68. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

461/2002 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa" entitatearen lan itun kolektiboa erregistratu, gorde eta argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 1/2002-F).

Ikusirik "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa" entitatearen lan itun kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak izenpetua (espediente zenbakia: 1/2002-F).

Gertakariak.

1. Departamentu honetan 2002-05-7an sartu dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta CCOO eta UGT sindikatuen ordezkariek 2002-04-15ean izenpetutako agiriak. Agiri horiek igorri dira enpresaren eta langileen ordezkari haiek izenpetutako itun kolektiboa erregistratu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin. Horretan 2002 eta 2003. urteetarako Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario eta estatutupeko langileen lan-baldintzak ezarri dira.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbidezko oinarriak.

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentu honek bere esku du indarra duen Langileen Estatutuko III. Tituluan arautzen diren lan hitzarmen kolektiboak eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 84. artikuluan aipatzen diren itun kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legearen 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, bai eta irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, Departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Itun honek Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuari buruzko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan arautzen diren itun kolektiboen baldintzak betetzen ditu. Nafarroako Gobernuak espresuki berretsi du, 2002-04-22ko Erabakiaren bidez. Hori dela eta, bidezko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, 251/1993 Legegintazako Foru Dekretuko 84. artikuluko 3. idatz-zatian, abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legearen bidez emandako idazketan, xedatutakoarekin bat.

3. Hitzarmen eta itun kolektiboak gordetzea, behin erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentu honen eskumena da, lehenago aipatutako manuen ondorioz.

Hori horrela, eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14an emandako 572/1999 Foru Aginduaren bidez (99-10-25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 133. zk) esleituriko ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.-"Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa" entitatearen lan itun kolektiboa erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Itun Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

Bigarrena.-Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila xedatzea.

Ebazpen honen kontra gora jotzeko helegitea jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazpena egin eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hamazazpian.-Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

ADMINISTRAZIOAK ETA SINDIKATUEK NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN LAN BALDINTZEZ 2002 ETA 2003. URTEETARAKO SINATU DUTEN HITZARMENA

1.-Aplikazio eremua.

A) Langileak.

Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuak, eta bai, hala tokatzen bada eta arau indardunekin bat, Nafarroako toki entitateetako eta Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoko funtzionarioak ere.

B) Indarraldia:

2002ko urtarrilaren 1etik 2003ko abenduaren 31ra.

2.-Lansariak.

A) Igoera orokorra.

-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lansariak, Hitzarmenaren indarraldi guztian Estatu osoan urte bakoitzeko aurreikusirik dagoen KPIaren arabera igoko dira. 2002. urterako % 2a da aurreikusi dena.

-Langile publikoen eros ahalmenari eutsiko zaio, Nafarroako KPIa Estatuan izan dena baino handiagoa bada. Hartara, bien arteko aldea zuzenean gehituko zaie lansariei. Igoera hori sendotzekoa izanen da eta hurrengo urteko urtarrilaren batetik aurrera hasiko.

Halaber, hurrengo urteko urtarrilaren edo otsailaren nominan paga bakar ez-sendotzekoa ordainduko da, aurreko urtean ordaindutako lansari osoen gainean kalkulatua, urte hartako Nafarroako KPIaren eta aurreikusitakoaren arteko desbideratze portzentajeari dagokiona.

B) Lansariei buruzko neurri orokorrak.

-Lan kontratudun finkoei eta estatutupekoei funtzionarioentzat ezarritako famili laguntza ordainduko da.

-Adingabeko seme-alaba bakoitzagatik famili laguntza kobratzeko, bizikidetasun eskakizuna kendu da.

-Lan istripu baten edo laneko eritasun baten ondorioz aldi bateko ezintasunean diren langileei, lansari finkoez gain eta egoera horretan dirauten bitartean, aurreko hamabi hilabeteetan jasotako lansari aldakor hauen batez bestekoa ordainduko zaie: txandakako lanarenak, gauez, jaiegunetan eta guardietan eginiko lanarenak.

Alde horretatik, nolanahi ere, aldi bateko ezintasuna izaten den momentuan langileak betetzen zuen lanpostuari dagozkion lansari aldakorrak baizik ez dira kontuan hartuko. Edozein arrazoi dela medio, aurreko hamabi hilabeteetan bete ez badu, epe horretan aritutako aldiaren gainean kalkulatuko da batez bestekoa.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko A maila edo taldeko langileei lana txandatan, gauaz edo jaiegunez egiteagatik ezarritako konpentsazioak ordainduko zaizkie, inguruabar horiek bere ohiko lanaldian gertatzen badira, betiere. Beraz, baztertuta geldituko dira, espresuki, agerpen fisikoko guardialdiak edo/eta lokalizatuak.

Ondorio horietarako, txandakako lanari aplikatuko zaio bere mailari dagokion hasierako soldataren gainean ezarritako portzentajea; eta gauaz edo jaiegunez lan egiteagatik ematen diren konpentsazioei dagokienez, B maila edo talderako ezarritakoak aplikatuko dira.

Neurri bera aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei, gauaz lan egiteagatik ematen diren konpentsazioari dagokionean.

-Hilabete bakoitzeko lehenengo 70 orduetarako ezarritako diru konpentsazio berdina izanen da gauaz lan egindako ordu guztietarako.

-Igandez edo jaiegunez lan egiteagatik ezarritako konpentsazioari 100eko 50a gehituko zaio 2002. urtean lan egiten den 34. jaiegunetik hasita eta 2003. urtean, 33.etik aurrera.

-Gaur indarrean den funtzionarioen graduen eta bosturtekoen sistemaren ordez bakarkako beste bat ezarriko da, sailkatze-mailen eta gaurko zenbatekoaren araberakoa. Hartarako, hala behartzen bada, ordainezko osagarri xurgagarria sortuko da. Berrantolatze hori egiteko, aurrenik ebatzita beharko dute ez ohiko bosturtekoaren gaineko auzi-prozesu guztiek, eta sistema berriak ez du ekarriko aldatu beharreko lansari kontzeptuen osotarako kostua handitzerik.

C) Hainbat langile-talderentzako lansari osagarriak.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko oinarrizko osasun laguntzako taldeetako mediku eta erizainen kapitazio osagarria berrikusi eta egokituko da.

Erreforma hau 2002. urtean aplikatuko da, Batzorde Paritarioan zehaztu ondoren, urtean gehienez ere 1.051.771,18 euro gehituko zaizkio (175 milioi pezeta) osagarri horrek gaur egun suposatzen duen diru kopuruari.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko oinarrizko osasun laguntzako taldeetako langileek, dispertsio geografikoagatik jasotzen duten osagarria berrikusi eta egokituko da.

Erreforma hau 2003. urtean aplikatuko da, Batzorde Paritarioan zehaztu ondoren, urtean, gehienez ere, 450.759,08 euro gehituko zaizkio (75 milioi pezeta) osagarri horrek gaur egun suposatzen duen diru kopuruari.

-Bateraezintasun osagarria, NAPIko Psikologiako teknikari laguntzaileentzat (B maila).

-Lanpostu-osagarria, % 10ekoa, bi urteko epean ezarriko dena, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Kalitate-ikuskatzaileentzat (B maila).

-Lanpostu-osagarria, % 5,68koa, bi urteko epean ezarriko dena, Turismo Jardueretako ofizialentzat, Agiritegiko arduradunarentzat, Kontsumo-ikuskatzailetzako agente laguntzailearentzat eta digitizadorearentzat (denak C mailakoak).

-Arrisku bereziaren osagarria % 8tik % 10era igoko zaie foruzain eta suhiltzaileei.

-Kontuan izanik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko ingurugirozainen lanaldia eta gainerako inguruabarrak, ekainaren 22ko 235/1992 Foru Dekretuan jasotakoak, bi urteko epean, ingurugirozainen (C maila) osagarria % 7,45etik % 13,45era jasoko da eta ingurugirozain nagusiena (B maila) zenbateko berari dagokion portzentajean.

