62. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko apirilaren 8koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Agoitz, Longida, Urraulbeiti eta Irunberriko udalerrietako Presio Handiko Ur Horniduraren udalez gaindiko proiektu sektoriala, 1. eta 2. faseak, onesten duena, Agoizko Udalak sustatua bere izenean eta Urraulbeitiko eta Irunberriko Udalenean, Agoizkoarekin batean, Borondatezko Udal Elkartea osatu baitute presio handiko ur hornidurarako.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak, 2001eko azaroan egindako bilkuran, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzea erabaki zuen Agoitz, Longida, Urraulbeiti eta Irunberriko udalerrietako Presio Handiko Ur Horniduraren proiektua, 1. eta 2. faseak, Agoizko Udalak bere izenean eta Urraulbeitiko eta Irunberriko Udalenean sustatua, eta bidezko zehaztapenak ezartzea.

Erabaki hori 2002ko urtarrilaren 16ko 7. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

II.-Aurkeztutako alegazioak.

Jendaurreko epean, alegazio idazki bat aurkeztu du Francisco Oliver Carte jaunak, Longidako Udaleko alkateak, Udalaren izenean eta Udala ordezkatuz. Hona edukia eta erantzuna.

Edukia:

1. Longidako Udalak espedientean interesa baduela agertu du.

2. Erabakian esaten denez, Agoitz, Longida, Urraulbeiti eta Irunberriko udalek "aurkeztu dokumentuan jasota baitago, borondatezko elkartea sortu dute helburu horrekin". Denbora hartan horrela bazen, ez da hala gaur egun, delako espedientea aurkezten denean.

Beraz, badakigu 2000ko urriaren 5ean Longidako Udalak Erabaki bat hartu zuela -Agoitz, Urraulbeiti eta Irunberriko Udalei eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinarazia, baina badela aipatu gabe orain alegatzen den Erabakian- eta hartan honakoa xedatu zela: "Presio Handiko Ur Hornidurarako Borondatezko Udal Elkartea eratzeko Hitzarmenetik bere burua baztertzea", Agoitz, Longida, Irunberri eta Urraulbeitiko alkateek 1998ko abuztuaren 26an izenpetu zuten hartatik. Erabaki hori hartzeko arrazoiak, besteak beste, "Udalak ez duela aztertu, ezta onetsi ere, Irati soluzioaren 1. faseko aurreproiektu orokorra, ezta proiektua ere" eta "soluzio hori Itoizko presaren 02/89 proiektuaren ordezkoa delako (Auzitegi Gorenak behin betiko epai irmoaren bidez deuseztatu duen proiektua), baita Nafarroako Ubidearena ere, Udal honek inpugnatuta izanik auzitegietan azpiegitura horri buruzko egintza administratiboak".

Hori esanda, alegatzailearen ustez, "guztiz ilegala" da orain alegatzen den Erabakian Agoizko Udalak aurkeztu eskaera bat izatea, Longidako Udalaren aipatu Erabakiaren berri izan eta ondokoa, eta hori eskatzailearena ez den beste udal mugape batean eragina duen proiektu bat UPS gisa onesteko, alegatzaileak onartu gabe eta aurka dagoela azalduta, 2000ko urriaren 5eko Erabakian ageri den moduan. Agoizko Udalak eskaerarekin batera Longidako Udalaren Erabaki hori aurkeztu ez badu eta borondatezko elkartearena bai, faltsukeria egin duela dio eta, hortaz, eraginik gabe utzi behar dela alegatzen den Erabakia eta alegatzaileari okerra zuzentzeko eskatu behar zaiola, egungo legeria bete dadin. Eta Agoizko Udalak, eskaerarekin batera, Longidako Udalaren Erabakia aurkeztu bazuen, ez litzateke motibazio egokirik izanen.

3. Agoizko Udalak ez du gaitasunik, inondik ere, beste udal mugape batean -Longidakoan- eragina duen Proiektu bat UPS gisa onets dadin eskatzeko, ezta Nafarroako Gobernuak ere hala deklaratzeko; izan ere, Proiektu horren xedea urez hornitzeko azpiegitura bat da eta horren legezko eskumena Longidako Udalarena edo Aosko Kontzejuarena da, zeina eskumen horren jabe baita bidezko erabakien ondorioz.

