62. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 22a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E G O Z K U E

Ordenantza behin betiko onetsita

Egozkueko Kontzejuko Batzarrak, 2002ko apirilaren 5ean egin bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

"Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hasiera batez onetsi zenetik 30 eguneko legezko epea iragan denez, erreklamazio, kexa eta oharrik aurkeztu gabe, Kontzeju honek aho batez erabaki du:

a) Ordenantza hori behin betiko onestea.

b) Ordenantza hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, hasiera batez onetsitako testuari jarraituz".

Egozkuen (Anue Ibarra), bi mila eta biko apirilaren bederatzian. Alkate udalburua, María Jesús Loperena.

EGOZKUEKO KONTZEJUAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Egozkueko Kontzejuaren mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. art. Herrilurretako ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxa ditzaketenak dira.

3. art. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. art. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. art. Egozkueko Kontzejuaren esku daude herri ondasunen gaineko ahalmenak, xedapenak emateaz, administrazioaz, aprobetxamenduaren araubideaz eta antolamenduaz den bezainbatean, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. art. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

III. TITULUA

Herri ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. art. Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari.

8. art. Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. art. Kontzejuak Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. art. Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. art. Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. art. Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Zerbait interpretatzeko hartzen diren erabakiak berehala betearaziko dira, kontratistek epaileengana joz bidezko deklarazioa lortzea ukatu gabe.

13. art. Kontzejuak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da eta zehazten den moduan eginen da. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. art. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herrilarreen aprobetxamendua.

b) Iralekuen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri ondasunen beste aprobetxamendu batzuk.

15. art. Kontzejua herrilurren ekoizpena hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta herrilurrek duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. art. Orokorrean, Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo bere kontu bizi nahiz judizialki gaitutako adin txikikoa izatea.

b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urtebeteko antzinatasunarekin.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Kontzeju honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Dena den, famili unitate independientetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, nahiz eta familikoekin bizi, betiere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino txikiagoak baldin badira.

Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Kontzejuko Batzarrak, idazkariak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

17. art. Egozkueko Kontzejuaren herrilurretako larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da eta lehentasun ordena honi jarraituz:

a) Herritarrendako esleipen zuzena eginez.

b) Usadioaren ariora.

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

18. art. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

19. art. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi izanen haien azpierrentamendua edo lagapena.

20. art. Esleipen epea 10 urtekoa izanen da.

21. art. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak (KPI) onartzen dituen indizeak kontuan hartuz.

22. art. Iragandako urte bakoitzeko ordainduko da lur-saria.

23. art. Herrilurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendak ziurtagiria izan beharko du, hain zuzen ere, Herrilurretan Bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan galdatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatuko duen hori; aipatu Foru Lege horretan eta hori garatzen duten Erregelamenduetan ezarrita dauden baldintza guzti-guztiak bete beharko ditu.

24. art. Herriko ohiturei jarraituz, kalteak saihestearren, Kontzejuak honako baldintza hauek ezarri ditu:

1. Esleipen hartzaileak larrea zaindu beharko du belar gaizto, zuhaixka, iratze eta abarretatik.

2. Esleipen hartzaileak larrea ongarritu beharko du ezarritako denboran eta moduan.

3. Laburtuz, esleipen hartzaileak larrearen emankortasuna mantentzeko behar diren ekintza guztiak egin beharko ditu eta larrea esleipen unean zegoen bezala egon beharko da.

25. art. Prozedura. Kontzejuak erabakia hartu aurretik, 15 egunetako epea zabalduko da, larreen esleipena hartzeko eskubidea dutela uste dutenek eskabidea aurkez dezaten. Aldez aurretik ediktua paratuko da Kontzejuaren iragarki oholean horren berri emateko.

26. art. Kontzejuak behin-behinekoz eginen du esleipena, baldintza hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaio egoera ekonomikorik urriena duen famili unitateari.

b) Bazkalekuek hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bat baino gehiagori esleitzen ahal zaie, guztiek dituzten abelburuen kopurua, bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada.

d) Abeltzain bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, baldin eta abererik aski badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak asetzen badira.

27. art. Behin-behineko esleipen horien ondotik 10 eguneko epea irekiko da erreklamazioetarako, eta epe horretan ez bada halakorik aurkezten, esleipenak behin betikoak bilakatuko dira.

28. art. Herritarren artean banatu ondotik soberan diren larreak enkante publiko bidez esleituko dira. Enkantea behar beste denboraz iragarri beharko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Kontzejuko iragarki oholean, eta bertan zehaztu beharko da zein larre den, bere hedadura eta hasierako prezioa.