-Kontuan izanik beren prestakuntza teknikoa eta dedikazioko beste inguruabar batzuk, bi urteko epean, Informatikako Sistemen ofizial teknikoen, Informatikako operadoreen eta Fotokonposizioko ofizialen lanpostu- osagarria % 5,68tik % 15,68ra igoko da (denak C mailakoak).

-Arrisku bereziaren osagarria, % 8koa, Errepideetako laguntzaile teknikoentzat eta sobrestanteentzat (C maila), beren lanpostuetan egoera arriskutsuak maiz izaten badituzte.

-Arrisku bereziaren osagarria % 4tik % 8ra igoko zaie Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko taldeburuari (C maila) eta lantaldeburuari (D maila)

-Kontuan izanik beren eginkizunak, bi urteko epean, Ekintzen Koordinazio Zentroko Aretoko buruen (C maila) eta Koordinazioko operadore laguntzaileen (D maila) lanpostu-osagarria % 20tik % 26ra igoko da.

-Arrisku bereziko osagarria, % 8koa, bi urteko epean ezarriko dena, Gidari izeneko gainerako lanpostuentzat, titularra eginkizun horietan maiztasunez aritzen bada.

-Lanpostu-osagarria, % 6,66koa, bi urteko epean ezarriko dena, telefonistentzat eta Atezaintza-administrazioko laguntzaileentzat (D maila).

-Lanpostu-osagarria, % 7koa, bi urteko epean ezarriko dena, gaur egun osagarri hori gabe dauden E mailakoentzat (2002. urtean % 3 eta 2003.ean % 4 gehiago)

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokionez, portzentaje berean igoko zaie gaur egun % 15eko osagarri berezia duten langileei.

-Kontuan izanik beren lanpostuen ezaugarri bereziak, % 10eko lanpostu-osagarria jarriko zaie Nafarroako Zerga Ogasuneko Agiritegi Bulegoari eta Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoari eta Erregistro Orokorrari atxikitako E mailako langileei

3.-Lan publikoa hobetzeko neurriak.

-Administrazioaren jarduera modernizatu eta arrazionalizatzeko neurriak hartzen ahal dira: langileen berresleitzea, kudeaketa adierazleak ezartzea administrazio unitateetan, lanpostuak berrantolatzea eta berrantolatzearen eraginpeko langileak birtziklatzea beste eginkizun batzuetan aritzeko.

Neurri horietako bat hartu baino lehen Batzorde Paritarioak negoziatu behar du, Langileen Estatutuko 83. artikuluan finkatutako irizpideei jarraikiz.

-Lan publikoaren eskaintza onetsi aitzin, plantilla organikoari erantsiko zaizkio gaur dauden lanpostuak, egiturazkoak eta iraunkorrak direnak, behin betiko betetzeko modukoak. Ildo horretatik, Administrazioak bere gain hartzen du Hitzarmenaren indarraldian gutxienez 450 lanpostu plantilla organikoan sartu beharra. Horietatik 270 Hezkuntza eta Kultura Departamentukoan (irakasleak) eta 180 Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan (horietatik 60 lanaldi partzialeko lan kontratudun finkoak).

4.-Lan publikoaren eskaintza.

Lan publiko egonkorra lortu beharra eta ahal diren lanpostuak behin betiko bete beharra oinarri, Administrazioak lan publikoaren eskaintzan gutxienez 1.250 lanpostu sartzeko konpromisoa hartu du. Hitzarmena sinatu duten sindikatuei jakinaraziko zaie nola eta noiz banatuko diren lanpostuok:

.Administrazio erroa.

2003ko urtarrilean lan publikoaren eskaintza bat onetsiko da, 370 lanpostu huts, gutxienez, izanen dituena.

Lanpostu horien artean foruzainen 50 lanpostu huts sartzen dira, Foru Lege proiektu batean adieraziko den aurreikuspenarekin bat.

.Hezkuntza eta Kultura Departamentuko irakasleak.

2002. urtean lan publikoaren eskaintza onetsiko da, 250 lanpostu huts, gutxienez, izanen dituena (61 gaur egun dauden lanpostu hutsak eta 189 lan egiturazkoak); bestalde, 2003. urtean gutxienez lan publikoaren beste eskaintza bat onetsiko da, 200 lanpostu hutsekoa (119 gaur egun dauden lanpostu hutsak eta 81 lan egiturazkoak).

Lan eskaintza horietako lanpostuen kopurua alda daiteke lekualdaketa nazionalak, halakorik egiten baldin bada, izan dezakeen emaitzaren ondorioz.

.Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.

Lan publikoaren eskaintza bat onetsiko da 2002. urtean langile fakultatiboentzat 118 lanpostuko eskaintza onetsiko da (68 lanpostu hutsak eta 50 lan egiturazkoak); bestalde, 2003ko urtarrilean, lan publikoaren eskaintzan gainerako estamentuetatik 312 lanpostu sartuko dira (182 lanpostu hutsak eta 130 lan egiturazkoak).

Langile fakultatiboak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan oposizio-lehiaketaren bidez sartzeko deialdien tramitazioa arinduko da, 2002ko ekainetik aurrera eginen diren hautapen probak eta azaroaren 21eko 16/2001 Legearen babesean eginen direnak data berekoak izan daitezen.

Konpromiso honek langile fakultatiboen lanpostuak ukitzen ditu, hain zuzen ere urtarrilaren 22ko 16/2001 Foru Dekretuaren bidez 2000-2001 aldirako (gaur egun indarrean baita) onetsitako enplegu publikoaren eskaintzan sartutakoak. Era berean, neurri honen barnean sartuko dira lanpostu hutsak eta egiturazkoak, lanaldi arrunteko eta osoko araubidean izanik sendotzekoak direnak, eta horiek denek osatuko dute 2002. urteko lan publikoaren eskaintza.

5.-Eskubide pasiboak.

-Administrazioak eta sindikatu sinatzaileek, 2000 eta 2001 urteetarako sinatutako Hitzarmenaren edukiari buruz duten adostasuna berretsi da. Bertan, gaur egungo mutualitateetan sarturik dauden Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubidea gaurkotzea zen helburu. Hitzarmen hura 2000ko irailean Nafarroako Gobernuak Parlamentura igorri zuen Foru Lege proiektuan gauzatu zen.

Alde horretatik, Kontuen Ganberak bere txostena egin ondoren, eta ateratzen dituen ondorioak ikusirik, Nafarroako Gobernuak eskubide pasiboei buruzko Foru Lege proiektua igorriko du Parlamentura, baina aldez aurretik Mahai Orokorrean negoziatuko dira sindikatuekin lehendik hitzartutako testuan Nafarroako Gobernuak proposatzen dituen egokitzapenak.

-Oraingo Hitzarmen honen jarraipenerako Batzorde Paritarioaren baitan, Batzorde Tekniko bat sortuko da, Gizarte Segurantzako Araubidean afiliatutako enplegatuei aipatu araubidean aurreikusitako erretiro aurreratuak aplikatzerik ba ote den azter dezan, Gizarte Segurantzaren aldetik eragozpenik jartzen ez bada, betiere.

-Irakasleen borondatezko erretiroari eusten zaio, Hitzarmen honek indarra hartzen duenerako ezarritako baldintzetan, baina borondatezko erretiroaren sariak eguneratuz.

-Gizarte Segurantzarekin gaur egun egiten ari diren tramiteekin aurrera segitzea, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubidearen eta Gizarte Segurantzako Sisteman sartutako beste araubideen artean kotizazioak elkarrekin kontatzeko hitzarmen bat lortze aldera.

6.-Etxeko eta laneko bizitza elkarrekin egokitzeko neurriak.

-Etxeko eta laneko bizitza elkarrekin egokitu ahal izateko, neurri hauek hartuko dira:

A) Amatasunagatik, edo haur bat familian edo etxean hartzeagatik lizentzia ordaindua, astebete bat gehiago.