4. Azkenik, Proiektuko obren abiaburua Nafarroako Ubidearen hartunea dela alegatzen da, eta Proiektua Nafarroako Ubidean oinarritzen den bigarrena dela .(.). Itoizko urtegiak eta Nafarroako Ubideak batera gure komunitatea garatzeko ekarriko dituzten onuren adierazgarri". Azpiegitura horien proiektuak legez kontrako deklaratu dituzte Justiziako Auzitegiek: behin betiko epai irmoz Itoizko urtegiarena; Nafarroako Ubidearena, aldiz, ebazteko zain daude Longidako Udalak aurkeztu administrazioarekiko auzi-errekurtsoak: Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioaren aurkakoa, jendaurreko informazioaren espedientearen aurkakoa eta eraikuntzako hiru proiekturen aurkakoa. Foru Administrazioak ezin du haien berririk ez duela alegatu, prozesuetako parte baita.

Auzitegi Goreneko Hirugarren Salak 1997ko uztailaren 14an eman Epaiaren bidez deuseztatu zen behin betikoz Itoizko Presaren 02/89 Proiektua, RN-9, 10 eta 11. Natur Erreserbetako Babes Banden 500 metroei dagokienez, ondorio hauek dituena: Babes Bandaren eta Irati ugaldearen arteko elkartze kota: 506,8 m; presak kota horretaraino izan dezakeen altuera: 25,8 m; urtegiak gehienez izan dezakeen edukiera: 9,7 HmÛ.

Nafarroako Ubideak, beraz, proiektua deuseztatua duen urtegi batetik hartu beharko luke ura; deuseztapen horren ondorioz, Nafarroako Ubiderako ura hartzeko kotaren oso azpitik gelditzen da uraren goieneko kota, grabitazioaz banatzeko. Horrek ezinezkoa egiten du, proiektuaren arabera, Ubideak ura urtegitik hartzea, Itoitzen erregulatu ur emaria izatea eta, areago, ur hori nahiko izatea eskaera guztientzat, edateko uraz hornitzeko, besteak beste.

Horrenbestez, ezinezkoa da ura Itoizko urtegitik eta Ubidetik hartzea proiektatu hornidurarako, ezin baitzaio ezikusiarena egin Itoizko Urtegiaren 02/89 proiektuaren behin betiko deuseztapen irmoari, ezta dituen ondorioei ere, goieneko kotari, batez ere, Ubideak ura hartzeko kota kontuan hartuta. Beraz, alegatzen den Erabakian aipatu hornidura proiektuak zuzenean du zerikusia Itoizko Urtegiarekin. Behin betiko epai irmo judizialaren bidez deuseztatua dago eta, hortaz, ezinezkoa da aurrera eramatea.

Alegatzailearen irudikoz, kasu honetan, hornidura proiektuak nahitaez behar du Itoizko Urtegiaren 02/89 Proiektua gauzatu, bete eta abian jartzea, baita Nafarroako Ubidea gehitu eta abian jartzea ere. Alabaina, Itoizko Urtegiaren 02/89 Proiektua partzialki baina behin betiko deuseztatua dago Auzitegi Gorenaren 1997ko uztailaren 14ko epaia dela medio, eta horrek ezinezkoa egiten du Urtegiaren hasierako proiektua burutzea; urtegiaren edukiera eta gehieneko kota ez dira nahikoak, inondik inora, Nafarroako Ubideak behar duen ur emarirako eta, beraz, bilatzen diren helburuetarako; edateko urerako, besteak beste.

Ondorioz, Udal alegatzailearen iritzian, horniduraren proiektu edo aurreikuspen honen edukia guztiz ezinezkoa da, gauzatu ezina da eta, horrenbestez, erabat deuseza legeria aplikagarriaren arabera.

