62. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 22a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I Z A B A

Ordenantza behin betiko onetsita

Izabako Udalak, 2000ko abenduaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Izabako udal mugapean eraikinak zaharberritu eta egiteko laguntzen gaineko ordenantza.

Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaleko iragarki oholean argitaratu ondoko jendaurreko aldia iraganik, Izabako Udalak behin betiko onetsi zuen aipatu ordenantza hori, 2001eko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin bat. Jarraian osorik argitaratzen da.

Izaban, bi mila eta biko urtarrilaren hamaikan. Alkate udalburua, Angel Luis De Miguel Barace.

IZABAN ERAIKINAK ZAHARBERRITU ETA EGITEKO LAGUNTZEN GAINEKO ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalak ezarritako diru-laguntzak arautzea, hain zuzen ere, Izaban eraikinak zaharberritu, konpondu, handitu, hobetu eta modernizatzeko obretarako, bai eta etxebizitza berriak eta jarduera ekonomikoetan aritzeko eraikinak egiteko ere, ezarri dituenak.

2. artikulua. Baldintzak.

Diru-laguntzen onuradunak obren sustatzaileak izanen dira, betiere baldintza hauek bete eta agirien bitartez frogatzen badituzte:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Erronkari ibarreko edozein herri izatea haien ohiko bizileku iraunkorra, azken bost urteetan.

c) Izabako Udalarekin zerga eta tributu betebeharrak egunean izatea.

d) Obren azalpen txostena, krokisa eta obra gauzatzeko aurrekontu xehatua aurkeztea, eta baita ere, beharrezkoa denean, teknikari eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsitako proiektua.

e) Udalaren obra lizentzia edukitzea, bizigarritasunaren, jarduera sailkatuen eta beharrezko dituen bestelakoen tramiteen ondotik, eta Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordainduta izatea.

3. artikulua. Udalaren diru-laguntza motak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa obra amaierako kitapenaren aurrekontuaren ehuneko 3koa izanen da, obra hori eraikinak zaharberritzeko, konpontzeko, handitzeko, hobetzeko eta modernizatzeko bada edo etxebizitza berriak egiteko; aldiz, jarduera ekonomikoetan aritzeko obra denean, obra amaierako kitapenaren aurrekontuaren ehuneko 5ekoa izanen da. Biak ere, Udalaren aurrekontuan hartarako ezartzen den kontusailaren kargura emanen dira.

Halaber, sustatzaile batek, ibarreko herrietan bizi edo ez, obra amaierako kitapenaren aurrekontuaren ehuneko bost arte jasotzen ahalko du eraikinak zaharberritu edo egiteko obretan baldin eta ondoko materialak erabiltzen baditu: zeramikazko teila gorri zapala, harrizko edo zurezko ateburuak, zurezko ate-leihoak eta harrizko fatxadak, harriak eskualdeko estiloan junteatuak izanen dituztenak, errekara ematen duten fatxadak izan ezik. Eraikin bakoitzean aipatu material guzti-guztiak erabili beharko dira.

4. artikulua. Diru-laguntzak jasotzea.

Diru-laguntzak obrak bukatutakoan jasoko dira eskabidea eta 2 eta 3. artikuluetan ezarritako eskakizunak frogatzen dituzten agiriak aurkeztu ondotik. Halaber, beharrezkoa denean, Izabako Hirilurren Erregistroan eta Katastroan alta edota berrikuspena bideratu izanaren agiria ere aurkeztu beharko da aldez aurretik, bai eta Udalak eskatzen dituen bestelako agiriak ere.

Lanak bukatutakoan, Udalaren teknikariak obra bera eta bertan erabilitako materialak ikuskatzen ahalko ditu, beharrezko egiaztapenak egite aldera, eta orobat inbertsio obra hori modu zuzenean eta zentzuzkoan egin dela agiri bidez frogatzea eskatu ahalko du.

Diru-laguntzen onuraduna behartua dago Udalaren egiaztapen guztiak onartzera. Egiaztapen horiei traba egin edo uko egiteak diru-laguntzak ukatzea eta galtzea ekarriko du, edota, bestela, jasotako diru-laguntzak itzultzea.

5. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Udalak aplikatu ahal dituen balidabideak izanen dira Udalaren urteko aurrekontuko kontusailean zehazten direnak.

6. artikulua. Eskumena.

Alkateak izanen du eskumena eskabideak ebazteko, betiere ordenantza honetan ezarritako arauei jarraikiz. Hartara, ebazpena emanen du eta bertan zehaztuko, eskatzaileak diru-laguntzak jasotzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen dituen eta eskatutako diru-laguntza ematen zaion ala ez.

7. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza honen aplikazioak 2000. urteko ekitaldian sortuko ditu ondorioak.

Izaban, bi milako abenduaren hogeita bederatzian. Alkate udalburua, Angel Luis De Miguel Barace.

Iragarkiaren kodea: a0203826