62. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 22a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

U H A R T E

Uharteko Udaleko idazkari izateko lanpostu bat, bitarteko gisa eta administrazio-kontratuarekin, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia

Oinarriak

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Uharteko Udaleko idazkari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzea.

1.2. Egin beharreko hautapen probak 6. oinarrian agertzen dira, eta lehiaketaldia deialdi honen II. eranskinean ezarritakoari jarraituz baloratuko da.

1.3. Administrazio kontratu honek urtebeteko iraupena izanen du, eta luzatu ahalko da zerbitzuaren beharren ariora. Nolanahi dela ere, idazkaritza jabetzan hartzen denean bukatuko da kontratua, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen VII. tituluko II. kapituluan aurreikusten den bezala.

1.4. Lanpostuak A mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak jasoko ditu, Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, baita onesten diren eta/edo dagokion plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere.

1.5. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko kide eginen da eta hartan inskribatuko, hain zuzen ere erabili nahi den administrazio-kontratuari dagokionean.

1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Udalak noiznahi alda dezake.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzearekin, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Europako Batasuneko estatu bateko hiritarra izatea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Zuzenbidean, Zientzia Politikoetan edo Soziologian lizentziatua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean, lortzeko maneran egotea.

d) Lanpostuan aritzeko gaitasun fisiko nahiz psikikoa izatea.

e) Funtzio publikoan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez izana, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ere.

f) Udaleko diruzaintzan 11,88 euro ordaintzea, azterketa eskubideak izateko.

2.2. Aitzineko baldintzak deialdiko zazpigarren oinarrian ezarritako epean eta moduan frogatu beharko ditu probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Eskabideak aurkezteko epea finitzen den egunean bete egin beharko dira aipatu baldintzak, baita hautapen prozedurak dirauen bitartean eta izendapena ailegatu arte ere.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Uharteko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, edo bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatu bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabide horiek deialdi honetan aurkeztutako ereduari beharko zaizkio lotu. Eredua deialdia egin duen Udaleko bulegoetan eskuratu ahalko da, eta bertan eskabideak aurkezteko emandako epea finitzerako baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek. Eskabide horiek deialdi honetako I. eranskinean emandako ereduari lotuko zaizkio. Horrekin batera lehiaketaldian baloratuko diren merezimenduak egiaztatzen dituzten jatorrizko ziurtagiriak, kopia kautotuak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira.

3.2. Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein minusbaliotasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten, eta, orobat, minusbaliotasunaren ziurtagiria, erakunde eskudunek luzatua, erantsi beharko dute.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea finitu ondoan, alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.2. Izangai baztertuek erreklamazioak egin ahalko dituzte Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunetan, eta akatsik egin badute, horiek zuzendu ere bai.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea finiturik eta horiek ebatzitakoan, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

5.-Epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Martín Astráin Lazcano jauna.

Ordezkoa: Santiago Casamayor Armendáriz jauna.

Lehenengo mahaikidea: José Iriguibel López jauna.

Ordezkoa: Atarrabiko Udaleko idazkaria.

Bigarren mahaikidea: Fernando Isasi Ortiz de Barron jauna.

Ordezkoa: Eduardo Ruiz de Erenchun jauna.

Hirugarren mahaikidea: Elisa García Leránoz andrea.

Ordezkoa: Eva Sada Urabayen andrea.

Laugarren mahaikide-idazkaria: Valero Iribertegui jauna.

Ordezkoa: Burlatako idazkaria.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia eratu eta haren jarduketak balioa izateko, kide guztien erabateko gehiengoa bildurik izan beharko da. Organo kolegiatuaren eraketak balioa izateko, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak bederen elkartu beharko dira.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, deialdia egin duen organoari horixe jakinaraziko diotelarik, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako abstentzio arrazoiak daudenean. Halaber, izangaiek, aipatu gorabeherak suertatuz gero, epaimahaikideak errefusatu ahalko dituzte.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei dei egin ahalko die proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan baizik ez dira ariko eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizio-lehiaketaren hasiera eta garapena.

6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua. Gero, epaimahaiak behar den garaian aditzera emanen ditu gainerako probak egiteko iragarkiak, arauzko moduan.