B) Amatasun lizentzia izateko aukera haur jaioberriari ospitalean alta ematen zaion egunetik aitzinera, erditu ondoko lehenbiziko sei aste izan ezik, umea jaio eta ospitalean gelditu beharreko kasuetan.

C) Seme-alaba bat jaiotzeagatiko baimen ordaindua bi egunetik bostera gehitzea. Erditze anitzeko kasuetan, bi egun gehiago bigarren seme-alabatik aitzinera.

D) Jaiotze baimena eta jaioberria ospitaleratzeagatik ematen dena bateragarri izanen dira, bi baimenen betekizunak bat heldu direnean eta aldi berean gertatzen badira.

E) Lanaldia murrizteko baimena lortzeko aukera ematen duen seme-alabaren adina hamabi urtetik hamaseira igoko da, gaur egun diren baldintza beretan.

F) Gaur egun indarra duen araudia aldatuko da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek aukera izan dezaten, haien araubide juridikoa edozein dela ere, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jaiotzagatik edo haur bat familian hartzeagatik legez zaintzeko lanaldia erdira murrizten duten langileentzat ezarritako laguntzak izateko.

-Aurreko atalean aipatu neurrien ordez, lau egunetik hirura jaitsiko dira anai-arrebak eta lehen graduko familiakoak hil direlako edo ospitalera eraman dituztelako gaur egun dauden baimen ordainduak.

-Familiakoren bat ospitalera eramateagatik ez da baimen ordaindurik ematen ahal, ahaide beragatik eta arazo beragatik beste baimen bat eman zenetik hilabete, gutxienez, iragan ez bada.

7.-Administrazioan sartzea eta barneko mugikortasuna.

A) Administrazioan sartzea

-Lan publikoaren eskaintzetan pertsona ezinduentzako lanpostu hutsen erreserbaren portzentajea % 3tik % 5era gehituko da.

B) Barne mugikortasuna.

-Ahal den neurrian, lanpostuak betetzeko Erregelamendua eta merezimenduen baremoa arautzen duen Foru Agindua aldatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako lekualdatze lehiaketetan (irakasleak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileak izan ezik) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak baloratzerakoan, deialdi bakoitza argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasunari urteko puntu bana eman dakion eta horrela delako merezimendua egiaztatu beharrik izan ez dadin.

-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileek, zerbitzuko zuzendari, atalburu edo bulegoburuek edo aurrekoekin parekatutako unitateburuek, lekualdatze lehiaketetan parte har dezakete beren jatorrizko lanpostutik. Horrelako kasuetan, beste jatorrizko lanpostu bat adjudikatzen bazaie ez dute, horregatik, dagokien zuzendaritzan edo burutzan lanean segitzeko eragozpenik izanen.

-Lekualdatze lehiaketetan ez dira eskainiko izangaiek lehiaketan lanpostua lortu ondoren haiek utzitako lanpostu hutsak, bete beharrekoak ez direnean, "iraungitzeko" diren lanpostuak direlako, edo titularrek nahiz ordezkoek betetzen ez dituztelako.

-Nafarroako Foru Komunitatean eta haren erakunde autonomoen barnean, lanpostu berdineko langileen artean lanpostuak elkarrekin trukatzeko aukera arautuko da, baina truke horiek arrazoizkoak behar dute izan, antolakuntza aldetik eragozpenik sortu gabe, ukitutako administrazio unitateak ados jarrita eta interesatuek Batzorde Paritarioan zehaztutako adinaren eta antzinatasunaren betekizunak betetzen badituzte.

-Administrarien lanpostu hutsak (C maila) lekualdatze lehiaketa bidez eskainiko dira, administrari laguntzaile lanpostu bihurtu baino lehen.

-Begirale gerontologiko izendatutako langileek Erizaintzako laguntzaileen lanpostu hutsak betetzeko aukera izaten ahal dute eta baita alderantziz ere, lekualdatze lehiaketetan parte hartuz.

8.-Barne igoera.

A) Alderdi orokorrak

-Lanpostu hutsak (besteak beste, zaindari nagusiak, mendi zaindariak, etxezainak, e.a.) dituzten ezaugarri eta eginkizunengatik ikusirik, komenigarri jotzen denean, Administrazioko langileek beteko dituzte lanpostu horiek behin betiko.

-Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua aldatuko da, sei urteko epea bukatu duten langileek prestakuntza ikastaro bat egiteko edo horri dagozkion probak egiteko beste aukera bat izan dezaten, beste prestakuntza-sustapen aldi batean sartzeko. Aldi berri horrek gehienez ere lau urteko iraupena izanen du.

Hautapen prozesua egin ondoren finkatutako lehenespen hurrenkeran, lehentasuna izanen dute prestakuntza-sustapeneko lehen aldian sartu bide diren pertsonek.

Bestalde, arrazoi honegatik zerbitzu berezietan lehenengo aldiz daudela deklaratuak izateko, beren lanpostuan 3 urtez egon beharko dute zerbitzu ematen, eta urte betez beste aldi batean sartu ahal izateko, aurrekoa bukatu ondoren.

-Norbere kontuetarako soldata gabeko lizentzien erregulazioa aldatuko da, langile finkoek eta administrazioan sartzeko hautapen prozesuetan daudenek lizentzia horiek erabili ahal ditzaten Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatzen dituen oinarrizko prestakuntzako ikastaroetan parte hartzeko.

B) Zenbait kolektiboren sustapena.

-Hautapen proben bidez eta erdi mailako titulazioa aurkeztuz, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko hezitzaileak C mailatik B-ra igoaraziko dira. Gaur egun % 12,78ko lanpostu-osagarria jasotzen dute. Hautapen proba gainditu ondoren, B mailako lansaria jasoko dute, gaur egun gizarte langileentzat ezarrita dagoena.

Hautapen prozesuan parte hartu ez edo eskatutako baldintzak betetzen ez dituztelako parte hartzerik izan ez dutenak, edo parte hartuta ere proba gainditu ez dutenak, "iraungitzeko dagoen" C maila horretan geldituko dira.

-Hautapen proben bidez, D mailako 100 administrari laguntzaile C mailara igoaraziko dira.

-Sukaldarien lanpostu hutsak, gaur egun D mailakoak direnak, C mailan birkokatuko dira, administrazioan sartzeko hautapen probetarako deialdia egin baino lehen. Bestalde, aurreko prozesuan parte hartu ez zuten edo ezin izan zuten sukaldariak, hautapen proben bidez D mailatik C-ra igoaraziko dira, eta sustapen txandan parte hartu ez edo gainditzen ez dutenak "iraungitzeko dagoen" D mailan geldituko dira.

-Sukaldeko laguntzaileen lanpostu hutsak, gaur egun E mailakoak direnak, D mailan birkokatuko dira, administrazioan sartzeko hautapen probetarako deialdia egin baino lehen. Bestalde, aurreko prozesuan parte hartu ez zuten edo ezin izan zuten sukaldariak, hautapen proben bidez E mailatik D-ra igoaraziko dira, eta sustapen txandan parte hartu ez edo gainditzen ez dutenak "iraungitzeko" dagoen E mailan geldituko dira.

-Lizarrako Santo Domingo Zahar Etxean eta Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuaren beste zentroetan ari diren Zerbitzu Orokorreko zenbait langile (E maila) begirale gerontologikoaren lanpostura igoaraziko dira (D maila), hautapen proben bidez eta eskatzen den titulazioa aurkeztuz.

Sustapen hau egiteko, aurrez zehaztuko da, alde batetik, zenbat langile behar diren zentro bakoitzean, ospitaleratuta dauden pertsonei behar duten laguntza emateko, eta bestetik, zenbat langile behar diren Zerbitzu Orokorretan aritzeko. Azken horiek, orokorrean, E mailako soldata baizik ez dute jasoko.

