62. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 22a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

C I N T R U E N I G O

Kultura, kirol eta aisia jardueretarako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza

Cintruenigoko Udalak Kultura, kirol eta aisia jardueretarako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza onetsi zuen, 2002ko martxoaren 7ko osoko bilkuran. Hona hemen, hitzez hitz:

KULTURA, KIROL ETA AISIA JARDUERETARAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Toki administrazioa arautzen duen legerian aurreikusten da diru publikoak dohain eskura jartzeko aukera, pertsona nahiz entitate publiko edo pribatuen alde, erabilgarritasun publiko edo interes sozialeko jarduerak sustatzeko, betiere lehia prozedurak erabiliz, administrazioaren jardueraren objektibitatea, publizitatea eta gardentasuna bermatu beharrez.

Xede horiek gauzatu nahirik eta kultur, kirol edo aisia jarduera sektorialak eta gisakoak bultzatu beharra onartuz, bidezko da xede horietako laguntza edo dirulaguntzen deialdia egitea, aurrekontuan ezarritako zenbatekoen kontura.

Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubidea ekainaren 9ko 8/97 Foru Legeak arautzen du.

Lege horri jarraikiz, Cintruenigoko Udalaren eta haren erakunde autonomoen laguntzak emateko araua publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioekin bat etorriko da.

Publizitatea ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzek aurrekontu orokorrean kontusail izenduna dutenean edo administrazioa beharturik dagoenean haiek ematera, legezko arauen arabera.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Cintruenigoko udalerrian dirulaguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea da ordenantza honen xedea, herritar eta entitateei laguntza hauek baldintza berdinetan eskuratu ahal izateko aukera bermatu beharrez. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jardueren osagarri edo ordezko diren jardueretarako dira.

2. art. Dirulaguntza Udalak ematen duen edozein laguntza ekonomiko da.

3. art. Dirulaguntzak emateko arau hauei jarraituko zaie:

a) Borondatezko eta aldi baterako izanen dira, ordenantza honetan xedatzen dena izan ezik.

b) Ezin izanen dira aurrekari gisara baliatu.

c) Dirulaguntza zer jardueratarako den, haren kostuaren ehuneko 75 izanen da gehienez.

d) Ezin izanen da eskatu dirulaguntza handitu edo berrikustea.

e) Osotara, dirulaguntzek aurrekontuko urteko kontusailaren zenbatekoa izanen dute muga.

4. art. Ez dute baliorik izanen, dirulaguntzak direla eta, eskuzabaltasun hutsez hartutako erabakiek.

II. KAPITULUA

Onuradunak

5. art. Helbidea Cintruenigoko udalerrian duten pertsona eta entitateek eskatzen ahalko dituzte dirulaguntzak, irabazi asmorik gabeko jardueretarako.

Salbuespenez, helbide fiskala eta soziala Cintruenigon ez duten entitate, elkarte edo erakunde legez eratuen proiektuak baloratuko dira.

III. KAPITULUA

Dirulaguntza har dezaketen jarduerak

6. art. Eskaera egin eta urte berean udalerrian egiten diren jarduera programatuek baizik ez dezakete dirulaguntza har. Jarduerak kultur, kirol eta aisia arlokoak izanen dira, biztanleriaren halako sektore batzuekin ikusteko dutenak (haurrak, gazteak, emakumeak, hirugarren adina, talde bereziak) edo halako jarduera sektore batzuekin (tokiko garapen ekonomikoa, hezkuntza, hirigintza, eta abar), betiere komunitatearen aisiarako interes orokorreko proiektuak egiten badituzte eta Udalaren 2001-2003ko Kultur eta Kirol Politikaren helburuak (ikus eranskina) erreferentetzat badituzte.

7. art. Hauek ez dira dirulaguntza hartzekoak:

a) Udalerritik kanpo egiten diren jarduerak.

b) Lokalak egokitzea edo jabetza pribatuko eraikinetan egindako bertze edozein obra.

c) Funtzionamenduko gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileak, etab.).

d) Ondasun higigarriak zein higiezinak erostea.

e) Lehiaketa ofizialetako ohiko parte hartzeak sortu gastuak.

