62. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

57/2002 FORU DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena.

1987az geroztik Nafarroako Foruzaingoak garapen sistematikoa izan du. 1994tik aurrera, hots, Nafarroako Parlamentuak haren Antolaketa eta Eginkizunen Plan Zuzentzailea onetsi ondoren, are nabarmenagoa izan da garapen hori, izan ere, plantilla nabarmen handitu da eta kide batzuek espezializazio maila altua eskuratu dute. Horregatik, beharrezkoa da arau batzuk garatzea eta ezartzea, kidego horretako giza baliabideen kudeaketa egoki sistematizatzeko eta arlo horren inguruko prozedurak behar duen publizitatea bermatzeko. Horiei esker, legeek agintzen dutena oinarri harturik, arautzen den arloaren gainean, behar den segurtasun juridikoa bermatu behar zaie polizia funtzionarioei, deusetan galarazi gabe arintasuna eta malgutasuna, horrelako zerbitzuetan funtsezkoak izaten baitira.

Hori helburu, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legea aldatu zuen uztailaren 5eko 19/2001 Foru Legearen azken xedapenetan bigarrenak ezartzen duena betetzeko asmoz, alegia, lanpostuak betetzeko moduari eta destinoei buruzko erregelamenduzko arau berariazkoak prestatu eta onestea Nafarroako Gobernuari dagokiola, Foru Dekretu honen bidez Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legea garatzen da partez, eta Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten, merezimenduak, gaitasuna eta antzinatasuna oinarri harturik, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 6. artikuluko 6. idatz-zatiak eta azken xedapenetan hirugarrenaren bigarren puntuak ezarritakoari jarraikiz.

Lanpostuak betetzeko honako prozedura hauek erabiliko dira: lehiaketa -hots, ohiko sistema, izangaiek azken destinoan duten antzinatasunaren araberakoa-, berariazko lehiaketa eta izendapen askea. Prozedura horietan, kasuan-kasuan onesten diren baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek parte har dezakete libreki. Zerbitzuaren beharrak direla eta, langileen birkokatzea beharrezkoa bada, Administrazioak erabaki dezake lanpostutik nahitaez aldatzea. Azkenik, zilegi da lanpostuak behin-behineko atxikipenaren bidez, bitarteko izendapenaren bidez edo zerbitzu eginkizunetan betetzea, aldi baterako betiere.

Nafarroako Kontseiluak 2002ko otsailaren 26an egindako bilkuran Erregelamendu honi buruzko irizpena eman du, eta adierazi dituen gomendioen arabera egokitzapen batzuk egin dira.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko martxoaren hogeita bostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Foruzaingoko Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten da, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legea - uztailaren 5eko 19/2001 Foru Legearen bidez aldatua- garatu eta betearazteko asmoz. Erregelamenduaren testua aurrerago ageri da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean, plantilla organikoaren arabera, lanpostuak betetzeko sistema edo haien baldintzak aldagarriak dituzten lanpostuetan ari diren Nafarroako Foruzaingoko funtzionarioek lanpostu horietan segituko dute.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Indarrik gabe utzi dira Foru Dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Hirugarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nolanahi ere, Foru Dekretu honetan bigarren jardueraz adierazten den guztiak bigarren jarduera gisa aritzeko erreserbatu diren lanpostuetan lanean hasteko kasuak arautu ondoren hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeita bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

NAFARROAKO FORUZAINGOKO LANPOSTUAK BETETZEKO ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

Erregelamendu honen xedea Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko arauak ezartzea da.

2. artikulua. Lanpostuak betetzeko sistemaren printzipioak.

Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak merezimenduen, gaitasunaren eta antzinatasunaren arabera beteko dira, Erregelamendu honetan ezartzen denari jarraikiz.

3. artikulua. Foruzaingoko plantilla organikoa.

1. Foruzaingoko plantilla organikoa Nafarroako Foruzaingoko lanpostuen adierazpen ordenatua da, kidegoaren beharren araberakoa, eta bertan zehazten dira lanpostu bakoitzerako behar diren baldintzak.

2. Plantilla organikoan, gutxienez, honako datu hauek azaldu beharko dira:

a) Lanpostu kopurua.

b) Lanpostuaren izena.

c) Zein unitate organikoren menpe dagoen.

d) Dagokion egoitza edo herria.

e) Zein enplegu edo kategoriatakoei erreserbatuta dagoen.

f) Lanpostuan sartzeko eskatutako baldintzak.

g) Lansari osagarriak.

h) Betetzeko sistema.