9.-Burutzak betetzea merezimendu lehiaketa bidez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta atalburutzak eta bulegoburutzak edo aurrekoekin parekatutako erakunde autonomoen unitateburutzak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko prozesuari emanen zaio hasiera, Hitzarmen honen 1. eranskin gisa jarritako Planari jarraikiz.

10.-Lanbide karrera.

-Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legean aurreikusitako lanbide karreraren sistema Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako gainerako osasun langile fakultatibo guztiei ezarriko zaie. 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

-Lanbide karreraren sistema ezarriko zaie Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizainei. 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Sistema hori Batzorde Paritarioan garatuko da, 2002. urtean, Nafarroako Parlamentura igorri aitzin, eta 2003. urterako kostua ez da inola ere 2.404.048,42 euro baino gehiagokoa izanen (400 milioi pezeta).

11.-Prestakuntza.

-Lanbide prestakuntzako eta hobekuntzako ikastaroetara joateko, hala Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nola beste erakunde nahiz entitateek antolatuak, baimen soldatadunak ematen ahal dira, baina gehienez ere berrogeita hamar ordu urtean, honako irizpide hauei jarraikiz:

A) Zerbitzuko beharrak, kontuan hartuz bereziki alde egin duen langilearen ordez beste bat jarri beharko den ala ez.

B) Prestakuntza ikastaroko edukiek langileak duen lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin duen lotura.

C) Nolabaiteko oreka mantendu beharra kasuko unitateko langileen artean prestakuntza ikastaroak hartzeari dagokionez.

-Orokorrean, osorik edo zati batean lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da ordu edo diru konpentsaziorik izanen.

Langileak Administrazioaren aginduz joaten denean ikastaroa egitera, orduan bakarrik kontatuko zaizkio ordu horiek lanordu gisa, lanaldiaren urteko konputuaren ondorioetarako, eta zerbitzua dela-eta, egindako gastuengatik erregelamenduz ezarritako kalte-ordainak kobratzeko eskubidea izanen du.

-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 24.2 artikulua aplikatuz, Administrazio bakoitzak bere langileak zerbitzu berezietako egoeran deklaratzen ahal du, beste erakunde edo entitateetan beren burua prestatzeko, hobetzeko edo ikertzeko jarduerak egiten dituztenean, horien edukia lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin zuzeneko lotura dutenean, betiere.

Horrelakoetan, zerbitzu berezietako deklarazioaren araubidea eta ondorioak Langileen Estatutuaren 24. artikuluko 3. atalean egoera administratibo horrentzat orokorrean ezarritakoak izanen dira.

12.-Lan osasuna.

Lan arriskuak galarazteko araudia zinez aplikatzea bultzatuko da, honako alderdi hauei arreta berezia emanez

A) Arriskuen ebaluazioa

Arriskuen hasierako ebaluazioa eginen da, lanpostuz lanpostu, onetsitako prozeduren eta finkatutako lehentasun hurrenkeraren arabera.

Arriskuak ebaluatuta eta emaitzak ikusirik, jarduera prebentiboaren plangintza eginen da, akatsak zuzentzeko, prestakuntzako eta jarraipeneko neurriak hartuz, Administrazio bakoitzeko arduradunek bere egin beharreko planaren edo programaren barnean.

Prebentzio jardueren plangintza behar bezala egite aldera, Administrazioak behar diren giza baliabideak eta materialak jarri eta diru baliabideak esleituko ditu.

B) Lan arriskuen prebentziorako lan prozedurak.

Lan arriskuen prebentzioaren arloan, lan prozedurak ezarri eta eguneratuko dira, honako hauetan arreta berezia jarriz:

-Kontratak eta azpikontratak.

-Ondasunak eskuratu edo erostea.

-Osasuna zaintzea.

-Lan-istripuak eta lanbide eritasunak.

-Larrialdietarako neurriak eta planak.

-Prestakuntza eta informazioa.

C) Langileen osasuna zaintzea eta kontrolatzea.

Langileei aldian behin mediku azterketa eginen zaie, lanpostu bakoitzean atzeman diren arriskuek hala justifikatzen badute.

Zein maiztasunez eginen den eta, hala behar denean, nahitaezkoa noiz den, aldez aurretik erabakiko da Segurtasun eta Osasun Komite bakoitzean.

D) Bere lanpostuan jarduteko ezintasuna duten langileen birkokapena.

-Bere lanpostuan jarduteko ezintasuna duten langileak birkokatzeko prozedurak, aurrez adostutakoak, abian jartzea.

Alde horretatik, komeni den erregelamenduzko aldaketa eginen da, birkokapenari lehentasuna eman behar ote zaion jakiteko, lanpostu hutsak betetzeko beste edozein prozeduraren gainetik.

-Bere ohiko lanposturako ezintasun iraunkor osoko egoeran den langilea, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatutakoa, birkokapen prozedura horietan sartzeko aukerari buruzko azterlana.

E) Larrialdietarako planak edo neurriak.

Administrazioko lantoki guztietan larrialdietarako planak edo neurriak idatzi eta betearaziko dira, eta behar den tokietan simulakroak eginen dira aldiro.

F) Langileentzako prestakuntza eta informazioa.

Langileentzako prestakuntza eta informazioa bultzatuko dira, beren lanpostuan antzemandako arrisku faktoreak kontrolatzeko hartu beharreko babes eta prebentzioko neurriei buruz prestakuntza teorikoa eta praktikoa, aski eta egokia, lor dezaten.

Prestakuntza NAPIren bidez emanen da, administrazioan sartzean lehenbizikoz eta aldian-aldian lan baldintzak aldatzen badira ekipo berriak erosi edo teknologia berriak ezarri ondoren eta lanpostuarekin zerikusia duten alderdi guztiak ukituko dira.

G) Segurtasun eta Osasun Komiteak.

Segurtasun eta Osasun Komiteen funtzionamendua eta osaera berrikusiko dira, arreta berezia jarriz lantokietan prebentzio delegatu bana izendatzeari.

13.-Aparteko orduak.

-Salbuespenez, zilegi izanen da aparteko orduak egitea honako kasuetako batean:

A) Ezinbesteko kasua, hau da, hondamenak edo beste kalte ez ohiko eta presakoak galarazi edo berdindu behar direnean.

B) Behar bezain lehenagotik ezin igarri zaien arrazoiak direla medio ezinbestekoa bada lanaldi ohikoa luzatzea Administrazioaren jarduera normala segurtatzeko. Frogatu beharko da, nolanahi, ezin dela lan soberakina langile berrien bidez burutu, honako arrazoietako batengatik:

1. Lanaldiaren laburrak berak ezintzen duelako kontratazio berria egitea.

2. Materialki ezin denean kontratazio berririk egin, behar den denboran.

3. Enplegu zerbitzu publikoen laguntza eskatuta, Administrazioari kasuko lanposturako behar zen kalifikazioa zuten langileak bidali ez dituztelako.

-Aipatu salbuespen egoera horietako batean egiten diren aparteko orduak atseden denboraz ordainduko dira, gaur egun erregelamenduek ezartzen duten iraupenarekin.

Ezinbestean baizik ez da emanen diruzko ordainik, eta bai ere atseden ordaina ezinezkoa den kasuetan B) puntuaren 3. ataleko inguruabarrak gertatzen direnean.

-Administrazioak hiru hilabetetik behin izenik gabeko informazioa emanen die sindikatuei egindako aparteko orduen gainean.

14.-"Erabilera bereziko" Osasun laguntza.

Erabaki honen 2. eranskinean bildu diren "Erabilera bereziko" Osasun laguntzako prestazioetan, hainbat neurri sartuko dira, arrazionalizatze eta hobetze aldera, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioak izan eta sistema horretan afiliaturik daudenentzat.

15.-Onura sozialak.

-2002. urtean zehar egungo aurrerakin apartekoak ematen diren kasuak behar-beharrezko kasuetara hedatzea negoziatuko da. Horiek, besteak beste, eritasunen ondoriozkoak izanen lirateke edo nahitaezko edo ezusteko bestelako gastuak.

