60. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

93/2002 FORU DEKRETUA, apirilaren 29koa, 2002. urteko "Vianako Printzea" Kultura Saria María Bayo Jiménez andreari ematea xedatzen duena.

Martxoaren 15eko 56/1990 Foru Dekretuaren bitartez, "Vianako Printzea" Kultura Saria sortu zen, kulturaren edozein arlotan pertsona, talde edo erakunde jakin batek egindako lana aintzat hartzeko asmoz, dela sorkuntza, ikaskuntza edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan.

Aipatu Foru Dekretuak, martxoaren 1eko 75/1993 Foru Dekretuaren bidez hein batean aldatu zenak, proposamenak aurkezteko betebeharrak eta saria emateko prozedura ezarri zituen. Horren arabera, Nafarroako Kultura Kontseiluaren osoko bilkurari dagokio saria emateko proposamena egin eta, ondoren, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren bidez, Nafarroako Gobernuari igortzeko eskumena. Bestalde, dekretu horretan ezarritakoari jarraikiz, saria Nafarroako Gobernuak emanen du, urtero finkatzen den egunean.

Nafarroako Kultura Kontseiluak 2002ko apirilaren 12an egindako osoko bilkuran, gehiengo osoaz, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari proposatzea, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren bitartez, 2002. urteko "Vianako Printzea" Kultura Saria María Bayo Jiménez andreari eman zekiola, haren baitan biltzen diren merezimendu aipagarriengatik.

María Bayo Jiménez sopranoak Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan ikasi zuen musika. Nafarroako Gobernuak beka bat eman zion Detmold-Alemaniako Hochschule für Musik eskolan ikasten segitzeko. Bere karreraren hastapenetan Vienako Belvedere lehiaketako lehen saria irabazi zuen, haren ospearen lehen aitorpena izan zena. Bere bizitzan zehar, mundu osoan ezagunak direnekin kantatu izan du, hala nola, Maazel, Chailly, René Jacobs, Alessandrini, Rousset, Víctor Pablo Pérez, López Cobos, Ros Marbá, Frübeck de Burgos, Sir Colin Davis, Jordan, Pappano eta Krevinekin, besteak beste.

Sopranoak lied eta opera aukera zabala landu du. Orkestrekin ere aritu izan da kantari. Mozarten "De Ponte" opera trilogia kantatu du Salzburgeko Jaialdian. Hala ere, haren eginkizunik nabarmenenak Mozarten "Figaroren ezkontza" edo Rossiniren "Sibiliako bizargina" izan dira.

Haren ahotsa mundu zabaleko opera antzokietan entzun izan da. María Bayo Jiménezek, 1979az geroztik, 315 opera kantatu ditu, Berlin, Budapest, Paris, Mosku, Hamburg, Londres, Tokio, Los Angeles, Perelada, Viena eta Amsterdamen, besteak beste.

Bere karrreran, María Bayo Jiménezek beste kontu bat jorratu du, Espainiako eta, zehazki, Nafarroako musika-ontzaileen kanten bidez. Fernando Remacha eta García Leozen lanak eta Arrietaren "Marina" sartu ditu bere kantaldietan. María Bayok 20 disko baino gehiago irarri ditu eta Grammy sariketarako hautagaia izan zen, Haendelen opera eta kantata album batekin.

Hortaz, martxoaren 15eko 56/1990 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa betetzeko Nafarroako Kultura Kontseiluak María Bayo Jiménez andrearen alde egindako proposamena hartu ondoren, bidezko da Nafarroako Gobernuak 2002ko "Vianako Printzea" Kultura Saria eman diezaion, haren baitan biltzen diren merezimendu aipagarriengatik.

Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko apirilaren hogeita bederatziko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. 2002. urteko "Vianako Printzea" Kultura Saria María Bayo Jiménez andreari ematea.

2. Foru Dekretua jakinaraztea María Bayo Jiménez andreari, Nafarroako Kultura Kontseilariari eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusia-"Vianako Printzea" Erakundeari, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita bederatzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0204958