62. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

275/2002 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Iruñeko Fuerte del Príncipe gazteen egoitzan, 2002-2003 ikasturtean, ikasle-egoiliarrentzako plazak betetzeko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da, 2002-2003 ikasturtean, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Iruñeko Fuerte del Príncipe gazteen egoitzako ikasle- egoiliarrentzako plazak betetzea.

2.-Egoitza.

2.1.-"Fuerte del Príncipe" gazteen egoitza, 31005 - Iruña (Nafarroa), Goroabe kalea 36.

3.-Eskabideak.

3.1. 46 plaza eskaintzen dira.

3.2. Hauexek eskatzen ahal dute egoiliar postua: 2000-2001 ikasturtean egoiliar postua izan zutenak, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuak egin behar dituzten ikasleak eta lehenbiziko kurtsoa Iruñeko ikastetxe ofizial batean egin behar dutenak, beti ere 26 urtetik beherakoak baldin badira.

4.-Eskabidearen aurkezpena eta dokumentazioa.

Eskabideak, I. eranskinean datorren ereduaren arabera beteak, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea 25, 31002 - Iruña), deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Eskabideak posta ziurtatuaren bidez igortzen ahal dira, atzeko aldean hauxe jarriz: "Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Iruñeko Fuerte del Príncipe gazteen egoitzako ikasle-egoiliarrentzako plazen deialdia". Eskabideak balio dezan, postako funtzionario batek sinatu eta zigilatu behar du, gutunazala itxi aurretik, eta horren berri emanen da, eskabideak aurkezteko epearen barrenean, "Fuerte del Príncipe" Egoitzara bidalitako fax edo telegrama baten bidez (Goroabe kalea 36, 31005 - Iruña - Fax: 948-29 05 40).

5.-Dokumentazioa.

5.1. Eskabideei honako dokumentazioa erantsiko zaie:

-Onartua izateko eskabidea.

-NANaren fotokopia.

-Karnet neurriko bi argazki.

-2001-2002 ikasturteko kalifikazioen ziurtagiria.

-Egoiliar-plaza lehenbiziko aldiz eskuratu nahi duten ikasleek 2000-2001 ikasturteko kalifikazioen ziurtagiria ere aurkeztu behar dute.

-Bestelako dokumentuak, eskatzaileak eskabideari laguntzeko egokitzat jotzen dituenak.

5.2. Dokumentazio osagarria.

Irailean, edo lehenago, beharrezkoa balitz, egin beharreko ikasketei dagokien matrikularen jatorrizkoa eta fotokopia aurkeztu beharko dira, 3.2. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

6.-Balorazioa.

6.1. Batzorde batek aurkezturiko eskabideak aztertu eta proposamen bat bidaliko dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Batzordea hauexek osatuko dute: Gazteri zuzendariordea, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko legelaria, Gazte Ekintzen atalburua eta Fuerte del Príncipe Gazteen Egoitzako zuzendaria.

6.2. Batzordeak honako irizpide hauei jarraituko die eskabideak aurkezterakoan:

6.2.1. 2001-2002 ikasturtean ikasle-egoiliar plaza lortu zuten eskatzaileek lehentasuna izanen dute berriz hori eskuratzeko, beti ere hurrengo kurtsoan matrikulatzen ahal badira, edo unibertsitateko ikasketak direnean, ikastetxean segitu ahal izateko behar adina kreditu gainditu badituzte eta Egoitzako zuzendariak kontrako txostenik eman ez badu. Bestetik, aintzat hartuko dira zailtasun handiko goi mailako ikasketetan lortutako kalifikazioak.

Ikasleren bat 2001-2002 ikasturtean egindako ikasketetan ez baizik eta erregimen orokorreko beste ikasketa arautu batzuetan matrikulatzen bada, aurreko kurtsoa gainditu izan beharko du, ikasketa horietan segitu behar balu bezalaxe. Arestian esandako guzti-guztirako ekaineko kalifikazioak hartuko dira kontuan.

