62. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko martxoaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeko Hirigintza Azpibatzordeak hartua, Faltzesko Udal Plana, bertako Udalak sustatua, behin betikoz onesten duena.

Faltzesko Udalak, 2001eko abuztuaren 28an, bertako Hirigintzarako Planeamendurako proiektua aurkeztu zuen, behin betikoz onets zedin.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Hirigintza Azpibatzordeari Planaren edukiaren berri jakinarazi eta proposatu dio behin betikoz onets dezala, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak 2002ko martxoaren 5ean eginiko txostenean ageri ziren zehaztapenekin. Txosten horretaz eztabaidatu ondoren, erabaki da Faltzesko Udal Plana behin betikoz onestea, Erabaki honen xedapen zatian ezarri bezala.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 289.e) artikuluan eta Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen antolaketa eta funtzionamendurako Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 14ko 224/1994 Foru Dekretuaren 2. artikuluan adierazitakoarekin bat, Hirigintza Azpibatzordeak

ERABAKI DU:

1. Faltzesko Udal Plana, bertako Udalak sustatua, behin betikoz onestea, zehaztapen hauekin:

A) Planeko Hirigintza Arautegiko 20. artikulutik hau dioen lerroaldea kendu behar da: "sustatzaileak esparruan egitekoak diren babes ofizaleko etxebizitzak eraikitzeari uko eginen balio, hirigintza arautegi partikularreko fitxan aurreikusten den gehieneko eremu eraikigarria ere gutxituko litzateke, eraikitzen ez diren etxebizitzen kopuruaren proportzioan, baimenduriko etxebizitza guztien aldean". Izan ere, horrela 10/94 Foru Legeko 74. artikulua betetzeko bermerik ez da ematen.

B) Consernako bidegurutzeko hiri lurzoruko industrialdean eraikinen trinkotasuna lurzati bakoitzean dagoena da, gaur egun okupazioak eremuaren % 50 baino gehiago egiten badu, edo ehuneko hori lortu ez duten horietan, lurzati bakoitzeko eremuaren % 50 okupatzetik ateratzen dena.

2. 10/1994 Foru Legeko 116. artikuluko 7. idatz-zatiarekin bat, Udalak, gehienez ere hiru hilabeteko epean, Udal Planaren testu bategina prestatu beharko du, lehen eman diren zehaztapenak bilduko dituena.

3. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko helegitea jartzen ahal dela adieraztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean gehienez ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluei jarraikiz (Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzkoa). Espedientearen kontra administrazioarekiko auzi-helegitea jartzen ahal da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean gehienez ere, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluan xedatutakoari jarraikiz Administrazioarekiko Auzi-jurisdikzioa arautzen duen Legea baita.

4. Faltzesko Udalari Foru Agindu honen berri ematea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeita seian.-Lurraldearen Antolamenduko Batzordeko idazkaria, Jesús Ascunce Elizaga.

Iragarkiaren kodea: A0204205