8. art. Kulturaren arloan, diruz laguntzekoak dira arte, zientzia eta letrekin zerikusia duten kultur jarduera programatuak, batez ere herritarren prestakuntza, sormena, produkzioa, banaketa eta kultur kontsumoa bultzatzeko direnak. Garrantzi edo tradizio handia duten kultur ekintzek ere dirulaguntza jasoko dute.

9. art. Kirolaren arloan, diruz laguntzekoak dira kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko eta denendako kirola bultzatzeko gastuak, eta bereziki garrantzi nahiz tradizio handikoak. Halaber dira diruz laguntzekoak kirol heziketako ekitaldiak, herrikko talde legez eratuek antolatuak badira.

10. art. Aisiaren arloan, diruz laguntzekoak dira sormenezko aisialdia bultzatzeko eta animazio soziokultural eraginkorreko jarduerak, baita haurraren, gaztearen, emakumearen, familiaren, hirugarren adinaren eta sektore berezien laguntza eta ongizatearen sustapenerako informazioa edo aholkularitza helburu dutenak ere eta, azkenik, komunitatearen asialdian garrantzia duten jarduera ekonomiko, hezkuntzako eta hirigintzakoak.

II. KAPITULUA

Prozedura

11. art. 1. Udalak, osoko bilkuran, zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, dirulaguntza jaso dezaketen jardueretarako.

2. Diru kopurua kirol, kultura eta aisialdi sektorialaren arloen artean banatuko da, urte horretarako finkatutako plangintzaren eta helburuen arabera. Horiek kontsentsuatuko dira eta interesatu guztiei garaiz jakinaraziko zaizkie.

12. art. Urtero, Udalak populazio sektorerako kultur, kirol edo aisialdi jardueretarako deialdia osoko bilkuran onetsi eta argitaratuko du, urtarrilean edo otsailean.

13. art. Deialdia argitaratu ondoko hilean aurkeztu beharko dira dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak.

14. art. Eskatzaileek ondoko agiriak beharko dituzte aurkeztu:

a) Entitate eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

-Eskatzaileak edo, bertzenaz, lehendakariak sinatutako banakako eskabidea eta hartan eskatzailearen datuak jasoko dira: legezko izen osoa, helbide soziala, I.F.Z. edo I.F.K., harremanetatarako telefonoa, erantzulea eta bankuko datuak (banku entitatea, sukurtsala eta bankuko kontuaren zenbakia).

-Estatutuen ale bat, entitatea, elkartea edo patronatua baldin bada, behin baizik aurkeztu behar ez dutena. Gainerako urteetan entitate hauek beren datuak eguneratu beharko dituzte (lehendakari aldaketak, kide kopuruak, etab.), Kultur eta Kirol Zinegotzigoan.

b) Urtean egiteko dagoen programazio guztiaren gaineko dokumentazioa:

-Programazioa azaltzeko txostena, nahitaez hauek kontuan hartuko dituena: urtean egin beharreko jarduera guztien izena, haien data, ordutegia eta lekua, jarduera guztien deskripzioa, aurreikusitako emaitzak eta bakoitzaren gastuen eta dirusarreren aurrekontu zehaztua. Cintruenigoko Udaleko Kultur eta Kirol Zinegotzigoak eredu bat izanen du eskura, dokumentazio hori aurkezteko.

-Proiektuak behar bezala definitzeko beharrezko gertatzen diren bertze agiri batzuk.

V. KAPITULUA

Tramitazioa

15. art. 1. Kultur eta Kirol Batzordeak, bildutako eskabideak aztertu eta, aurkeztutako dokumentazioa osoa ez bada, interesatuari errekerimendu eginen dio, akatsak gehienez ere 10 egun naturaleko epean zuzendu ditzan, errekerimendua jakinarazten den egunetik, eta oharataraziko dio hala egin ezean eskabideari dagokionez atzera egin duela ulertuko dela.

2. Eskabideak aztertuta, behar bezala bete direnei dagozkien dirulaguntzen zenbatekoak erabakiko dira eta idatziz jakinaraziko zaizkie onuradunei. Hauek, zernahi dela bide, laguntza onartzen ez badute, eskabideari dagokionez atzera egin dutela jakinarazi beharko dute, idatziz, 10 eguneko epean.

