65. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

INGURUMEN, LURRALDEAREN ANTOLAMENDU ETA ETXEBIZITZA DEPARTAMENTUA. Zehapen espedientea.

Ezinezkoa izan da Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 135. artikuluak aurreikusten duen jakinarazpena egitea, alegia, Trinidad Izcue Ollo jaunari ingurumenari buruzko arautegia hausteagatik irekitako 141/01 zehapen espedientearen Foru Aginduari buruzkoa. Beraz, agiri honen bidez aipatu Legearen 59.4 artikuluan xedaturikoa betetzen da.

39/2002 FORU AGINDUA, urtarrilaren 14koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Trinidad Izcue Ollo jaunari (NAN 15.324.659-N) zehapena jartzen diona, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legea hausteagatik.

Trinidad Izcue Ollo jaunari irekitako 141/2001 zenbakiko zehapen espedientea aztertu da; espediente hori Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren irailaren 7ko 1024/2001 Foru Aginduaren bidez ireki zen, Mendi Zaindariek 2001eko maiatzaren 18an jarritako salaketaren ondorioz, NA-3433-AB mendi-ibilgailuarekin (Patrol urdina) Andia Mendian, Urbasa eta Andiako Natur Parkean ("Portillo de Ingiria" aldean) ibili eta aparkatzeagatik.

Karguen plegua jakinarazita, salatuak alegazioak aurkeztu ditu horretarako ezarri epean. Adierazi du:

Ibilgailua ez zela urdina, baizik eta granatea.

Ez zegoela "Portillo de Ingiria" aldean aparkatuta, baizik eta "Salera" izeneko aldean, eta ez zela Parkean zirkulatzen ari hiztegiak zirkulatu hitzari ematen dion zentzuan, hots, "ibilgailu baten joan-etorria", burdin sarearen alde batean aparkatu baitzuen autoa beste aldean egin zezakeen bezala, non ez baitzen arau-hausterik izanen. Beraz, tipikotasun printzipioa hautsi da.

Andia Mendira Argiñanoko Borden bidetik jotzen denean ez da inon ikusten Naturgunearen mugei buruzko informazio seinalerik; horrek esan nahi du ez dela bete zehapenak ezarri ahal izateko oinarrizko baldintzetako bat, eta erantzukizun printzipioa hautsi dela.

Proportzionaltasun printzipioaren arabera, zehapenaren zenbatekoa gutxienekora murriztu behar da, legea hausteko asmorik izan ez delako.

Horiek horrela, Mendi Zaindariek egindako salaketa deuseztatu eta espedientea artxibatzeko eskatu du.

Aurkeztutako alegazioak ikusirik, salatzaileari txostena eskatu zitzaion eta hark berretsi egin zuen ikuskatze aktan azaldutako guztia; salaketa jaso zuen ibilgailua non zegoen erakusteko planoa erantsi zen.

Egindako jarduketen ondoren, bidezkoa da salatuaren argudioei buruzko balorazio hau egitea:

Ibilgailuaren koloreari buruzko akatsa zuzendu egin da espedientean ageri diren gainerako datuen bidez (marka eta matrikula), eta salatuak autoa berea dela onartu duelako.

Ibilgailuaren kokalekuari dagokionez, salatzaileak mapa bat aurkeztu du ibilgailua non zegoen erakusteko, hots, "Portillo de Ingiria" aldean; toki hori alegatzaileak esandako "La Salera" aldetik urrun dago. 9/1996 Foru Legearen 34.4 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Administrazioko funtzionarioek luzatutako ikuskatze aktak edo salaketak, agiri publiko batean legeak kasurako agindu bezala formalizatzen direnak, frogagarriak izanen dira, nahiz inputatuek ere zilegi duten beren eskubide edo interesen alde frogak aurkeztea. Salatzaileak, salatutako gertaerak berresteaz gainera, alde hartako mapa aurkeztu du espedientean froga gisa; salatuak, berriz, ez du frogarik aurkeztu gertaeri buruzko kontakizunaren gainean. Beraz, gertaerak egiazkotzat eta frogatutzat jotzen dira.

Egotzitako arau-haustean jaso da "ibilgailuarekin zirkulatu eta aparkatzea...". Horren aurrean salatuak adierazi du ez zela zirkulatzen ari, "ibilgailu baten joan-etorriaren" zentzuan

aparkatzeari dagokionez, ez zuela Natur Parkean aparkatzeko asmorik. Hala ere, ikuskatze aktan ageri denaren arabera, "ibilgailua, pistetan baimenik gabe ibiltzeaz gainera, mendia barrena 500 metro baino gehiago ibili zen". Hortaz, deskribatutako ekintza "zirkulatu" hitzaren barnean sartzen da, eta Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 36.2.g) artikuluaren kontrako arau-haustea da.

Naturguneko seinalizazioari dagokionez, badira kartelak, baina, edozein modutan ere, naturgunearen mugaketa eta barnean egiten ahal diren jardueren muga legeak arautzen ditu, eta legea ez ezagutzeak ez du errugabetzen betetzen ez denean.

Dena dela, aipatu 9/1996 Foru Legearen 35. artikuluari jarraikiz (zehapenak graduatzeko irizpideak ezartzen ditu), arau-haustea egiteko asmorik ez zela izan kontuan harturik, bidezkoa da zehapena 150,25 eurotara (25.000 pezeta) murriztea.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen aurkako arau-hauste administratiboak zehatzeko prozedura ezarri zuen irailaren 9ko 319/1996 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Trinidad Izcue Ollo jaunari 150,25 euroko (25.000 pezetako) isuna jartzea egindako arau-hausteagatik, aipatu Foru Legearen 36.5.a) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, deusetan galarazi gabe isuna murrizteko aukerabidea, Foru Lege horren 106. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 258. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ondoko beharkizun hauek betetzen badira, isuna % 30 murriztuko da:

a) Isunaren gainerako zatia gehienez hilabeteko epean ordaintzea, zehapena jakinarazten denetik hasita.

b) Arau-hausleak idatziz adieraztea ezarri zaion zehapenarekin ados dagoela eta espres egiten diola uko epe horretan inpugnazio-ekintzak burutzeko eskubideari.

Baldin eta adierazi den murrizte hori interesatzen bazaio, interesatuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko bulegoetara jo beharko du (Alondegi kalea, 1-2. solairua), Kontrol Administratiboaren Atalera. Bertan ordain-gutuna emanen zaio, orain igorri denaren ordez, eta isunaren zenbatekoa gutxitzeko dokumentazioa ere bai.

3. Isuna edozein banketxe edo aurrezki kutxatan ordaintzen ahal da, horretarako ordain-gutun ofiziala erabiliz, foru agindu hau administrazio mailan irmoa izanen den egunetik hamabost eguneko epean. Epe hori iraganik, premiamendu bidez kobratuko da diru hori.

4. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen 4/1999 Legearen 114. eta 115. artikuluen arabera.

5. Foru Agindu honen berri ematea espedientatuari, salatzaileari, Kontrol Administratiboaren Atalari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hamalauan.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: a0204461