.

A atala:

f Nafarroako Ospitalea

f Bideko Ama Birjina Ospitalea (Emakumeari Laguntzeko Zentroak barne)

f Iruña eta Iruñerria

-Iruña eta Iruñerriko Osasun Etxeak

-Nafarroako gainerako Osasun Etxeak

-Larrialdietarako zerbitzuak (Iruña eta Tafalla)

-Adimen Osasuneko baliabideak (OPUak izan ezik)

f Iruñeko eta Tafallako anbulatorioak

B atala:

f Ubarmin Klinika

f Odol Bankua

f Osasun Publikoaren Institutua

f Nafarroako Iparraldeko Osasun Etxeak

C atala:

f Tuterako Osasun Barrutia

f Lizarrako Osasun Barrutia

Esparru horietako bakoitzean bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta luzeetarako bestea.

Iraupen laburreko kontratuak dira plantillako langileak, jardunean direnak, ordezteko egindakoak, oro har sei hilabetetik behera iraunen dutela uste denean. Halaber, lanaldi partzialeko kontratuak edo etengabeko arreta zerbitzua emateko egiten direnak edo guardiakoak, zein den ere haien iraunaldia.

Iraupen luzeko kontratuak dira lanpostu hutsak bitarteko gisa eta plantillako langileentzat erreserbatu lanpostuak betetzeko egiten direnak eta, oro har, sei hilabeteko edo gehiagoko beste edozein kontratazio.

Izangai bakoitzak bere eskaeran adieraziko du iraupen luzeko kontratazio zerrendan egoteaz gain, iraupen laburrekoan ere egon nahi duen ala ez.

Zentro hautatzea onarpenerako eskaeran eginen da. Dena dela, behin betiko emaitzak argitaratutakoan, interesatuek, argitaratu eta ondoko bost egunetan, hasierako aukerak aldatu ahalko dituzte.

Aipatu esparruetatik bakar bat ere hautatzen ez dutenek oinarri honen arabera prestatu aldi baterako kontratazio zerrendetan sartzeari uko egiten diotela ulertuko da.

10.4. 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioan xedatutakoaren arabera arautuko da kontratazio zerrenden funtzionamendua.

12.-Errekurtsoak.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, ebazpen honen kontra, berau garatzeko ematen diren behin betiko ebazpenen kontra eta defentsarik eza eragiten duten tramite-egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitara eman edo jakinarazten den egunetik hasita.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita bian.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Víctor Manuel Calleja Gómez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

..................... jauna/andrea, adin nagusikoa, ........... zk.ko, Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidea) jabe, ...............(e)n, (...........) .......... (e)ko .......aren .....(e)an jaioa, nazionalitate .........., helbidea ...............(e)ko (.........) ............ kalean, ............................ posta kodea, ........... etxeko telefonoa eta ............. harremanetarakoa

Zure aurrean agertu eta honako hau dio:

-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ...................... izateko ...... lanpostu betetzeko deialdian, ......... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, onar dezatela eskatzen duela, ondotik aipatzen den txandan:

f Txanda irekia

f Igoera txanda

f Minusbaliotasunen bat dutenentzat gordetako txanda

-Karguan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela.

-Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez duela.

-Ez dela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik baztertua izan, eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

-Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan, eta horren gordekina erantsi duela.

-Eskabideak aurkezteko adierazi epea amaitzean, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela. Baldintza horiek agiri bidez frogatuko dira deialdian aurreikusi epean eta moduan.

f Baduela minusbaliotasuna, eta horregatik eskatzen duela ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik (beste orri batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak).

f Euskaraz jakitea frogatzen duela, jatorrizko agiri baten bitartez, edo notario nahiz administrazio bidez konpultsatu kopiaren bitartez.

f Onartzen duela euskarazko probetan aurkeztea.

Eskabideari erantsitako orri kopurua ...........

Horiek horrela:

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen du.

Iruñean, 200...(e)ko ............aren ...........(e)an.