Aurrerakin horiek emateko bideratzen den kontusaila indarraldiko urte bakoitzean eguneratuko da, aurreko urtean Nafarroan izandako KPIaren arabera.

-Bizi eta istripu aseguruen polizak 2003. urterako kontratatzean aurreko urtean baino % 10 gehiago ordainduko da aseguru horiengatik.

16.-Eskubide sindikalak.

-Nafarroako Foru Komunitatean eta haren erakunde autonomoetan sindikatuek jarduteko diren aurrekontu sailak, indarrean dirauen urte bakoitzean gaurkotuko dira aurreko urteko Nafarroako benetako KPIa gehituz.

2003. urterako, hiru esparru hauetan: Administrazio erroan, Hezkuntzan eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan dauden aurrekontu sailak 6.010,12 eurotan gehituko dira (milioi bat pezeta) bakoitza, prebentzioko delegatuei beren eginkizunetan aritzeko izaten dituzten kilometraje gastuei eta bestelakoei erantzuteko.

-2002. urtea bukatu baino lehen, Mahai Orokorrean hauteskunde araudi berria negoziatuko da, ordezkaritza eremuak arrazionalizatzeko.

17.-Beste gai batzuk.

-Beste epe bat irekiko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen estatutupekoentzat eta lan kontratudun finkoentzat, aurreko prozesuetan finkatutako baldintza beretan, funtzionario izateko aukera izan dezaten.

-Aukera emanen da, halaber, toki entitateek beste prozesu bati hasiera eman diezaioten, beren lan kontratudun finkoek, erregelamenduz zehaztuko den prozedurari jarraikiz, funtzionario izateko bidea izan dezaten.

-Agintarien gidariak C mailan birkokatuko dira, aurreko Hitzarmenaren ondoriozko baldintza beretan.

-NAPIko prestakuntza jardueretan parte hartzeagatik dauden diru konpentsazioak erregulatzeko arauak aldatuko dira eta zenbateko desberdinak finkatuko, parametro hauek kontuan hartuz: ohiko lanorduen barnean ala kanpo burutzen diren, langilearen ikasketa maila eta prestakuntzaren ezaugarriak (ikastordua edo praktikak emateko ordua).

-Langileen hautapen proben epaimahaietan parte hartzeagatik irakasle ez-unibertsitarioei dagozkien diru konpentsazioak erregulatzen dituen araudia aldatuko da, bertan sartzeko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren kudeaketa eremuan aldi bateko lanpostuak betetzeko egiten diren barneko hautapenak.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lanbide karrerako sisteman aurreikusitako Ebaluazio Batzordeei oposizio eta lehiaketen epaimahaikideentzat ezarritako diru konpentsazioa aplikatuko zaie, baina beren zereginak lanorduetatik kanpo egin beharra dutenean bakarrik.

-2002. urtea bukatu baino lehen, Aukera Berdintasunaren Batzorde bat eratuko da Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremuan. Paritarioa izanen da eta eratzeko unean adostasunez zehaztuko diren antolakuntza eta eginkizunak izanen ditu.

-Sexu-jazarpena hutsegite larritzat joko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuan ezarritako diziplina-araubidean.

18.-Mahai sektorialak.

A) Alderdi orokorrak

Hitzarmen honen indarraldian, zilegi izanen da beste gai batzuk ere negoziatzea, bai Mahai Orokorrean nola Sektorialetan, betiere, dagokion sektorearekin lotura izanik, Aurrekontuaren I. kapituluan ondorio ekonomikorik ez badute.

B) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Mahai Sektoriala.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Mahai Sektorialari dagokionez, bide da bertan, besteak beste, gai hauek jorratzea:

-Lanaldi partzialeko lan kontratudun finkoak sartzeko eta zerbitzuak emateko baldintzak zehaztea, lanpostuak sortu eta bete aurretik.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi bateko igoera txandaren araubidea.

-Lan osasuna dela-eta, langileak birkokatzeko lanpostu erreserba finkatzea, barne egokitzapenerako eta lekualdaketako lehiaketak egin aitzin.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta lanpostuak betetzeko sistemak berrikustea.

-Lanaldia berrantolatzeko neurriak aztertzea, 93/104/EEE Zuzentaraua aplikatze aldera, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 20ko 405/2001 Foru Aginduaren 2.D) artikuluan xedatutakoaren esparruan, zeinen bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2002ko lan-egutegia onetsi baitzen.

-Zainketa jarraituko zerbitzuak erregulatzea, hala oinarrizkoak nola espezializatuak, alderdi hauek kontuan hartuz.

.Zainketa jarraituaren definizioa eta edukia.

.Adinagatik eta lan osasunaren egoeragatik guardiak egitetik salbuesteko araubidea, haurdunaldiak eta amatasuna bereziki kontuan hartuz.

.Gaur egun ezarrita dauden guardia zerbitzuak berrantolatzea.

Berrantolatze neurri hauek aplikatzerakoan, ondorioak 2002ko urtarrilaren 1etik aitzinera izanen direla, besteak beste hauek hartuko dira kontuan: agerpen fisikoko guardialdiei dagokien zenbatekoa ordainduko da, lantokiz kanpoko guardiak egiteko ordu guztietan, betiere horien laguntza lana aldez aurretik finkatutakoa bada. Kostua 450.759,08 eurokoa izanen da (75 milioi pezeta) Hitzarmenaren bi urteko indarraldiko urte bakoitzerako.

19.-Batzorde Paritarioak.

Hitzarmen hau sinatu eta hurrengo hilabetean, Batzorde paritario bana eratuko dira Langile funtzionario, estatutupeko eta lan kontratudunentzat. Batzorde horiek Administrazioaren eta hitzarmen hau sinatu duten sindikatuen ordezkariek osatuko dituzte; hitzarmen hau interpretatu, jarraitu, begiratu eta haren edukia garatzea izanen dute eginkizun. Hartarako, egutegi aproposa finkatuko dute eratzen diren bilkuran.

Funtzionarioen eta estatutupekoen Batzorde Paritarioari dagokionez, partaide izanen dira, halaber, mahai orokorra osatzen duten sindikatuak, gaurko Hitzarmena izenpetu ez arren, sindikatuen ordezkarien gehiengoak sinatzen ez duenean.

20.-Hitzarmena formalizatu eta argitaratzea.

-Administrazioak kasuan-kasuan egokitzen den arau-indarra emanen die Hitzarmen honetako atalei eta bai ondorengo garapenei ere, formalki onetsi eta indarra har dezan.

-Hori horrela bada ere, Hitzarmena osorik argitaratuko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean orok jakin dezaten.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hamabostean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldetik:

-Lehendakariordea/Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin jauna.

-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza jauna.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendaria, Alberto Andérez González jauna.

-Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, José María Gracia Galilea jauna.

-Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariordea, Julio Sucunza Azcona jauna.

Sindikatuen aldetik:

-CC.OO., Arturo Martínez Ros jauna.

-U.G.T., Patxi Rudi Burgaleta jauna.

1. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako Atalburutzak eta Bulegoburutzak betetzeko jarduketa plana

1984ko urtarrilean indarra hartu zuen martxoaren 30eko 13/1983 Foru Legeak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen hark, ezarritako lansarien sistema berriak. Lege haren 33. artikuluak ezarri zuenez, orokorrean, izendapen libreko ez diren lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez beteko dira. Bestalde, 32. artikuluan espresuki onartzen zuen edozein lanpostu bitarteko gisa betetzen ahal dela, baldintza batzuei lotuz, besteak beste, bitarteko egoeran ez daitekeela urtebete baino gehiago egon.

Legezko aurreikuspen hauek bateragarri dira, geroztik Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuaren eta Administrazioaren araubide juridikoari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak ezarritakoarekin, zeinek ordura arte indarrean zegoena ez bezalako antolakuntza sistema ezarri baitzuen.

