62. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 22a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A B E R I N

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 326. artikuluarekin bat, jarraian datorren ordenantza fiskalaren testu osoa argitaratzen da, osoko bilkurak 1988ko abuztuaren 10ean hartu erabakiaren bidez onetsi baitzen hasiera batez. Legearekin bat, iragarki oholean eta 108. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, 1988ko irailaren 5ean argitaraturik, eta inork erreklamaziorik aurkeztu ez duelarik, behin betikoz onetsita geratu da ordenantza hori.

Aberinen, bi mila eta biko apirilaren bostean. Alkatea, sinadura ulertezina.

ORDENANTZA, ABERINGO BARRUTIKO UDALAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea Aberingo Udaleko laborantzako herrilurren esleipena eta aprobetxamendua arautzea da.

2. art. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua izatea.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea hiru urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian herrian bizi izatea.

d) Aberingo Udalarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Edonola ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino baxuagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Aberingo Udalak osoko bilkuran batzarturik eta aldez aurretik Herrilurraren Batzordeak txostena eginen duela.

II. KAPITULUA

Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua

3. art. Laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak hiru modu desberdinetan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante irekian esleitzea edo Aberingo Udalak zuzenean ustiatzea.

Aberingo Udalak laborantzarako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu hauek aplikatuko ditu, emandako ordenaren arabera.

LEHEN SAILA

Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak

4. art. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 2. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez edukitzea, landalur eta industri kontribuzioen kapital zergagarria, hirilur kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu ere.

137 erregu zereal edo 8 erregu zainzuriren jabe izatearen parekotzat joko da lanbidearteko gutxieneko soldata.

5. art. 1. Hau da modu honetarako ezarri den ereduko lotearen azalera: 10 erregu.

2. 3. artikuluan ezarritakoari jarraitzen dioten onuradunei eman beharreko loteak ereduko loteari honako koefiziente hauek aplikatu ondokoak izanen dira:

a) Hiru kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea, hau da, 10 erregu.

b) Lau kidetik seira bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea, hau da, 20 erregu.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea, hau da, 30 erregu.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea, hau da, 40 erregu.

6. art. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamendurako finkatu baldintzak betetzen dituzten famili unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 4 eta 5. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Horrelako kasuetan, Udalak laborantzarako herrilurren % 50 horrela banatzeko gordeko du.

7. art. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da. Hainbat urtetako laboreak direnean, Udalak aldez aurretik baimena emanik, epe hau luzatu ahalko da laborearen bizitza aldiak iraun bitartean.

8. art. Hauxe da herrilurretako lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu beharreko lur-saria: 6,01 euro erreguko, urte bakoitzean.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere laborantzako K.P.I.ren igoera ezarriz. Nolanahi ere, gutxienez, Aberingo Udalak jasan behar dituen kostuak bete beharko ditu lur-sariak.

9. art. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dute errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 2. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

10. art. Ordenantza honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 2. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmena ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 11. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

11. art. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Udalak esleitu eginen ditu beste bi aprobetxamendu moduetan ezartzen den eran. Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzgatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Onuradunek beren laborantza banatu edo bertze batzuei lagatzen badiete, kendu eginen zaizkie herrilurretako lurzatiak esleipen epea amaitu bitarte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek lur banaketa edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Udalaren gordailuzaintzan.

12. art. Aberingo Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztaketak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Lurrak zuzen eta pertsonalki lantzen ez direla ulertuko da:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herrilurren Batzordearen txostenaren arabera, esleitu herrilurretako lurzatiak, ordenantza honetako 9, 10 eta 11. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzen eta pertsonalki lantzen ez direnean.

c) Lurra landu, lehengaiak erosi eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkeztea eskatu ondoan, Udalak agindu epean aurkezten ez dituztenean.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleitutako lurzatiaren % 80, gutxienez, lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabeak izanik, hirugarrenei errentan utzita dituztenean.

