62. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 22a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B A R A Ñ A I N

Ordenantza fiskala behin betikoz onetsirik

Erregelamenduaren araberako tramitazioa eginik, behin betikoz onetsirik gelditu da ondotik hitzez hitz ematen den ordenantza:

ORDENANTZA FISKALA, GAZTEENDAKO UDALAREN BALIABIDEEN ZENTROAK ANTOLATZEN DITUEN IKASTARO ETA JARDUERA SOZIO-KULTURALETAN ETA AISIA NAHIZ DENBORA LIBREKOETAN SARTU, IZENA EMAN EDO MATRIKULATZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA 2002. URTEA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen Lehen tituluko III. kapituluaren 2. sekzioko 2. azpisekzioan xedatutakoari jarraikiz ezarri da, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

Kontzeptua

2. art. Prezio publikoak galdatuko dira, Gazteendako Udalaren Baliabideen Zentroak antolatzen dituen ikastaro edo jarduera sozio-kulturaletan eta aisia nahiz denbora librekoetan parte hartu edo horietara joateko eskubidea ematen duten sarrera, matrikula edo bertze edozein antzeko kontzeptua dela eta, prezio publikoen bertze aplikazio arau batzuetan sartuta ez daudenean.

Kudeaketa eta dirubilketa arauak

3. art. Prezio publikoa ordaindu beharko da izena ematean edo matrikula egitean.

4. art. Prezio publikoak ikastaroa edo jarduera antolatzeko oinarriek kasu bakoitzerako ezarritako maneran eta tokian ordainduko dira.

5. art. Prezioa ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, ikastaroa edo jarduera egiten ez bada, dagokion zenbatekoa itzuli eginen zaio.

Tarifak

6. art. Aplikatu beharreko tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira, edo egin behar diren jardueren ezaugarri bereziei jarraikiz kasuan kasuan ezarriko dira, eta hala behar izanez gero, barne izanen dute Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kuota.

GAZTEENDAKO UDALAREN BALIABIDEEN ZENTROAK ANTOLATZEN DITUEN IKASTARO ETA JARDUERA SOZIO-KULTURALETAN ETA AISIA NAHIZ DENBORA LIBREKOETAN SARTU, IZENA EMAN EDO MATRIKULATZEKO PREZIO PUBLIKOAK 2002. URTEA

Tarifak

20 orduko ikastaroak, erroldatuendako: 15 euro, 2.500 pezeta.

20 orduko ikastaroak, erroldatu gabeendako*: 22,5 euro, 3.750 pezeta.

30 orduko ikastaroak, erroldatuendako: 21 euro, 3.500 pezeta.

30 orduko ikastaroak, erroldatu gabeendako*: 31,5 euro, 5.250 pezeta.

(*) Erroldatu gabeak ikastaro eta tailerretan plaza hutsik gelditzen denean baizik ez dira onartuko. Horiendako, ikastaro bakoitzaren prezioa erroldatuendako baino ehuneko 50 gehiago izanen da.

0,50 euro kendu edo gehituko da, tarifa hauetan orokorrean ezarritako ordu bakoitzetik goiti edo beheiti.

Argitara ematen da orok jakin dezan.

Barañainen, bi mila eta biko apirilaren hamaikan. Alkatea, Joaquín Olloqui Osés.

Iragarkiaren kodea: A0204053