3. Era berean, Nafarroako Foruzaingoaren plantilla organikoan, bigarren jardueretan ari diren langileek bete ditzaketen lanpostuak zehaztuko dira, ahalegin fisiko, arrisku edo zailtasun txikiagokoak izateagatik.

4. Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak sortu, aldatu edo kentzea plantilla organikoaren bidez eginen da.

5. Foruzaingoaren plantilla organikoa onestea eta aldaketak egitea Nafarroako Gobernuari dagokio. Onespen- aldaketa horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

4. artikulua. Lanpostuaren ezaugarriak.

1. Foru Dekretu honetan ezarrita dauden sistemen bidez, honako ezaugarri hauek dituzten lanpostuak baino ezin dira bete:

a) Plantilla organikoan egotea.

b) Hutsik egotea.

c) Horiendako aurrekontua izatea.

2. Oro har, lanpostuak kasuan-kasuan eskatzen den kategoriako edozein funtzionariori adjudikatu ahalko zaizkio, deusetan galarazi gabe, egin beharreko eginkizunen arabera, lanpostua betetzeko berariazko baldintza batzuk eskatzea. Horrelakoak plantilla organikoan azaldu beharko dira.

5. artikulua. Betetzeko sistemak.

1. Lanpostuak lehiaketa bidez -ohiko sistema-, berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askeaz beteko dira, eginkizunen arabera plantilla organikoan kasuan- kasuan ezartzen denaren arabera.

2. Zerbitzuaren beharrak hala eskatuta, lanpostuak betetzeko langileen birkokapena erabil daiteke.

3. Aldi baterako, behin-behineko atxikipen bidez, zerbitzu eginkizunetan edo bitarteko izendapen bidez ere bete daitezke.

6. artikulua. Promozio berriak.

1. Promozio berrietako edo barne promozioetako funtzionarioen atxikipena hautapen prozesuaren behin betiko ordenaren arabera eginen da, izangaien nahien arabera, salbu eta izendapen askeko lanpostuetan.

2. Plantilla organikoan izendapen askekotzat hartutako lanpostuetarako izendapena organo eskudunak eginen du, Foruzaingoko buruak proposaturik.

7. artikulua. Organo eskuduna.

Deialdiak onetsi, tramitatu eta ebaztea eta, oro har, Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzea, kidego hori zein Departamenturen menpe dagoen, hango titularrari dagokio.

8. artikulua. Lanpostu baten atxikipena uztea.

1. Estatutupeko harremanak dakarren egonkortasuna gorabehera, lanpostu bat betetzea ez da funtzionarioak eskuratutako eskubidetzat hartuko.

2. Atxikipena honako kasuotan baliogabetuko da:

a) Lanpostua plantilla organikotik kentzea.

b) Langilea beste lanpostu bati atxikitzea.

c) Langileak lanpostuari uko egitea, organo eskudunak onetsiz gero.

d) Langileak jarduneko zerbitzua uztea, salbu eta zerbitzu berezietan hasteko bada edo lanpostua gordetzeko eskubidea duen eszedentzia hartzeko.

e) Langilea bigarren jarduerako lanpostu batean aritzeko egoerara igarotzea, edozein delarik ere funtzionarioaren administrazio egoera, eta lanpostua gordetzeko eskubidea izanda ere, salbu eta atxikita duen lanpostua bigarren jarduerako lanpostu batean ari den langileek hartzerik baldin badute.

e) Lanpostuan aritzeko behar den gaitasun psikofisikoa ez izatea.

g) Lanpostutik kentzea.

3. Lanpostu bati uko egiteko eskaerak eta onarpenak arrazoibidezkoak izanen dira, baina egoera berezietan baino ez dira onartuko, lanpostuaren eginkizunak egoki betetzeko ezintasuna behar bezala frogatuz gero.

9. artikulua. Lanpostu hutsen zerrenda.

1. Barne Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsen zerrenda eguneratua izanen du, hierarkiaren arabera antolatua, non Foru Dekretu honetako 4. artikuluko 2. atalean ezarritako datuak bilduko diren.

2. Lanpostu hutsen zerrenda Foruzaingoaren Zerbitzuko iragarki-oholetan argitaratuko da urtez urte, lehenengo hiru hilabeteetan.

II. KAPITULUA

Lanpostuak lehiaketa bidez, berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askearen bidez betetzea

LEHEN ATALA

Xedapen orokorrak

10. artikulua. Deialdiak.

1. Lanpostuak lehiaketa bidez, berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askearen bidez betetzeko prozedurak kasuan kasuko deialdietan ezartzen denaren arabera arautuko dira. Deialdiak Erregelamendu honetan, Foruzaingoaren plantilla organikoan eta aplikagarri diren gainerako xedapenetan xedatutakoaren araberakoak izanen dira.