(Sinadura)

I. ERANSKINA (BIS)

................... jaunak/andreak, .............. zk.ko N.A.N.aren jabe denak eta emagin izateko lehiaketa/oposizioaren deialdian onar dezatela eskatu duenak,

Adierazten du:

Eskatutako baldintzak betez gero, aldi baterako kontrataziorako ondoren heldu diren zerrendetan agertu nahi duela:

A atala:

f Nafarroako Ospitalea

f Bideko Ama Birjina Ospitalea (Emakumeari Laguntzeko Zentroak barne)

f Iruña eta Iruñerria

-Iruña eta Iruñerriko Osasun Etxeak

-Nafarroako gainerako Osasun Etxeak

-Larrialdietarako zerbitzuak (Iruña eta Tafalla)

-Adimen Osasuneko baliabideak (OPUak izan ezik)

f Iruñeko eta Tafallako anbulatorioak

B atala:

f Ubarmin Klinika

f Odol Bankua

f Osasun Publikoaren Institutua

f Nafarroako Iparraldeko Osasun Etxeak

C atala:

f Tuterako Osasun Barrutia

f Lizarrako Osasun Barrutia

Kontratazio luze eta laburretarako zerrendetan agertu nahi duela.

Lauki hori bete ezean, kontratazio luzeetarako zerrendan agertuko da.

Iruñean, ......(e)ko ..................aren ......(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. atala. Egindako zerbitzuak. Ondokoak baloratuko dira:

1. Deialdiko lanpostuaren estamentu eta espezialitatean emandako zerbitzuak, edozein Administrazio Publikorenak edo haien erakunde autonomoenak diren zentroetan: 1,8 puntu urteko.

2. Beste estamentu eta espezialitate batzuetan emandako zerbitzuak, edozein Administrazio Publikorenak diren zentroetan: 1,3 puntu urteko.

3. Lehiaketaren kategoria berean, enpresa pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan alta hartuta eta besteren kontura kotizatuz: 0,70 puntu urteko.

Azpiatal hauetako bakoitzaren puntuazioa proportzionalki kalkulatuko da urtebetetik beherako kasuetan.

Lehenbiziko atal honengatik gehienez ere 17 puntu emanen dira.

Bateraezinak dira aurreko azpiatalengatik emandako puntuazioak, denboraldi berekoak direnean; halakoetan, handiena bakarrik emanen da.

Baremo honetan baloratu zerbitzuak urriaren 3ko 464/2001 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarri arauei jarraituz konputatuko dira.

2. atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baino ez dira baloratuko:

1.-Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo kreditatutako prestakuntza ekintzetan ikasle gisa parte hartzea. Kreditu akademiko edo haren balio bereko bakoitzarengatik (10 ikastordu), 0,1 puntu. Ordu kopuru zehatzik agertzen ez denean, kreditu bateko balioa emanen zaio agiriari, eta denbora ikasturte batekoa dela dioenean, 12 kreditu kontatuko dira. Gehienez ere 10 puntu, denbora zatiak proportzionalki kalkulatuz.

Orobat, nahiz erakunde antolatzailearen beharkizuna ez bete, prestakuntza ekintzak baloratu eginen dira Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean sartzen dira sindikatuek "Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen" barrenean antolatuak.

2.-Txosten edo komunikazioak kongresu eta jardunaldietan aurkeztea: 0,4 puntu, nazioartekoa bada, 0,3 puntu, nazionala bada, eta 0,2 puntu eskualdea edo herria soilik hartzen badu; gehienez ere 2 puntu.

3.-Administrazio edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten lan zientifikoak edo ikerketakoak egitea: 0,75 puntu, nazioartekoa bada, 0,5 puntu, nazionala bada, eta 0,2 puntu autonomia erkidegokoa bada; gehienez ere 2 puntu.

4.-Lanak aldizkari espezializatuetan argitaratzea: lehenbiziko hiru sinatzaileen artean, 0,2 puntu, gainerakoek 0,05 puntu; gehienez ere 2 puntu.

5.-Prestakuntzarako bekak edo egonaldiak: 0,1 puntu, hilabetea. Gehienez ere, puntu bat.

6. Sektore publikoan edo unibertsitatean prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo horietan irakasle gisa parte hartzea: kreditu akademiko bakoitzeko edo 10 orduko, 0,2 puntu, gehienez ere 3 puntu; zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira. Iraupenik adierazten ez duten ziurtagiriak 2 ordukotzat joko dira.

7. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogatuta, Europako Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak direnez: 1,6 puntu, hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntz Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez bada, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditu maila bakoitzari, gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio.

Bateragarria da 2. eta 4. azpitatalei emandako puntuazioa, lan edo ikerketa berari edo antzekoari buruzkoa denean.

Deialdiko lanpostuan aritzeko gaitasunik ematen ez duten titulu ofizialak ez dira prestakuntzako merezimendutzat hartuko.

Atal honetan, denetara, ez da 19,8 puntu baino gehiago emanen.

3. atala. Euskaraz jakitearen balorazioa:

1. Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, gehienez ere % 10a gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik ematen den puntuazioari.