Larre bakoitzaren hasierako prezioa Kontzejuak zehaztuko du eta ezaugarri berdinak dituzten eremu hortako lurren errentamenduaren prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIrekin.

III. KAPITULUA

Iralekuen aprobetxamendua

29. art. Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 173. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Egozkueko Kontzejuak ez die aurrerantzean iralekuen aprobetxamendurik emanen herritarrei.

30. art. Egun iralekuen kontzesioak dituzten herritarrek beren horretan segituko dute, zuzenean eta pertsonalki ustiatzen badituzte eta abeltzaintzako beren ustiategietarako erabiltzen badituzte; hori hala izanik ere, iralekuen onuradunek ezin izanen dute iralekurik itxi, ezta iratzearen aprobetxamendua ez den beste erabilera baterako erabili ere.

31. art. Horretarako, iralekuak baliatzen dituzten herritarrek aprobetxamendua eskatzeko eskabidea aurkeztuko diote Kontzejuari, ordenantza hauek indarra hartu eta hilabeteko epean, egun baliatzen dituzten iralekuak zein alderditan dauden eta zenbateko zabalera duten adieraziz. Kontzejuak iralekuen aprobetxamenduak berresteko erabakia hartuko du honako kasuetan: onuradunek, 16. artikuluan ezarri baldintzak betetzeaz gain, artikulu honen aurreko lerroaldean xedatutakoa egiaztatzen badute. Nolanahi ere, Kontzejuak badu ahalmena kokalekua aldatzeko edo iralekuen zabalera txikitzeko, betiere horretarako arrazoirik baldin bada.

32. art. Herritarrek egun baliatzen dituzten iralekuen aprobetxamenduei dagokienez, bai onuradunaren eskaera bai Kontzejuaren berrespena hamar urtetik behin berritu beharko dira.

33. art. Iralekuak zuzenean eta pertsonalki ustiatuko dira, eta debeku dira bai azpierrentamendua bai lagapena.

34. art. Aprobetxamenduaren titularrak eskubide guztiak galduko ditu, eta hortaz, iralekua Kontzejuaren eskuetara itzuliko da, honako kasuotan:

a) Ordenantza honetako 16. artikuluan ezarri baldintzak ez betetzeagatik.

b) Iralekua bi urte jarraian egiazki ez ustiatzeagatik.

c) Ustiapena saldu edo lagatzeagatik.

d) Lur-saria ez ordaintzeagatik.

e) Kontzejua, udal landazainen txostena ikusita, ohartzen bada iralekuaren ekoizpena nabarmenki txikitu edo urritu dela, aprobetxamendua behar bezala ez egiteagatik iratzez besteko landarez, hala nola otez edo bestelako sasiz, bete delako.

35. art. Egozkueko Kontzejuak urtero finkatuko du, ordaindu beharreko lur-saria, ustiatuko den iralekuaren azaleraren arabera.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

36. art. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

37. art. Kontzejuak urtero finkatuko du famili unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

38. art. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

39. art. Egurra banatzerakoan, Kontzejuak irizpide sozialak jarraituko ditu eta lehentasuna emanen die ekonomikoki apalenak diren familiei.

40. art. Aurreko lerroaldean aipatutako famili unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Kontzejuak irizpide objektiboak jarraituko ditu.

41. art. Kontzejuak urtero finkatuko du etxerako egurraren aprobetxamenduaren aldera ordaindu beharreko saria.

V. KAPITULUA

Herri ondasunen beste aprobetxamendu batzuk

42. art. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, Nafarroako Parlamentuaren 1981-3-17ko Arauan eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

43. art. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

VI. KAPITULUA

Herri ondasunen hobekuntzak

44. art. Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

Proiektu hauek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

45. art. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

46. art. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

47. art. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Ustiapena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Kontzejuak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua arras gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari esleipeneko erabilera ez dena ematea.

e) Esleipenetan zehaztutako epeak ez betetzea.

f) Herrilurretan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

g) Hildako animaliak lurperatu gabe abandonatzea.

h) Artzaintzarako aldeak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein gertakari edo ekintza.

48. art. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

-a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

-h) arau-haustearengatik lurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

-Gainontzeko arau-hausteengatik, eragindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordainaraztea. Balioa zehazterik ez badago, 60,10 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe geratzen dira inongo balio eta ondoriorik ez dutela, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik aitzina, bere aurka egin eta ezarrita diren lerrun bereko edo txikiagoko xedapen eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: A0203953