5. Erabakian aipatu interes publikoari eta erabilera sozialari dagokienez, alegatzaileak uste du, Longidaren kasuan, ez dagoela "ur premia larririk", Erabakian esaten den bezala, eta zuzenbideko estatuaren interes sozial eta erabilera sozial bakarra ebazpen juridiko irmoak betetzea dela.

Azken eskaera:

2001eko azaroaren 26ko Erabakia balio eta eraginik gabe uztea ebatzi dadila.

Erantzuna:

1.ari: ez dago deus esaterik alegatzaileak dioenari.

2.ari: lehenik, nabarmendu behar da alegazioaren xedeko Nafarroaren Gobernuko Erabakiaren azalpen zatian eta xedapenekoan Agoizko Udala dela "bere izenean eta Urraulbeitiko eta Irunberriko udalen izenean arituz" aurkeztu eta sustatu duela Presio Handiko Ur Horniduraren Proiektua Agoitz, Longida, Urraulgoiti eta Irunberriko udalerrientzat, 1. eta 2. faseak, UPS gisa onets dadin.

Agoitz, Longida, Urraulbeiti eta Irunberriko udalek "aurkeztu dokumentuan jaso bezala, borondatezko elkartea sortu dutela helburu horrekin" esaten denean -I. atala, "Azpiegituraren aurrekariak eta interes publikoa eta erabilera soziala" alegatu Erabakiaren azalpen zatian-, aipatu behar da aurkeztu "dokumentuko" datuak txostenera aldatzean (proiektu teknikora, alegia) egin dela baieztapen hori; hau da, proiektu tekniko horren memoriako "aurrekariak" 1. ataleko azken lerroaldean esaten dela.

Hori aipaturik, eta espedientea osatzen duten dokumentu guztiak irakurritakoan, argi dago inon ez dela ageri Agoizko Udalak aurkeztu duela ez Longidako Udalaren 2000ko urriaren 5eko Erabakia, ez Borondatezko Elkartearen eraketa.

Alabaina, proiektua igortzeko eskabidean, Agoizko Udaleko alkateak sinaturik, honako hau esaten da: "Presio Handiko Ur Hornidurarako Udal Elkarteak, Agoizko, Urraulbeiti eta Irunberriko udalek osaturik, Presio Handiko Ur Proiektua (1. eta 2. faseak) aurrera eraman gogo du." eta datu hori ez zen orduan kontuan hartu.

Alegatzailearen ustez Nafarroako Gobernuaren Erabakian jaso okerreko baieztapenaren ondoriozko gainerako gorabeherei buruz, oharkabeko omisio hori badela adierazirik -alegazioko dokumentuen kontuak argitzen dituena-, alegatzaileak "guztiz ilegaltzat" jotzen duen Nafarroako Gobernuaren Erabakia behar da orain aipatu, Agoizko Udalak aurkeztu eskaera onartu duelako, non eskatzailearena ez den udal mugape batean eragina duen proiektu bat UPS gisa onetsi nahi baita, alegatzaileak baimena eman gabe eta haren kontrako jarrera adierazita duela. Afera hori 3. alegazioa erantzutean hartu da kontuan eta, ikusiko denez, alegatzaileak adierazitakoaz bestela, ez da ilegaltasunik ikusi Nafarroako Gobernuaren Erabakian.

Ondorioz: bidezko da alegazioa partzialki onestea, Nafarroako Gobernuak espediente honen gainean hartzen dituen Erabakietan argi gera dadin Agoitz, Urraulbeiti eta Irunberriko udalek Presio Handiko Ur Hornidurarako eratu Borondatezko Udal Elkartea dela espedientea sustatu duena.

3.ari: alegatzaileak dio Agoizko Udalak ez duela inolako eskumenik beste udal mugape batean -Longidakoan- eragina duen proiektu bat UPS gisa onesteko, ezta Nafarroako Gobernuak ere hala deklaratzeko. Horren haritik, pentsa daiteke alegatzaileak Longidako udal mugapeko herriguneak proiektutik baztertzeko planteatzen duela, hartan urez hornitzeko obrak eta beste jarduera batzuk egin nahi direnean, udal horrek arlo horretan duen eskumena errespetatzeko, alegazioan erreklamatu bezala.