-Unibertsitatetik beherako irakaskuntza arautuan ari diren 15 eta 17 urte bitarteko adingabeek lehentasuna izanen dute egoitzako plaza libreak eskuratzeko, ikasketak egiteko nahitaez herritik kanpora joan behar baldin badute.

Salbuespen gisa, inguruabar bereziak daudenean, batzordeak kurtsoa errepikatzeko plazak eman litzake, beti ere aurretik Egoitzako zuzendariak txosten batean hori justifikatu ondoren.

6.2.2. Egoiliar berrientzako plazetarako eskabideak onartu eginen dira, baldin eta deialdiaren baldintza guztiak eta 6.2.1. oinarrikoak betetzen badira.

Izaera orokorrez, ikasle-egoiliarren eskabideak baloratzeko baremoan honako hauek hartuko dira kontuan:

-Nafarra izatea edo helbidea Nafarroan izatea 2002ko urtarrilaren lehenean.

-Eskatzaileak eskolan lortutako kalifikazioak.

-Anai-arrebaren bat izatea Gazteen Egoitzan.

-Hezkuntza zikloa Iruñean hastea.

-Eskatzaileak aurkeztutako merezimenduak.

-2001-2002 ikasturtean Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bekaz baliatu izana.

-Familia larria izatea.

7.-Ebazpena.

7.1. Eskabideak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, horiek aurkezteko epea amaitu eta, gehienez ere, 4 hilabeteko epean.

7.2. Eskabideak ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpena eman gabe akituz gero, eskaera ezetsia dela ulertuko da.

8.-Adjudikazioa.

8.1. Plazak adjudikatzeko baldintzak honako hauek izanen dira:

-Aurreko ikasturteetako egonaldiei dagozkien hilabeteko zenbateko guztiak ordainduta edukitzea.

-Hilabeteko bat ordaintzea (ostatu eta egonaldiaren gastuak) jakinarazpenaren ondoko 10 egun naturaleko epean. Hilabeteko hori 2003ko maiatzekoa da.

-5.2. oinarriari segituz, dokumentazio osagarria aurkeztea (matrikula).

Egoiliar plaza adjudikatuta izateak mantenua eta ostatua izateko eskubidea ematen du, eskola-garaian, Eguberrietan, Aste Santuan eta udan izan ezik. Opor-garai hauetan, abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra bitartean eta apirilaren 17tik apirilaren 27ra bitartean, Egoitza itxita egonen da eta ez da inor gelditzen ahalko.

8.2. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak atzera botatzen ahal du, osorik edo zati batean, erabilerarako baimena, honako kasuotan:

-Instalazioak behar bezala ez erabiltzea.

-Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

-Eskabidean datu faltsuak jartzea.

-Egoitzako barneko arautegia ez betetzea.

9.-Egoiliarren betebeharrak.

Egoiliarrak behartuak daude egoitzaren barne arauak betetzera, baita, haiek aplikatzeko, zuzendariak ematen dituen jarraibideak ere.

Era berean, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Batzordeak ofizialki onetsitako prezioak ordaindu beharko dituzte hilabete bakoitzaren hamarra baino lehen, egoitzaren kontuan dirua sartuz. Diru kopuru hori egoitza erabiltzeari eta egonaldiari dagokie. Mantenuaren gastua, berriz, zerbitzu horiek ematen dituen enpresari ordaindu beharko dio, kargu baten bitartez, kontsumitutakoaren arabera.

2001eko abenduaren 14an Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Batzordeak hartu zuen Erabakiaren arabera (Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroetako prezio eta tarifen erregimena onartzen duena, 2002ko martxoaren 4ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 27. zk.), hilabetekoa honela banatua dago:

-Ostatua eta egonaldia.