2. Eremu mistoan, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratu behar denean, gehienez ere % 5a gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik ematen den puntuazioari.

3. Bi kasuetan, eta Hizkuntz Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez bada, Hizkuntz Eskola Ofizial batean gainditu maila bakoitzari, gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio, edo Nafarroako Gobernuak antolatu ikastaroetan gainditu urrats bakoitzari, gehieneko puntuazioaren hamabitik bat.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.-Giza ugaltzea. Gizonaren eta emakumearen ernaltze aparatuaren anatomia. Emakumearen ziklo genitalaren fisiologia.

2. gaia.-Gametogenesia. ernalkuntza eta errotzea. Karenaren garapen anatomiko eta fisiologikoa.

3. gaia.-Haurdunaldi normala. Aldaketa grabidikoak. Aldaketa orokorrak eta tokian tokikoak. Haurdunaldiaren diagnosia. Nola lagundu haurdun dagoen emakumeari gestazioan zehar. Haurdun dagoen emakumearentzako zainketa-plana. Laguntzeko protokoloa.

4. gaia.-Umegaiaren ongizatearen balorazioa. Teknika inbasibo eta ez-inbasiboak. Haurdun dagoen emakumearentzako eta umegaiarentzako laguntza, umegaiaren ongizatea baloratzeko probetan.

5. gaia.-Ama izateko hezkuntza. Kontzeptua. Helburuak. Jarduerak. Osasunerako hezkuntza haurdunaldian. Hezkuntza teknikak, banaka eta taldeka.

6. gaia.-Haurdun dagoen emakumearentzako eta umegaiarentzako laguntza iraupen normaleko haurdunaldian. Adin gestazionalaren kalkulua. Erditsua noiztsu izanen den nola kalkulatu. Erditzea iragartzen duten zeinuen balorazioa. Monitorizazio biofisikoa haurdunaldian eta erditzean. Umegaiaren sufrimendua.

7. gaia.-Hezur-pelbisa. Erditzeko bidearen dimentsioen azterketa. Pelbimetria eta erradiopelbimetria. Pelbisaren zola.

8. gaia.-Umegaiaren estatikaren eta dimentsioen azterketa.

9. gaia.-Erditze normala. Definizioa. Sailkapena. Erditzearen hasieraren eragileak. Erpineko erditze normalaren aldiak eta mekanismoa. Erditze normalean nola lagundu.

10. gaia.-Psikoprofilaxi obstetrikoa. Analgesia eta anestesia obstetrikoak. Farmakoterapia obstetrikoa: okzitozikoak eta tokolitikoak.

11. gaia.-Erditondo normala. Definizioa. Sailkapena. Erditondoaren fisiologia. Emakume umatu berriarentzako laguntza erditondoko aldi bakoitzean. Zainketak eta etxera joaterakoan eman beharreko aholkuak. Erditondoko bisita. Protokoloa.

12. gaia.-Bular ematea. Esne-jariaketaren fisiologia. Amaren esnearen osaera. Bular ematearen goizeko kitzikatzea. Bularra emateko jarrerak, maiztasuna eta denborak. Maizenik izaten diren problemak. Esne-jariaketaren inhibitzaileak. Esne-emate artifiziala.

13. gaia.-Jaioberri normalarentzako laguntza. Jaioberriaren ezaugarriak. Umetokiz kanpoko bizitzarako egokitzapena. Jaioberri normalarentzako hasierako laguntza. Balorazio orokorra eta ospitalizazioaldiko zainketak. Etxera joaterakoan eman beharreko aholkuak.

14. gaia.-Arriskuko haurdunaldia. Kontzeptua. Sailkapena.

15. gaia.-Haurdunaldiko hemorragiak. Haurdunaldiaren lehenbiziko zatiko hemorragiak eta bigarrenekoak. Abortua. Haurdunaldi ektopikoa. Mola hidatidiformea. Karen prebioa. Karenaren goizeko askatzea. Amaren eta umegaiaren arriskuak. Haurdun dagoen emakumearentzako eta umegaiarentzako laguntza.

16. gaia.-Haurdunaldiko hipertentsio-aldiak. Kontzeptua. Sailkapena. Diagnosia. Amaren eta umegaiaren arriskuak. Haurdun dagoen emakumearentzako eta umegaiarentzako laguntza.

17. gaia.-Haurdunaldiko infekzioak. TORCH sindromea. HIESa. Sifilia. Estreptokokoa. Gernubideetako infekzioak. Amaren eta umegaiaren arriskuak. Haurdun dagoen emakumearentzako eta umegaiarentzako laguntza.