2. Urtean behin, bederen, promozio berrietako edo gora egiteko barne txandetako kideen prestakuntza prozesua amaitu aurretik, lanpostuen zerrendan hutsik dauden eta 4.1. artikuluan ezarritako beharkizunak betetzen dituzten lanpostuak betetzeko deialdia eginen da. Lanpostu horiek lehiaketa bidez, berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askearen bidez beteko dira.

3. Aurreko ataletan adierazi deialdiak, horien oinarriak eta dagozkien ebazpenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

11. artikulua. Deialdietan bete beharrekoak.

1. Lanpostuak lehiaketa bidez, berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askearen bidez betetzeko deialdietan oinarriak eman beharko dira, non nahitaez honako datu hauek ageriko diren:

a) Lanpostuaren izena, destinoa eta kategoria.

b) Lanpostuan aritzeko eskatzen diren baldintzak, plantilla organikoan finkatzen denaren arabera.

c) Baloratuko diren merezimenduak eta, berariazko lehiaketa bidez betetzeko kasuetan, erabiliko den baremoa.

d) Lanpostua betetzeko sistema.

e) Gainditu beharreko memoria, elkarrizketa eta probak, horrelakorik baldin badago.

f) Epaimahaia nortzuek osatuko duten.

g) Deialdiaren aurka, oinarrien aurka eta haren aplikazio egintzen aurka jar daitezkeen errekurtsoak.

h) Eskabide eredua.

2. Lanpostu jakin batzuetan, haietan aritzeko gaitasun psikofisikoen inguruko beharkizunak ezarri ahalko dira.

Beharkizun horiek betetzen direla erakusteko, agiriak aurkeztea edo ariketa batzuk egitea eskatuko da, deialdian ezartzen den bezala.

12. artikulua. Parte hartzeko beharkizun eta baldintzak.

Jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian diren Nafarroako Foruzaingoko funtzionarioek lanpostuak lehiaketa bidez, berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askearen bidez betetzeko prozeduretan parte hartu ahalko dute, betiere, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eskatzen diren baldintza orokorrak eta deialdietan ezartzen diren beharkizunak betetzen badituzte.

13. artikulua. Epaimahaia.

1. Epaimahaian hiru kide izanen dira, gutxienez. Zenbat diren ikusita, horrenbeste ordezko izendatu beharko dira. Epaimahaikide bat langileen ordezkaritza organoek proposatuta izanen da.

Mahaikide guztiek lanposturako eskatzen den kategoria edo titulazio berbera edo hortik gorakoa izan beharko dute, mahaiburuaren kasuan izan ezik. p.2. Epaimahaia onartu eta baztertzen diren izangaien zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratu beharko da.

Administrazio prozeduraren arauek ezarrita duten kasuetan, mahaikideek epaimahaian parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari horren berri eman. Orobat, izangaiek zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabarrak gertatzen direnetan.

4. Epaimahaia ezin da eratu, ezta jardun ere, mahaiburua eta idazkaria, edo, kasua bada, haien ordezkoak, eta, gutxienez, kideen erdiak, hantxe ez badaude.

5. Deialdiko oinarriak aplikatu eta interpretatzearen inguruan planteatzen diren afera guztiak gehiengoz ebatziko ditu epaimahaiak.

6. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatu ahalko du, proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoen inguruko iritzia emanen dute eta epaimahaiari arlo horretan baino ez diote lagunduko.

7. Epaimahaiaren ebazpenak Administrazioarentzat lotzaileak izanen dira, deusetan galarazi gabe, irregulartasunen bat antzemanez gero, Administrazioak erabakia berraztertzeko duen ahalmena. Kasu horretan, irregulartasunaren ondorioz ukituak izan diren tramiteak berriz egin beharko dira.

14. artikulua. Parte hartzeko eskaerak aurkezteko modua.

1. Eskaerak deialdiaren oinarrietan onesten den eredu normalizatuaren araberakoak izanen dira, zeinahi delarik lanpostua betetzeko aukeratzen den prozedura, eta deialdia egin duen organoari igorri beharko zaizkio.

2. Eskaerak administrazio prozeduraren inguruko arauek zehazten duten moduan aurkeztuko dira.

3. Eskaera-orrian, eskatzen diren lanpostuak zehaztuko dira, hala nola lehentasun ordena, bat baino gehiago eskatuz gero.

4. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

15. artikulua. Tramitazioa eta ebazpena.

1. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, deialdia egin zuen organoak edo deialdian adierazten den organoak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, zuzendu beharreko akatsak adieraziko ditu eta Foruzaingoaren iragarki-oholetan argitaratzeko agindua emanen du.