Urriaren 1etik maiatzaren 31ra bitarteko prezioa (bi egun horiek barne) 1.348,00 eurokoa da, birentzako gelan, bainugelarik gabe. 1.928,00 eurokoa da birentzako gelan, gelak bainua duenean. Hilabeteko 168,50 euro dira, edo 241,00 euro bigarren kasuan. Prezio horretan ostatua eta egonaldia sartzen dira, astelehenetik igandera bitartean. Iraila eta ekaina asteka ordainduko dira, 54,50 euro birentzako gela bainugela konpartituarekin eta 72,50 pezeta birentzako gelak, bainugela eta guzti.

-Mantenua.

Asteleheneko gosaritik ostiraleko afarira bitarteko mantenuagatik, urriaren lehenetik maiatzaren 31ra arte, 170,78 euro ordaindu beharko zaizkio zerbitzu hori ematen duen enpresari, bankuan helbideratuz. Ordainketa hilabetea hasi aurretik egin behar da.

Larunbat eta igandeetako zerbitzuak erabiltzaile guztientzat ezarritako prezioetan ordainduko dira, hurrengo hilabeteko banku helbideratzean.

Irail eta ekaineko zerbitzuak egonaldi eta ostatuko egunen arabera ordainduko dira, unean-unean indarra duten prezioen arabera.

Egonaldi eta ostatuko prezioan ez da deskonturik eginen ikasleak huts egiten badu oporrengatik, zubiengatik, ikasturtea berandu hasteagatik, eritasunagatik edo beste edozerengatik. Ordaintzearen erantzukizuna egoiliarrena da, hirugarren batek ordainduta ere.

Erreserba egiteko dirua ordaindu ondoren plazari uko eginez gero edo Egoitzatik maiatza baino lehen alde eginez gero, ez da ostatu eta egonaldirako gastuak itzultzeko eskubiderik izanen.

Ikasturteko ostegun eta festa-bezpera guztietan, egoiliarrek harrera-zerbitzuan adierazi beharko dute asteburuan Egoitzan geldituko diren ala ez, eta noiz joanen diren etxera eta noiz itzuliko diren.

Bestetik, ikasleak inprimaki bat bete beharko du aldez aurretik faltako dela dakienean. Pentsatutako egunean itzuli behar ez badu, telefonoz abisatu beharko du.

Aste Santuko, Eguberrietako eta udako oporraldietan egoiliarrek gelak utzi beharko dituzte eta ezin izanen da deus ere utzi bertan.

Eskabidea aurkezteak berarekin dakar deialdi hau inolako baldintzarik gabe onartzea eta aurkeztutako datuak zuzenak eta egia direla aitortzea.

Egoiliarrak plaza onartzeak ondorioz dakar, ezinbestean, Gazteen Egoitzako barne arauak ezagutu eta onartu beharra.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere aplikazioko egintzen aurka errekurtso arrunta jartzen ahalko da, hilabeteko epean kontra egiten zaion egintza argitaratu edo jakinarazten den egunetik aitzina.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita seian.-Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Javier Trigo Oubiña.

I. ERANSKINA

Onartua izateko eskabide eredua. "Fuerte del Príncipe" gazteen egoitza. Iruña

-Eskatzailearen datuak:

Deiturak

Izena

N..A.N. ....................... Jaioteguna

Jaioterria ................. Bizitokia

Helbidea

P.K. .......... Tel.

-Aita/amaren edo legezko ordezkariaren datuak:

Deiturak

Izena

N.A.N. ............... Jaioteguna

Jaioterria .......... Bizitokia

Helbidea

P.K. ................... Tel.

Plaza lehen aldiz hartzeko? ......

Plaza berriz hartzeko? ......

-Aurreko ikasturteko datu akademikoak:

2001-2002 ikasturtean zer ikastetxetan zegoen matrikulatua

Ikasketak

Espezialitatea

-Hurrengo ikasturteko datu akademikoak:

2002-2003 ikasturtean zer ikastetxetan matrikulatua

Ikasketak

Espezialitatea

Iruñean, 2002ko .............aren ...........(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: A0204861