Begi bistakoa da, hasieratik, udal batek ez duela eskumenik proiektu bat onets dadin eskatzeko beste udal baten eskuko diren obrak direnean, haren baimenik gabe. Alabaina, proiektuak Agoitz, Urraulbeiti eta Irunberriko udalak baino ez baditu hornitu behar -alegazio honen arabera, Longidako Udalak ez baitu nahi proiektu horren bere eskumeneko hornidura obrak izatea-, baina horretarako guztiz beharrezkoa da Urraulbeitiko eta Irunberriko udalerriak hornitzeko hodi nagusiak Longidakoa ere zeharkatzea; izan ere, Longidako lurrek inguratzen dute oso-osorik Agoizko udalerria, eta hemendik abiatzen da hoditeria. Hau da, nahiz eta Longidako Udalaren eskumeneko obrarik ez egon proiektuan, bere lurretan dute eragina, ezinbestean, beste udalak urez hornitzeko obrek.

Aipatu kasuan, funtsezkoa da bereizketa hau egitea: gauza bat da proiektuan Longidako Udalaren eskumeneko obrak sartzea eta bestea, guztiz bestelakoa, adierazi inguruabarren ondorioz, obrek nahitaez eragina izatea Longidako udal mugapean. Beraz, zer dagoen ikusita, proiektuko obren interes soziala eta erabilera soziala kontuan hartuta eta bidezkoa izanik Longidako hornidura obrak proiektutik kentzea, bere eskumenekoak direlako, -hala erreklamatu baitu alegazio honetan-, ez dago eragozpen juridikorik Urraulbeitiko eta Irunberriko hornidurako hodi nagusiak Longidako udalerria zeharkatzeko; hau da, proiektua bi udalerri horiek eta Agoizkoa hornitzera murriztuta, UPS gisa deklaratu eta onesteko, nahiz obrek Longidako udal mugapean eragina izan. UPSren izaeraren eta helburuaren ezinbesteko ondorioa da, uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 61 eta 62. artikuluen arabera. Interpretazio hori bera egina du, behin eta berriz, Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak: bestela, UPSek ez baitute inolako zentzurik.

Beraz, bidezko da proiektua gaur arte egindako jarduketen barrenean sartzea eta, UPS baten izaera eta helmena kontuan hartzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko egungo Foru Legean "lurraldea antolatzeko" tresna baita, eta gai hori Nafarroako Gobernuaren eskumena da, bere luze-zabal guztian.

Izan ere, UPSen xedea da udalerri batean baino gehiagotan kokatu interes sozialeko edo erabilera publikoko azpiegitura, dotazio eta instalazioen kokapena arautzea. Nafarroako Gobernuak, beraz, urez hornitzeko proiektu bat du aurrean -ukaezinak horren erabilera publiko eta interes soziala- aldez aurretik mugatu udalez gaindiko lurralde batentzat, Presio Handiko Ur Hornidurako Plan Zuzentzailearen esparru orokorrean. Hortaz, ez dago zalantzarik UPSa onesteko aukerari buruz, nahiz eta ez galarazi udal edo kontzeju batek, horniduraren hartzaile eta erabiltzaile den aldetik, ez duela nahi propio adieraziz gero, proiektutik dagozkion obrak baztertu eta gainerakoenak mantentzeko; zehazkiago, Agoitz, Urraulbeiti eta Irunberriko herriak hornitzeko behar diren obrak, nahiz eta eragina duten Longidako udal mugapean.

4.ari: alegatzaileak dio horniduraren proiektua edo aurreikuspena guztiz ezinezkoa dela, gauzatu ezineko edukia duela eta, beraz, erabat deuseza legeria aplikagarriaren arabera.

Bada, alegatzaileak espedientean planteatukoen antzeko argudio eta ondorioak plazaratu zituen aurretik, Nafarroako Gobernuaren 1999ko ekainaren 7ko Erabakia deuseztatzeko errekerimenduan, Nafarroako Ubidearen Udalez Gaindiko proiektu sektoriala eta eremu ureztagarrien eraldaketa onetsi zirenean.

