64. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

143/2002 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. Nafarroako Foru Komunitatean, proba bereziak arautu eta deialdiak egiten ditu, musikako irakasleen eta goi mailako irakasleen titulua lortzeko irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera, eta apirilaren 25eko 168/1991 Foru Dekretuko plan esperimentalaren arabera hasitako Dantza Klasikoko ikasketei amaiera emateko.

Uztailaren 1eko 1487/1994 Errege Dekretuaren arabera, irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuak ezarritako ikasketa planetako ikasmailak iraungi eta hurrengo bi urteetan proba berezietarako deialdia eginen da, espezializate guztietako Oinarrizko Diploma eta Musikako Irakasle Titulua eta Goi Mailako Irakasle Titulua lortzeko, ezartzen diren baldintzetan, irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuak arautzen dituen ikasketa planak iraungitzeak ukituriko ikasleendako. Horretarako, hezkuntza administrazioek neurri egokiak hartuko dituzte eta, hala bada, plan horren arabera hasitako ikasketak bukatzeko proben prestakuntzarako erraztasunak emanen, ikasketa plan berrian sartzen ez diren ikasleendako, urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren arabera.

Uztailaren 25eko 1112/1999 Errege Dekretuak ekainaren 14ko 986/1991 Errege Dekretua aldatu eta osatu zuen. 986/1991 Errege Dekretuaren bidez hezkuntza sistemaren antolamendu berria abian jartzeko egutegia onetsi zen. 1112/1999 Errege Dekretuak 32. artikuluan xedatzen du irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera erdi mailako ikasketak egiten segitzeko aukerak 2000-2001 ikasturtea bukatu arte iraunen duela eta goi mailako ikasketak egiten segitzekoak, oro har, 2001-2002 ikasturtea bukatu arte.

Uztailaren 19ko 231/1993 Foru Dekretuak, Nafarroako Dantza Eskola Ofiziala Berariazko Dantza Eskola bihurtu zuenak, Hirugarren Xedapen Iragankorrean ezartzen du proba bereziak eginen direla apirilaren 25eko 168/1991 Foru Dekretuko plan esperimentalaren arabera hasitako ikasketei amaiera emateko, iraungitze dataren ondoko bi urteetan.

Ekainaren 14ko 986/1991 Errege Dekretuak, hezkuntza sistemaren antolamendu berria abian jartzeko egutegia onetsi zuenak, 40. artikuluan ezartzen du 2000/2001 ikasturtean amaituko direla hezkuntza sistemaren antolamendu berriaren aurreko dantza ikasketak.

Bidezkoa da, beraz, Nafarroako Foru Komunitatean, proba bereziak arautu eta deialdiak egitea, musikako irakasleen eta goi mailako irakasleen titulua lortzeko irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera, eta apirilaren 25eko 168/1991 Foru Dekretuko plan esperimentalaren arabera hasitako Dantza Klasikoko ikasketei amaiera emateko.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2.b) eta c) idatz-zatiek emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Xedea eta esparrua.

1. Foru Agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean, proba bereziak arautu eta deialdiak egitea, musikako irakasleen eta goi mailako irakasleen titulua lortzeko irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera, eta apirilaren 25eko 168/1991 Foru Dekretuko plan esperimentalaren arabera hasitako Dantza Klasikoko ikasketei amaiera emateko.

2. Proba horiek 2001-2002 eta 2002-2003 ikasturteetan eginen dira, Musikako Irakasle Titulua eta aipatu plan esperimentalaren araberako Dantza Klasikoko ikasketen amaierako ziurtagiria lortzeko, eta 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan, berriz, Musikako Goi Mailako Irakasle Titulua lortzeko.

Bigarrena.-Deialdiak, eta probak egiteko tokia.

1. Proba bereziak bi deialditan eginen dira urtearen barrenean (ekainean eta irailean).

2. Musikako tituluak lortzeko probak "Pablo Sarasate" Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eginen dira. Dantza Klasikoko ikasketak amaitzeko probak Nafarroako Berariazko Dantza Eskolan.

Hirugarrena.-Proba berezietan parte hartzea.

Proba berezietan parte hartu ahalko dute, ikasketa plan zaharretako espezialitatea eta, hala denean, gradua hasi arren plan horiek iraungi baino lehen bukatu ez eta ikasketa plan berriari heldu ez dioten ikasleek.

Laugarrena.-Proben edukia.

Irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera musikako irakasleen eta goi mailako irakasleen titulua lortzeko eta apirilaren 25eko 168/1991 Foru Dekretuko plan esperimentalaren arabera Dantza Klasikoko ikasketei amaiera emateko proba berezietara aurkezten direnek gainditu egin beharko dute gainditu gabe dituzten irakasgaien azken kurtsorako eskatzen den maila; hori bat etorriko da titulazioa lortzeko espezialitatearekin edo, dantza ikasketen kasuan, ziurtagiriarekin.

Bosgarrena.-Epaimahaiak.

Proba berezietako epaimahaiak Administrazioak izendatuko ditu, eta irailaren 10eko 2618/1996 Dekretuaren arabera Goi Mailako Irakasle titulua lortzeko kasuan honako hauek osatuko dute: mahaiburu bat, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen Kidegokoa lehentasunez (dagokion espezialitatekoa), eta bi mahaikide, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen Kidegokoak lehentasunez (dagokion espezialitatekoak).

