65. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

118/2002 FORU AGINDUA, apirilaren 30ekoa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana. Onesten ditu 2001eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako ekitaldietako Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioaren eredua (S-90) eta ordainketa zatituen aitorpen-likidazioarena (S-91), eta aitorpenak aurkezteko arauak ematen ditu.

Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboak, zerga hori arautzen duen abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko 80. eta 81. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude Zergaren aitorpena aurkeztera, zerga zorra zehaztu eta hari dagokion dirusarrera egitera, eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak ezarritako toki eta moduan.

Halaber, 24/1996 Foru Legearen 73. artikuluak ezartzen duenaren arabera, urte bakoitzeko urriaren lehenbiziko hogei egun naturaletan, aipatu subjektu pasiboek aldez aurreko ordainketa bat eginen dute, ekitaldi horri dagokion likidazioaren kontura. Subjektu pasiboek ordainketa zatituen modalitatea hautatzen badute, S-91 eredua erabiliko dute.

Bestalde, adierazi behar da Foru Agindu honen bidez onesten diren ereduak euroa sartzeko bitarteko aldia bukatutakoan hasiko direla erabiltzen; horregatik, euroa sartzeari buruzko abenduaren 17ko 46/1998 Legearen 23. artikuluarekin bat, Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioan eta ordainketa zatituen aitorpen-likidazioan agertu behar duten diru zenbatekoak eurotan baizik ez dira emanen.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

Lehenbizikoa.-Sozietateen gaineko Zergaren autolikidaziorako S-90 eredua onestea.

1. Onetsi egiten da Sozietateen gaineko Zergaren autolikidaziorako S-90 eredua, Foru Agindu honen I. eranskinean agertzen baita, 2001eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako ekitaldietarako.

Aipatu ereduaren 18. orrialdea estatistikarako izanen da soilik.

2. Halaber, zilegi izanen da aitorpena Ekonomi eta Ogasun Departamentuak horretarako prestatzen duen programa informatikoa aplikatu ondoren sortutako agirian aurkeztea.

Bigarrena.-Aitorpena egitera behartuak daudenak.

Hitzarmen Ekonomikoaren 17. artikuluan xedatutakoren arabera zergak Foru Komunitatean ordaindu behar izanik, 24/1996 Foru Legearen 11. artikuluan aipatzen diren subjektu pasiboak dira S-90 ereduari jarraituz aitorpena egitera behartuak daudenak.

Hirugarrena.-Aurkezteko tokia eta epea, eta ordaindu edo itzultzeko modua.

1. Foru Agindu honen bitartez onetsitako autolikidazioaren eredua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Ekonomi eta Ogasun Departamentuan aurkeztu beharko da edo posta ziurtatuaz bertara igorri, beste Administrazio batzuetan aurkeztu behar diren aitorpenak galarazi gabe, hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz gain beste baten zergapeko izanez gero.

Nafarroako Foru Komunitatearen dirubilketa erregelamendua onesten duen uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, entitate laguntzaileetan ere aurkezten ahalko da.

Hurrengo zenbakian ezartzen den epeaz kanpo aurkeztutako aitorpenak Ekonomi eta Ogasun Departamentuko bulego iraunkorretan aurkeztuko dira edo, bestela, posta ziurtatuaz igorriko.

2. Subjektu pasiboek zergaldia bukatu ondoren sei hilabete pasa eta hurrengo 25 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru arautegia, nola Estatuko arautegia aplikatu behar denean.

3. Subjektu pasiboak, aitorpena aurkezten dutenean, beharturik izanen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Ogasun Publikoaren lankide den edozein finantza entitatetan sartzera. Dirusarrera egiteko 712 "Ordain gutuna" eredua erabiliko da.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, zein entitate eta kontutan ordaindu behar den adierazi beharko da aitorpenak horretarako duen atalean.

Laugarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Subjektu pasiboek, aitorpenarekin batean, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Konturako atxikipen edo dirusarrerak aitortzen direnean: ordaintzaileak luzatutako ziurtagiria, gutxienez datu hauek jasoko dituena:

-Etekinen ordaintzailearen izen-deiturak edo sozietatearen izena, helbidea eta IFZ edo IFK eta etekinen zenbatekoa.

-Hartzailearen sozietatearen izena, IFK eta helbidea.

-Konturako atxikipen edo dirusarreraren zenbatekoa, horrelakorik egin bada.

Etekinak gordailu edo kudeaketako entitateen bidez ordaintzen badira, aurreko ziurtagiriaren ordez entitate horiek interesatuei zenbat ordaindu eta zenbat atxiki zaien adierazteko ematen dizkieten komunikazioak aurkezten ahalko dira.

b) Inbertsioetarako Erreserba berezirako izendatutako diru kopuruarengatik zerga oinarriaren murrizketa aplikatu behar denean: kopuruaren azalpena eta dagokion inbertsioaren egiaztagiriak.

c) Gardentasun fiskalaren araubideari jarraikiz tributatzen duten entitateetako bazkide diren subjektu pasiboek, edo bazkide izateak berekin dituen eskubide ekonomikoak dituztenek, egozpenen ziurtagiriak aurkeztuko dituzte, Zergaren Erregelamenduaren 32.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

d) Pizgarriengatik zerga-kuotan egindako kenkarien egiaztagiriak.

Ikerketa zientifikorako eta berrikuntza teknologikorako jarduerengatiko kenkaria baldin bada, haren proiektua eta azalpen txostena aurkeztuko dira, edo, bestela, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren txostena, bi agiri horiek aipatzen baitira Zergari buruzko Foru Legeko 66. artikuluan, ikerketarako, garapen zientifiko eta teknologikorako, berrikuntzarako, eta enplegu sustapenerako pizgarri fiskalei buruzko martxoaren 1eko 3/2001 Foru Legeak artikulu horri emandako idazketaren arabera.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa ezertan ukatu gabe, likidazio oinarria eta kuota ezartzeko behar den justifikazioa, martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan, ordainagiriak nola luzatu eta gastu eta kenkariak nola egiaztatu arautzen duen hartan aurreikusitako moduan eginen da.

Bosgarrena.-S-91 eredua onestea.

Onesten da S-91 eredua, "Sozietateen gaineko Zergaren aitorpen-likidazioa. Ordainketa zatituak". Foru Agindu honen II. eranskinean ageri da. Eredu horrek hiru ale ditu: "Administrazioarentzako alea", "Interesatuarentzako alea" eta "720 ordain gutuna".

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita hamarrean.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

I. ERANSKINA

II. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: B0205070