Lege mailako arau haren 47. eta 49. artikuluetan ezartzen denez, Administrazioko departamentu bakoitza zerbitzutan antolatuko da eta horiek, berriz, ataletan edo bulegoetan egituratzen ahal dira. 49. artikuluak zehazten du, ezen atalburutzak eta bulegoburutzak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioek edo hari atxikitakoek beteko dituztela, merezimendu lehiaketa bidez.

Langileen Estatutuak eratutako lansarien sistema berria 1984an indarrean jarri zenean, Administrazioak hierarkiazko unitate, atal eta bulego berrien arduradun izendatu zituen, bitarte baterako, une haietan hierarkiazko unitate berrien burutzako eginkizunetan ari ziren funtzionarioak.

Geroago, maiatzaren 25eko 9/1985 Foru Legeak, salbuespenez, burutza bitarte gisa betetzeko urtebeteko epea luzatzeko aukera ematen zuen zenbait atal nahiz bulegotan, baldin eta, Estatuko zerbitzuak bere gain hartzearen ondorioz, departamentu bakoitzaren egitura organikoan gerta daitezkeen aldaketak nozitu beharra bazuten.

Gauza jakina da, 1985. urteko bukaeratik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere gain hartu dituela Estatuko Administraziotik eskualdatutako hainbat zerbitzu eta eginkizun, azkenak 1999ko urrian. Horren kariaz, 1985etik aurrera, Nafarroako Gobernuak erabaki du, orokorrean eta salbuespenez, aipatu burutzak bitarte baterako betetzen segitzea.

Hala eta guztiz ere, Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera transferentziak aldatzeko prozesua oraindik bukatu gabe egon arren, komenigarri ikusi da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen atalburutzak eta bulegoburutzak, merezimendu lehiaketa bidez, betetzeko prozesuari hasiera ematea, izan ere uste da eskualdatzeko dauden zerbitzuek eta eginkizunek eragin handirik ez dutela izanen Administrazio honen egitura organikoan.

Kontuan izanik, 2001eko abenduaren 31n, aipatu arauak aplikatzekoak lituzkeen burutzak 931 direla, horietatik 254 Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak, burutza horiek betetzeko deialdi oso bat eginen balitz, Administrazioaren ohiko funtzionamendurako eragozpen handia litzateke, ez bakarrik interesatuen espektatibengatik, baita beste hainbeste epaimahaien kideak izendatu beharko liratekeelako, ekitaldi berean deialdi guztien gaineko erabakia hartu beharko lituzketenak, indarra duen araudiak ezarritako elementu hauek baloratu ondoren.

-Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak.

-Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk.

-Txosten psikoteknikoa (NAPIk egina)

-Lan-txostena, lehiaketaren gai den burutzari edo zuzendaritzari buruzkoa.

Horregatik guztiarengatik, egoki jo da Jarduketa Plan bat jartzea burutza horiek betetze aldera, hurrengo urteetan deialdiak egiteko egutegia kontuan hartuko duena, eta, orobat, karguak betetzeko eta haietan aritzeko gainerako betebeharrak eta baldintzak.

1.-Helburua.

Jarduketa Plan honen helburua da merezimendu lehiaketetarako deialdiak egitea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, Hirugarren Xedapen Gehigarriko 1. eta 4. puntuetan aipatzen dituen burutzak betetzeko

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen egungo plantilla organikoan dauden atalburutzen eta bulegoburutzen kopurua ikusita, komenigarritzat jo da egutegi bat finkatzea, burutza horien deialdiak pixkanaka egiteko, bai eta behar diren neurriak jartzea Administrazioaren zerbitzuen funtzionamendu normala bermatzeko burutza horiek betetzen ari diren bitartean.

2.-Aplikazio eremua.

Jarduketa Plan honetan sartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako egitura organikoan dauden atalburutza eta bulegoburutza guztiak bai eta departamentuen menpeko erakunde autonomoetan dauden pareko unitateetan daudenak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako unitateetako burutzak, haien berariazko eskumen eremua kontuan hartuta, Jarduketa Plan honen 9. atalean xedatutakoari jarraikiz beteko dira.

Jarduketa Plan honetatik kanpo geldituko dira hainbat burutza, arau berariazkoek ezarritako araubide juridiko berezietan oinarrituz eta ez beste era batera bete behar direnak; adibidez, Foruzaingoko unitateburutzak edo Hezkuntza eta Kultura Departamentuko irakasle ez-unibertsitarioak.

3.-Aplikatu beharreko araudia.

Jarduketa Plan honek aipatutako atalburutzak, bulegoburutzak eta parekoak betetzeko merezimendu lehiaketak honako hauek arautuko dituzte: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Hirugarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoak, bai eta lanpostuak betetzeko Erregelamenduan, ekainaren 15eko 186/1998 Foru Dekretuak, sindikatuekin adostu ondoren emandako azken idazketaren arabera (1998ko uztailaren 3ko 79. N.A.O.) eta Lehendakaritza eta Barne kontseilariaren abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Aginduak, zeinetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak betetzeko deialdietan aplikatuko diren merezimendu baremoak ezarri baitziren.

4.-Deialdietarako eta lanpostuak betetzeko egutegia.

Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoan 2001eko abenduaren 31n burutza hauek zeuden, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak, irakasle ez-unibertsitarioak eta foruzainak kenduta:

ATALBURU. BULEGOBURU.

-Lehendakaritza, Justizia eta Barne 58 31 89

NAPI 6 8 14

-Ekonomi eta Ogasuna 17 15 32

Nafarroako Zerga Agentzia 21 27 48

-Toki Administrazioa 15 8 23

-Ingurumen, Lurr. Antolamendu eta Etxebizitza 18 31 49

-Hezkuntza eta Kultura 26 73 99

-Osasuna 9 16 25

Nafarroako Lan Osasunaren Institutua 5 5 10

-Herrilan, Garraio eta Komunikazioa 24 47 71

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura 19 42 61

E.V.E.N.A. 3 1 4

-Industria eta Tek., Merkat., Turismo eta Lana 18 29 47

Nafarroako Enplegu Zerbitzua 11 29 40

-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria 7 2 9

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua 10 25 35

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua 5 13 18

Nafarroako Emakumearen Institutua 2 1 3

GUZTIRA 274 403 677

Bistan denez, pixkanaka-pixkanaka aipatu burutzen gaineko deialdiak egin behar dira, eta uste da guztira urtean 100eko 12,5 baino gehiago ez direla izan behar, hau da, 85 bat, gehienez; izan ere, deialdi horiek eta Administrazioaren lan eskaintzakoak batera joan behar baitira.

Alde horretatik ez da ahantzi behar ezen, arau indardunekin bat, Planaren hasieratik 6 urte iraganik, 7. urtetik aurrera, alegia, urte hartarako aurreikusiriko 85 bat burutzei gehituko zaizkiela lehenengo urteko 85 plazak, berriro ere merezimendu lehiaketa egin beharko baita 6 urtetan beterik izandako epea akitu ondoren.

5.-Prozedura.

A) Urte bakoitzeko azken hiruhilabetean, Nafarroako Gobernuko kontseilari bakoitzak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari adieraziko dio hurrengo ekitaldian zein diren departamentuan eta haren menpeko erakunde autonomoetan bete beharreko burutzak; edonola ere ez dira haren egitura organikoan dauden atalburutza eta bulegoburutza guztien 100eko 12,5 baino gutxiago izanen.

Proposamen horretan zehaztu beharko dira, nahitaez, burutzak betetzeko izangaiek izan beharko dituzten maila eta gainerako baldintzak.

B) Behar den epean proposamena egiten ez bada, departamentu horrek aukerari uko egin diola ulertuko da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren alde.

Hori gertatuz gero, antzinatasunaren ordenan, titularrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan etenik gabe lan egindako denbora kontuan hartuz, merezimendu lehiaketan bete ez diren unitate burutzak betetzeko deialdia eginen da.