Errekerimendu horretan, alegatzaileak dio erabat ezdeusa dela UPS hori onesteko Nafarroako Gobernuak hartutako erabakia edo, bestela, deuseztatzeko modukoa; besteak beste, epai judizial irmoz deuseztatua dagoen beste batekin (Itoizko Urtegiaren proiektua aipatuz) zerikusia duen egintza administratiboa delako, hura ere gauzatu ezineko edukia duena.

Orduan, eman zitzaion erantzuna alegazio horri Nafarroako Gobernuaren 1999ko ekainaren 7ko Erabakia (Nafarroako Ubidearen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eta eremu ureztagarrien eraldaketa onetsi zituena) deuseztatzeko errekerimendua ezetsi zuen Erabakiaren zuzenbideko oinarrietan. Jurisprudentziarako, proiektu bakoitza desberdina da eta bakoitzaren edukia aztertu behar da. Haietako batek izan ditzakeen akats juridikoek ez dute bestea baliorik gabe uzten; izan ere, hornidura guztiz bideragarria da sare bera erabiliz baina ura urtegiaz bestelako iturrietatik hartuz. Guztiz legezkoa da hornidura sarea egitea, nondik hornituko den auzitan jarri gabe.

Kontsiderazio horiek osatzeko, alegazioa ezesteko bidezkotasuna frogatzen duten egintzak ditugu. Honela, bada, proiektuko obren artean, memoriaren 4. atalaren arabera, honako hauek daude: Irati ibaitik bulkatzeko berrikuntza (4.1.4.) eta Ponpatze estazioa Irati ibaitik (4.1.5), ura Irati ibaitik atera eta depositu berrira bulkatzeko obrak. Ura Irati ibaitik bulkatzea "matxuretan erabiltzeko aukera" baino ez da proiektuan -ura ubidetik hartzea baita soluzio nagusia proiektuan eta eskualdeko hornidura guztiaren oinarria-, baina uraz baliatzeko aukera bermatzen du oraintxe bertan, soluzioaren zain egon beharrik gabe; horregatik, Nafarroako Ubideko bulkatze etxolaren eta ibaiko ur deposituaren artean egin gogo den bulkatze kutxetan -ikus 0 zk.ko kutxeta deribazio-kutxeten planoan- eginen da Nafarroako ubidean bulkatzeko ur hartunea, baita Irati ibaikoa bulkatzekoa eta ibaiko ura depositura bidaltzeko urarena.

Ondorioz: ez da gauzatu ezineko proiektua eta, horrenbestez, bidezko da alegazioa ezestea.

5.ari: harrigarria da, proiektuko datuak ikusita, zalantzan jartzea interesa eta erabilera. Memoriaren 3. atalean deskribatzen dira egin gogo diren obrak -alegatu Erabakian jasotakoak-, honako hau aipatuz:

-"Hitzarmenari atxikitako udalen ur eskasiak egin du premiazkoak izatea proiektuan jasotako obrak".

-"Herrietako ur premia larria frogatu da, iturriak gutxi baitira, emari eskasekoak eta kalitate gutxikoak".

Bestalde, memoriaren 3. eranskinean "Kalkuluko dotazioen eta beharren analisia" izenekoan, hornitu gogo diren herriguneetarako ur baliabideak aztertu dira, besteak beste. Longidako kasurako, honako hau dugu:

-Ekai: bi iturri txiki ditu; bata erabiltzen da, bestea ez, munta handirik gabekoak. Agoizko industrialdetik egiten da presio handiko ur hornidura; ur asko baina kalitate gutxikoa, Irati ibaitik hartzen baita zuzenean, Agoizko hondakin uren araztegitik baino beherago, kloroa bota eta aski.

-Billabeta: punpatze putzutik hartzen da ura, Erro ibaiaren sulbalbeotik. Kalitate txarrekoa da, eta gutxi agorraldietan.

-Aos: Auzolako iturritik hartzen da ura, zanga drainatzaile baten bitartez. Kalitatea horrenbestekoa du, eta agorraldietan ez da nahikoa.