Irakasle titulua lortzeko irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera, eta Dantza Klasikoko ikasketen amaierakoa apirilaren 25eko 168/1991 Foru Dekretuaren arabera, epaimahaiak honako hauek osatuko dituzte: mahaiburu bat, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen Kidegokoa edo, hala denean, Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegokoa izanen dena lehentasunez (dagokion espezialitatekoa), eta bi mahaikide, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen Kidegokoak edo, hala denean, Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegokoak lehentasunez (dagokion espezialitatekoak).

Aurreko baldintzak betetzen ez direnean, Administrazioak, bere eskumenen esparruan, epaimahaietan aholkulariak sartzeko proposamena egin ahalko du. Aholkulari horiek ematen zaien eginkizunari dagokion gaitasun profesionala izan beharko dute.

Seigarrena.-Kalifikazioak.

1. Probetako irakasgaiei dagozkien ariketak 0 puntutik 10era bitarte baloratuko dira, eta 5 puntu edo gehiago lortu beharko dira gainditzeko.

2. Epaimahai bakoitzak akta bat eginen du ikasleek lortutako emaitzen berri emateko. Akta epaimahaiko kide guztiek sinatuko dute, eta zein deialdi bereziri dagokion adieraziko da.

3. Proba berezia zein ikastetxetan egiten den, hark banan-banako ziurtagiriak eginen ditu eta ikasle bakoitzaren irakasgai eta kalifikazioak azalduko bertan. Ikasketen espedienteari erantsiko zaio ziurtagiria.

Ziurtagirian informazio hau bilduko da gutxienez:

a) Deialdiaren data.

b) Titulua, diploma edo ziurtagiria, ikaslea zein espezialitatetan aurkeztu den zehaztuta.

c) Bakoitzean izan diren irakasgai eta kalifikazioen zerrenda.

Zazpigarrena.-Proba berezien balorazio objektiboa.

Proben kalifikazioari buruzko erreklamazioak epaimahaiburuari zuzendurik aurkeztuko dira, probak egiten diren tokian, emaitzak argitaratu eta bost egun balioduneko epean gehienez ere. Erreklamazioen gaineko ebazpenak toki berean argitaratuko dira, aurkezteko epea bukatu ondoko hamar egun balioduneko epean. Ebazpen horien kontra izangaiak erreklamazioa egin ahalko du, argitaratu eta bost eguneko epean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuan.

Zortzigarrena.-Tituluak eta ziurtagiriak luzatzea.

1. Proba bereziak bukatutakoan, titulua edo ziurtagiria luzatzeko tramiteak hasi ahalko ditu ikasleak.

2. "Pablo Sarasate" Goi Mailako Musika Kontserbatorioak eta Nafarroako Berariazko Dantza Eskolak, ikasleak dagozkion irakasgaiak proba berezian gainditu dituela eta tituluak edo dantza ikasketak bukatu izanaren ziurtagiriak lortzeko baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, horiek luzatzeko tramitazioa hasiko du.

Bederatzigarrena.-Matrikularen eta proben egutegia.

1. Proba berezietan matrikulatu ahal izateko, ikasleek ikasketa espedientea irekia izan beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeren batean, dagozkien ikasketak iraungitzen diren egunean.

2. Matrikularen eta proben egutegia Foru Agindu honen 1. eranskinean eman da argitara.

3. Ikasleek proba berezietan onartzeko eskabidea aurkeztuko dute probak eginen diren ikastetxeko idazkaritzan. Eskabidean adierazi beharko dute zein den probei dagokien titulazioa edo ikasketak amaitu izanaren ziurtagiria eta espezialitatea, 2. eta 3. eranskinetan ezarritakoari jarraikiz. Horren ondoren matrikula formalizatuko dute.

4. Proba berezietarako matrikularen tarifak erdi edo goi mailako ikasle libreentzat araututakoen antzekoak izanen dira.

5. Ikasturte jakin bateko ekaineko deialdirako matrikulatuta dauden ikasleek proba gainditzen ez badute, ikasturte bereko iraileko deialdian parte hartu ahalko dute, matrikula berritu eta tasak berriz ordaindu behar izan gabe.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Hezkuntza zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio Foru Agindu hau aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu hau eta eranskinak igortzea Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, "Pablo Sarasate" Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikuskatzaileari eta Nafarroako Berariazko Dantza Eskolakoari, Musika Ikasketen Unitate Teknikora, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegora, "Pablo Sarasate" Goi Mailako Musika Kontserbatoriora, Nafarroako Berariazko Dantza Eskolakora, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, argitara daitezen.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek eta bere eranskinek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren zortzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

1. ERANSKINA

Matrikulen eta proben egutegia

2001/2002 ikasturtea

Ekaineko deialdia:

Matrikula: 2002ko maiatzaren 28tik ekainaren 3ra.

Proben eguna: 2002ko ekainaren 10a.

Iraileko deialdia:

Matrikula: 2002ko ekainaren 24tik 28ra.

Proben eguna: 2002ko irailaren 16a.

2002/2003 ikasturtea

Ekaineko deialdia:

Matrikula: 2002ko maiatzaren 26tik 30era.

Proben eguna: 2002ko ekainaren 9a.

Iraileko deialdia:

Matrikula: 2002ko ekainaren 23tik 27ra.

Proben eguna: 2002ko irailaren 15a.

2003/2004 ikasturtea

Ekaineko deialdia:

Matrikula: 2002ko maiatzaren 24tik 28ra.

Proben eguna: 2002ko ekainaren 7a.

Iraileko deialdia:

Matrikula: 2002ko ekainaren 21etik 25era.

Proben eguna: 2002ko irailaren 13a.

2. ERANSKINA

3. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: a0205102