C) Bete beharreko burutzak zein diren zehaztuta, gaur egungo araudiak agintzen duenari jarraikiz, dagokion urteko urtarrilean zehaztuko dira, Foru Dekretu bidez, kokapen mailak eta lanpostuak eskuratzeko egiaztatu beharreko berariazko baldintzak. Plantilla organikoan burutzentzat dauden lansari osagarrietan ez da aldaketarik izanen, non eta Nafarroako Gobernuak lanpostuen dedikazio araubidea aldatzeko erabakia hartzen ez duen.

Ondoren, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak deialdia eginen du, Ebazpen bakar baten bidez, zeinetan zehaztuko baitira deialdiko lanpostuak, epaimahaiak, betekizunak eta gainerako ezaugarriak.

D) Epaimahaiak.-Orokorrean, honela osatuko dira:

Mahaiburua.-Departamentuko zuzendari nagusia edo bete beharreko burutza zein erakunde autonomokori atxikitzen zaion, haren zuzendari kudeatzailea.

Mahaikidea.-Arlo bakoitzeko Langileen Batzordeak izendatua.

Mahaikide-idazkaria, hizpidea eta botoa dituela.-Bete beharreko burutza zein zerbitzuri atxikitzen zaion, haren zuzendaria.

Zuzendaritza Nagusi bati edo Zerbitzuren bati atxiki gabeko burutzen kasuan, dagokion departamentuak edo erakunde autonomoak beren baitan diren maila hierarkiko bereko organoen titularrak proposatuko ditu epaimahaikide izateko.

6.-Finantzazioa.

Urteroko Nafarroako Aurrekontu Nagusiei buruzko Foru Lege proiektuan, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak handitu daitekeen kontusail bat ezarriko du burutza horiek merezimendu lehiaketa bidez betetzeak, halakorik bada, sor dezakeen kostu gehikuntzari aurre egiteko.

7.-Karguaren baldintzak.

A) Kargualdia 6 urte naturalekoa izanen da. Hura bukatu eta izendapen espresik izan ezean, burutza bitarte baterako beteko da, harik eta, gehienez ere, urtebeteko epean egin beharreko beste merezimendu lehiaketa bidez bete arte. Edozein modutan ere, horrek ez du galarazten Departamentuko titularrak kargugabetzeko duen ahalmena eta, hala behar denean, bitarte baterako beste funtzionario bat izendatzekoa, bulegoburuen kasuan, edo Nafarroako Gobernuari norbait proposatzekoa, atalburuen kasuan.

B) Merezimendu lehiaketa bidez atalburutza edo bulegoburutza baten titulartasuna lortzen duen pertsona ezin izanen da beste burutza bat betetzeko merezimendu lehiaketan aurkeztu, hiru urte naturaleko aldia bukatu baino lehen.

Muga hau aplikatuko da, halaber, titularrak burutza bati uko egiten badio izendatu zuteneko epea akitu baino lehen.

8.-Burutza utzi beharko da, gordetzeko eskubiderik gabe eta dagozkion lansariak galduz, honako kasuetan:

A) Sei urte naturaleko kargualdia bukatzen denean.

B) Departamentuaren egitura organikoa aldatzearen ondorioz unitate organikoa kentzen denean.

C) Interesatuak kargua bere kabuz uzten duenean.

D) Errendimendu nahikoa ez izateagatik nabarmen frogatu den gaitasunik edo egokitzapenik ezaren edo edukian aldaketak egin izanaren ondorioz karguan beharrezkoak diren eginkizunak bete ezin dituenean, betiere aurrez interesatuak esan behar duena entzun ondoren eta bidezko eskuartzeko organoaren txostena aztertu ondoren.

E) Zerbitzu berezietako edo eszedentziako egoerara (borondatezkoa, nahitaezkoa edo berezia) pasatzean.

F) Diziplina-espediente baten barnean, hutsegite larri edo oso larriaren ondorioz zehapena jartzen zaionean, edo prozesu penal batean inhabilitazio zigorra jartzen zaionean.

G) Izendapen libreko kargu baterako izendatzen dutenean.

H) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan ez ezik baita beste edozein administrazio publikotan ere, zerbitzu eginkizunetan kargu baterako izendatzen dutenean.

9.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren berezitasunak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan 254 atalburutza edo unitateburutzak, administrazio bulegoaren mailakoak, betetzeko prozesuan berariazko araudia eta Jarduketa Plan honek xedatutakoa erabiliko dira, Prozedura izenburuko 5. atalean adierazten dena salbu, honela izanen baita:

A) Urte bakoitzeko azken hiruhilabetean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako organo arduradunek erakunde autonomo horren Administrazioaren eta Giza Baliabideen zuzendariari adieraziko diote zein diren hurrengo ekitaldian bete beharreko burutzak; edonola ere ez dira haren egitura organikoan dauden atalburutza eta bulegoburutza guztien 100eko 12,5 baino gutxiago izanen.

Proposamen horretan zehaztu beharko dira, nahitaez, burutzak betetzeko izangaiek izan beharko dituzten maila eta gainerako baldintzak.

B) Behar den epean proposamena egiten ez bada, departamentu horrek aukerari uko egin diola ulertuko da aipatu erakunde autonomoko zuzendari kudeatzailearen alde.

Hori gertatuz gero, antzinatasunaren ordenan, titularrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan etenik gabe lan egindako denbora kontuan hartuz, merezimendu lehiaketan bete ez diren unitate burutzak betetzeko deialdia eginen da.

C) Bete beharreko burutzak zein diren zehaztuta, gaur egungo araudiak agintzen duenari jarraikiz, dagokion urteko urtarrilean zehaztuko dira, Foru Dekretu bidez, kokapen mailak eta lanpostuak eskuratzeko egiaztatu beharreko berariazko baldintzak. Plantilla organikoan burutzentzat dauden lansari osagarrietan ez da aldaketarik izanen, non eta Nafarroako Gobernuak lanpostuen dedikazio araubidea aldatzeko erabakia hartzen ez duen.

Ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak deialdia eginen du, Ebazpen bakar baten bidez, zeinetan zehaztuko baitira deialdiko lanpostuak, epaimahaiak, betekizunak eta gainerako ezaugarriak.

2. ERANSKINA

"Erabilera bereziko" osasun laguntza arrazionalizatu eta hobetzeko neurriak

1.-Farmazia prestazioa.

-Botiken gastua Osasun Sistema Nazionaleko onuradunek Nafarroan dituzten baldintza beretan itzuliko da (Nafarroako Foru Komunitatearen baliabide propioen kargura finantzatutakoak barne), hala diru-itzulketaren gai diren botiken katalogoari dagokionez nola portzentajeari, farmaziako espezialitatearen eta titularraren egoeraren arabera (jardunean eta jubilatu edo pentsiodunak).

-Mediku-errezetarekin batera botikaren kupoi-prezintua aurkeztu behar da gastuen ordaina eskatzeko.

-Farmazia prestazioaren itzulketari dagokionez, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak behar diren gestioak eginen ditu, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin ezarritako antzeko sistema bat, Botikarien Elkargo Ofizialarekin hitzartze aldera.

2.-Osasun laguntza Nafarroako Gobernuaren menpeko ez diren Osasun- Etxeetan.

-Nafarroako Gobernuaren menpekoak ez diren Osasun-Etxe nazionaletan eginiko osasun gastuak oso-osorik itzultzeko (ekainaren 9ko 178/1988 Foru Dekretuaren 2. artikulua) beharrezkoa izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itun Zerbitzuak (Ikuskapen Medikoa) zehaztutako prozedurak jarraitzea eta adierazitako osasun-etxeetara joatea. Bestela, tarifa indardunetan finkatutako zenbatekoak baino ez dira ordainduko.

-Atzerriko osasun-etxeetan eginiko gastuak itzultzeari dagokionez, Nafarroako Osasun Zerbitzuak antzeko kasuetan Osasun Sistema Nazionalaren onuradunei ematen dien tratu bera emanen du.