-Meotz: bi iturri daude herrirako. Ura ez da nahikoa eta kalitate gutxikoa.

-Murelu-Longida: Zarikietako iturritik hartzen du ura -udan agortu ohi da- eta beste bi iturri gehiagotik: Fuente Viejakotik, ura ponpatuz, herriko bi etxe hornitzeko, eta herriko iturritik, Zarikietakoa hondatutakoan erabiltzen dena. Ur gutxi, murrizketak, kalitate txarrekoa herri ondoko bi iturrietakoa eta kontsumorako egokia Zarikietako iturrikoa.

-Artaxo: ez du arazorik ur kopuruan baina bai kalitatean.

Ondorioz: eskualdeko gaur egungo eta geroko beharrak bete nahi dituen proiektuan jaso datuetan argi dago zein kaxkarra den ur hornidura, edozein garapen mugatzen duena. Alde horretatik begi bistakoa da obren interes publikoa eta erabilera soziala; beraz, bidezko da alegazioa ezestea.

III.-Nafarroako Gobernuak 2001eko azaroren 26ko Erabakian hartu zehaztapenei buruz.

Aipatu Erabakiko xedapen zatiko 2. puntuak honako hau ezartzen du:

"Sustatzaileari adieraztea Erabakiaren xedapen zatian, ingurumenaren kontuko a), b) eta d) puntuetan deskribatu zereginak burutuko direla, eta kondukzio nagusiaren trazadura berrikus dezan gomendatzea, Gurpegiko erreka gurutzatzen duen tokian, aipatu ataleko c) puntuan aipatutakoari jarraituz".

Zehaztapen hori, a), b) eta d) puntuei dagokienez, obrak egiten diren unean beharko da bete. Beraz, Erabaki honetan agertu behar du haren edukiak, honako honek hain zuzen:

a) Gurpegi eta Zarikietako errekak gurutzatzeko, ur-bazterreko landaredian eta Iratiren ur bazterrean eginen diren lanetan:

-Uztailean eta azaroan esku-hartuko da ibilgu eta ur-bazterretan, Nafarroako Izokin Eremuko ibaientzat 157/1995 Foru Dekretuan adierazitakoaren arabera.

-Ahalik eta txikiena izanen da lanen eragina lur azalean. Ahalik eta lurrik gutxiena hartuko dute makinek ibilguetan, ur-bazterretan eta ondoko landaredian, ahalik eta azalera txikiena ukituz.

-Erreka zola lehengora itzuliko da, ibilguak zeukan maila mantenduz; hau da, arrainen joan-etorrientzat oztopo izan daitezkeen egiturak sortu gabe.

-Zanga irekitzean, erreka zolatik ateratzen den materiala gero hura bera estaltzeko erabiliko da, zolako harrien tamaina mantenduz.

-Obrak egin bitartean, ardura hartuko da ibilgura hormigoia bota edo isur ez dadin.

-Makinak sartzeko hondatutako ibai bazterrak lehengora bueltatuko dira landareak sartuz, lurra ibilgura sar ez dadin, eta uraren kutsadura mekanikoa eta harearen sedimentazioa galaraziz.

-Erreken eta ibaiaren ur bazterretan berriz landareak sartuko dira, bertako espezieak hain zuzen: lizar hostotxikia (Fraxinus angustifolia), astigar arrunta (Acer campestre), sahatsa (Salix purpurea), zumar hostozabala (Ulmus glabra), elorri zuria (Crataegun monogyma), zuhandorra (Cornus sanguinea), intsusa (Sambucus nigra), makala (Populus nigra).

b) Landare hesia sortzea eraikinak jarri gogo diren hegian.

Landareak sartuko dira eraikinen inguruan, ekialdean, mendebaldean eta hegoaldean, gehien ikusten diren alderdiak estaltzearren. Eraikinak lehenbailehen ezkutatzeko moduan diseinatuko dira hesi horiek, bertako espezieak baliatuz

-Zuhaitz eiteko espezieak: erkametza (Quercus faginea), ihar frantsesa (Acer monspessulanum), artea (Quercus rotundifolia), otsalizarra (Sorbus aucuparia), intxaurrondoa (Juglans regia), gereziondoa (Prunus avium) eta zumarra (Ulmus minor edo Ulmus resistans), oso egokiak azken horiek beren hazkunde eta egituragatik.

