65. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

42/2002 FORU AGINDUA, apirilaren 4koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, Turismoko ETEetan (Pymes) eguzkitiko energia fotovoltaikoa, eguzkitiko energia termikoa, mikrozentral hidroelektrikoak eta potentzia txikiko energia eolikoa aprobetxatzeko instalazioak sustatzeko, fondo galdurako laguntzen deialdia onesten duena.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak Foru Komunitateko Turismo arloa garatzeko asmoz, Turismoko Plan Estrategikoa prestatu du 2001-2004 urteetarako.

Aipatu Plan Estrategiko horren xedea Nafarroa turismoko destino bereizi gisara finkatzea da, komunitateko baliabide eta produktu turistikoak antolatuz: natura eta paisaia, ondarea eta kultura, hiri/komunitate aurreratua, gastronomia eta ardoak, eta eskualde guztietan aberastasuna eta enplegua sortuko dituzten produktu berriak ezartzea.

Horretarako, Plana sei ildo estrategikotan antolatzen da eta bertan biltzen dira arloko profesionalizazioa, turismoaren garapen orekatua eta baliabide teknikoen eta ekonomikoen erabilpen eraginkorra lortzeko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak bultzatu beharreko ekintzak.

Horrela, bosgarren ildo estrategikoaren barruan turismo ekologiko/ekonomikoa sustatzeko premia aipatzen da. Kontuan harturik Nafarroa energia berriztagarrien ekoizle garrantzitsua dela eta bertan sentsibilitate handia dagoela ingurumenari dagozkion gaietan, ingurumenari buruzko hezkuntzako programek eta bultzatu beharreko destino turistikoek abiapuntutzat hartuko dute baliabide energetikoen indarra eta garapen orekatua bermatuko duten produktu ekologikoen sistema bat.

Europako Batasunak Liburu Berdean ezarritako epe luzerako estrategia energetikoaren helburuetako bat da energia berriztagarrien garapenaren bidez ekoizten den elektrizitatea gaurkoaren halako bi izatea 2010. urtean.

Ildo horretan, Departamentuak ezarritako sustapen politikari jarraipena emateko, bidezkotzat jo da laguntzak ematea, turismoko ETEek beren egitura berriak edo lehendik dituztenak egokitu ditzaten. Horrela, bide emanen da ostatu-establezimendu eta jatetxeetan energia mota horiek erabiltzeko eta Turismoko Plan Estrategikoan aipaturiko ekintzetako batzuk burutzeko.

Deialdi honen laguntzen finantzaketan FEDERek ere parte hartzen du.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Turismoko ETEetan eguzkitiko energia fotovoltaikoa, eguzkitiko energia termikoa, mikrozentral hidroelektrikoak eta potentzia txikiko energia eolikoa aprobetxatzeko instalazioak sustatzeko fondo galdurako dirulaguntzetarako deialdiaren oinarriak onestea. Oinarriak Foru Agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 203.309 euroko gastua baimentzea, Foru Agindu honek sortzen dituen konpromisoak betetzeko. Diru kopuru hori 2002. urtera luzatu den 2001eko gastuen aurrekontuko ondoko kontusail hauen kargura ordainduko da:

-8.357 euro, "Ekimen pribatuarentzako transferentziak, energia berriztagarriak aplikatzeko" izeneko 860002-82210- 7709-751206 kontusailaren kargura.

-194.952 euro, "Ekimen pribatuarentzako transferentziak, energia berriztagarriak aplikatzeko. FEDER" izeneko 860002-82210- 7709-751203 kontusailaren kargura.

3. Foru Agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Foru Agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren lauan.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

E R A N S K I N A

Turismoko ETEetan energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko 2002ko ekitaldiko laguntzen deialdiko oinarriak

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko turismoko ETEei laguntzak ematea da, ondoren aipatzen diren instalazioak ezartzeko inbertsioak egiteko:

1. Eguzkitiko energia termikoa.

Ur beroa, berokuntza eta igerilekuen klimatizazioa lortzeko asmoz, eguzkitiko energiaz baliatzen diren instalazio termikoak, kolektore zapalak edo huts-hodiak dituztenak.