3. Epe horiek akiturik, Udalaren Kontu Hartzailetzak txostena eginen du diru horien eskuragarritasunaz xede horretarako. Horren ondotik, Kultur eta Kirol Batzordeak ebazpen proposamena eramanen du Udalaren osoko bilkurara, deialdiaren gainean ebazpena eman dezan urteroko apirilaren 30 baino lehen.

VI. KAPITULUA

Dirulaguntzak emateko irizpideak

16. art. Funtsezkotzat jotzen dira honako hauek dirulaguntzak emateko tenorean:

a) Jardueraren balorazioa, haren kalitateaz, originaltasunaz, berrikuntzaz eta garrantzi edo tradizio handiaz den bezainbatean.

b) Jardueraren balorazioa, haren xedeez den bezainbatean, lehentasuna emanen baitzaie populazioaren interes orokorrarekin eta, nabarmen, Cintruenigoko Udalaren Kultur eta Kirol Politikaren xedeekin bat etortzenago direnei.

c) Errentagarritasun soziokultural edo soziodeportiboa: entitatearen zuzenbidezko kideen kopurua eta jardueraren eragina populazioan.

d) Entitatearen jardunbidearen balorazioa, herriko kirol eta kultur bizian.

e) Dirulaguntzarik gabe egin ezin litezkeen jarduerak.

f) Jarduerari jarraipena egiteko aukera eta emaitzen balorazioa kultur eta/edo kirol produktu gisa.

g) Eskatzaileak Udalarekiko betebehar guztiak eguneratuak izatea.

VII. KAPITULUA

Frogapena eta ordainketa

17. art. Laguntza ematearekin, haren ehuneko 70eko aurrerapena ordainduko da.

18. art. 1. Urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen (urte bakoitzeko azken egunetan egiten diren jarduerak kenduta, horiek hurrengo urteko urtarrilaren 15a arte izanen baitute denbora), onuradunek dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

a) Alkateari zuzendutako eskabidea, azken txostena aurkeztu dela adierazteko.

b) Urtean egindako programazio osoaren gaineko txostena.

c) Entitateen kasuan, haren idazkaritzak luzatutako ziurtagiria, gordekin gisa aurkezten diren fakturak organo eskudunak onetsi dituela frogatzen duena.

d) Jardueraren fakturak eta horien ordainagiriak.

e) Jarduerak sortutako inprimaki guztien ale bat.

19. art. Kultur eta Kirol Batzordeak dokumentazio hori egiazki eta zehatz aurkeztu dela, emandako laguntzaren ehuneko 30 ordainduko da.

VIII. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak

20. art. Lagundutako jarduerak dirua ematen den urteko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira, behar bezala frogatu eta Gobernu Batzordeak onartutako ezinbertzekoak izan ezik.

21. art. lagundutako jardueren gaineko azken txostena aurkeztea.

22. art. Gastuak zuritzea, behar bezalako fakturak eta dagozkien ordainagariak aurkeztuz.

23. art. Eskuratutako dirusarrerak deklaratu beharko dira.

24. art. Dirulaguntza zer xedetarako eta zer kontzepturengatik eman den, bertzetarako erabiltzea ez da onartuko.

25. art. Jardueraren dokumentazioan eta inprimatutako propagandan "Cintruenigoko Udalaren laguntzarekin" esaldia ezartzea bete beharreko baldintza da esleitutako dirulaguntza jasotzeko.

26. art. Jarduera baterako dirulaguntza eskabidea aurkezteak ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak ezagutu eta onartzen direla adierazten du.

27. art. Ordenantza honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako zenbatekoak itzultzea ekarriko du. Orobat, xede bereko edo bertsuko dirulaguntza eskuratzeko hurrengo eskabideak ez onartzea ere ekar dezake, ordenamendu juridikoan aurreikusten diren gainerako erantzukizunak ukatu gabe.