-Zuhaixka erako espezieak: elorri beltza (Prunus spinosa), txorbeltza (Rhamnus alaternus), elorri zuria (Crataegus monogyna), arkakaratsa (Rosa sp).

c) Landareak sartzea eta paisaia:

-Palaxuak eta zuhaixkak sartuko dira kondukzioan zehar, lehengora itzultzeko. Horretarako, eskualdeko berezko landare espezieak erabiliko dira, hala nola: erkametza (Quercus faginea), arkakaratsa (Rosa sp.), zuhandorra (Cornus sanguinea), elorri zuria (Crataegus monogyna), elorri beltza (Prunus spinosa), zumarra (Ulmus minor) eta mendiko zumarra (Ulmus glabra), besteak beste. Batez ere, Agoizko errepide zaharraren palaxuan, Billabetako adarrak zeharkatzen baitu.

-Lehenagoko landarezko jantzia eskuratuko da ezpondetan, hidroereintzaz baliatuz, horren beharra bada, higadura galaraztearren. Batez ere, Gurpegiko errekaren ezponda, Billabetako adarrarekin gurutzatzen den tokian.

-Espezie eta proportzio hauek erabiltzea proposatzen da:

Medicago lupulina: % 15

Festuca rubra: % 35

Lolium perenne: % 35

Sanguisorba minor: % 10

Lotus cornicolatus: % 5

-Billabetako depositura doan adarraren azken tartean belarkiak sartuko dira, aipatu zerrendari eta proportzioei jarraituz.

-Behar diren lanak egin beharko dira, Iratiko trenbidea izandakoaren tarteak lehen bezala uzteko.

Azkenik, kondukzio nagusiaren trazadura berrikustea gomendatzen da, Gurpegiko erreka gurutzatzen duen tokian, aipatu ataleko c) puntuan adierazitakoaren arabera, honako hau baitio:

"Erreka gurutzatzeko trazadura berrikustea proposatu da, ibarbasoa zabaltzen den tokia baita. Oso hurbil, 50 bat metro beherago, gas naturalaren hodiak igarotzen dira. Oztopo tekniko edo legalik ez bada bi trazadurak bateratzeko, ona litzateke; izan ere, ez litzateke eta beste puntu batean ibarbasoa hautsi beharrik, ibai bazterreko landaredia desagerraraziz".

Beraz, bidezkotzat jo da proposamen hori zehaztapen bihurtzea eta ez gomendio; dena dela, ona litzateke c) puntuan adierazi gunea erabiltzea iraganbiderako.

Bestalde, Erabakiaren xedapen zatiko 3. puntuak honako hau dio:

"Orobat, promotoreari adieraztea Erabaki honen azalpen zatiko lurralde eta hirigintzako kontsiderazioen atalean adierazi alderdiak hartu beharko dituela kontuan obrak egitean".

Hauexek dira Erabaki honetan kontuan hartu eta islatu beharreko alderdiak:

-Zenbait errepide gurutzatu eta haien parean doazen sare-tarteetako obrak egin aurretik, Murelu-Longidaren eta Artaxoren artekoak bereziki, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eman beharreko baimena eskuratuko da.

-Obrak egiteko, kontuan hartuko da Santsoain-Iruña gasbidea, proiektuko sareak eragina izanen baitu harengan, Artaxo eta Billabeta artean.

-Iratiko trenbidea zena, egunen batean, "bide berde" bihurtu ahal izateko, sareko obrek ez dute aukera hori itxi behar eta, horretarako, gururutzaguneetan eta bi elementuek bat egiten ahal duten tokietan ez da irtengunerik agertuko trenbidearen plataforma gainetik. Orobat, kontuan hartuko da trenbideko tarte batzuk nekazaritzako makineria alorretara sartzeko erabiltzen ahal direla, gaur egun.