2. Ondoko ataletan adierazten diren epeak kontatzeko, Foruzaingoaren Iruñeko bulego nagusiaren iragarki-oholetan jendaurrean jartzen den eguna hartuko da abiapuntu.

3. Baztertzen diren izangaiek erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte eta akatsen bat egiten dutenek horiek zuzendu, argitara eman ondoko hamar egun naturaletan. Epe horretan, izangaiek eskatutako lanpostuei uko egin ahalko diete, idatziz adieraziz gero.

Erreklamazioak aurkezteko atal honetan ezarritako epea amaitu ondoren, ez da inolako ukorik onartuko.

4. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta horiek ebatzitakoan, artikulu honetako 1. atalean adierazi organoak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Foruzaingoaren bulegoetako iragarki oholetan argitara dezatela aginduko.

Dena dela, ezarritako epean eskaerarik aurkeztu ez bada, deialdia onetsi zuen organoak deialdia hutsik gelditu dela deklaratuko du eta hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea aginduko.

5. Deialdian ariketa psikofisikoak egitea erabakiz gero, epaimahaiak aurreko atalean adierazitako iragarki oholetan jakinaraziko du non eta noiz eginen diren. Jakinarazpen hori probak egin baino bi egun lehenago egin beharko da, gutxienez.

6. Lanpostu hutsak adjudikatzeko, ordena honi segituko zaio: lehenbizi izendapen askekoak, bigarrenik ariketa psikofisikoak egin beharra zutenak, hirugarrenik bigarren jarduerako langileek bete ditzaketenak eta, azkenik, gainerakoak.

7. Lehiakideen kalifikazioa emanda, epaimahaiak lanpostu hutsak adjudikatzeko behin-behineko proposamena eginen du, Foruzaingoaren iragarki-oholetan argitaratuko dena.

8. Lanpostu hutsak behin-behinekoz adjudikatzeko proposamena argitaratu ondoko hiru egunetan, interesatuek egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkeztu ahalko dituzte. Epe hori amaituta, epaimahaiak aurkezturiko alegazioak ebatziko ditu eta eskumena duen organoari behin behineko proposamena igorriko dio, ebatzi dezan.

9. Lanpostu hutsak behin betikoz adjudikatzeko proposamena jasota, deialdia egin duen organoak behar diren adjudikazioak eginen ditu. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean kode sistema bat erabiliz emanen dira, konfidentzialtasuna aseguratzearren.

10. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek hamar egun naturaleko epean hartu beharko dute, adjudikazioa jakinarazten denetik hasita.

16. artikulua. Borondatezko destinoak.

Lehiaketa bidez, berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askearen ondorioz adjudikatzen diren destinoak borondatezkoak dira eta, horrenbestez, bizitokia aldatzearen ondoriozko kalteordainik kobratzeko eskubiderik ez dute sortuko.

BIGARREN ATALA

Lanpostuak lehiaketa bidez edo berariazko lehiaketa bidez betetzea

17. artikulua. Lanpostu hutsak adjudikatzeko lehentasun ordena eta eskuraturiko eskubideak.

1. Lehiaketa prozeduretan, lanpostu hutsak adjudikatzeari begira, izangaien lehentasun ordena honela finkatuko da: lehenbizi, ondorengo atalean zehazten denaren arabera lehentasuna dutenak eta, bigarrenik, azkeneko lanpostuan antzinatasunik handiena dutenak.

Azkeneko lanpostuan funtzionarioek duten antzinatasuna berdina baldin bada, eskatutako kategorian duten antzinatasuna hartuko da aintzat.

Azkenik, kategoria horretan ere antzinatasun berdina baldin badute, kategoria horretan sartu edo, kasua bada, horretara igotzeko hautapen prozesuan lortutako sailkapen zenbakiari begiratuko zaio.

2. Lanpostuak lehiaketa bidez betetzeko orduan aintzat hartuko diren lehentasunezko eskubideak ordena honetan aplikatuko dira:

1.a. Bigarren jarduerako egoerara igarotzearen ondorioz, lanpostu bati behin-behinekoz atxikita dauden funtzionarioak eta, horien artetik, egoera horretan ezgaitasun partzial bat dela kausa daudenak.

2.a. Aurretik zuten lanpostua plantillatik kentzearen ondorioz, lanpostu bati behin-behinekoz atxikita dauden funtzionarioak.

3.a. Aurreko lanpostutik kentzearen ondorioz, lanpostu bati behin-behinekoz atxikita dauden funtzionarioak, salbu eta lanpostu-aldaketa hori gaitasun faltaren ondorioz edo lan errendimendu eskasaren ondorioz izan baldin bada.

