62. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 22a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A N U E

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza behin betikoz onetsirik

Anueko Udalak Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza onetsi zuen, hasiera batean, 2001eko azaroaren 8an egin osoko bilkuran. Erabakia 2002ko 8. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 18an, baita Herriko Etxeko iragarki oholean ere.

Erreklamazio, kexa edo oharrak aurkezteko epea amaiturik eta bakarra ere jaso ez denez, behin betikoz onetsi zen ordenantza hura, 2002ko martxoaren 14an egin bilkuran hartutako erabakiaren bitartez.

Anuen, bi mila eta biko martxoaren hogeian. Alkatea, Antonio Senosiáin Artozqui.

EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ANUEKO UDALAREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Orkoiengo Udalaren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. art. Bikote guztiek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutienez, elkartutako kide batek egon beharko du Anueko udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako,

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, adierazteko ez daudela ez ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren bertze erregistroren batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. art. Idazpena egitean, bikoteak beren arteko elkartzeari buruz adierazten dituen argitasun guztiak agerrarazi ahalko ditu. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aitzineko lerrokadan aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira bikoteko biak bertara azaldurik.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. art. Erregistroa Udaleko idazkaritza orokorrean izanen da.

6. art. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da.

Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den bertze edozein idazpen agerraraziko da.

8. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

9. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko, ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak egiten dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondoren.

10. art. Doakoak izanen dira, erabat, bai inskripzioak bai egiten diren ziurtagiriak.

11. art. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Anueko Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusi eginen da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

BIKOTE EGONKORREN UDAL ERREGISTROA

Anueko Balleko Etxean, halako egunean (urtea, hilabetea, eguna): ........ eta halako orduan: ......, honako hauek batera agertu gara, ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren arduradunaren aitzinean:

Izena: ......., jaioterria: ........, bizilekua: ....., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) N.A.N. zenbakia: .......,

Izena: ........., jaioterria: ......., bizilekua: ....., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) N.A.N. zenbakia: .........

Eta honako hau azaldu nahi dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Ondokoa adierazten dugu:

Lehenbizi: ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dugula ........ urtetik aitzina. Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitararazi behar zaio .......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian.)

Bigarren: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarren: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko ahaidetasunik ere.

Laugarren: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Borzgarren: ez dugula nahi/nahi dugula gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarren: baimena ematen dugula Anueko Udal Erroldan honako datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Udal honetako erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horrenbertzez,

Ezkondu gabeko elkarte egonkorren Anueko Udaleko erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Eginbidea.-Jasota gera dadin, agerraldi honen bidez, .......... jaunak/andreak eta ............... jaun/andreak osaturiko elkartzea inskribatu dela.

Hori guztia jaso eta egiaztatzen dut, Olaguen (Anue), 2002ko ...........aren ..............(e)an.

Iragarkiaren kodea: A0203887