6.2. Lehiaketaren garapena.

Izangaiaren merezimenduak baloratuko dira gehienez ere 30 puntu emanez, II. eranskinean zehaztutakoaren arabera.

6.3. Oposizioaren garapena.

Oposizioko ariketak hauek izanen dira:

a) Lehenengo ariketa: teorikoa.

Ariketan III. eranskinean azaltzen den programako gaiei buruzko galdera motzei erantzun beharko zaie. Gaiak Zuzenbide Administratibo Orokorraren eta Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainekoak dira eta Nafarroako Udal Administrazioari buruz bereziki.

b) Bigarren ariketa: praktikoa.

Aurreko atalean aipatutako gaiei buruzko bi kasu praktiko garatu beharko dira. Proba honetan izangaiek lege testuak erabil ditzakete.

Garapenak ordenagailuz idatzi beharko dira eta epaimahaiaren aurrean ahoz azaldu.

c) Hirugarren ariketa: elkarrizketa.

Lanpostuko eginkizunei eta udalerriaren ezagupenei buruzko elkarrizketa izanen da.

6.4. Oposizioko ariketen balorazioan 70 puntu eman daitezke gehienez ere, eta honela banatuko dira ariketen arabera:

-Lehen ariketa: 30 puntu gehienez, eta gutxienez 15 puntu lortu behar dira.

-Bigarren ariketa: 30 puntu gehienez, eta gutxienez 15 puntu lortu behar dira.

-Hirugarren ariketa: 10 puntu gehienez; ez dago gutxieneko puntuaziorik eta ez da baztergarria izanen.

6.5. Oposizioko ariketak, elkarrizketa salbu, baztergarriak izanen dira, eta bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzaren gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.6. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, Uharteko Udaleko iragarki oholean eta aurreko probak egin diren tokietan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, haien kalifikazioekin batean eta, halaber, oposizioko hurrengo ariketa zein toki, egun eta ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik bederen.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiari aski iduritzen zaion beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuak geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

6.8. Hautapen probak egiteko, eskaera egin duten minusbaliatuendako bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa finiturik, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, deialdia egin duen Udaleko iragarki oholean eta/edo azken ariketa egin den tokian, probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak oposizioko ariketetan ateratako kalifikazioak batu ondotik, izan ere, lehiaketaldiko balorazioarekin batean, bi faseetan osotara puntuaziorik altuena erdietsi duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena ere horri jarraituz eginen baita. Delako proposamena Uharteko Udaleko iragarki oholean argitaratuko da.

Hautapen proben azken emaitzan berdinketarik izanez gero, balorazio handiena duten ariketetan puntu gehien erdietsi dutenen alde hautsiko da.

7.2. Izendapen proposamena Uharteko Udaleko iragarki oholean argitaratu ondoko 15 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiriok aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea egiaztatzen dituen agiri baliokidea.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Kidegoko kide den sendagile batek luzatutako ziurtagiria, karguari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela egiaztatzen duena. Minusbaliatua dela alegatu duen izangaiak, gainera, minusbaliotasuna duela eta hura deialdiaren xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria, balorazio eta orientaziorako talde eskudunek luzatua, aurkeztu beharko du.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan dioena.

e) Zin egin edo hiz ematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko direla dioena.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuak salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta beren jarduketa guztiak baliorik gabe geratuko dira, eskabideko faltsukeriagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aitzineko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, alkateak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

8.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Uharteko alkateak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia izendatuko du Uharteko Udaleko idazkari, bitarteko gisa, eta, beraz, izendapenak dakarren kontratua sinatuko da.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ahalko da.

8.3. Izangai izendatuak hamabost eguneko epearen barrenean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik hasita, aipatu kontratua sinatuz. Ezinbesteko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu izendapenak dakarren kontrataziorako. Horrela gertatuz gero, deialdiko 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.-Errekurtsoak.

Deialdiaren kontra, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintza guztien kontra, hautara, errekurtso hauetako bat paratu ahalko da:

-Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena:.............., adinez nagusia, NAN zenbakia (edo nortasun agiri baliokidea):........., sorteguna: ........, sorlekua: .........(........), nazionalitatea: ..........., bizitokia: ......(.....), karrika: .........., posta kodea: ........, telefonoa:..........