28. art. 22. artikuluan aipatzen diren fakturek baldintza hauek beharko dituzte bete:

a) Jatorrizkoak izatea, edo udal idazkaritzan konpultsatutako fotokopiak.

b) Dirulaguntza eman den urteko data edukitzea, eta, ekitaldi puntual bat izan bada, jarduerari dagokion data agertzea.

c) Jasotzailearen N.A.N. edo I.F.K.-I.F.Z. edukitzea.

d) Fakturaren igorlearen N.A.N. edo I.F.K.-I.F.Z. eta haren zigilua eta sinadura edukitzea.

e) Eskabidea aurkeztean aurkeztu aurrekontuaren araberakoa izatea.

IX. KAPITULUA

Baliabide soberakinak

29. art. 1. Egiaztagiri ekonomiko eta teknikoek adierazten duten gastua emandako dirulaguntza eragin zuen eskabidean aurreikusten zena baino gutiago baldin bada, murriztuko da dirulaguntza, laguntza portzenja beretan uzteko.

2. Hala ere, jardueraren interesagatik, akordioak sinatzen ahalko dira, eskuratutako zenbatekoa diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino gehiago izatearen ondoriozko diru soberakinak aplikatu ahal izateko diruz lagundutako xedeen gisako bertze batzuei.

X. KAPITULUA

Lankidetza akordioa

30. art. Kultur eta Kirol Zinegotzigoak lankidetza akordioak egiten ahalko ditu interesatuarekin, dirulaguntza hauen kontura, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

XI. KAPITULUA

Laguntzen bateragarritasuna

31. art. Ordenantza honek arautzen dituen dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berarekin bertze administrazio publikoek ematen ahal dituztenekin.

2. Onuradunak eskuratzen dituen laguntzen zenbateko osoa jardueren kostua baino gehiago bada, deialdi honetako laguntzak murriztuko dira jardueraren kostua gainditu den hein berean.

32. art. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Cintruenigon, bi mila eta biko martxoaren zazpian.

E R A N S K I N A

Cintruenigoko Udalaren 2001-2003ko Kultur Politikaren helburuak

1.-Kultur plan estrategikoa diseinatzea, hala badagokio, Cintruenigo biziberritzeko planen barnean.

2.-Egitura soziokulturala indartzea eta haren partaidetza bultzatzea Udalaren kultur politikan.

3.-Cintruenigarren kultur maila goititzea, kultur kontsumoaren zenbatekoa eta nolakoa hobetuz.

4.-Cintruenigoko populazio eta gizarte talde guztien kultur sormena akuilatzea.

5.-Herriko kultura eta ondarea sustatzea eta nortasun kolektiboaren ezaugarriak sortzea.

6.-Kultur azpiegituran sortzapena bultzatzea, Cintruenigoko kultur garapena pizteko.

7.-Udalaren kultur politika herritar guztiengana ailegatzen dela bermatzea.

8.-Komunikazio politika eragitea, Cintruenigon sortzen diren kultur ekintza guztien ahalik eta zabalkunde handiena egin dadin.

9.-Kulturaren ikuspegi ludikoa hedatzea.

10.-Kalitatezko kultur kudeaketa lortzea, kudeaketa administratibo, ekonomiko-finantzario eta materialen eta giza baliabideena arrazionalizatuz.

Cintruenigoko Udalaren 2001-2003ko Kirol Politikaren helburuak

1.-Cintruenigoko populazioan kirol jarduera eta kultur fisikoaren garapena sustatzea, berdintasun baldintzetan eta batere bazterkeriarik gabe.

2.-Kirol elkartegintza bultzatzea, kirol jarduera hedatzeko ardatz gisa.

3.-Oinarrizko eta josteta kirola bultzatzea, eskola mailetatik hasita, Cintruenigoko kirola maila guztietan garatzeko funtsezko gune gisa.

4.-Kirola osasun ohitura gisa bultzatzea eta horren sustapena egiten duten kirol ekintzak sostengatzea.

5.-Cintruenigoko kirola eta herrialde, nazio eta nazioarte mailan itzal handiena duten kirolariak zabaldu eta defendatzea.

6.-Kirol azpiegituren sare egokia diseinatzea.

7.-Udalaren kirol instalazioen administrazioa eta erabilera arrazionalizatu eta hoberentzea.

8.-Ahaleginak egitea, kirol jarduera osasungarritasun eta segurtasun baldintza egokietan egin dadin.

Iragarkiaren kodea: A0203666