65. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

793/2002 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Osasun zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Osasun Sistema Publikoko Iktusaren Unitate bat sortu eta funtzionatzeko proiektua egiteko Lan Talde Teknikoa sortzen duena.

Nafarroako Osasunari buruzko 2001-2005 Planak, bere jarduera eremuen artean, osasun sistemaren lehentasunezko arazotzat jotzen ditu bihotz-garun-hodietako eritasunak.

Osasun laguntza emateko prozesuan parte hartzeko plan horrek ezartzen dituen ekintzen artean, eta, hortaz, hirugarren mailako prebentzio gisara, iktusa duen pertsonari laguntza hobea ematea dago, larrialdi medikotzat hartzen baita, zeini osasun sistemak laguntza neurologiko goiztiarra eta egokia bermatu behar baitu. Horretarako beharrezkoa da osasun sistema publikoan Iktusaren Unitate bat izatea, diagnostiko goiztiarra egiteko eta iktusaren fase akutuan berehalako tratamendua emateko behar diren baliabide tekniko eta profesionalak edukiko dituena.

Orobat, premiazkoa da iktusaren maneiua antolatu eta protokolizatzea osasun sistemaren baliabide guztietan (larrialdiak, garraio sanitarioa, oinarrizko osasun laguntza eta laguntza espezializatua), iktusaren zainketa jarraituak eta tratamendu integrala bermatzeko, aurre-neurrietatik errehabilitaziora.

Aipatu proiektuari hasiera emateko, eta Osasun kontseilariaren irailaren 6ko 229/99 foru Aginduaren bidez esleiturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.-Lan Talde Tekniko bat osatzea Nafarroako osasun sistema publikoan Iktusaren Unitate bat abiarazteko proiektua egiteko eta esku hartu behar duten baliabideak koordinatzeko.

2.-Lan Talde Teknikoak kide hauek izanen ditu hasiera batean:

-Jaime Gállego Culleré jauna, taldearen koordinazio lanetan arituko dena.

-Elías Maraví Petri jauna.

-Ivone Jericó Pascual andrea.

-Joaquín Betelu Corcuera jauna.

-Gabriel Delgado Bona jauna.

Lan Talde Teknikoak laguntza eskatzen ahalko die adituei, esleituak dituen lanek aurrera egiten dutenean agertzen diren beharren arabera.

3.-Lan Talde Teknikoak ondoko eginkizunak izanen ditu: antolaketarako proiektu bat egitea, Nafarroako osasun sistema publikoan Iktusaren Unitate bat abiaraztea, Iktus kodea garatzea eta laguntza protokolizatzea, laguntza neurologiko goiztiarra eman ahal izateko.

Halaber, osasun sistemaren maila eta baliabideetan iktusaren maneiua hobetzeko proposamenak egin ahalko ditu.

4.-Taldearen lanak 2002ko ekainaren 30 baino lehen bukatuko dira, Osasun Departamentuan txosten zehatza aurkeztuz.

5.-Interesatuei Ebazpen honen berri eman eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua ematea.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren bederatzian.-Osasun Departamentuko zuzendari nagusia, Juan Ramón Rábade Iráizoz.

Iragarkiaren kodea: A0205371