13. art. Lehentasunezko aprobetxamenduen onuradun izan eta lurzatiak zuzen eta pertsonalki landu ezin dituztenek, enkantean erregu batengatik ordaintzen den batez besteko zenbatekoaren eta 8. artikuluan ezarri lur-sariaren arteko diferentzia jasoko dute, Udalak emanda.

BIGARREN SAILA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

14. art. Lurzatiak 1. sailean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

15. art. Esleipen epea 7. artikuluan adierazitako berbera da; alegia, 8 urte.

16. art. Herrilurretako lurzatien esleipen hartzaileek ezin izanen dute nekazaritzako lanik egin irailaren 25a baino lehen (galondoak erretzea ere ez), zereala landatzeko diren lurretan.

17. art. 1. Herritarren artean zuzenean esleituko diren loteen azalera Udalak zehaztuko du, herritarrendako lehentasunezko esleipena egin ondoren. Esleipena gelditu diren lurren azalera eta sarturiko eskabideen arabera eginen da, famili unitate bakoitzaren dirusarrera garbien alderantzizko proportzioan.

2. Aprobetxamendu mota honetako herrilurretako lurzatien onuradunek lur-sari hauek ordaindu beharko dituzte:

-Lehorreko lurrak, lehen mailakoak: 12,02 euro/erregua, urtean.

-Lehorreko lurrak, bigarren mailakoak: 10,82 euro/erregua, urtean.

Zenbateko horiek proposatu den lur-sariari dagozkio eta urtero eguneratuko dira, gehienez ere, Nekazaritzako Kontsumorako Prezioen Indizearen (K.P.I.) igoera ezarriz.

Lur-sari hori Udalak ezarriko du, eta horren zenbatekoa ez da izanen inguru honetan antzeko lurrak errentan hartzeko ordaintzen diren prezioen ehuneko 90 baino beheragokoa.

Urte bakoitzean, maiatzean ordainduko da lur-sari hori.

3. Zozketa bidez esleituko dira lurrak. Hartzaileek esleitu zaien lurzatiari uko egin ahalko diote, urte bakoitzeko uztailean, idatziz jakinarazita Udalari; lehen urtean, esleitu eta 10 eguneko epean egin ahalko dute hori, aipatutako aldia iraganik urteko sari osoa ordaindu beharko baitute. Esleitutako lurzatiari uko egiten dioten onuradunek ez dute eskubiderik izanen beste lurzati bat hartzeko, harik eta beste esleipenaldi bat etorri arte.

18. art. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen-hartzaileak. Horretarako, 9, 10, 11 eta 12. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

19. art. Udalak laborantzarako herrilurren azalera osoaren % 5 gainditzen ez duen eremu bat gordeko du, onuradun berriei esleitzeko.

20. art. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarren artean lehentasunezko esleipena egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Famili unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 4. artikuluko 3. puntuan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

HIRUGARREN SAILA

Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

21. art. Aberingo Udalak, lehen eta bigarren sailetan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, laborantzarako lurra sobran baldin badago, jendaurrean enkantea eginez esleituko du, baina horrelakoetan esleipenak berriz ere lurren banaketa egin arte baizik ez du iraunen.

Enkantearen hasierako prezioa, erregu bakoitzekoa, Udalak zehaztuko du eta ezaugarri bertsuak dituzten lurren errentamendu prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, nekazaritzako K.P.I. aplikatuz.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

LAUGARREN SAILA

Esleipena egiteko prozedura

22. art. Udalak hala erabaki eta Udaleko iragarki oholean ediktua paratu ondotik, zortzi egun balioduneko epea irekiko da, beren burua eskubideduntzat jotzen dutenek herrilurretako lurzatien lehentasunezko esleipena eska dezaten. 23. art. Eskabideekin batera, honakoei buruzko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da:

a) Aberingo herritar izatea, hiru urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabete udalerrian bizitzea.

b) Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Famili unitatea osatzen duten kideak. Horietako baten batek adimen ezintasunik nahiz gabezia fisikorik izanez gero, eskatzaileek adierazi egin beharko dute.

d) Famili unitateko kide bakoitza udal mugape honetan eta bertzeetan zenbat erreguren jabe den, espreski bereiziz sekainekoak eta ureztalurrekoak.