Zure aitzinera agertu eta honela diot:

Onartua izatea eskatzen dudala Uharteko Udaleko idazkari lanpostua oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian. (zenbaki honetako ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, data honetan:

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez dudala.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela disziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia izan, ezta ezgaitua ere eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiaren 2. oinarrian adierazitako titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko emandako epea finitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, eta zerrenda honetako merezimenduak aintzat hartu eta baloratzeko eskatzen dudala, honekin batera joanik, agiri bidez frogatzen baititut: ..................

Udaleko diruzaintzan 11,88 euro ordaindu ditudala, azterketa eskubideak izateko.

Badudala minusbaliotasunik, eta horregatik eskatzen dudala ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik. (Beste orri batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik-norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak).

Minusbaliotasuna egiaztatzeko erakunde eskudunak luzaturiko ziurtagiria aurkeztu dudala.

Euskararen ezagutza probak egin nahi ditudala/ez ditudala egin nahi (ezabatu ez dagokiona).

Hizkuntza honen ezagutza probak egin nahi ditudala/ez ditudala egin nahi (ezabatu ez dagokiona, eta jarri X ondoko hiruretako batean):

f Alemana.

f Frantsesa.

f Ingelesa.

Horrenbestez:

Eskatzen dizut ontzat har dezazun eskabide hau eta, hortaz, onar nazazun Uharteko Udaleko idazkari lanpostua, oposizio-lehiaketa bidez, betetzeko deialdian.

Uharten, ......(e)ko .........aren......(e)an.

(Sinadura)

UHARTEKO UDALEKO ALKATEA.

II. ERANSKINA

Lehiaketaldiko balorazioa

1. Deialdi honetako izangai guztiek, merezimenduak dituztela uste badute, oinarri hauetako zehaztapenei jarraituz, agiri bidez frogatu behar dute, deialdirako onarpen eskaera egiten duten momentuan.

2. Deialdi honetan aurreikusita dauden probetan lehena hasi baino lehen, epaimahaiak Udaleko iragarki oholean eta, horrela behar badu, probak egiteko lokalekoan, argitaratuko du alegatutako merezimenduen balorazioaren emaitza, ondotik ematen den baremoari jarraituz.

A) Esperientzia eta ikastaroak. Gehienez ere 20 puntu.

-Nafarroako Toki entitate batean idazkari gisa emandako zerbitzuengatik: 3 puntu, urte bakoitzeko.

-Nafarroako Gobernuan, zuzenbideko titulua eskatu dioten lanpostu batean aritu izanagatik: puntu 1, urte bakoitzeko.

-Zuzenbide administratiboko edozein adarretako espezializazio edo sakontze ikastaroetara joateagatik: puntu 1 ikastaro bakoitzeko eta gehienez ere 8.

Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

-Baloratu beharreko urteak osoak ez badira, behar den proportzionalitatea aterako da.

-Ez dira bi aldiz kontatuko baremoko multzo bakoitzean sartutako zerbitzuak, aldi berean eman badira.

-Onartzeko eskabidearekin batean erantsitako jatorrizko agiriak badituzte edo behar bezala konpultsatuak badaude baizik ez dira kontuan hartuko merezimenduak. Gainera merezimenduen zerrenda aurkeztu beharko da.

B) Euskaraz, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea.

-Euskaraz jakiteagatik, gehienez ere 5 puntu. Hori egiaztatu ahalko da Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiriaren bitartez edo ofizialki balio bera duen beste titulu baten bidez, edo, bestela, epaimahaiak ezarriko duen proba gaindituz.

-Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, gehienez ere 5 puntu. Hori egiaztatu ahalko da Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiriaren bitartez edo ofizialki balio bera duen beste titulu baten bidez, edo, bestela, epaimahaiak ezarriko duen proba gaindituz.

Euskararen eta frantses, ingeles edo alemanaren proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabidean, zehaztuz zein proba egin nahi duten. Proba hori beste probak bukatutakoan eginen da.

III. ERANSKINA

Gaiak

1.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta hori garatzen duen araudia.

2.-Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea eta hori garatzen duen araudia.

3.-Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

4.-Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

5.-Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea.

6.-Lurraldearen antolamendu, hirigintza, ingurumen eta etxebizitzari buruzko araudia.

7.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei buruzko araudia.

Iragarkiaren kodea: A0204670