-Aurreko bi ataletan xedatutakotik aparte gelditzen dira Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko osasun-etxe publikoetan ematen diren berehalako, presako eta larrialdietako osasun laguntzan sortutako gastuak, zeinak oso-osorik itzuliko baitira.

Era berean, osasun-etxe pribatuetan eginiko osasun gastuak ere sartuko dira, betiere osasun-etxe publiko baten zerbitzuak, behar zirenean, erabili ezin izan zirela frogatu ondoren.

-Aurreko ataletan xedatutakoaren arabera, osasun-etxe batean izandako gastuak oso-osorik itzultzea bidezkoa denean eta horiek 601,01 euro baino gehiago egiten dutenean (100.000 pezeta), zuzenean osasun-etxeari ordainduko zaio, baldin eta pagamendu mota horrekin ados baldin badago.

3.-Egonaldiak ospitaletan edo kliniketan.

-Ospitale edo klinikako egonaldiagatik gehieneko prestazioa 60,10 eurokoa izanen da eguneko (10.000 pezeta).

Ospitaleratzearen arrazoia ez bada presakoa edo puntuala, ezta ebakuntza kirurgikoa egitea ere, gehieneko prestazioa 30,05 euro eguneko izanen da (5.000 pezeta).

-Eriari ematen zaizkion botikak eta ospitalean egondako denboran eginiko probak oso-osorik ordainduko dira.

4.-Babes pediatrikoa.

Babes pediatrikoa 14 urte arte hedatzen da, adin horretakoak barne.

5.-Ikustaldiak mediku espezialistetara.

Ikustaldi guztiak ordainduko dira 27,05 euro bitarte (4.500 pezeta), baldintza hauek betez:

a) Osasun Sistema Nazionalean ofizialki onartutako espezialitate medikoetako batean irekitako kontsulta duten medikuengana egiten diren ikustaldiak baino ez dira ordainduko.

b) Hileko bi bisitaldi baino gehiago ez dira ordainduko, espezialitate eta onuradun bakoitzeko.

c) Dirua itzultzerakoan, mediku espezialistak kontsultan eriari egiten dizkion proben prezioa ere sartuko da.

6.-Probak.

Ospitaleratu gabe egiten diren era guztietako probak (analisiak, erradiografiak, entzefalogramak, e.a.) kostuaren 100eko 75ean ordainduko dira, tokatzen den medikuak agindutakoak badira eta kontsultaren diru-itzulketaren barnean sartzerik ez dagoenean.

7.-Ortopedia.

-Atal honen barnean ordainduko dira, tarifetan ezarritako portzentajeetan, arlo honetan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eskaintzen dituen produktu ortoprotesiko guztiak, tokatzen den medikuak agindu ondoren.

-Era berean, portzentaje beretan ordainduko da audifonoen kostua, 901,52 euro bitarte (150.000 pezeta) unitate bakoitzeko. Urtean gehienez unitate bat ordainduko da onuradun bakoitzeko (edo bi unitate, bi belarrietarako premia izanez gero)

8.-Betaurrekoak eta lentillak.

-Urtean gehienez ere bi betaurreko ordainduko zaizkio onuradun bakoitzari, kristalengatik 240,40 euro bitarte bakoitza (40.000 pezeta) eta armazoiarengatik 27,05 euro bitarte (4.500 pezeta).

-Graduatutako lentillak, edozein motatakoak, kostuaren 100eko 75ean ordainduko dira, urtean 240,40 euro bitarte (40.000 pezeta) onuradun bakoitzeko.

9.-Odontologia.

Odontologiako gastuen 100eko 60 itzuliko da, kontsultak eta kirurgia barne.

10.-Errehabilitazioa.

-Atal honen barnean, tokatzen den medikuak agindu eta behar den espezializazioa duten osasun langileen eskutik eginiko errehabilitazioaren gastuak itzuliko dira.

-Tarifen atal honetan sartutako prestazioen kostu osoaren 100eko 60 itzuliko da.

11.-Bestelako prestazioak.

-Kirurgia aurpegi-masailezurretakoa eta oftalmologia arloetako ebakuntzen eta lagundutako erreprodukzio tratamenduen 100eko 60 itzuliko da.

-Psikologia klinikoaren kontsulta edo saioak, 18,03 euro bitarte ordainduko dira (3.000 pezeta), mediku espezialistetara ikustaldiak egiteko ezarritako baldintzetan.

12.-Osasun garraioa.

Medikuaren aginduz osasun garraioa erabili beharra dagoenean, eta eriak arazorik gabe jasan badezake, anbulantziaz besteko garraiobideen kostua ordainduko da (taxia, autobusa, ibilgailu partikularra, e.a.).

Ibilgailu partikularra erabiltzen duenari, langileek, zerbitzuaren kariaz, beren ibilgailua erabiltzeagatik kobratzen dutena ordainduko zaio.

13.-Gainerako tarifak.

"Erabilpen Bereziko" Osasun Laguntzaren tarifak (ekainaren 9ko 178/1988 Foru Dekretuaren eranskina), aurreko ataletan bildu ez direnak, 100eko 60 gehituko dira, eranskinean ezarritako zenbatekoen gainean.

14.-Laguntzak, osasun arlokoak ez diren gastuetarako.

-Nafarroako Gobernuaren menpeko ospitaletan hartzerik izan ez eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eriak Foru Komunitatetik kanpoko osasun-etxe batera igortzen baditu, osasun gastuen osoko itzulketarekin, pertsona horiek ("Erabilera Bereziko" sisteman daudenek edo haien onuradunek) eskubidea izanen dute bidaia, alokatze eta mantenurako dietak izateko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erientzat gaur egun ezarritako baldintza beretan (uztailaren 30eko 212/2001 Foru Dekretua)

-Horrelakoetan, eriari, duen adinagatik edo arrazoi klinikoengatik, beste pertsona batek laguntzea beharrezkoa bada, laguntzaileari ere bidaia, alokatze eta mantenurako dietak ordainduko zaizkio.

15.-Gastuen hileroko itzulketa.

Ekainaren 9ko 178/1988 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako hileroko itzulketa sistema erabili ahalko da aurreko hilabeteko osasun gastuak 300,51 eurotik gorakoa direnean (50.000 pezeta).

16.-Kotizazioak "Erabilpen Bereziko" sisteman.

-Nafarroako Administrazio Publikoen Mutualitateetako jubilatu eta pentsiodunek ez dute "Erabilpen Bereziko" sisteman kotizatu beharrik haren prestazioetarako eskubidea izateko.

-"Erabilpen Bereziko" sisteman afiliatutako funtzionario guztiek arauz ezarritako kuotak ordaindu behar dituzte, hartaz baliatzeko eskubidea izateko.

17.-Bestelako osasun gastuen itzulketa.

-Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari esku ematen zaio tarifetan sartu ez diren beste osasun gastu batzuen itzulketa finkatzeko, ondoko irizpideei jarraikiz, hala ezarpenaz nola zenbatekoaz: Osasun Sistema Nazionalak babesturik dagoen ala ez, tarifetan bildutako beste prestazioekin duten lotura edo oreka, "Erabilpen bereziko" sisteman itzulketaren portzentaje orokorra, e.a.

-Horren kariaz, Batzorde Tekniko bat eratuko da, Foru Komunitateko Administrazioko eta Negoziazio Mahai Orokorreko partaide diren sindikatuetako zenbait ordezkarik osatua. Helburua aipatu alderdiei buruzko azterlana eta proposamena egitea izanen da.

18.-Hurrengo eguneratzeak.

2003. urtetik aitzina, "Erabilpen bereziko" Osasun Laguntzaren Zerbitzuaren tarifetan sartutako zenbatekoak, hala itzulketari nola gehieneko mugei dagozkienak, urtero eguneratuko dira, aurreko urtean Nafarroako KPIak igotzen duen portzentaje berean.

Iragarkiaren kodea: a0205600