18. gaia.-Anemiak eta haurdunaldia. Kontzeptua. Sailkapena. Amaren eta umegaiaren arriskuak. Haurdun dagoen emakumearentzako eta umegaiarentzako laguntza.

19. gaia.-Isoinmunizazioa Rh eta ABO. Kontzeptua. Sailkapena. Epidemiologia eta maiztasuna. Fisiopatologia. Amaren eta umegaiaren arriskuak. Amaren eta umegaiarentzako laguntza.

20. gaia.-Osasun arazo ohikoenak haurdunaldian. Digestio aparatuko trastornoak. Bihotz-hodietako problemak. Arazo neurologikoak eta jokabideari buruzkoak.

21. gaia.-Arazo endokrino eta metabolikoak. Diabete sakarinoa: kontzeptua, sailkapena. Hipertiroidismoa. Hipotiroidismoa. Fenilzetonuria. Amaren eta umegaiaren arriskuak. Amaren eta umegaiarentzako laguntza.

22. gaia.-Substantzien abusua eta haurdunaldia. Substantzia motak. Umegaiarengan duen eragina. Amaren eta umegaiarentzako laguntza.

23. gaia.-Arriskuko jaioberriarentzako laguntza. Definizioa. Etiologia eta sailkapena. Haurdunaldi laburreko jaioberria. Haurdunaldi luzeko jaioberria. Pisu gutxiko jaioberria. Arazo metabolikoekiko jaioberria. Termorregulazioaren alterazioak. Arriskuko jaioberriarentzako laguntza.

24. gaia.-Arriskuko erditzea. Kontzeptua. Sailkapena. Etiologia. Amaren aldetiko arriskuak. Umegaiaren aldetikoak eta obarioaren eranskinetatikoak. Haurdunaldiaren iraupenaren alterazioak eta erditzearenak. Tokurgia. Erditzea eragiteko metodoak. Amaren eta jaioberriarentzako laguntza arriskuko erditzean.

25. gaia.-Arriskuko erditondoa. Definizioa. Sailkapena. Etiologia. Hemorragiak: karenak botatzean eta erditondoan. Erditondoko infekzioak: ebaki kirurgikoetakoak, mastitisa eta gernubideetako infekzioak. Eritasun tronboenbolikoa: tronboflebitis azalekoa, sakona eta biriketako enbolia. Erditondoko trastorno psikiko ohikoenak. Umatuta arriskua duen emakumearentzako laguntza.

26. gaia.-Pubertaroa. Kontzeptua. Garapen biologiko eta psikosoziala. Pubertaroko problema ohikoenak: hazkuntzaren eta heltzearen alterazioak. Elikaduraren trastornoak. Substantzien abusua. Infekzioak. Osasunerako hezkuntza, sexu hezkuntza.

27. gaia.-Klimaterioa. Kontzeptua. Sailkapena. Fisiologia. Aldiak. Osasunerako arriskuak. Tratamendu medikoak. Emakume klimaterikoarentzako laguntza. Osasunerako hezkuntza.

28. gaia.-Famili plangintza. Ume kopurua kontrolatzeko metodo naturalak: Billing, sintotermikoa eta Mela. Oztopo bidezko metodoak: emakumearen eta gizonaren preserbatiboa diafragma, belakiak, espermizidak. Hormonen bidezko kontrazepzioa: ahotikoa, parenterala, dermikoa. Umetoki barreneko gailua. Esterilizazio kirurgikoa.

29. gaia.-Sexu bidezko eritasunak. Kontzeptua. Etiologia. Sexu bidez kutsatzen diren eritasun nagusiak: gonorrea (gonokozia), sifilia, klamidiasia, kandidiasia, txankro biguna, trikomoniasia, hepatitisa, herpes genitala, giza papiloma, HIESa, moluscum contagiosum. Diagnosia. Prebentzioa. Tratamendua eta jarduteko protokoloak.

30. gaia.-Minbizi ginekologikoa. Bularreko minbizia, bulbakoa, baginakoa, umetokikoa, tronpakoa eta obariokoa. Etiologia. Adierazgarri klinikoak. Diagnosia. Tratamendua. Minbizi ginekologikoari aurrea hartzeko programak.

31. gaia.-Hilekoaren alterazioak: eumenorrea. Iraupenaren, maiztasunaren eta intentsitatearen gorabeherak. Dismenorrea. Zainketen plangintza.

32. gaia.-Osasunari buruzko Lege Orokorra. Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legea. Gaixoaren eskubideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan.

Iragarkiaren kodea: A0204865