4.a. Aurreko lanpostua 8. artikuluaren 2. ataleko f) letran xedatutakoaren ondorioz utzirik, oraingoan behin- behinekoz atxikita dauden funtzionarioak.

Lanpostu bat hartzeko lehian, lehentasunezko eskubide berbera duten izangai bat baino gehiago aurkezten direnean, lanpostu hutsa antzinatasun-irizpideen arabera adjudikatuko da eta, beharrezkoa bada, hautapen prozesuaren sailkapen ordenaren arabera, aurreko atalean adierazi bezala.

18. artikulua. Lanpostuen lerrun-zerrenda.

1. Foruzaingoaren Zerbitzuak kidegoko funtzionario guztien lerrun-zerrenda eguneratua izanen du, hierarkiaren arabera ordenatua eta aurreko artikuluaren 1. atalean ezarrita dauden irizpideen arabera antolatua. Zerrenda horretan datu hauek ageriko dira, gutxienez: polizia zenbakia, oraingo lanpostuaren jabetza-eguna, dagokion enpleguan edo kategorian izendatu zuten eguna eta lanpostu horretan sartzeko hautapen prozesuan izan zuen sailkapen zenbakia, hala nola egin dituen ikastaroak, Foruzaingoarentzat interesgarriak izan badira.

2. Lanpostuen lerrun-zerrenda hori Foruzaingoaren Zerbitzuko iragarki-oholetan argitaratuko da urtero, lehenbiziko hiru hilabeteetan.

19. artikulua. Berariazko lehiaketa.

1. Bete beharreko lanpostuen izaera edo espezialitatea dela kausa, deialdietan hala ezartzen den kasuetan, lehiaketek bi fase izanen dituzte. Lehenbizikoan titulu akademikoak, antzinatasuna eta egindako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak baloratuko dira, deialdian ezartzen denaren arabera. Bigarren fasean, memoria bat prestatu beharko da eta/edo elkarrizketa bat egin, izangaien ahalmena eta gaitasuna neurtzeko.

2. Berariazko lehiaketen deialdietako oinarrietan eskatu ahalko da lehiatzaileek prestakuntza edo hobekuntza ikastaro bat gainditzea.

3. Aipatu fase bakoitzaren puntuazioa ezin izanen da deialdian ezartzen den guztirako puntuazio gehienekoaren % 50etik gorakoa izan.

4. Titulu akademikoak lanpostuen izaera eta ezaugarriekin zerikusia dutenetan baino ez dira baloratuko.

Maila goragoko beste ikasketa titulu bat lortzeko ezinbestekoak diren tituluak ez dira baloratuko, baldin eta goi mailako titulu hori merezimendu gisa alegatu eta baremoan propio baloratzen baldin bada.

5. Antzinatasuna zerbitzu-urtetan neurtuko da. Nafarroako Foruzaingoan sartu aurretik emandako zerbitzu aitortuak ere kontatuko dira. Deialdietan, zilegi da puntuazio ezberdina ematea, zerbitzua zein maila edo kategoriatan eman den.

Kasuan kasuko deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

6. Deialdietan espresuki aipatzen diren prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak baino ez dira baloratuko. Lanpostuen eginbeharrekin zuzeneko zerikusia duten gaien ingurukoak izanen dira.

7. Memoria egin behar izanez gero, lanpostuaren eginkizunen azterketaren ingurukoa eta, lanpostu horretan aritzeko, izangaiaren iritziz, beharrezkoak diren baldintza, gaitasun eta baliabideen ingurukoa izanen da, deialdian agertzen den lanpostuaren azalpenetik abiatuta.

8. Elkarrizketaren mintzagaiak hauexek izanen dira: memoria, izangaiaren ezaupideak, ikasketak, esperientzia, titulazioak -horrelakorik bada- eta lanpostuaren ezaugarrietara egoki moldatzen dela ikusteko gainerako gaitasunak.

9. Berariazko lehiaketetan, epaimahaiak 12. artikuluan ezarritakoaren arabera jokatuko du, baina 5 kide izanen ditu, horietako bat langileak ordezkatzeko organoek proposatua.

10. Lanpostua adjudikatzeko proposamena bi faseetako azken puntuazioa batu ondoren puntuaziorik altuena eskuratzen duen izangaiaren aldekoa izanen da.

20. artikulua. Lanpostutik kentzea.