2. Eguzkitiko energia fotovoltaikoa.

a) Eguzkitiko energia fotovoltaikoaren bidez elektrizitatea sortzeko instalazioak, saretik apartekoak.

b) Eguzkitiko energia fotovoltaikoaren bidez elektrizitatea sortzeko sistemak, sareari lotuak.

Instalazio fotovoltaiko mugikorrentzat ez da laguntzarik izanen.

3. Energia eolikoa.

Elektrizitatea sortzeko instalazioak, 15 Kw bitarteko potentziakoak.

4. Mikrozentral hidroelektrikoak.

Funtsean nork bere kontsumorako behar duen energia ekoiztea xede duten instalazioak, 3 Kw bitartekoak.

5. Instalazio mistoak, aurretik azaldutako bi edo gehiagokoak.

Aurreko ataletan azaldu instalazioetako enpresa instalatzaileak beharturik daude instalazio guztiei hiru urteko garantia ematera, funtzionamendu akatsei aurre egiteko, non arazoa ez den sortu instalazioaren erabilera desegokiagatik edo manipulazio okerragatik. Garantia horren barruan sartuko dira, halaber, egin beharreko konponketa eta lanak, ekipo instalatuen ekoizlearen garantiek ezartzen dituzten mugetan.

Instalazioak aplikatu beharreko erregelamenduen araberakoak izanen dira eta haien osagaiak erakunde eskudunak homologatu beharko ditu.

2.-Onuradunak.

Laguntza hauetaz baliatu ahalko dira turismoko ETEak, 2002an Nafarroan dituzten establezimenduetan energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak jartzeko inbertsioak egiten badituzte eta ondoren azaltzen diren sektoreetako baten barruan badaude:

Hotelak eta motelak, jatetxea dutenak. CNAE epigrafea: 55111.

Hotelak eta pentsioak, jatetxea dutenak. CNAE epigrafea: 55112.

Hotelak eta motelak, jatetxerik gabeak. CNAE epigrafea: 55121.

Hotelak eta pentsioak, jatetxerik gabeak. CNAE epigrafea: 55122.

Kanpinak. CNAE epigrafea: 55220.

Turismorako apartamentuak. CNAE epigrafea: 55231.

Turismoko bestelako alojamenduak: CNAE epigrafea: 55233.

Jatetxeak: CNAE epigrafea: 55300.

Enpresa onuradunek ETEen definizioan finkaturiko mugak gainditu beharko dituzte, Batzordeak 1996ko apirilaren 3an enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz emandako 96/280/CE Gomendioan ezarritakoari jarraikiz.

3.-Laguntzen zenbatekoa.

Fondo galdurako dirulaguntzak emanen dira; instalazio motaren arabera, honenbeste:

Instalazio mistoei dagokienez, inbertsio mota bakoitzari dagokion gehieneko muga ezarriko zaio.

Dirulaguntza, betiere, inbertsioaren % 75ekoa izanen da, gehienez ere.

Dirulaguntza kalkulatzeko, Balio erantsiaren gaineko Zergaren zenbatekoa (BEZa) kenduko da.

Dirulaguntza emanen da energia produzitzeko behar diren elementuetan egindako inbertsioetarako bakarrik.

Dirulaguntza eskabideek deialdiko aurrekontua gainditzen baldin badute, dirulaguntzen zenbatekoa eskabide guztien artean banatuko da, aurrekontuko diruari egokitzeko.

4.-Inbertsioak burutzeko epea.

Dirulaguntzaren xede diren instalazioak eraiki eta abian jartzeko epea 2002ko abenduaren 31n bukatuko da.

5.-Eskabideak aurkezteko epea eta dokumentazioa.

Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nolanahi ere, epea bukatu ondoren, baina betiere abuztuaren 31 baino lehen, aurkezten diren eskabideak onartu ahalko dira baldin eta aurtengo ekitaldiko aurrekontuan horretarako dirua badago eta inbertsioa aurten egin eta bukatzeko aukerarik badago.

Eskaerak, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1, Fuerte Príncipe eraikina II, beheko solairua) emanen den ereduaren araberakoak, bertan aurkeztu beharko dira edo, bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako tokietan.

Eskaera egiteko eredua Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Erregistro Orokorrean eskuratzen ahal da, edo, bestela, ondoko Web gunean: www.cfnavarra.es/industria/areas/turismo/taymod.htm

Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauek aurketu beharko dira:

a) Pertsona fisikoek: N.A.N.aren fotokopia.

b) Pertsona juridikoek: I.F.K.aren fotokopia. Merkataritzako sozietateak badira, ondoko hauek: sozietatea eratzearen eskritura publikoaren kopia, bai eta haren aldaketena ere. Gainerako sozietate edo entitateentzat: eratzearen ziurtagiria, hala behar izanez gero, dagokion erregistroan inskribatua.

c) Proiektua justifikatzen duen memoria tekniko-ekonomikoa, bederen agiri hauek bilduko dituena:

-Proiektuaren azalpen zehatza, kalkulu energetikoak eta instalazioaren eskema.

-Egin beharreko inbertsioen aurrekontu zehatza.

-Proiektu honetarako beste Administrazio Publikoei egindako laguntza eskabidearen kopia, horrelakorik bada.

d) Aurrekontuaren onespenaren eta obra-eskaeraren kopia sinatua. Bertan azalduko dira instalatzaile adjudikazio-hartzailearen izena, diru-zenbateko osoa eta, deialdiaren arabera, eskatzen diren instalazio eta mantenimendurako bermeen adierazpena.

e) Entitatearen legezko ordezkariaren aitorpena, azkeneko hiru urteetan -aurtengoa barne- Administrazio honek edo beste batek "de mínimis" arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

6.-Eskabideen tramitazioa.

Behar diren agiri guztiak aurkezten ez badira, 10 eguneko epea emanen zaio interesatuari akatsak zuzentzeko, eta jakinaraziko zaio horrela egin ezean eskabidea bertan behera utzitzat hartuko dela.

Turismo Zerbitzuak eskabideak tramitatu eta ebazpen proposamena eginen du.

Aurkeztutako eskabideak ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, aurkezteko azken egunetik hasita.

Aipatu epea berariazko ebazpena eman gabe bukatzen bada, eskabidea ukatutzat hartuko da.

7.-Laguntzen ordainketa.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak onetsitako dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak egin direla eta eskatutako baldintzak bete direla frogatzen duten agiriak aurkeztu ondoren.

8.-Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Instalazioak abian jarri eta hilabeteko epean inbertsioak egin direla justifikatzea, eta, betiere, 2002ko abenduaren 31 baino lehen.

b) Instalatzailearen ziurtagiria, inbertsioaren frogagiriak eta ordainketarako dokumentuak gastuaren frogagirien inprimakiarekin batera aurkeztuko dira. Inprimakia Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren web-gunean eskuratzen ahal da, ondoko helbide honetan:

www.cfnavarra.es/industria/areas/turismo/taymod.htm

c) Dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak.

9.-Errekurtsoak

Deialdi honen eta bere aplikazio ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

10.-Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira onuradunei aplikatzen ahal zaizkien beste edozein laguntza instituzionalekin; dena den, energiaren arloko laguntza bat baino gehiago jasoz gero, haien zenbatekoa ezin izanen da kostu aukeragarriaren % 75 baino handiagoa izan.

Laguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Gobernuaren Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko beste unitateek ematen dituzten izaera bereko dirulaguntzekin.

Foru Agindu honetako laguntzak "minimis" araubidearen menpe daude; hau da, aurreko hiru urteko epean jaso dituen dirulaguntza guztien batura ezin izanen da 100.000 eurotik gorakoa izan.

Iragarkiaren kodea: a0203719