Azkenik, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eskatu txosten baten aipamena egiten da erreferentziako atalean, eta adierazten haren ondorioak gogoan hartuko direla espedientea behin betikoz onetsi aurretik eginen diren proposamenetan. Bada, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalak 2002ko urtarrilaren 7an eman txostenean, proiektuak zenbat jarraibide jasotzeko eskaera egiten da, Ondare Arkeologikoaren gaineko eragina zuzendu edo gutxitu dadin. Hortaz, Erabaki honetan jarraibide horiek betetzeko deliberoa hartu da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 2002ko martxoaren 26an eman txostena gogoan hartuz, eta ikusirik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta gainerako aplikazio arauak, Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DA:

1. Alegazioak ebaztea, erabaki honen azalpen zatian adierazi moduan.

2. Agoitz, Longida, Urraulbeiti eta Irunberriko udalak presio handiko uraz hornitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, 1. eta 2. faseak, onestea (Agoizko Udalak sustatua da, bere izenean eta Urraulbeitiko eta Irunberriko udalenean, borondatezko udal elkarte bat osatu baitute Agoizkoarekin, presio handiko uraz hornitzeko). Orobat, zehaztapen hauek egitea:

a) Proiektuko obra guztiei eutsiko zaie, baina, Longidako udalerriko kontzejuetakoren batek proiektuaren xedeko hornidurarik nahi ez duela propio adieraziz gero, dagozkion obrak kenduko dira proiektutik; ez horrela Agoitz, Urraulbeiti eta Irunberriko mugapeetako herriak hornitzeko behar direnak, nahiz eta horiek Longidako udal mugapean eragina izan.

b) Sarearen trazadura berrikusiko da Gurpegiko erreka gurutzatzen duen tokian, aukeratu den gunean ibarbasoa zabaldu egiten baita. Hobe da, oztopo tekniko edo legalik ez badago, gas naturaleko hodien iraganbidea erabiltzea, 50 bat metro beherago, baina gasbidearen zortasunak betez.

c) Ondare Arkeologikoaren gaineko eragina zuzendu edo gutxitzeko jarraibideak sartuko dira proiektuan, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalak 2002ko urtarrilaren 7an adierazitakoak, hain zuzen.

d) Obrak egitean, Erabaki honen azalpen zatiko III. ataleko a), b) eta d) puntuetan deskribatu lanak eginen dira.

e) Zenbait errepide gurutzatu eta haien parean doazen sare-tarteetako obrak egin aurretik, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak emandako baimena beharko da eskuratu.

f) Obrak egitean, kontuan hartuko da Santsoain-Iruña gasbidea, proiektuko sarearen eragina baitu tokiren batean, Artaxo eta Billabeta artean.

g) Halaber, sareko obrak egitean, hala Iratiko trenbidea zena gurutzatzen duen puntuetan nola bi elementuak elkartzen ahal diren tarteetan, ez da irtengunerik agertuko trenbidearen plataformaren gainetik, Orobat, ez da ahantziko trenbideko tarte batzuk nekazaritzako makinak alorretara sartzeko erabiltzen ari direla gaur egun.

3. Obrek zer elementu, azpiegitura eta zortasun ukitzen dituzten ikusita, promotoreari adieraztea, haiek egiten hasi baino lehen, arlo bakoitzeko organo eskudunen baimenak bereganatu beharko dituela.

4. Proiektu Sektorial honetako obren erabilera publikoa eta interes soziala deklaratzea, desjabetzearen ondorioetarako, baita haien interes orokorra ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 66. artikuluan aurreikusi ondorioetarako.

5. Adieraztea, Erabaki honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116 eta 117. artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Bestela, zuzenean inpugnatzen ahal da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluan xedatu bezala.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Herrilan, Garraio eta Komunikaziokoari eta Hezkuntza eta Kulturakoari eta Agoitz, Urraulbeiti, Irunberri eta Longidako Udalei jakinaraztea (azken hori alegatzailea baita, gainera), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren zortzian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0204097