1. Lanpostu bat lehiaketa bidez edo berariazko lehiaketa bidez eskuratzen duten funtzionarioak gerora sortutako arrazoiengatik handik kendu ahalko dira, deialdian oinarri hartu ziren lanpostuaren ezaugarriak aldatzen badira, lanpostuaren zerrendan jasota betiere, edo funtzionarioak lanpostu horretan aritzeko gaitasun falta erakusten badu, errendimendu eskasagatik, eta horren ondorioz lanpostuari dagozkion lanak eraginkortasunez egiterik ez badago.

2. Lanpostu-aldaketa hori egin aurretik, alde biko espediente bat irekiko da, prozedura honen arabera:

a) Lanpostutik kentzeko proposamen arrazoitua Foruzaingoko buruak eginen du eta interesatuari jakinaraziko zaio, hamar egun balioduneko epean alegazioak egin eta egoki iruditzen zaizkion agiriak aurkez ditzan.

b) Lanpostutik kentzeko behin betiko proposamena eta espedientearen gainerako agiriak kasuan kasuko langileen ordezkaritza organoari jakinaraziko zaizkio, hamar egun balioduneko epen dagokion txostena eman dezan.

c) Langileen ordezkaritza organoen txostena jaso ondoren edo, aipatu epean, txostena igortzen ez badu, organo eskudunak lanpostutik kentzearen gaineko erabakia hartuko du. Ebazpena arrazoitua izanen da eta jakinarazpenarekin batera funtzionarioak lanpostua utzi beharko du, hala badagokio.

3. Lanpostu batetik kentzen diren funtzionarioak beste lanpostu bati atxikiko zaizkio behin-behinekoz, Foru Dekretu honen 25. artikuluan ezarri bezala.

HIRUGARREN ATALA

Izendapen askea

21. artikulua. Izendapen askeko lanpostuak.

Ofizial eta ikuskatzaileen kategoria duten lanpostuak Nafarroako Foruzaingoko funtzionarioen artetik izendapen askea eginez beteko dira, hala nola plantilla organikoan bide hori finkatua duten gainerakoak ere, dela zuzendaritza kargua izateagatik, dela eginkizunen izaeragatik, dela erantzukizun berezia dutelako.

22. artikulua. Prozedura.

1. Lanpostu horiek bete aurretik deialdia eginen da, II. Kapituluko lehen atalean ezarri bezala, baina hirugarren Atal honetan ezarritakoa galarazi gabe.

2. Nafarroako Foruzaingoko buruak izendapen askeko lanpostu hutsak betetzeko proposamena eginen dio epaimahaiari. Proposamen hori epaimahaiarentzat lotzailea izanen da.

3. Foruzaingoko buruak proposa dezake lanpostu batzuk bete gabe deklaratzea. Proposamen hori ere lotzailea izanen da.

23. artikulua. Lanpostutik kentzea.

1. Izendapen askeko lanpostu bati atxikita dauden funtzionarioak lanpostu horietatik kendu ahalko dira nahierara.

III. KAPITULUA

Lanpostuak betetzeko beste bide batzuk

24. artikulua. Giza baliabideak birkokatzea.

1. Zerbitzu-beharrak direla kausa, giza baliabideen birkokatzea egin beharra dagoenean, Foruzaingoko kideak beste lanpostu bati atxiki ahalko zaizkio, lanpostu berrian aritzeko baldintzak betetzen baldin badituzte eta aurrekoaren kategoria berekoa baldin bada.

2. Giza baliabideen birkokatzea langile batena edo gehiagorena izan daiteke. Lanpostu berriak adjudikatuko zaizkie, lehenbizi, borondatez eskatzen dutenei, bigarrenik, kategoria horretan antzinatasunik baxuena dutenei eta, azkenik, kategoria horretako antzinatasuna berdina baldin bada, kategoria horretan sartzeko edo, kasua bada, hara igotzeko hautapen prozesuan puntuaziorik baxuena lortu zutenei.

3. Giza baliabideen birkokatzearen ondorioz eskuratzen den lanpostua behin betikoa izanen da. Dena dela, langile horiek II. Kapituluan adierazten diren hautapen prozesuetan parte hartu ahalko dute, eta, horren ondorioetarako, birkokapenaren ondoriozko lanpostuan emandako denborari aurrekoan emandakoa gehituko zaio.

4. Atxikipen berriak bizitokiz aldatzea badakar, funtzionarioek bizitoki aldaketa dakarten nahitaezko lekualdaketetarako aurreikusita dauden erregelamenduzko kalteordainak jasoko dituzte, salbu eta lanpostu aldaketa borondatez eskatu badute.

25. artikulua. Behin-behineko atxikipena.