e) Famili unitateko kide bakoitzak errentamenduan edo jabetza ez den bertze tituluren bat dela medio, udal mugapen honetan eta bertzeetan lantzen dituen lurrak, lehorrekoak ala ureztalurrak diren adierazita.

f) Famili unitateko kide bakoitzaren Hirilur Aberastasuneko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagozkionak salbu, Aberingo udal mugapean zein bertzetan.

g) Famili unitateko kide bakoitzak nekazaritza, industri edo zerbitzu sektoretik jasotzen dituen dirusarrerak, bai eta Gizarte Segurantzako pentsionistenak eta bertze errentak ere.

h) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren deklarazioa.

Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Udalak, 18.3 artikuluan adierazten denez, agirietan eta datu objektiboetan oinarriturik, errenta mailak onesteko beharrezko juzgatzen dituen agiriak eskatzeko eskumena izanen du.

24. art. Aberingo Udalaren osoko bilkurak onetsiko ditu lehentasunezko esleipenean nahiz herritarrendakoan onartutakoen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen dira.

25. art. Modu bakoitzean onartutakoen behin- behineko zerrendak Herriko Etxe honetako iragarki oholean ezarriko dira 15 egun baliodunetan, egoki juzgatzen diren alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, bertzerik gabe, behin betikoz onetsitzat joko dira.

26. art. Alegazioak edo akatsak zuzentzeko eskakizunak eginez gero, horiei buruzko ebazpena emanen du eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

27. art. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamendua hartzeko eskubidea duten herriko famili unitateko titularren behin betiko zerrenda ikusirik, loteak banatzeari ekinen zaio. Lote horien ezaugarriak eta azalerak ordenantza honen 5. artikuluan ezarritakoak izanen dira.

Sobran gelditzen diren laborantzako herrilurrak Udalak esleituko ditu, esleipenaren onuradun izan daitezkeen herritarren behin betiko zerrendan agertzen diren famili unitateko titularren artean. Laborantzarako lote horien ezaugarriak eta azalerak ordenantza honetan ezarritakoak izanen dira.

Lurzatiak esleitu ondotik, iragarki oholean jendaurrean izanen dira 15 egunetan onuradunen eta lurzatien zerrendak. Zerrenda horiek Udalak onetsi beharko ditu osoko bilkuran.

28. art. Zerrenda horien aurka paratu alegazioak ebatzi eta akatsak zuzendu ondotik, behin betikoz joko da laborantzako herrilurren aprobetxamenduaren esleipena.

III. KAPITULUA

Herri ondasunen hobekuntzak

29. art. Aberingo Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hau da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabetez jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

30. art. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

31. art. Hauek arau-hauste administratiboak dira:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea.

b) Udalak finkatzen dituen epeetan aprobetxamenduen lur-sariak ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua arras gaizki edo osorik ez egitea.

d) Lurrak Udalaren esleipenik gabe lantzea, landu gabeak edo larre utziak izan arren.

e) Herrilurrari esleipeneko erabilpena ez dena ematea.

f) Laborantza iraunkorren landaketak egitea (frutarbolak, zainzuriak, etab.), Udalaren baimenik gabe.

g) Esleipenetan adierazitako epeak ez betetzea.

h) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamendurako eskubidea zehazten edo sortzen duten agiriak faltsutzea edo ondasunak ezkutatzea.

i) Nekazaritzako lanak egitea edo galondoak erretzea irailaren 25a baino lehen, zereala landatzeko diren lurretan.

j) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

32. art. Arau-hauste horiek honela zehatuko dira:

-a), b), c), d), e) eta f) arau-hausteengatik, kontzesioa bertan behera utziko da, Nafarroako Gobernuko organo eskudunek jar ditzaketen isunak galarazi gabe.

-g) arau-hausteagatik, herrilurren edo herrilurretako larreen esleipen-hartzaile izateko eskubidea galduko da.

-Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordaindu beharko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10etik 1.202,02 euro bitarteko isuna ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: A0203950