1. Dekretu honen 8. artikuluko 2. ataleko a), c), e), f) eta g) letretan eta, halaber, 23. artikuluan xedatutakoaren indarrez lanpostua uzten duten funtzionarioak, behin betiko destinoa lortu arte, kategoria bereko beste lanpostu bati atxikiko zaizkio behin-behinekoz, langile horren gaitasun psikofisikoetarako egokia eta herri berean kokatua, horrelako lanpostu hutsik baldin badago. Horrelako lanpostu hutsik ez badago edo zerbitzu behar aski justifikatuak baldin badaude, kentzen diren lanpostuetan ari ziren funtzionarioei bizitoki aldaketa dakarren lanpostua adjudikatu ahal zaie behin-behinekoz.

2. Foru Dekretu honen 8. artikuluaren 2. ataleko a) letran aurreikusitako lanpostuen desagerpenaren kasuan, destino berrien behin-behineko atxikipena, lehenbizi, kategoria horretan antzinatasunik baxuena dutenei eginen zaie, eta azkenik, kategoria horretan sartzeko edo, kasua bada, hara igotzeko hautapen prozesuan puntuaziorik baxuena lortu zutenei.

3. Behin-behineko atxikipenak urtebete iraungo du gehienez, baina luzatu ahalko da, hain zuzen ere, epe horren mugaegunetik kasuan kasuko deialdian lanpostu hori lortzen duen funtzionarioak lanpostuaren jabetza hartu artean.

4. Behin-behineko atxikipena duten funtzionarioek lanpostuak betetzeko lehiaketa guztietan parte hartu beharra dute eta betetzeko dauden lanpostu huts guztiak eskatu beharko dituzte. Bestela, horietako edozeini atxiki ahalko zaizkio, ezinbestean.

5. Aurreko lanpostutik kentzearen ondorioz edo lanpostua amortizatzearen ondorioz, beste lanpostu bati behin- behinekoz atxikita dauden funtzionarioek herri horretan berean dauden lanpostu hutsak betetzeko egiten den lehenbiziko lehiaketan lehentasunezko eskubidea izanen dute, behingoz, amortizatu den edo lehen zuen lanpostuari dagokion lanpostuaren osagarri bera edo baxuagokoa baldin badu, Erregelamendu honen 17. artikuluko 2. atalean ezarritako lehentasun ordenaren arabera.

6. Lanpostu bati behin-behinekoz atxikita dauden bitartean, funtzionarioek lanpostu horri dagozkion ordainsari osagarriak jasoko dituzte.

Lanpostua amortizatzen denean, funtzionario kaltedunek lanpostu horri dagozkion oinarrizko ordainsari eta osagarriak jasotzen segituko dute, harik eta behin-behineko beste lanpostu bat esleitu arte.

26. artikulua. Zerbitzu eginkizunak.

1. Salbuespen kasuetan, funtzionarioei zerbitzu eginkizunetan aritzeko baimena eman ahalko zaie, haien kategoriari dagozkion beste lanpostuetan aritzeko edo atxikita duten lanpostuaren eginkizun berariazkoetan ez beste lan batzuetan aritzeko. Kasu horietan, aurreko lanpostua erreserbatuko zaie.

2. Zerbitzu eginkizunetan joatea borondatezkoa izanen da, baina, boluntariorik ez badago, nahitaez egin beharra deusetan galarazi gabe, luzaezineko premia baldin badago, betiere interesatuari entzunaldia emanda.

3. Zerbitzu eginkizunetan urtebete egonen da gehienez, baina luzatu ahalko da, hain zuzen ere, epe horren mugaegunetik kasuan kasuko deialdian lanpostu hori lortzen duen funtzionarioak lanpostuaren jabetza hartu artean.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, zerbitzu eginkizunen helburua erreserbaturik dagoen lanpostu bat betetzea baldin bada, haren iraunaldia titularra sartu arte luzatu ahalko da.

4. Lanpostuaren jabetza hartzea hiru eguneko epean egin beharko du funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan joateko ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik.

5. Zerbitzu eginkizunetan dagoen funtzionarioak bere kategoriari dagozkion oinarrizko lansariak jasoko ditu, eta lanpostu berriari dagozkion lansari osagarriak. Dena dela, atxikipen hori derrigorrezkoa izan baldin bada eta lanpostu berriaren lansariak jatorrizkoarenak baino baxuagoak badira, interesatuak, egoera horretan iraun bitartean, bere jatorrizko lansariari dagozkion ordainsariak jasoko ditu.

6. Zerbitzu eginkizunetako egoera hori baliorik gabe utz dezake, noiznahi, onartu zuen organo berak.

7. Zerbitzu eginkizunetan betetzen diren lanpostuak onartzen den hurrengo deialdian eskaini behar dira, salbu eta 3. atalean adierazitakoa salbuesten duen inguruabarra gertatzen bada.

8. Borondatez betetzen diren zerbitzu eginkizunek ez dute kalteordainak jasotzeko eskubiderik sortzen, bizitoki aldaketa ekarrita ere.

9. Bizitokia aldatzea dakarten derrigorrezko zerbitzu eginkizunek bizitoki aldaketa duten nahitaezko lekualdaketa kasuetarako aurreikusita dauden kalteordainak jasotzeko eskubidea emanen dute.

27. artikulua. Bitarteko izendapenak.

1. Enplegu edo kategoria jakin batean funtzionario aski ez badago eta haien zerbitzu beharra baldin badago, Nafarroako Foruzaingoko funtzionarioek ondorengo mailako lanpostu bat bete dezakete bitarteko gisa, betiere lanpostua hutsik baldin badago eta gora egiteko prozedura horretan onartuak izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Horrelakoetan, organo eskudunak egin beharko du izendapena eta jatorrizko lanpostua gordeko zaio.

2. Aurreko atalean aipatu lanpostuak borondatez beteko dira.

3. Bitarteko izendapena urtebeterako izanen da gehienez. Izendapen hori luzatu ahalko da, baldin eta lanpostu hori betetzeko gora egiteko deialdia onetsia baldin badago bakar-bakarrik, eta betiere lanpostu huts hori behin betikoz bete arte.

4. Funtzionarioak hiru eguneko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, bitarteko izendapena egiten duen ebazpena jakinarazten denetik hasita.

5. Bitarteko lanpostu batean ari den funtzionarioak bere lanpostuko lansariak eta bitarteko gisa betetzen ari den lanpostukoak berdindu arte falta dena kobratzeko eskubidea izanen du.

6. Bitarteko izendapena onetsi zuen organo berak noiznahi baliogabetu dezake.

7. Bitarteko izendapenaren bidez betetzen diren lanpostuak egiten den hurrengo deialdian eskaini behar dira, salbu eta lanpostu hutsa lanpostua gordetzeko eskubidea duen funtzionario batena baldin bada.

8. Borondatez betetzen diren bitarteko lanpostuek ez dute kalteordainak jasotzeko eskubiderik sortzen, bizitoki aldaketa badago ere.

9. Bizitokia aldatzea dakarten derrigorrezko bitarteko izendapenek bizitoki aldaketa duten nahitaezko lekualdaketa kasuetarako aurreikusita dauden kalteordainak jasotzeko eskubidea emanen dute.

28. artikulua. Jardunera itzultzea.

Lanpostua gordeta ez duten funtzionarioak jarduneko zerbitzura itzultzea interesatuek berek eskatuta eginen da, lanpostu hutsak sortzen direnean, funtzionarioaren kategoriari dagokion lanpostu bati behin-behinekoz atxikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Administrazioaren berregituraketa baten ondorioz, behin betikoz beterik dagoen lanposturen baten atxikipen organikoa edo eginkizunak aldatzen badira, ez da beharrezkoa izanen lanpostu horiek betetzeko deialdirik egitea, betiere lanpostu berriari dagozkion eginkizunak, funtsean, aurrekoari ere badagozkio.

Horrelako kasuetan, organo eskudunak aurreko atxikipena egoera berrira egokitu beharko du ebazpen baten bidez, non espresuki ageriko den egin beharreko lanak, funtsean, aldatu den lanpostuari ere bazegozkiola edo antzekoak direla, eta, horrenbestez, antzeko gaitasuna eskatzen dutela.

Bigarrena.-Lanpostu jakin batzuetan aritzeko plantilla organikoan nahitaezkotzat hartzen den prestakuntza ikastaroa gainditu beharra aintzat hartu gabe utz daiteke salbuespen kasu batean, hots, eskatzen den prestakuntza duen izangai aski ez badago.

Nolanahi ere, lanpostu hutsak adjudikatzeko orduan, lehentasuna izanen dute plantilla organikoan azaldu eta deialdian zehazten diren prestakuntza ikastaroak eginak dituzten funtzionarioek.

Eskatzen diren prestakuntza ikastaroak egin gabe lanpostu batean lanean hasten diren funtzionarioak, lanpostu horretan dauden bitartean, beharturik daude lanpostu horri dagokion prestakuntza ikastaroa egitera, eta horretan sartzeko lehentasuna izanen dute. Ikastaro hori gainditzen ez badute, kategoria bereko beste lanpostu huts bat adjudikatuko zaie behin-behinekoz.

Iragarkiaren kodea: